Jule Goikoetxea: “Eguneroko eztabaida eta elkarrizketaren bidez eraikitzen ditugu gauzak”

Jule3Feminismoa eta kultura-aniztasuna: dibertsitatea, diferentzia eta estatuaren eraikuntza Euskal Herrian” ikastaroa martxan da UEUko Udako Ikastaroen 42. edizioan. Feminismoa kokatu eta kultura aniztasunaren ikuspegi desberdinak aztertzea helburu duen bi eguneko saioa abian da Baionan. Jule Goikotxea, Politika Zientzietan doktorea eta ikastaroaren antolatzaileetako bat denarekin tartetxo bat hitz egiteko aukera izan dugu Baionako Euskal Museoan.

Ikusi Jule Goikoetxearen bideoa

30 ikasletik gora bildu dira Lapurdiko hiriburuan UEUk antolatutako ikastaro honetan. Publiko zabal bati zuzenduriko jarduerak antolatu dira gaur eta bihar eta hala baieztatu du Goikoetxeak: “Alde batetik kultura estudies horietan interesa duten jende asko dago, kultura-aniztasunaren inguruan dabiltzan guztiak eta gero ere noski Udaleko Teknikariak, mugimendu sozialen barnean daudenak eta baita akademian ikerketak egiten dituztenak ere”.

Eztabaidak, ponentziak eta mahainguruak antolatu dira bi egun hauetarako. Jarduera teoriko zein praktikoak landuko dira. Praktikari dagokionez jarduera nagusiak eztabaidak izango direla azpimarratu du Politika Zientzietako doktoreak. Bestalde, teorian, feminismoaren inguruko pertsona ugarik parte hartuko dute. Izan ere, Goikoetxeak honako helburua dutela dio: “Jende asko sartu dugu ponentzietan ikusteko zenbat ikuspuntu eta iritzi dauden eta aldi berean komunean zer daukagun egiaztatzeko”. Eztabaida ezinbestekoa dela dio Goikoetxeak:” Eztabaidarik gabe birsortu edo erreproduzitu egiten da jada esanda dagoena. Oso eztabaidazaleak gara ikastaroa antolatu dugun guztiok. Eguneroko eztabaida eta elkarrizketaren bidez eraikitzen ditugu gauzak”.

Feminismoa izango da da ikastaro honen erdigunea. Kontzeptu zabala da, hain zuzen ere eta hala definitu du Jule Goikoetxeak: “Praktika anitz bat da, bizitzeko eta pentsatzeko modu bat da. Azken finean, botere-egitura guztiekiko pentsamolde eta praktika kritikoa edukitzean datza. Horren barruan patriarkatua ez ezik, kapitalismoa eta guzti horren kritika litzateke”.

Partaideen gehiengo zabala emakumeak diren arren, hainbat gizonezko ere bertan izan dira: “Feminismoa olatu korronteen bidez mugitzen da, testuinguruaren arabera. Adibidez, abortuaren legeak feminista ugari atera ditu kalera. Manifestazioetan 14, 15 edo 16 urteko gizon gazte ugari ikusi ditut” aitortzen du antolatzaileak. Sare sozialek gizonezkoen feminismoan izan duten eragina ere gaineratu du Goikoetxeak. Izan ere, pixkanaka-pixkanaka gizonezkoen elkarte ugari sortu direla dio eta hori lehen “ez zen gertatzen”.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude