Graduondokoen ikasturtea unibertsitatean. EUSKARAZ?

Iñaki alegria argazkia txikiaIkasturte honetan, zoritxarrez, lehen baino ikasle gutxiago arituko dira euskaraz ibilbide akademikoaren azken urratsetan. Izan ere, Bolognako erreformaren ondorioz ia ez dago ikaslerik bosgarren mailan. lau urteko graduaren titulua lortuta, unibertsitatean jarraitzeko graduondokoak daude gaur egungo ereduan. Gertatutako erreformarekin bi ondorio negatibo azpimarra daitezke: batetik, ikasketak garestitu egin dira, graduondoko ikasketak garestiagoak baitira gradukoak baino; eta, bestetik, euskaraz lehen baino ikasle gutxiago dago, ikasketa batzuetan behinik behin. Bigarren ondorio hau ezin zaio egotzi, neurri batean behintzat, eskaintzarik ezari. Batzuetan, eskaintza egonda ere, ez dira taldeak osatzen. Honen arrazoia, nire ustez, bikoitza da: lan-mundua eta euskararen arteko amildegia batetik, eta, bestetik, eskaintza erreferentzialaren falta, alegia, eskaintza egon arren, sakabanatuta dago, ez da nahikoa ezaguna eta ez da nahikoa prestigiotsua.

Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) bigarren ondorio horri aurre egiteko lanean dihardugu. Graduondoak (Masterrak zein Berezko Tituluak) euskaraz eskaintzea helburu estrategikoa da UEUrentzat, eta jasota UPV/EHUrentzat zein Eusko Jaurlaritzako euskara planetan. Kezka badago baina denon artean bideratzea da eginkizuna.

UEUn Masterretan egiten dugun hainbat lankidetzaz gain, Berezko Tituluetan lan berezia ari gara burutzen. Berezko Titulu berriak diseinatu, suspertu eta koordinatu egiten ditugu. Ikasturte honetan, UPV/EHUrekin dugun hitzarmenari esker, eta Euskal Unibertsitatearen aldeko Elkartearekin lankidetzan, hiru titulazio interesgarri sustatzen dugu euskaraz: Agroekologia, Itzulpengintza eta Teknologia, eta Hondakinen Kudeaketa eta Tratamendua. Gaurkotasun handiko gaiak, profesionalen beharra duten arloak. ueu.eus webgunean aurkituko duzu informazioa eta matrikulatzeko aukera .

itzulpengintza eta teknologia2Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, on-line modua eta bertaratzea konbinatzen ditugu, bidaiak minimizatuz, baina ikasleriaren motibazioa zainduz. On-line moduko ikasketetan teknologia ez da, uste denaren aurka, faktore garrantzitsuena; horren aldean, metodologia egokia eta ikasleen arretari eta atxikimenduari heltzea dira gakoak. Azken finean metodologia pertsonalizatua ez bada eta lankidetzan (ikasle-irakasle zein ikasleen artean) oinarritzen ez bada, ikaslearen bakardadea gailentze zaio teknologiaren laguntzari. Hainbat urtetako esperientzia metatzen ari gara arlo honetan. Izan ere, esperientzia funtsezkoa izango da Europatik bultzatzen den bizialdi osoko ikaskuntza (life-long learning) delakoan urratsak sendo emateko unibertsitate arloan. Bide horretan on-line modua oinarrietako bat (izango) da dudarik gabe.

Gaur egungo eskaintza balioetsiz, euskarazko graduondokoek zabalkundea, prestigioa eta erreferentzialtasuna behar dute etorkizunean. Horretarako denon lankidetza beharko litzateke: unibertsitateak, euskalgintza eta administrazioa. Ikastaro solteak baino, erreferentziala litzatekeen eskaintza zabala, planifikatua eta sendoa behar da, bestela ezinezkoa izango da erdarazko eskaintzarekin lehiatzea. Ea elkarlanean lortzen dugun gero eta ikasle gehiagok graduondokoak euskaraz egitea!

Iñaki Alegria Loinaz

UEUko Zuzendaria

@inakialegria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude