Jose Ramon Etxebarria: “Zientzia egiteko pasioa behar da”

Jose Ramon Etxebarria Ikergazten gertatzen ari dena behatzera etorri da. Unibertsitatea eta euskara uztartzen aitzindaria, baikor agertu da etorkizunera begira, “guk geuk egin ez duguna osatzen jarraituko dutelako”.

Jose Ramon Etxebarriaren bideoa

Joserra Etxebarria eta Martin Orbe1
Jose Ramon Etxebarria (ezkerrean), Martin Orbe UEUko zuzendari-ohiarekin Ikergazte kongresuan.

Jose Ramon Etxebarria aitzindaria da euskal ikerkuntzaren aldeko lanean. UEUko kide historikoa, idazle, zuzentzaile, ingeniari, fisikan doktore zein itzultzaile, ibilbide emankorra egindakoa urte luzeetan unibertsitatean. Hori dela eta, haren hitzek berebiziko garrantzia hartzen dute Ikergazte bezalako ekimen baten baitan. Argi dauka belaunaldi berriek urte luzeetan eginiko lanari segida emango diotela: “Kimu eta belaunaldi berriak sortuko dira eta guk geuk egin ez duguna osatzen jarraituko dute. Gure meritua ezer bada, da katearen mailatxo bat bizirik mantendu dugula eta belaunaldi berriei erreleboa ematen jakin dugula. Hori da gure poza eta gure emaitza”.

Ikerketaren eta ikasketaren lehen lerroan jarraitzen du oraindik orain: “Niretzat poz handia da Ikergazte moduko ekimen bat. Gaurkoan gustu hartzera etorri naiz, nola edo hala indarra hartzeko, nahiz eta ni azken fasean nagoen. Beti pentsatu dut unibertsitatearena beti izan dela prozesu oso luzea; belaunaldietakoa. Elementuak prest daukagu, jadanik badaukagu landutako euskara. Sinistu behar dugu euskararen pontentzialitatean. Hizkuntza guztiak berdinak dira ahalmenari dagokionez, eta euskarak besteak bezain beste indar dauka, ez gehiago ez gutxiago”.

Ikertzeko bestelako gaitasunik behar ez dela uste du Etxebarriak, pasioa ez besterik. “Eta zer da pasioa? Gozatzea zientzia egiten, gauza berriak egiteko gogoa izatea, eta beste gauza asko, baina horretarako lan handia egin behar da, baina disfrutatuz, nahiz eta batzuetan ere sufritu egin behar den”.

“Konfiantza izan behar da pentsatuz lan eginez gero zerbait berria aterako dela, eta nik horretarako gaitasuna ikusten dut. Ikasle oso onak izan ditut, eta etorkizuna haiena da, baina horretarako konfiantza izan behar dugu haiengan, pentsatuz guk egin genuena egin eta hobetuko dutela. Eta zergatik hobeto? Prozesuan sartuta daudelako. Gaurkoan harrituta geratu naiz Ikergazten dauden gazte guztiak ikusita, orain konfiantza izan behar dugu haiengan, beren lana egingo baitute”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude