Itziar Zunzunegi Etxebarria: “Jendearte kategoriak bi sexu bereizi ditu eta horietatik bi genero eraiki ditugu. Bi kategoria hauek subordinazio eta dominazio harremanak azaltzeko sortzen dira”

Itziar Zunzunegi3Gaur goizean “Hezkidetza: nondik eta nola hasi” ikastaroa abian jarri da Iruñeko Jaso Ikastolan. Itziar Zunzunegi Etxebarria, psikopedagoga, formatzailea eta ikerlaria, ikastaroko irakaslea da. Ikastaroaren helburua hezkidetzaren oinarri teorikoak ezagutaraztea da eta horien bidez, praktika hezkidetzailea garatzeko gakoak eskuratzea.

Ikastaroari hasiera emateko, duela urte gutxi batzuk arte, sexu genero sistema nola ulertu den azaldu du Itziar Zunzunegik: “Jendearte kategoriak bi sexu bereizi ditu eta horietatik bi genero eraiki ditugu. Bi kategoria hauek subordinazio eta dominazio harremanak azaltzeko sortzen dira. Sistema honen arabera, beraz balore maskulino eta femeninoak definitzen dira: arrazoia eta emozioak, autokontrol emozionala eta histeria… osagarritasunaren ideia, bien sexu horien artean lortzen da. Ezaugarri hauek balore erreproduktibo eta produktiboei lotzen zaie. Duela urte batzuk arte ez da hori zalantzan jarri baina gaur egun kolokan dago. Adibidez, zenbait ikerlarien arabera gaur egun zazpi sexu nagusi desberdintzen dira”.

Beraz, Itziar Zunzunegik ikuspegi tradizional batetik abiatuta hiru ezaugarri bereizten direla dio: “Soilik bi sexu daude; arrak eta emeak, harreman sexualen helburua ugaltzea da eta familia unitate naturala da”. Zunzunegiren helburua beraz, ikuspegi tradizional horiek kolokan jartzea da eta praktika hezkiditzailea garatzeko lehengo urratsak ezartzea. Horretarako, hezkidetza kontzeptua, haurren identitatearen garapena eta genero/sexu identitatearen garapenaren prozesua, haurren prozesu emozionala, afektibo-sexuala eta soziala… aztertuko ditu ikastaroan.

Zunzunegik dionez, hezikidetza programak Bigarren Hezkuntzan hasi ohi dira eta haur txikien hezikidetza gutxietxi egiten da. I. Zunzunegiren aburuz, hezikidetza hau lehenagotik hasi beharko litzateke, izan ere, haurtzaroan sexua eta generoa bereizteko prozesua hasten da: “Urte baterekin neskak eta mutilak desberdintzen dira, 2 urterekin sexuaren araberako jarduerak eta jokaerak ikusten dira, 3 urterekin generoaren araberako rolak definitzen dira eta 4 urterekin generoaren araberako jardueren eta jokaeren gaineko iritzi sendoa dute umeek”. Ikusten denez prozesua oso goiz hasten da eta beraz Zunzunegiren, ustez oso garrantzisua da urte horietan haurreei ematen zaien heziketa.

Zunzunegiren aburuz, heteronormatibitate eta diskriminazio horri aurre egiteko lehengo urratsa genero eta sexu kategoria ezberdinak aintzat hartzea da, genero/sexu identitate ez norbatiboei ere, leku bat emanez eskolan. Hau da, sexu/genero sistema osoa zalantzan jartzea. Zunzunegiren aburuz irakasleek eta eskolak estereotipo tradizionalak eraldatu ditzakete, diskurtso alternatiboen bitartez, haurrak genero arauak erresistitzera bultzatuz, “egoera femenino edo maskulino esklusiboak baztertzeak eta pertsonen egoeretara hurbiltzeak identitateen, subjektibotasunen eta aukeren aniztasuna sustatu dezake”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude