Amaia Etxabe eta Maitane Muñoz: “Gaur egun ez dugu ez baliabiderik ezta estrategiarik ezagutzen haurren parte hartzea sustatzeko”

Haurren parte hartzea: Hausnarketarako gunea” du izena UEUren 43. edizio honetan Amaia Etxabe eta Maitane Muñozek emango duten ikastaroak. Ikastaro bat ematea baino, hausnartzeko gune bat eraikitzea dute helburu, guztiek batera haurrek parte hartzeko estrategiak eta moduak eraikitzeko. Bi egunetako iraupena izango du eta batez ere praktikoa izango da.

Ikusi Amaia eta Maitaneren bideoa

Amaia eta Maitane Haurren parte hartzeaZein da ikastaroaren mamia? Maitane Muñoz: Ikastaroa guztiz praktikoa izango da, ezin dugu parte hartzeaz hitz egin ez badugu parte hartzen, beraz, dinamikatik eta esperientziatik eraikiko ditugu teoria eta baliabideak.

Amaia Etxabe: Parte hartzearen kontzeptuaren inguruan hasiko gara hausnartzen, eta hortik haurtzaroaren kulturara salto egingo dugu. Haurren parte hartzean sakontzen joango gara eta ondoren esperientzia praktikoak ezagutuko ditugu. Ikastaroaren tituluak esaten duen bezala, hausnarketarako gune bat sortzea da gure helburua, ideia batzuetatik eta gure esperientzia propiotik hitz egingo dugu baina denok batera eraikiko dugun ikastaroa izango da.

Maitane Muñoz: Gure helburua da baita ere, baliabideak eskuratzea hezitzaile bezala haurren parte hartze hori sustatu ahal izateko. Errealitate bat da gaur egun ez dugula ez baliabiderik ezta estrategiarik ere ezagutzen haurren parte hartze hori sustatzeko eta horri buelta eman behar diogu. Hausnarketa hori ez badugu elkarrekin egiten ezinezkoa da estrategia berriak bilatzea haurrei hitza emateko.

Zeintzuk dira orain arte erabili diren estrategiak? Zer egin daiteke umeek parte hartu dezaten? Maitane Muñoz: Lehenengo gauza umeei galdetu, umeekin egin eta umeei entzun, eta ez “zer nahi duzue egin?” galdetu.

Amaia Etxabe: Haurra erdigunean jarri behar dugu ea eta beraiek egin behar dute. Beraientzako egitetik beraiekin egitera eta elkarrekin eraikitzera pasatzea, hor dago gako garrantzitsuena.

Eta orain arte ezarri diren estrategiek ze erantzun izan dute, ze ondorio atera dira horietatik? Amaia Etxabe: Haurra erdigunean jartzen duzunean eta haurrari hitza ematen diozunean, batez ere hezitzaileon eta helduon rolak eta jarrerak aldatu beharra ekartzen du, ezinbestean. Azkenean, haurrari hitza ematen diozunean entzuteko prest egon behar zara, berarekin eraikitzeko prest egon behar zara. Horrek dakarrena da haurren autonomian eta harremanetan aurrerapausoak ematea. Helduak goiko maila batean egotetik denok pareko egongo garen harreman sare bat eraikitzea dakar horrek. Elkar entzuten dugunean eta elkar aitortzen diogunean denok gaude askoz ere gusturago, eta horrela gauzak eraikitzea askoz ere errazagoa da. Azkenean, horrek dakarrena da harreman sareak handitzea, belaunaldi ezberdinetako harreman sareak eraikitzea eta horrek azkenean komunitate izaera bat indartzen du eta trinkotzen du, azkenean herri oso baterako onurak ekarriz.

Beti esaten da ezta, haurrentzako eginda dagoen zerbait edo haurrekin egiten dugun zerbait guztiontzako dala hobea, bai emakumeentzako, bai elbarrituarentzako edota bai adin nagusidunentzako ere. Haurren begiradarekin egiten dugun hori askoz ere inklusiboagoa da.

Maitane Muñoz: Bai, eta hor dago gakoa azken batean, ezta? Parte hartzean oinarritzen da botere harremanak demokratizatzea eta azkenean espazio inklusibo horiek benetan sortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude