Usteak erdia ustel: euskara ez arraro, ez bakartu, ez zahar

UEUk eta Oihan Eder Euskararen etxeak Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera mintegia antolatu dute. Ekaitz Santazilia eta Borja Ariztimuñori, mintegiko arduradunetako batzuei galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago eta mintegi osoan zein atalka eman daiteke izena.

10968382_1011464142201691_5538416663507283484_nNolatan otu zaizue gai hau lantzea? Kontua lehenagotik dator, iazko udatik, hain zuzen. Orduan bi egunetako ikastaro trinko gisa eman genuen, Eibarren, eta arrakasta nahiko izan zuela esan daiteke. Horren ondorioz, Oihaneder Euskaraeren Etxekoek proposatu ziguten hura moldaturik Gasteizera ekartzea.

Zein helbururekin antolatu duzue mintegia? Askotan ikerketen emaitzak giro akademikoetatik ateratzea, hau da, zientziaren dibulgazioa egitea, zail gertatzen da hainbat arrazoirengatik. Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzaren kasuan ere behar hori sumatu genuen eta hutsunea betetzen hasteko asmoz hasi ginen lanean. Mintegi honen kasuan, zehazki, hiriburu batera ekartzeak jende gehiagorengana iristea erraz dezake. Gainera, kontuan hartu behar da Gasteiz unibertsitate-giroko hiria dela eta, bereziki, Euskal Ikasketak Gradua (lehengo Euskal Filologiako Lizentziatura) bertan irakasten dela. Hortaz, jende heldu nahiz gazte askorengana hurbiltzeko aukera izan daiteke. Horrez gain, Gasteizen euskarazko jarduerak izatea ere beti da pozgarri.

Ze abantaila ditu mintegi formatuak? Ikastaro trinkoarekin alderaturik, askatasun handiagoa ematen die ikasleei. Saio guztietara etor daitezke, edo batzuetara (bakarrera ere bai, hala nahi izanez gero), interesen arabera. Gainera, hilean behin izanik, eguneroko bizitzan aldaketa larriegirik egin gabe bertara daitezke.
Saio bakoitza luzeagoa izan daitekeenez, irakasleei ere eduki eta ariketa gehiago sartzeko aukera ematen die, gauzak patxada handiagoaz azaltzeko. Ikasleen parte-hartzeari leku gehiago uzteko parada ere ematen du, eta hori ezinbestekotzat jotzen dugu.

Euskararen inguruan uste dugunetik dakigunera tarte handia dago? Oro har, hizkuntzekin lotutako mito eta istorio asko dago zabaldurik. Gure kasuan, gainera, euskararen itxurazko berezitasunek areagotu dute uste okerrok hedatzea eta sustraitzea.

Usteak erdia ustel: euskara ez arraro, ez bakartu, ez zahar. Zuk emango duzu lehen hitzaldia. Laburtzerik bai? Labur esanda:
– Euskara ez da arraro, euskararen ezaugarri gehienak uste baino arruntagoak direlako mundu osoko ikuspegia hartzen dugunean.
– Euskara ez da bakarturik egon, euskaldunak etengabeko harremanetan egon baitira mendez mende hainbat hizkuntzatako hiztunekin.
– Euskara ez da zahar, edo, bestela esanda, ez da beste ezein hizkuntza baino zaharrago; duela bi mila urteko tribuek hitz egiten zutenari euskara deitzeak (oker, hizkuntzalaritza historikoaren ikuspuntutik) ez dakar gaur egungo euskara hartatik hurbilago egotea, gaztelania latinetik baino (gaztelania, azken batean, latinaren dialekto moderno bat litzateke eta).

Arabako euskara ere mimo bereziz landuko duzue… Mintegia Gasteizen izateak badu ikustekorik horretan, noski. Edonola ere, azken hamarkadan (bereziki Lazarragaren eskuizkribua aurkitu zenetik) Arabako euskarari arreta geroz eta handiagoa eskaini zaio adituen artean, besteak beste, ikusi delako lehen uste zena baino garrantzi handiagoa izan zezakeela mendebaldeko euskararen garapenean.

Mintegian aditu askok parte hartuko dute, ezta? Ikastaroan bezala, mintegian ere denetariko hizlariak izango ditugu, doktoreak, doktoregaiak, unibertsitateko irakasleak… Baina, guztiak, aurkeztuko duten gaian adituak eta arituak.

Nori zuzendua dago mintegia? Arestian aipatu bezala, Gasteizko euskaldunei (eta bertaratzeko prest dagoen orori, jakina), hiri honetan ikasten duten unibertsitarioei (bereziki Euskal Ikasketen Graduko lehen mailetakoei) eta, oro har, interesaturik legokeen edonori. Errazago esateko: ez dago adituei zuzendua, baizik eta euskararen inguruko ikerketen berri aditu nahi dutenei.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude