Maider Heguy: ”Dudarik gabe euskalduntzean lehentasun bezala haurren arloa hartu behar da, hezten ari direnak, eta murgiltze eredua denean zabaldu“

Baionako Udako Ikastaroen aitzakiarekin, Maider Heguy Ipar Euskal Herriko AEKren lehendakaria elkarrizketatu dugu, ikasle bezala jardun baitu helduen euskalduntzearen inguruko ikastaro batean. “Helduen Euskalduntze Alfabetatzea: moldaketa beharra” izena du aipatu ikastaroak, eta horren inguruan eta orokorrean iparraldean euskarak bizi duen egoeraz mintzatu da gurekin.

Ikusi Maiderren bideoa

Maider heguyIparraldeko AEKko arduraduna zaren heinean, nola dago euskararen egoera iparraldean?
Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian larria da, azken inkestek erakutsi dute gazteen mailan gorakada bat badela, baina ateratzeko larritasun puntutik beharko genituzke urte asko. Erabaki politikoak orain hartu behar dira, beraz, nahiz eta baikortasun pixkat baden aurrerakada hori biziki poliki doa, beraz, egoera larria da.

Zein sektore indartu beharko litzateke? Eta zein adin tarte?
Dudarik gabe lehentasun bezala haurren arloa hartu behar da, hezten ari direnak, eta murgiltze eredua denean zabaldu. Duela denbora ondorioztatu zen murgiltze sistema dela onena jendea euskalduntzeko, hori da positiboena. Adibidez, adibide oso ona da Seaskan egiten dutena, Seaskako sistema da onena, zenbakietan ari da nabaritzen, elebitasun sistemarekin ez baita euskaldunik lortzen. Gainera, inkesten arabera, behe mailako haurrei exijitzen zaie goi mailako haurrei beste eta gero 10-11 urterekin uzten dutela ikastea, beraz, hor dago erantzuna.

Egin duzun ikastaroaren harira, egun ze paper jokatzen dute euskaltegiek helduen alfabetatzean?
Ba hemen iparraldean bakarrak gara, beraz, daukagun papera oso inportantea da, eta daukagun helburua euskaldunak sortzea da, euskaradunak. Euskal hiztunak sortu behar ditugu, eta nahiz eta lehen haurren garrantzia azpimarratu dudan, helduak alfabetatzea ere biziki inportantea da. Ez da ahantzi behar helduen euskalduntzea beharrezkoa dela.

Zergatik euskaldundu helduak eta ez haurrak, adibidez?
Biak euskaldundu behar dira, ezin dugu ahaztu helduek hezten dituztela haurrak, eta ezin diegu haurrei euskaraz egiteko eskatu helduok ez badugu hitz egiten, eredua gara, haurrek ez dute ulertzen zergatik hitz egin behar duten euskaraz beraien helduek egiten ez badute. Euskara bizi egin behar da. Heldu askok euskararen ikaste prozesua haurren bidez hasten dute, haurrak ikastola edota eskola elebidunetan sartzen dituzte eta hori dute aitzakia haurrak ulertzeko eta eskolako lanekin laguntzeko. Hori biziki polita da, haurrek euskara ikasteko beraiek ikastea ere bai, haurrak izatea motibazioa. Haurrek ikustea beraien gurasoak euskara ikasten biziki polita da.

Zuk, pertsonalki, zer egingo zenukeen euskararekiko jarrera aldatzeko, zein izan zitekeen motibazioa euskara ehuntzen hasteko?
Pertsonalki? Pertsonalki euskara gehiago erabiltzea, dudarik gabe. Gauza asko ikasten ari gara AEKn, adibidez TELP izeneko teknika bati esker, eta ikasi duguna da gauza sinpleekin gauzak aldatu daitezkeela.

Nola ezagutu zenuen UEU?
UEU ezagutu nuen haurra nintzelarik nire gurasoek bere garaian egin zituztelako Iruñean ikastaro batzuk. Nire kasu pertsonala, bestalde, ni unibertsitatean nengoela eman zen. Lagun talde bat joaten ginen urtero UEUren Baionako ikastaroetara, biziki maite genuen hori, beste zerbait ikastea euskaraz.

Eta zer iruditu zitzaizun proiektua?
Guretzako oso inportantea izan zen, Ipar Euskal Herrian ez geneukalako ikasketarik euskaraz, euskal filologiaz aparte, eta bera ere hastapena zen. Beraz guretzako biziki inportantea zen euskaraz ikastea hain justu gai batzuk sekula ez genituenak eman. Proiektu hori bikain atxeman nuen eta ganera modu ez hain ofizialean nahiz eta irakasle biziki ofizialak eta atseginak ziren. Giroa ere guretzat biziki ona zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude