Aitzol Lasa: “Hiru inguru materialen arteko elkarrekintza behar da: material fisikoak, papera eta softwarea”

Aitzol Lasa1GeoGebraPrim: eredu dinamikoak Lehen Hezkuntzan on line ikastaroa antolatu du UEUk aurtengo udazkenean. Aitzol Lasa, Matematikaren Didaktika Arloko irakasleari ikastaro honi buruzko informazio gehiago emateko eskatu diogu.

Lehen hezkuntzako irakasleei zuzendutako ikastaroa da hau. Zeintzuk dira lortu nahi dituzun helburuak? Azken urteetan, software dinamikoaren erabilera teknikoan trebatu dira irakasleak, batez ere Bigarren Hezkuntzan. Ikastetxe askotako ordenagailuetan aurki daiteke GeoGebra softwarea. Orain, pauso bat aitzina egiten ari gara, software dinamikoa noiz eta nola erabil daitekeen ikertzen gabiltzalako. Esperientzia konkretuetan jasotako datu esperimentalak ditugu, eta hori guztia ezagutarazteko ikastaroa da.

Nola hobetu dezakete eredu dinamiko hauek ikasleen ikasketa-prozesua? Matematikaren ikaskuntzan garrantzia handia dute partikularizazio eta orokortze prozesuek. Nolabait esateko, objektu geometriko bat aldi berean da partikularra (demagun, erronbo konkretu bat) eta klase baten ordezkaria (erronbo guztien multzoaren ordezkari bat). Paperaren gainean, adibide gutxi batzuk besterik ezin dira aurkeztu saio bakoitzean; aldiz, pantailaren gainean, propietate jakin bat betetzen duten nahi beste objektu partikular aurkez daitezke. Orokortze prozesua laguntzen du horrek.

Noiz eta nola erabili behar dira eredu hauek? Laburrean esanda, hiru inguru materialen arteko elkarrekintza behar da: material fisikoak, papera eta softwarea. Euskarrien arteko aldaketa onuragarria dela egiaztatu izan dugu esperientzia ugaritan, eta horixe landuko da ikastaroan.

GeogebraPrim softwarea landuko duzu ikastaroan zehazki Matematika arloan aplikatzeko. Ze ekarpen egiten dio ikasgai honi? Beste ikasgairen batean erabili al daiteke? GeoGebraPrim zera da, GeoGebra softwarearen anaia txikia. Berez, bat zein beste erabil daiteke, software bera baita. GGB-Prim aldaera moldaketa bat da haurrek errazago erabil dezaten, besterik gabe. Hala ere, jakin badakigu hainbat irakaslek GeoGebra erabiltzen dutela bai marrazketan eta diseinuan, baita natur zientzia eta fisikan ere.

Zein izango da ikastaro honetan erabiliko duzun metodologia? Bi aspektu landuko dira paraleloan. Alde batetik, GeoGebraren azken bertsioaren ezaugarriak aurkeztuko dira, eta, bestetik, esperientzia konkretuak proposatuko dira, egoera didaktiko muntatuak, horiek praktikan jartzeko eta haien gainean eztabaidatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude