Iraitz Madariaga: “Profesionalki alor askotan lagundu dezakete sare sozialek”

neuUEUk Ikasi zure proiektua sare sozialen bidez ikusarazten ikastaroa antolatu du Udazken honetan Eibarren. Iraitz Madariagari, ikastaroko irakasleetako bati galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

Zein da ikastaroaren helburua?
Ikastaro honen helburua sare sozialak lan munduan erabiltzen ikastea da, hauen erabilera korporatiboa egiteko eman beharreko pausuak eta batez ere sare sozialek ematen duten beldurra kentzea. Hala ere, ez da sare sozialak nola erabili ikasteko ikastaro bat, hauen bidez mundu profesionalean eman beharreko pausuak zeintzuk diren irakastea baizik. Beraz, ikastaroan parte hartzeko beharrezkoa da sare sozialen oinarrizko ezagutza bat izatea.


Zertan lagundu gaitzakete profesionalki sare sozialek?
Sare sozialak ezagutzera eman nahi dugun hori zabaltzeko bozgorailuak dira, gainera, ondo erabiltzen baditugu zabalkunde handia lortu daiteke hauen bidez. Beraz, profesionalki alor askotan lagundu dezakete, bezero berriak lortzeko, horien fideltasuna mantentzeko edota baita sare sozialen erabiltzaileei -kazetariak, esate baterako- egiten dugunaren berri emateko ere. Garrantzia handia du gaur egun sarean presentzia izateak, badirudi sarean egon ezean ez zarela existitzen.

Zein metodologia erabiliko duzu ikastaroak?
Teoria eta praktika uztartuko ditu, gairik gai aurrera goazen heinean, ikasleei apunteak hartzen joateko esango diet. Bukaeran, apunte horietan, sare sozialetan sartzeko plan bat izango dute begi bistan, egun social media plan bat bezala ezagutzen dena.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Lehen esan bezala, mundu profesionalean sare sozialak erabili behar edo erabili nahi dituztenei eta horien oinarrizko ezagutza bat daukatenei zuzenduta dago. Horrek ez du esan nahi lanean daudenei bakarrik zuzenduta dagoenik, beraien zerbitzuak freelance moduan eskaintzen dituzten langabetu zein lana dutenei zuzenduta ere badago.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude