“Eskolan hitz egiten eta idazten ikasten dugun bezala, programatzen ere ikasi beharko genuke”

Irakurtzen eta idazten dakigun bezala, ordenagailuekin ere gauza berdina egin beharko genukeela diote ‘Code.org. Programatzen ikasteko tresna baten erabilpena eta lokalizazioa’ ikastaroko arduradunek. UEUren Udako Ikastaroen baitan egiten ari den ikastaro honi buruz gehiago jakiteko Itsaso Usunariz, Gorka Julio eta Edurne Larrazarekin hitz egin dugu.

code.org
Ezkerretik eskuinera: Edurne Larraza, Itsaso Usunariz eta Gorka Julio

Zein da ikastaro honen helburua? Itsaso Usunariz: Code.org-ek prestatu duen plataforma programatzen ikasteko tresna bat da, eta gure asmoa da zelan erabiltzen den erakustea. Gainera, eskoletan erabili ahal izateko, euskaraz egon behar da, eta horren inguruan ere hitz egingo dugu.

Edurne Larraza: Hori da, asmoa da tresna hau lokalizatzea eta jendeak jakin dezala existitzen dela eta nola erabiltzen den.

 

Gai konplexua da programazioarena, askorentzat ulergaitza. Lehenbizi azaldu ezazue zertarako balio duen programatzeak. Edurne Larraza: Berez, edozein tresna garatu nahi dela, ordenagailu bat, robot bat edo edozein gailu elektroniko, esan behar zaio zer egin behar duen eta nola funtzionatu behar duen. Lan hori programa batek egiten du, eta programa horrekin egiten duguna da aginduak eman makina horrek funtzionatu dezan guk nahi dugun moduan.

Gorka Julio: Gizakiok gure hizkuntza dugun moduan, makinei hitz egin behar zaie beren lengoaian, eta lengoaia hori erabiliz esan zer egin behar duten.

 

Programazio hitza entzuteak soilik beldurra eragin dezake. Zer egin daiteke gazteenei programazio mundura sartzen laguntzeko? Itsaso Usunariz: Eskola garaitik lagunduta. Izan ere, txikitatik hasten bazara honelako erreminta hau erabiliz, gauzak erraztu egiten dira.

Edurne Larraza: Programazioarekin loturiko kontzeptuak erabiltzen ditugu egunero-egunero. Herriko jaietako programa egiten duzunean hori programazioa da, momentu bakoitzean zer gertatuko den zehazten delako. Erosketak egin eta hainbat lekutara joan behar baduzu, ziur asko algoritmo bat egingo duzu pentsatuz nola egingo duzun buelta laburrena. Horrelako kontuak egunero egiten ditugu, gauza bakarra da txikitatik konturatzea kontzeptu horiek egunero erabiltzen ditugula.

Gorka Julio: Eskolan hitz egiten eta idazten ikasten dugun bezala, programazioarekin berdin egin beharko genukeen, zeren eta egunero ditugu gailuak inguruan eta egunero erabiltzen dugu teknologia. Horiekin ere, irakurtzen ez ezik, idazten ere jakin beharko genuke. Ez da beldur kontua, baizik eta egunerokotasunean erabiltzen dugun hori gehiago kontrolatzea eta autonomoago izateko aukera izatea.

 

Code.org fundazioak sortutako plataforma berri bat ezagutzera etorri zarete ikastarora. Zertarako balio du plataforma horrek? Itsaso Usunariz: Programazioa eskoletan lantzeko, baina oso modu grafikoan. Umeek barnera dezaten jolasen eta pertsona ezagunen bitartez. Helburua da programazioaren pausoak bata bestearen atzetik egiten ikasi dezatela.

 

Ikastaroa nori zuzendua dago? Edurne Larraza: Berez, programatzen ikasi nahi duen edonori, baina ikusi dugu gehienbat irakasleak direla etorri direnak. Ikusten ari dira hezkuntzan txikitatik sartu beharko litzatekeela programazioa, baina Lehen Hezkuntzako irakasleak ez dira informatikariak, eta gerturatu direnak tresna hau ikasten etorri dira, gero erabili ahal izateko.

Gorka Julio: Helburua litzateke programazioa curriculumean txertatzen joatea modu natural batean.

Edurne Larraza: Irakaskuntzan ari dira ordenagailuak sartzen momenturo, eta gainera gazteenek badakite horiek erabiltzen. Baina ez gara erabiltzaile hutsak izan behar. Guk badakigu irakurtzen eta idazten, eta ordenagailuak erabiltzea da irakurtzen jakitea bezalakoa, baina ez badugu idazten ezin gara sortzaile izan, beraz jauzi hori egin beharra daukagu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude