Oroimena eskuratze lanetan egindako elkarrizketak: 1950-70 Iruñeko aldaketa sozialak, gerra zibila eta diktaduraren jazarpenak

UEUk, Euskal Herriko oroimen historikoa ikastaroa antolatu zuen 2014ko udaberrian 1936ko estatu-kolpea eta ondorengo diktadurari buruzko oroimena eskuratzeko interesa duen edonorentzat bideratuta. Udazkenean bigarren ikastaroa antolatu dugu.

Euskal Herriko oroimen historikoa ikastaroaren helburua hauxe izan zen: garai hartako historiaren irakurketa kritikoa egitea eta eskuratze prozesuan parte hartzeko oinarriak eskaintzea.

Gauzak horrela, ikastaroaren amaierako proiektua izan da, hain zuzen ere, oroimena beraren eskuratzea. Horretarako ikasleek haien senitarteko eta lagunak elkarrizketatu zituzten, kamera aurrean, gerra eta diktadurari buruzko bizipenak, haien egia, ezagutarazteko.

Hona hemen elkarrizketa horien hiru adibide:

Juan Kruz Aldasoro-k Jose Luis Diaz Monreal-i egindako elkarrizketaren laburpena

Jose luis DiazJose Luis Iruñeako Estafeta kalean jaio zen 1943an, familia umil batean. Gurasoak oso elizkoiak ziren eta giro katoliko batean hezi zen. Ikasketak ere apaizek zuzentzen zuten ikastetxe batean egin zituen. Bere lan ibilbide osoa Potasas de Navarra enpresa famatuan egin zuen, Nafarroako enpresa handienetakoa izandakoa XX mendean; 1970eko hamarkadan borroka laboral entzutetsuak eman ziren bertan. Berrogei urteak beteak zituela hasi zen Jose Luis Historiako ikasketak egiten. Ikerketa lana gustuko izan eta hain gutxi aztertu den frankismoaren garaiko Iruñeako bizitza soziala ikertzeari ekin zion. Egin duen ikerketa lanaren emaitza dira argitaratu dituen liburuak: La Historia olvidada. Egi en Nafarroa durante la década de los años 60 (Ahaztuak, 2009), Las Huelgas de Potasas (Ahaztuak 2012), Jacinto Ochoa, la prisión más larga (Ahaztuak 2013); eta La huelga de 1951 y otros conflictos en Navarra durante los años cincuenta (Pamiela 2013).

Elkarrizketan Jose Luis Diazek 1950tik 1970era bitartean Iruñean gertatutako aldaketa sozialak azaltzen dizkigu eta ondorengoko hiru ataletan egiten du:

  • 1950 hamarkadako borroka sozialak
  • 1960 hamarkadako langile borrokak
  • 1970etik foru hobekuntzara. Langile mugimenduaren bilakaera

 http://youtu.be/IGd8_meN_p4

Jon Suarezek Mª Presentacion Gaonari (amama), egindako elkarrizketa

PresentacionMª Presentacion Gaona Sanchez Gasteizko Frantzia kalean jaio zen 1923ko azaroan. 1936an gerra hasi zenean berak 12 urte zituen, aitak 47-48 (Manuel, errementaria, Bargotan –Nafarroa– jaioa) eta amak 45 (Isidora, Azuelo de Codesen –Nafarroa– jaioa). Zazpi anai-arrebatik bost geratu ziren. Gerra garaian Errementari kalean bizi ziren.

Presenek urte horretan utzi zion Karmeldarren eskolara joateari jostun ogibidea ikasi nahi zuelako. Gerra hasi zenetik aurrera Gasteizen nabaritu zituen aldaketen berri galdetzean beldurra eta txapelgorri eta soldaduen presentzia gogoratzen du, baita nola abuztutik aurrera okerrago izan zela; izan ere, anaia atxilotu zuten Otxandio inguruan.

Etxean, ordea, ez zuen aldaketa handirik sumatu aita erreketea zelako, baina rrian ama hil zen biriketako gaixotasun baten ondorioz, horrek bai aldarazi zuen etxeko egoera. Gainera, gerra ostean gosea etorri zen.

Garai horietan bizi izandakoa kontatzen digu Mª Presentacionek. Adibidez, “Coche fantasma” delakoari buruzko bizipenak, “autoa non gelditu, han desagertzen zen jendea”. Deigarria, zenbait galderei emandako erantzunak zentsuratzea eskatu izana (eta horrela egin)…

http://youtu.be/e4_ZWAp91Rc

Erika Uranga Basterrak, Jose Antonio Uranga Etxeberriari (aita), eta Mari Karmen Uranga Etxeberriari (izeko), 2014ko maiatzaren 10 eta 11an, egindako elkarrizketaren

urangaFrankismoari buruzko hausnarketarekin hasi dira Jose Antonio eta Mari Karmen.
Gazte zireneko oroimenak azaldu dituzte gero, aita Larrinagako kartzelan sartu zuten garaiko oroimenak, eta, aita kartzelan zuten bitartean nola behartzen zituzten “Cara al Sol” abestera eskolan.

Bonbardaketak dituzte gogoan, tuneletan sartu beharra bonbetatik babesteko eta horrek guztiak nola eragiten zuen haien bizitzan. Izan ere, aita (Erikaren aitona) gudari izan zen gerra garaian eta, besteak beste, mendigoizale trebea zelako, “enlace” lanetan ibili zen.

Diktaduraren azken urteetan, eta Franco hilda ere, sufritutako jazarpena eta erasoak ere azaltzen dizkigute Jose Antoniok eta Mari Karmenek, familiako tabernaren kontrako erasoak eta mehatxuak, adibidez:

“Danok dakigu nortzuk izan ziren. Egunero, goizaldean be, bonba abisuak, tiroketak goizeko hamabietan, Guardia Zibilaren jarraipenak, ultraeuskaindarren amenazak… Guardia Zibilaren kuartela, gure etxetik 10 metrotara zegoen eta inoiz ez zuen ezer ikusi ez entzun..a ze kasualitatea! Euskaldunak, ezkertiarrak, politikoki definituak eta aktiboak… beti gure aurka, eta gainera babestuta. Kotxeak erretzen zizkiguten, guardiak egin behar izaten genituen, gure jendea babestuta sentitzeko. Lanera nindoala hainbat alditan pistolaz apuntatua eta komisarian sartua. Lagunei parrandan, jarraituak, goizaldean udaletxeko komisariara eramanda interrogatorio luzeetara, atxilotua… 80.urtean jasan genuen azken eraso materiala etxean, eta aita eta ama, zaurituta irten zuten. Guretzako Franko hil eta ondorengo urteak, errepresiboki oso urte gordinak izan ziren.”

http://youtu.be/zn0mD5cKoAs

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude