Ekaitz Santazilia Salvador: “Euskara genetikoki isolatuta egon dela egia da, ez baitugu parekorik aurkitu orain arte, baina euskaldunak ez dira isolaturik egon”

Euskararen lekua munduan eta historian: mitoetatik egietara” udako ikastaroa abian jarri da gaur goizean Eibarko Markeskoan. Ekaitz Santazilia Salvador Euskal Filologian lizentziatua da eta ikastaroari hasiera eman dio “Euskara bere bakardadean?”  hitzaldiarekin.

Ekaitz Santazilia1Hitzaldiaren izenburu honekin Ekaitz Santaziliak euskararen isolamenduaren ustezko ideia kolokan jarri nahi izan du. Santaziliak dioenez, eztabaida hau aspalditik dator, Euskal Herrian beti izan baita euskaren berezitasuna eta berdingabetasuna bermatzeko tradizioa: “Manuel Larramendik «El imposible vencido» deituriko lehen euskarazko gramatika liburua idatzi zuen. Izan ere, garai hartan ezinezkotzat zeukaten euskararen gramatika bat egitea. Jaiotzez ikasten ez bazen, euskara ikastea ezinezkoa zela uste zen. Beraz, Larramendik liburu horrekin, Europako beste hizkuntza moderno batzuk bezala, euskarak bere gramatika zuela, hau da, euskara ikastea posiblea zela frogatu zuen, logika bat zuela erakutsiz”.

Bestalde, Gartxoten eta Peru Abarkaren adibideetan oinarrituz, ideologia erromantikoek ere euskara bere bakardadean era isolatu batean bultzatu izan dutela azaldu du Santaziliak. Azken finean, Santaziliak frogatu nahi izan duena zera izan da; euskara bere bakardadean dagoela sinestea ez dela gaur egungo kontua, aspalditik datorrela, tradizioek euskaldunak isolatuta bizi izan direla bultzatzen baitute. Santaziliak mito hau desmuntatu nahi izan du: “Euskara genetikoki isolatuta egon dela egia da, ez baitugu parekorik aurkitu orain arte, baina euskaldunak ez gara isolatuta egon”.

Beste alde batetik, Santaziliak euskararen ustezko ezaugarri “arraro” horiek hain bereziak ez direla aldarrikatu nahi izan du: “Euskara Europako inguruko hizkuntzekin konparatuz, hizkuntza guztiz desberdina da formari dagokionez eta jakina da gainerako inguruko hizkuntzek berdintasunak dituztela euren artean. Horregatik, uste dugu euskara bakarrik dagoela. Baina, nik oraindik ez dut topatu euskarak berak bakarrik duen berezko ezaugarri bat mundu mailan”. Hau da, euskarak beste hizkuntzekin harreman genetikorik ez duen arren, beste munduko zenbait hizkuntzekin ezaugarri komunak partekatzen ditu, ukipenari, testuinguru soziokulturalari eta tipologiari dagokionez.

Baieztapen hori frogatzeko zenbait ezaugarriz baliatu da Santazilia, hala nola, ergatiboa, hitzen ordena, deklinabideak, fonetika konplexua (6 txistukariak) eta tsez-eko kasu lokatiboetaz. Ezaugarri hauek euskararen ustezko ezaugarri “bereziak” dira, baina hizkuntzen egituren inguruko atlasaren arabera (WALS), aipatutako ezaugarri bakoitza munduan zehar dauden beste zenbait hizkuntzekin antzekotasunen bat dutela azaldu du Santaziliak. Gainera, zenbait kasutan, ezaugarri horiek beste hizkuntza horietan euskaran baino forma desberdin gehiago dituztela erakutsi du.
Ondorio moduan, Ekaitz Santaziliak Euskararen kanpo historiak isolamendua bultzatu duela aipatu du baina euskarak munduan bakarrak diren oso ezaugarri propio gutxi dituela ere argitzen du: “Euskararen isolamendua apaltzen ari da, izan ere, munduko beste hizkuntzen inguruko informazio gehiago dugun neurrian, hasierako isolamendu hori gero eta urriagoa da. Euskara ez da berezia mundu mailan, baina bai inguruko hizkuntzekin alderatuz”.

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude