Lorena Egidazu eta Eli Moreno: “Hezkuntza-sistemak materiala eta irakasleak bermatzen ditu, baina beste prozesu guztiak zaildu”

Eli eta LorenaUEUko udako ikastaroak aurrera doaz eta gaur hasi dute Lorena Egidazuk eta Eli Morenok beraien ikastaroa, Irakats- eta ikaste-prozesuak aberasteko aholku erraz eta egingarriak. Ikasteko orduan askotan nondik hasi ez dakigunean eta beste batzuei erakusteko arazoak izan ditzakegunean sortzen diren arazoak aztertuz, betiko ikasteko moduak eraginkorrak ote diren aztertzera etorri dira biak. Gaur eta bihar egingo den ikastaroaren nondik norakoak galdetu dizkiegu.

Ikusi Eli eta Lorenaren bideoa

Ikasleen porrotaren nondik norakoak aztertuko al dituzue ikastaro honetan?

Lorena Egidazu. Ez, gehiago zentratuko gara ikasteko prozesuetan. Porrota badagoela ikusten da. Nire esperientziatik ikusi dut jendeak ez dakiela nola ikasi eta hortik abiatu ginen ikastaroa antolatzeko, hau da, ikasteko teknikak landuko ditugu. Eta ondoren etorri zen, metodologia berriak aztertzeko ideia. Beraz, Elik lan kooperatiboan sakonduko du apur bat eta nik teknologia berriak hezkuntzan duen papera azalduko dut. Metodo induktiboa, klaseak emateko moduan txertatuta azalduz eta gero eztabaida zabaltzea nahiko genuke Proa Programaren inguruan.

Proa programa, zer da?

Lorena Egidazu. Hezkuntzak daukan programa bat da; Programa de Refuerzo, Orientación y Apoyo. Eta ikastorduetatik kanpo zailtasunak dituztenentzako errefortzua emateko programa bat da. Klase partikularrak izango balira bezala, baina gobernuak ematen du dirua eskolak antolatzeko. Bi gauzetarako balio du programa honek: eskolaz kanpoko errefortzurako eta ikastetxeko baliabideak hobetzeko. Batez ere, errefortzuko erabilera da nagusi, hots, eguerdiko orduak erabiltzen dituzte irakasle batzuekin etxeko lanak egiteko.

Etxeko lanak beharrezkoak dira?

Lorena Egidazu. Nik uste dut, beste modu bateko etxeko lanak izan beharko luketela. Ez dakit zenbateraino balio duten gaur egun planteatzen diren bezala.

Eli Moreno. Bidaltzen diren etxeko lanak edukietan aurrera egiteko dira soilik, ikastetxean egiten dutenaren segida bat, alegia. Etxekolan akademikoak izaten dira, baina adibidez, trebeziak sozialak garatzeko etxekolanik ez da bidaltzen. Eskola orokorrean horretara mugatzen da, baina suposatzen da nahiko egiten dutela klasean.

Irakasleek badute zerikusia ikasleen porrotean?

Eli Moreno. Estatuan porrota %30an dagoela uste dut, Europako altuenetarikoa. Baina ez da, irakasle, familia edo umeen zerbait, hezkuntza komunitatearena baizik. Sistemak aldatu egin behar du, helburu argi batzuk jarri eta planifikazio on bat eginez. Lege berriak jartzea bi urtero ezinezkoa da. Irakasleak ez daki non dabilen, irakasleen prestigioa nahiko galduta dago, profesionala irakaslea izan beharrean familia dela dirudi, ikasleei akademikoki aurrera egitea besterik ez zaie eskatzen eta heziketa izen beharko litzatekeena galtzen da: trebezia soziala, heziketa emozionala … Ez dago faktore konkretu bat, baina argi dago, administrazioak, irakasleak, familiak… guztiok norabide berdinean egin beharreko apustua dela hezkuntzaren berrantolaketarako. Hala ere, Euskal Herriko porrota askoz txikiagoa da, baina ez du esan nahi, gauzak hobetu behar ez direnik.

Aholkurik ba al duzue ikasle edo irakasleentzat?

Eli Moreno. Oinarrian dagoen mezua da garrantzitsua: ikasten den moduak eragina du gainontzeko gauzetan. Ez du esan nahi, ikasle batzuk hobeak direnik beste batzuk baino, edo irakasleak ez duenik ondo azaltzen… baizik eta, daukagun informazio guzti hori askotan ez dakigula ondo kudeatzen. Eta ez da erakusten nola egiten den hori.

Lorena Egidazu. Ikasle batzuk teknika ezberdinak behar dituzte ikasteko, edo beste batzuk, motibaziorako metodo ezberdinak behar dituzte. Pertsonak ezberdinak gara, eta denok dugu ikasteko modu propioa, ez du zergatik berdina izan behar. Ume batzuk arbelean matematikako ariketak ikustearekin nahikoa dute, baina beste batzuk material ezberdina behar dute.

Eli Moreno. Batzuk ikusmen moduan hobeto ikasten dute entzumenezkoan baino, eta gaur egungo eskolan entzumenean oinarraitzen da gehiago. Beste baliabide batzuk behar dira; ezin da irakaslea etorri eta klase guztiz magistral bat eman. Irakasle askok esfortzu handia egiten dugu, baina sistemak ez du uzten aurrera jarraitzen. Sistemak materiala eta irakasleak bermatzen ditu, baina beste prozesu guztiak zailtzen ditu. Zorionez irakaslea formazio jarraian dago beti, eta ahalegintzen da bere neurrian gauzak hobetzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude