Naiara Gorroño: “Arretaren etengailua pizten dugunean, kontzientziaren etengailua pizten dugu aldi berean”  

Teknologia berrien erabilpenaren ondorioz, arreta zerbaitetan mantentzea inoiz baino zailagoa bihurtu dela dio Naiara Gorroño Viteri yoga irakasle eta Pedagogian masterdunak. Udazken honetan ‘Gorputzaren bidez arreta garatzeko teknikak’ ikastaroa eskainiko du Eibarren. Matrikula zabalik dago.

Ikusi Naiara Gorroñoren bideoa.

BreathZein da ikastaro honen helburua? Gorputzaren bidez arreta garatzeko teknikak deitzen da ikastaroa, eta izenburuak dioen bezala, helburu nagusia arretaren inguruan lan egitea da. Nire ustez, arreta da Gogoaren Muskulua, beraz bada zerbait garatu daitekeena. Arreta gure kontrolpean dago, baina gaur egun bizi gara gizarte batean arreta falta handia daukana. Komunikazio digitalean eman diren aldaketak eragiten digu burua mila gauzetara izatea, eta, era berean, ezertan ez izatera. Ikastaro honen helburua izango da, beraz, arretaren inguruan lan egitea, eta horretarako oso garrantzitsua da arreta zer den jakitea.

Nola garatu daiteke ariketa fisikoaren bitartez arreta bezalako gauza psikologiko bat? Arreta ez da psikologikoa; arreta kontzientziaren gaitasun bat da. Horregatik aipatu dut muskuluarena aurretik. Arreta da kontzientziaren egoera bat, eta hori landu daiteke. Edonori esaten badiot: konturatu nola zauden arnasten, eta arreta jarri zure arnasan, hor hasi zaitezke zure arnasketa lantzen. Arreta lantzea da munduko gauzarik sinpleena, baina mundua egin dugu hain konplikatua ezen gauzarik sinpleena konplikatua bilakatu dela. John Lennonek esaten zuen bizitza zela jaio eta hil artean konturatu gabe igarotzen zen hori, eta askotan, arretarik ez badaukagu ez gara konturatzen zer pentsatzen dugun, zer sentitzen dugun

Nola baldintzatzen du arretan teknologia berrien erabilerak? Gure arbasoak zeuden ohituta gauza bakarra egitera, eta gauza hori egiten zuen bitartean horretan zebilen. Gaur egun, berriz, gauza bat egiten gauden bitartean arreta beste edozein estimulutara bideratzen dugu. Mila gauzetara gaude baina ez gaude ezertara, eta horrek gure burmuina aldatzen du, beraz aldaketak izango ditugu. Gaur egungo gazteak oso ezberdinak dira, era digitalean jaiotakoak dira, eta arreta beste modu batean kokatzen dute. Haur pilo bat daude arreta faltaren sindromearekin, eta nik guztiz normala deritzot, helduok ere antzera jokatzen baitugu.

Gogoa, emozioak eta gorputzaren arteko harremanak ezagutarazi nahi dituzue. Zer-nolako loturak dituzte hiru elementu horiek? Arreta daukagunean konturatzen gara zer sentitzen dugun; ze emozio ditugun. Baina arreta ez daukagunean, haserretzen garenean, adibidez, konturatu ere ez gara egiten haserretuta gaudela. Kontziente izango bagina benetan haserre gaudela, jakingo genuke gure burua kontrolatzen, kontrol bat izango genuke gure emozioekiko, eta ez emozioek gu kontrolatzea. Arretaren etengailua pizten dugunean, kontzientziaren etengailua pizten dugu aldi berean, eta horrek distantzia bat ematen digu gure sentimenduak kontrolatzeko.

Nori zuzendua dago ikastaroa? Egia esanda edonori zuzendua dago, denok daukagulako horren beharra. Hala ere, irakasleei zuzendua dago bereziki, azkenean irakasleek jendearen beharra lortzea behar dutelako, eta ikasi ahal izateko arreta behar duzulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude