Aitor Larrañaga eta Iñaki Odriozola: “Analisi estatistikoak, konplexuagoak, grafikoak… askotariko jarduerak egiteko baliagarria da R software askea”

UEUk R software askearen erabilera Natur Zientzietako estatistikan on line ikastaroa antolatu du udazken honetan. Aitor Larrañaga eta Iñaki Odriozolari, ikastaroko arduradunei galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

Aitor_Inaki
Iñaki Odriozola eta Aitor Larrañaga.

Zeintzuk dira ikastaroaren helburuak?
Natur zientzietan erabilgarriak diren metodo estatistiko arruntenak R software askean egiteko gai izatea. Bide batez, metodo horien oinarrizko teoría apur bat azalduko da, baina softwarearen erabilera da helburu nagusia.

Ze aplikazio/erabilera eduki dezake software honek Natur Zientzien alorrean?
Edozein ikerketa-lan egiten dugunean oinarrizko analisi estatistikoak, konplexuagoak, grafikoak… askotariko jarduerak egin behar izaten ditugu. R-rekin egin daitezken jardueren esparrua izugarria da. Gainera, ikasketaren hasiera apur bat neketsu den arren lana asko errazten du aurrerago.

Zein da erabiliko duzuen metodologia?
Bi klase presentzial egongo dira: lehenengo eguna eta azkenekoa. Lehen eguna softwarearen sarrera bat emateko erabiliko da eta, berez zail egiten diren lehen urrats horiek erraztea du helburu. Azken egunean ikastaroan zehar sortutako arazo edo dudei konponbidea topatuko zaie. Tarteko aste guztiak online formatukoak izango dira: gai konkretuak landuko dira eta ariketak egin beharko dira. Foroen bitartez laguntza eskainiko zaie ikasleei, topatzen dituzten arazoei aurre egiteko. Aste horietan lan egiteko modua guztiz askea da, ikasle bakoitzak ahal duenean egingo ditu lanak. Astero 3 ordu inguruko dedikazioa eskatzen duten ekintzak planteatzen saiatu gara.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Natur Zientzien alorren estatistika tarteka erabiltzen dutenei, ikerketa munduan sartzeko asmotan edo sartuta daudenei, estatistika ordaintzen den softwarearekin egiten duten eta software askera salto egin nahi dutenei, Gradu Amaierako nahiz Masterreko Lanetan estatistika erabiltzekotan direnei, eta, oro har, hain erabilera zabaleko programa honetara salto egiteko asmoz dagoen baina bultzada bat behar duen edonori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude