Ane Ablanedo: “Nerabeak independentzia behar du tarteka, baina gurasoen eta erreferentziazko helduen presentzia ere oso beharrezkoa du”

UEUk Nerabeekiko lana irakaskuntzan ikastaroa antolatu du udazken honetan. Ane Ablanedori, ikastaroko irakasleari galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.
Ane ablanedoZein da ikastaroaren helburua?
Ikastaroaren helburua, nerabeekin aritzen diren profesionalen lan hori errazago eta aberasgarriagoa bilakatzea da. Horretarako ezinbestekoa da ulertu ahal izatea nolakoa den nerabea, zer pasatzen zaion, zein den bere memento existentziala, zergatik den den
modukoa, alegia. Aurreiritzi asko dago nerabeekiko, aurrez eraikitako iritzi eta epai pila
bat. Sakon sakonean, elkar ulertzeko zailtasun-are ezintasun ere-handia dago, eta iruditzen zait horiek ekiditeko lehen baldintza ezagutza dela. Gainera, denak izan baikara nerabe, ikastaroaren beste helburu bat izango da izan ginen nerabe edo gazte horren arrasto, aztarna eta oroitzapenen bilako bidean hastea, bai eta eguneroko jardunean lagunduko duten tresnaren bat edo beste ere ezagutzea ere.

Giza garapenean zein paper jokatzen du nerabezaroak?
Giza garapena amaierarik ez duen prozesua baldin bada ere- erran nahi baita ez dagoela
une bat non esan daitekeen jada heldu garela eta ez garela gehiago haziko- ukaezina da
badela naturak eskaintzen duen denbora berezi eta preziatu bat, gizaki kumea gizaki heldu bilakatzeko egokiena dena, eta hori haurtzaroa da. Gizaki heldu bilakatzeko gure
naturak ezarria duen programa haurtzaroan da batez ere gauzatzen. Hori da giza gaitasunak erdiesteko denborarik preziatuena. Nerabezaroa litzateke berez denbora
honetatik kanpo gelditzen den une bat, baina haurtzaroan lortu eta alferrik galdutakoaren
errebisio moduko bat da. Bigarren aukeren momentua da, nolabait esateko. Nerabea ez da jadanik haurra, baina ez da oraindik heldua ere. Zentzu horretan oso une kritikoa da, helduaroan sartzera baitoa, horrek suposatzen duen jarrera hartzearekin, baina ez dio haur izateari erabat utzi ere. Nerabearen existentzia labur lezakeen galdera “nor naiz ni?” litzateke. Igarotako denboraren balorazio moduko bat egiten da, nondik nator, zer dut, nor da nire familia, zein dira euren baloreak, zeintzuk nahi dut nireak izan daitezela etab… Errebisio honetan, egon litezkeen hutsuneak edo zuloak indar handiz ager litezke. Normalean izan ohi den krisi une hau, aukera berriena ere badelako, oso une interesgarria da gaztetxoena. Hezitzaileen aldetik zaindu beharrekoa, oso.

Ezkutuko curriculuma ere landuko duzue ikastaroan, ezta?
Ezinbestean mintzatuko gara, noski, eskolaz, hezkuntza sistemaz. Nerabeengan sekulako presentzia daukate ikasketek, presio ikaragarria suposatzen die, onerako eta txarrerako, eta errealitate hori nolakoa den eta nolakoa behar lukeen arakatzen ere saiatuko gara. Curriculumaz asko hitz egiten da, dena eman beharraz eta abar gutxiago baina, eskolak benetan haurrei eta gaztetxoei irakatsi nahi dienaz. Hortik ezkutukoa, ez baita inon aitortua, ez baita agerikoa, baina hori da benetan eskolaren egitekoa. Errealitate horren zirrikituak, funtzioak eta helburuak hobeki eta sakonago ezagutzeak, asko laguntzen digu han lanean gabiltzanoi, gauzak beste modu batera ikusten eta beraz, bestela jokatzen ere.

Irakaslea, ikaslea eta gurasoen elkarlana garrantzitsua da, ezta?
Jakina, funtsezkoa. Aliatu beharra dugu, baina gaztetxoa erdigunean jarrita, denak “bere alde” lanean, ez “bere kontra”, askotan gertatzen den bezala. Haur-heldu izate horretan nerabeak independentzia behar du tarteka, baina gurasoen eta erreferentziazko helduen presentzia ere oso beharrezkoa du, ziur sentitu beharra duelako…Askotan kontrakoa esango du, baina emozionalki heldu esanguratsuen behar handia du. Horrek guri, helduoi, oso egoteko modu berezia eskatzen digu, presentzia ikusezin bat, nolabait esan. Isiltasun handia ere bai, jakin dezala berarekin gaudela, bere alde, ulertzen dugula pasatzen ari zaiona, eta hori guztia gora behera, berarekin gaudela, baldintzarik gabe. Horretan, bere bi ekosistema inportante horietan adostasuna eta koherentzia egotea inportantea litzatekeela bistan da.

Zein metodologia erabiliko duzu ikastaroak?
Metodologia teoriko praktikoa izango da. Teoriak izango du parte handi bat, beharrezkoa baita gauza batzuk “jakitea” nolabait esan, hausnarketak benetan esanguratsuak izango badira. Hausnarketa etorriko da gero, talde mailakoa eta bakarkakoa, eta hausnarketa- gogoeta honetan inportantea ere bada, oso, norberak bere nerabezaroarekin topo egitea, eta horretara bideratutako ariketaren bat edo beste ere izanen da. bibentzialtasuna sustatzeko nolabait esan. Nerabeekiko enpatia, izan ginen nerabe horrekiko konexiotik etorriko baita, etortzekotan.Gainera, tailer modukorik ere izanen da, hezitzaileei tresnarik-edo luzatzeko helburuarekin, baliabideak ezagutzeko asmoz.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Ikastaroa berez, esparru batean edo bestean, sistema arautuan edo honetatik kanpo dabiltzan helduei zuzenduta dago. Horrek ez du esan nahi gurasoendako interesgarria ez denik, nerabeen une maduratiboaren gakoei buruz ere mintzatuko garelako, eta hori beti da garrantzitsua aitamendako, eta une bat izan daitekeelako euren seme-alaben eskola giroa sakonago ezagutzeko, eta haiekin dabiltzan profesionalen kezkak-eta gertutik ezagutzeko. Nerabeekiko kontaktua edukitzea eta hauekiko harremana hobetzeko gogoa izatea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude