Abel Camacho: “Komunikazioa izaten da gehienetan ikastaro baten arrakastaren edo porrotaren arrazoi nagusia”

2012-6-28Nola dinamizatu komunikazioa Moodle-n”  on line ikastaroa antolatu du UEUk aurtengo udazkenean. Abel Camachok, euskal filologoak eta ikastaroaren antolatzaileak, formazio honi buruzko xehetasunak eman dizkigu. Matrikula zabalik dago.

 

Zergatik da bereziki garrantzitsua komunikazioa urruneko ikasketa prozesuan? Komunikazioa berez da garrantzitsua edozein ikas-prozesutan. Ikaskuntza definitzeko elkarreraginaz aritzea ezinbestekoa da gaur egun. Aspaldi utzi genituen atzean ikaskuntza informazio-truke hutsa zela pentsatzen ziren garaiak. Soziokonstruktibismoak, batez ere, erakutsi digu ikaskuntza elkarreraginean gertatzen den prozesua dela eta elkarreragin hori eragile guztien (ikaslea, taldea, irakaslea, bitartekoak…) arteko komunikazioan oinarritzen dela. Garrantzia areagotu egiten da, jakina, urruneko ikas-prozesuetan. Espazioan edo denboran elkarrekin ez daudenen arteko komunikazioak aparteko egitekoa du: ezagutza sortzeko eta eratzeko funtzioaz gain, loturak ezartzeko eta partaideen gogoari eusteko bitarteko bihurtzen da.

Ze ezberdintasun dago autoikaskuntza eta on line irakaskuntzaren artean komunikazioari dagokienez? Autoikaskuntzaz ari garenean norbanakoak garatzen duen prozesuaz ari gara eta on-line irakaskuntzak, berriz. tresna telematikoak erabilita gertatzen dela adierazten du. Ez dira, beraz, ez gauza bera eta ez derrigor baztertzaileak. Autoikaskuntzan komunikazioak hartzen duen lekua ikasleak berak erabaki eta eratu behar du. On-line irakaskuntzan, berriz, aurretik aipatutakoak hartu beharko genituzke kontuan.

Eta nola sustatu daiteke komunikazio hori on line-koan? On-line moldeko ikas-prozesuak berriak dira gure artean eta aurrez aurreko sistemetan gertatzen diren hainbat fenomeno berez gertatuko direla uste izaten dugu, komunikazioa adibidez. Kontuan izan behar dugu, ordea, arauak eta bitartekoak beste batzuk direla eta aurrez aurrekoetan “natural” sortzen direnak ez direla horren erraz gertatzen on-line moduan. Eskura ditugun bitarteko horien eta berauen erabileraren ezagutza garatu gabeko gaia da, gure ustez, oraindik, eta trebatu beharra dago komunikaziorako ditugun tresnak ikas-egoera batean nola erabili behar ditugun jakiteko.

Zergatik Moodle plataforma? Berezitasunik badu komunikazioaren gaiari dagokionez? Moodle erabiltzea erraza da, gure artean ikas-testuinguru guztietan ari da zabaltzen eta dituen tresnak kudeatzea oso sinplea da. Gainontzeko plataforma guztien antzeko tresnak ditu komunikaziorako.

Zein helburu lortu nahi dituzue ikastaro honekin? Ikastaroaren azken helburua komunikazioaren garrantziaz hausnartzea da eta horretarako tresnak nola erabil daitezkeen aztertzea komunikazio arrakastatsua lortzeko. Askotan entzuten dugun “ez du inork idazten!” hori nola gainditu aztertu eta estrategia didaktiko egokiak erabilita benetako komunikazioan oinarritutako ikas-prozesuak nola gara daitezkeen ikusi, alegia. Asko gara Moodle erabiltzen dugunok. Kontuan hartu behar dugu Moodle tresna-multzo bat baino ez dela eta komunikazioa izaten dela gehienetan ikastaro baten arrakastaren edo porrotaren arrazoi nagusia.

Zein izango da ikastaro honetan erabiliko duzuen metodologia? Metodologia oso sinplea da: oinarri teoriko orokorrak aztertuta, adostu egingo ditugu gure jardueraren markoak (nola ulertzen dugu komunikazioa eta zein funtzio du ikas-prozesuan). Ondoren, benetako hainbat eta hainbat komunikazio-egoera aztertuko ditugu eta bertan sortutako mezuen azterketatik abiatuta jokabide orokorrak deskribatuko ditugu gure ikastaroetan komunikazio eraginkorra sortzeko gutxieneko baldintzak definitu ahal izateko.

Argazkia: Abel Camacho (ezkerrean) eta Pedro Lonbide, ikastaroko irakasleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude