Nerea Mendizabal: “Gatazka bat baldin badaukazu, ikus ezazu zer behar duzun zuk eta zu gogaitzen ari den pertsonak”

Iruñean izan dugu “Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak” izeneko ikastaroa, UEUk antolatutako Udako Ikastaroen 41.edizioaren barruan. Nerea Mendizabal psikopedagogo eta gizarte hezitzaileak antolatutako ikastaro honetan, guraso eta hezitzaileek umeekin dituzten harreman eta gatazkak nola eraman landu da, beste gauza batzuen artean.

 Ikusi Nerearen bideoa

Nerea Mendizabal 11Zertaz hitz egin duzu ikastaroan? Ikastaro honek guraso/hezitzaile eta haurren arteko elkar ulertzerako baliabide edo pista batzuk ematea du helburu, horrela egunerokotasunean gustoko harreman bat izatea ahalbidetuz. Askotan, eguneroko zailtasunekin, gatazkekin eta gaizki ulertuekin topatzen gara eta nabaritzen dugu egoera horietatik irtetzeko era edo modu ezberdinak ez ditugula ezagutzen. Bilatzen ditugun errekurtsoak momentukoak izaten dira, automatikoak. Baina ez gaituzte asetzen eta gainera konturatzen gara askotan ez dutela balio guk nahi genuen hori lortu ahal izateko.

Marshall Rosenbergen “komunikazio ez bortitzaren” modeloa aipatzen duzu. Azalduko zeniguke zertan datzan? Marshall Rosenbergek eratutako eredu hau gustatzen zait oso konkretua delako eta, batez ere, bere helburua ez delako pertsonok gatazkako beste aldean dagoen pertsona aldatzea. Eta normalean, gure eguneroko gatazka edo herremanetan, zerbait gustatzen ez bazaigu, beste pertsona aldatzen saiatzen gara. Baina, elkar ulertzeak (guraso/hezitzaile eta umeen artean), umeari zer gertatzen zaion, zergatik egiten duen egiten duena edo zergatik ez, eta guraso eta hezitzaileek nola erreakzionatzen dugun jakiteko balio du. Ulermen eta konexio horretatik etortzen dira konponbideak eta, behin elkar ulertze hori lortuta, oso erraza da konponbideak aurkitzea. Nire ustez, Rosenbergek ekarpen handi bat egin du adimen emozionalaren esparruan, gaur egun horrenbeste lantzen ari den esparruan. Nik, Rosembergen ereduari aurkitzen diodan berezitasuna da: gure bizitzeko motorraren arrazoira jotzen duela. Askotan, edozer gauzaren azpian, gure beharrak aldarrikatzeko nahia dago. Hain zuzen, Rosenbergek hori esaten digu: gatazka bat baldin badaukazu, ikus ezazu zer behar duzun zuk eta zu gogaitzen ari den pertsonak zer nahi duen eta zer ez. Beraz, ez da soilik nola identifikatzen garen eta gure emozioekin zer egin behar dugun jakitea, baizik eta, beste pausu bat gehitu behar diogu eta da: gure emozioen arrazoiak zeintzuk diren identifikatzea, gehienetan arrazoi horiek gure beharrak izaten direlarik.

Nola trebatu daiteke guraso den norbait, ohiko egoeratan, xantaiara edo zigorretara ez jotzeko? Gelditzea da lehenbizi egin behar duguna. Badirudi (eta Rosenbergek ere esaten du), 8.000-10.000 urte daramatzazkigula xantaia, mehatxu, manipulazio eta antzerako komunikatzeko motak erabiltzen eta azkenean, automatikoki irtetzen digu horrela jokatzea. Zein bide hartu dezakegum aldatu nahi baldin badugu? Lehenbizi, norbanakoari zer gertatzen zaion jakin ahal izateko, gelditu egin behar gara. Horrela jakingo dugu beste pertsonari zer gertatzen zaion eta gure beharrak nola gestionatu ahal ditzazkegun. Lehen pausu hori eman gabe ezin dugu ezer egin, batez ere, ikasi eta jaso duguna, justu honen kontrakoa delako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude