Estrasburgoko Auzitegia: giza eskubideen babeserako tresna. Hitzaldia.

Baionako U42. Udako Ikastaroen barne azken denboraldian gure artean hain ezaguna den Giza Eskubideen Europako Auzitegiari –Estrasburgoko Auzitegia bezala ezagunagoa denari – buruzko hitzaldia izango dugu uztailaren 9an. Hitzaldian Joana Falxa, Zuzenbidean lizentziatuak, eta Amaia Izko, abokatuak, parte hartuko dute.

Hitzaldia irekia da, doanekoa, gaian interesa daukan edonori zuzendua, baina aurrez izena eman behar da (web gunetik).

Argazkia: Mathieu Nivelles
Argazkia: Mathieu Nivelles

Hona hitzaldiaren nondik-norakoak Joana Falxa antolatzailearen hitzetan:

Giza eskubideen Europako auzitegiaz bi hitz

Euskal Herritar eta euskal talde edo elkarte ezberdinek aspaldi honetan ezagutzen dugu Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Estatu mailako auzitegien aurrean eskubideen babesa lortu ezinean, Estrasburgora jotzeko ohitura hartua dugu. Gaur egun, Europako Estatuen eskutik eskubideen urraketa bat bizi duen pertsona orok dauka, teorian gutxienez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren babesa eskatzeko aukera. Baina bestalde, auzitegi honen aurrera iristeko bideak eta moduak nahiko ulergaitzak gertatzen dira askorentzat. Are gehiago, ezagunak dira tortura eta tratu txarren inguruan hartutako jarrerak, edota alderdien legearen inguruko erabaki gatazkatsuak, baina hauen atzean dagoen ibilbide jurisprudentziala erabaki soil horietatik askoz haratago doa. Horrez gain, hainbat eskubideen inguruan doktrina eta ikuspegi aurrerakoiak garatu ditu Giza eskubideen Europako auzitegiak: transexualen eskubideen arloan, justizia munduko eskubideen arloan, kartzeletako bizi baldintzen arloan, etb.
Zuzenbidearen atal berezi honen ezagutzeko aukera gutxi izaten da zuzenbide ikasketa urteetan, nahiz eta gaur egun eskubideen babeserako giza eskubideen Europako zuzenbidea tresna garrantzitsua – eta batzuetan ezinbestekoa – bilakatu den. Aukerazko ikasgaia izaten da gehienez jota, eta batez ere modu teorikoan lantzen da. Honez gain, giza eskubideen zuzenbidea euskaraz lantzeko paradak nahiko urriak dira.
Horretaz, gai berezi honi gerturatzeko aukera eskaintzen du uztailaren 9an UEUren Udako Ikastaroen baitan Baionan antolatutako hitzaldi batek: gaiaren oinarriak jorratuz, auzitegiaren aurrera iristeko baldintzak azalduz eta adibide zehatzak erabiliz, modu sintetiko batean Europako giza eskubideen zuzenbidea aurkezteko xedea izango du hitzaldiak. Bertan, Amaia Izko abokatuak Parot doktrinaren aurka eramandako ibilbide eta estrategia azalduko du, esperientzia zuzenaren gehigarriarekin. Gonbita luzatua zaie beraz zuzenbide arloko ikasle eta profesionalei, baina baita ere beste edozein herritarri, uztailaren 9an, Baionako ikastaroen baitan egingo den “Giza Eskubideen Europako Auzitegia, erronka berriei aurre egiten” hitzaldira gerturatzeko.

Informazio gehiagorako eta izena emateko: Giza Eskubideen Europako Auzitegia, erronka berriei aurre egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude