Oroimena eskuratze lanetan egindako elkarrizketak

UEUk, Euskal Herriko oroimen historikoa ikastaroa antolatu zuen 2014ko udazkenean 1936ko estatu-kolpea eta ondorengo diktadurari buruzko oroimena eskuratzeko interesa duen edonorentzat bideratuta.

Euskal Herriko oroimen historikoa ikastaroaren helburua hauxe izan zen: garai hartako historiaren irakurketa kritikoa egitea eta eskuratze prozesuan parte hartzeko oinarriak eskaintzea.

Gauzak horrela, ikastaroaren amaierako proiektua izan da, hain zuzen ere, oroimena beraren eskuratzea. Horretarako ikasleek haien senitarteko eta lagunak elkarrizketatu zituzten, kamera aurrean, gerra eta diktadurari buruzko bizipenak, haien egia, ezagutarazteko.

Hona hemen elkarrizketa horien lau adibide:

TASIO ERKIZIAREN TESTIGANTZA

TasioTasiori gertatu zitzaiona frankismoko azken salbuespen egoeraren baitan kokatzen da. Garai hartan herritarrak kalera irteten hasiak ziren arrazoi ezberdinak direla eta. Izan ere, frankismoak errepresio handia egin zuen hainbat alderditan. Tasiok aipatzen ditu horietako batzuk: langile mugimendua, herri mugimendua eta euskal ikastolen aldeko mugimenduak, besteak beste. Langile mugimendua izan zen, beharbada, 70eko hamarkadan gogorrena. Bizkaian, Labe Garaiko langileen borroka izugarria izan zen, urte luzez iraun zuen.

Baina azken salbuespen egoerara bueltatuko gara. 1975eko apirilaren 25ean izan zen hau. Tasioren atxiloketa, ordea, maiatzaren 8an izan zen. ETAren atentatua izan zen aurreko egunean eta hainbat zantzuren medio Tasio atxilotzera joan ziren. Nahikoa izan zuen poliziak Tasiok bere gelan zuen Ortziren liburua hau erruduntzat jotzeko.

 http://ow.ly/JOdxp 

INAXITA BEREZIARTUAREN TESTIGANTZA

InaxitaInaxita Bereziartua azpeitiarrak gerraz eta gerraosteaz dihardu testigantza honetan. Gerra osteko hainbat gertakari gogoratzen ditu, 1942an jaioa da eta. Bere etxean izan zen gerrara joan behar izan zuenik, osaba eta aita, besteak beste.

Antza, bazen Gipuzkoan baserritarren sindikatua eta horrek Azpeitiko Udalean ordezkari asko izatea lortu zuen bigarren errepublika garaian. Sindikatu horren inguruan omen zebiltzan aita eta osaba. Gerran, ordea, abertzaleekin batu ziren, gudari gisa arituz. Garai hartan ohikoa zen bezala, bere senideak batetik bestera ibili ziren Santanderren harrapatu zituzten arte.

http://ow.ly/JJ1Zc  

ANA MARI LASAREN TESTIGANTZA

Ana Mari LasaAna Mari Lasa Eibarren jaio zen, Errepublika aldarrikatu zen herrian, hain zuzen. Orduan sei urte zituen. Berak gogoratzen duen heinean, sozialista eta errepublikazale asko zegoen Eibarren orduan. Horrek, lotura zuzena zuen Eibarren zegoen langileriarekin.

Gerra garaian Eibar bonbardatua izan zen. Lasak dio errefugiora jaisten zirela bonbardaketetan. Bere amona, ordea, etxean geratzen omen zen. Eibarren frentea Karakaten kokatzen zen. Lasa familia Eibar utzi eta Zaldibarrera joan zen, eta handik Artaunera. Han bizi izan ziren gerra amaitu arte. Handik bueltan, Eibarren, euren etxea eta aitaren fundizioa osorik zeuden.

http://ow.ly/JJ2FY  

IXIAR ETXABEREN TESTIGANTZA

Ixiar EtxabeZaldibian jaio zen, Auntxita baserrian. Ixiar eta 13 anai-arreba izan ziren, egun 9 bizi diren arren. Euskal izena jarri zieten gerra aurretik jaiotakoei eta gaztelerazkoak besteei, beraien familian eta beste batean jazotako berezitasun modura kontatzen du Ixiarrek. Bere gurasoek arazoak izan zituzten euskarazko izenak jartzeko, esate baterako abade batek ez zuen nahi izan bere anaia bat izen euskaldunarekin bataiatu izan nahi, bataioa bertan behera utzi, ospakizun-bazkaria egin eta arratsaldean bueltatu zen Ixiarren aita baimen eta guzti, eta orduan bai, bataiatu zuen. Hala ere, gerra ostean debekatu egin zuten euskal izenak jartzea.

Ixiarren aita zinegotzia izan zen gerra garaian, errepublikako garaian, eta asko sufritu zuen Ixiarrek dioskunez. Hala ere oso ausarta eta ideia zurrunekoa zen, bere seme-alabek gazteleraz ikastea ekidin nahi izan zuen, eta saiatu zen aurre egiten gazteleraren inposizio saiakerei.

http://ow.ly/JJ1IB  

JUANA MENCHACA EGUSQUIZAREN TESTIGANTZA

Juana MenchacaJuana Menchaca Barrikan jaio zen 1923an eta zazpi anai-arreba ziren guztira. Guda dela eta, familia dispertsatu egin behar izan zen. Gau argiez oroitzen da batez ere, jaurtitzen zen artileriak eragiten zuen argiaz, hain zuzen.

Bere aita Barrikako alkatea zen, nazionalista. Alkateak hiltzen ari ziren garai horretan, hori dela eta Frantziara egin zuen ihes Juanaren aitak. Bere ama txilotu egin zuten, eta bera, nagusiena, etxean geratu zen bere bi anai txikienekin 14 urte zituela. Elizarekin zerikusia zuten emakume guztiak atxilotu zituzten, Bilboko Larrinaga kartzelan egon zen bere ama hilabetez, sekula ere politikarekin zerikusirik ez izan arren.

http://ow.ly/JJ1iz

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude