Miren Uriarte, Udako Ikastaroetako ikaslea: “Facebooken ikusi nuen UEU, interesgarria iruditu zitzaidan eta hemen nago, hirugarren ikastaroan”

Aurten izan du UEUren berri eta hiru ikastaroetan izan dugu gurekin. Miren Uriartek magisteritza gradua bukatuta, bere ikasketatik kanpo esperientzia berrien bila etorri da UEUko Udako Ikastaroetara. 22 urteko bilbotarrak bere esperientzia kontatu digu.

Ikusi Mirenen bideoa

Miren UriarteEgin dituzun ikastaroek, ba al dute erlaziorik zure ikasketekin? Magisteritza ikasketak amaitu berri ditut eta ikastaro bakoitzetik, hiru ikastaroetatik, zer edo zer hartu dut, gauzak barneratzen saiatu naiz. Adibidez, lehen kurtsoa sormenarena izan zen, eta bertan ideia batzuk hartu nituen. Hala ere, batzuetan niretzat oso erabilgarriak ez ziren gauzekin egin nuen topo. Baina, beste ariketa batean edo batzuetan, nire metodologiarekin bat eginez, erabilgarri izan zitezkeen gauzak ikasi ditut…

Nola egin zenuen ikastaroen aukeraketa? Gustuko nituenak aukeratu nituen, nire ikasketekin erlazioa zutenak. Baina, etorri nintzenean ez nekien oso ondo zer aurkituko nuen. Hasieran espero nuenarekin alderatuz pixka bat desberdinak izan dira ikastaroak.

Aurretik ezagutzen zenuen UEU? Ez, aurten ezagutu dut, eta hauek dira nire lehen ikastaroak. Facebooken ikusi nuen, interesgarria iruditu zitzaidan eta hemen nago, hirugarren ikastaroan.

Nolako esperientzia izan da? Ona, batik bat jende ezberdina ezagutu dudalako eta baita esperientzia ezberdinak entzuteko aukera izan dudalako. Nik unibertsitateko ikasketak bukatu berri ditut eta hemen bada jendea lan munduan esperientzia handia duena. Nik oraindik ez daukat ideiarik ere praktikan zein arazo egon daitezkeen. Beraz, ikastarako materialarekin batera interesgarriak izan dira bertara gerturatu direnen iritziak.

Gabeziarik ikusi duzu? Zer aldatuko zenuke? Batzuetan gaiaren harira joateko beharra ikusi dut, funtzionaltasun gehiagoren beharra. Baina, kontuan hartzen dut, ikastaroa ez dela bakarrik magisteritzako jendearentzat, eta pixka bat orokorragoa izan behar duela.

Eta, zer gustatu zaizu gehien? Ideia berriak. Adibidez, hezkuntza sistema alternatiboaren ideia gustatu zitzaidan. Guk sistema aldatu behar dugunaren ideia, borrokatzeko ideia, indarrak eman zizkiguten, eta asko gustatu zitzaidan. Baina, bakoitzak ahal duguna egingo dugu gero. Guztiok euskaraz hitz egitea ere gustatu zait. Bilbotik nator eta ez dut hainbeste euskara egiten edo entzuten, eta hemen guztia euskaraz egitea, polita da.

Gustatu zaizu esperientzia, orduan. Bai, asko. Aurten ez naiz itzuliko gehiago, uste dut nahikoa egin dudala, baina sentsazio onarekin noa etxera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude