Yolanda Arrieta: “Jana gorputza asetzeko eta lagunak bihotza alaitzeko diren neurrian, ipuinak kontatzea haurra egiteko modu bat da”

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963) irakasleak “Literaturaren ahozko baliabideak: zelan kontatu ipuinak eta olerkiak haurrei” ikastaroa abian jarri du Eibarko Markeskoan. Aldez aurretik, literaturgintzan 22 urte daramatzan bizkaitarrarekin solasaldia izan dugu. Bertan, haurrei ipuinak kontatzeak  duen garrantzia azpimarratu du eta ikastaroan zehar  ahozko adierazpena lantzeko egingo dituzten ariketak aurreratu dizkigu.

Ikusi Yolanda Arrietaren bideoa

Yolanda klaseaZein ahozko baliabide dira garrantzitsu ipuina kontatzerako orduan?
Mundua zelakoa den esatea bezalakoa da. Berez ahotsak dituen baliabideak dira: tonua, bolumena, intentsitatea,…baina ahotsak ez du berak bakarrik funtzionatzen, emozioarekin, irudimenarekin, begiarekin, sudurrarekin, azalarekin eta gorputzeko atal guztiekin funtzionatzen du. Ezin dugu autonomo bezala hartu. Ezaugarri guzti horiek berotu behar ditugu, elkarlotu, eta jabetu gorputzeko atal guzti horiekin lotuta dagoela ahotsa. Jabetzen garen neurrian hasiko gara ahalmen guztiei erreparatzen eta praktikan ipintzen.

Emozioak zein paper jokatzen du narrazioan?
Emozioak kolorea ematen dio ipuinari, beste errealitate bat sortzen laguntzen du. Orain eta hementxe bertan, une honi garrantzia ematen laguntzen digu. Emozio askori esker gaude gaur gu hemen munduan. Emozioa bizitzako motorra da. Literaturarekin bizitza paralelo bat sortzen ari gara, eguneroko bizitzaren lagungarri edo gehigarri izango dena eta emozioa horren motorra da.

Ilusioa sortzea al da ipuin bat kontatzearen funtzioa?
Ipuina kontatzea ez da kontatzea bakarrik, partekatzeko tarte bat da. Bizitza paralelo bat sortzeko duen neurrian piztu dezake ilusioa. Bizitzak une eder asko ematen dizkigu baina asetu, lasaitu edo jakin nahi dugu eta ipuinek hori ahalbidetzen dute. Dagoenaz gain beste zerbait dagoela sentitu nahi dugu. Erdi islatuta ikusten gara ipuinetan, “Ene ez nago bakarrik, ez zait niri bakarik gertatu, handia naizenean gauza gehiago egiteko gai izango naiz” pentsatzen dugu eta hori ilusioa da.

Zein ariketa bidez lantzen da ahozko adierazpena ipuinak ondo kontatzeko?
Joko asko egingo ditugu. Lehenengo eta behin taldea egiteko eta lekua egiteko ariketak egingo ditugu. Ez da ahoarekin bakarrik kontatzen eta gorputzeko atal guztiak berotuko ditugu edozein ekintzetan egiten den bezala. Gero, ia nahi gabe, kontatzen, kantatzen eta mugitzen hasiko gara.

Zer ikasi dezake haurrak ipuinetatik?
Asko. Ipuina ez da hor solte dagoen gauza bat. Guk ipuina geureganatu behar dugu, ipuina kontalariaren eta haurraren arteko bitartekaria delako eta momentu bat sortu behar dugu hiruron artean. Bizitza paraleloko une bat sortu dezake ipuinak, haurrak sentitu duen eta oraindik hitzekin esaten ez dakien sentimendu bat, izan daiteke gerora izan nahi duen homeopatia txiki bat edo oraindik ulertzen ez dituen emozioei izena jartzeko bide bat. Elikatzeko beste alderdi bat da. Jana gorputza asetzeko eta lagunak bihotza alaitzeko diren neurrian, literaturaren bidez ipuinak kontatzea haurra egiteko modu bat da.

Ikastaroaren izenburua “Literaturaren ahozko baliabideak: zelan kontatu ipuinak eta olerkiak haurrei” da. Behar beste ipuin kontatzen dizkiete gurasoek haurrei?
Batzuk ahal dutena egiten dute, beste batzuek nahi dute baina ez dira iristen eta askok ez dute denborarik, baina orokorrean borondatea badagoela uste dut. Tartea hartu behar da eta tarte hori hartzeko denetarik dago. Nik ez dakit zein den eredua, bakoitzak lehenik eta behin jakin behar du etxean zein egoera daukan, zein ume dauzkan eta hortik abiatu behar da. Arau orokorrak ez dakit baliagarriak diren egoera desberdinak direlako. Argi dago denbora eman behar zaiola, gehiago ala gutxiago, baina jateari bezalaxe, elkarri kontuak esateari bezalaxe, tartea eman behar zaio, ikastaro honetan erabiliko dudan leloari jarraituz: “janaria gorputza asetzeko, lagunak bihotza elikatzeko eta kontuak arima sosegatzeko edo askatzeko”. Beraz, bakoitzak jakingo du zenbat denbora ematen dion. Dena dela, zenbat baino, ipuinak kontatzearen garrantziaz jabetzea da gakoa eta hortik aurrera eguneroko ohitura bilakatzea.

Zenbat urtera arte kontatu behar zazkio ipuinak haurrari?
Nik orain ere gustura entzuten ditut baten batek egoki kontatzen dizkidanean. Nork daki noiz arte kontatu behar diren. Zuk ekin, tarte oso goxoa da ipuinak entzutea eta ni ez naiz nor esateko noiz arte egin behar den. Gustuko duzunari ez zaizkio mugarik jarri behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude