Urko Arozena: “Zoriontsua izateak pozik egotearekin ez du zerikusirik, agian hor gertatzen da askotan nahasmena”

Urko emozioak1Hasiak dira jada UEUk Baionan emango dituen Udako Ikastaroak. Musikari eta entrenamendu mentalean aditua den Urko Arozena da “Emozioak eta norberaren gaitasunak lantzen” ikastaroko arduraduna, zeinetan ikasleek beraien burua maitatzen eta zoriontsu izaten ikasten dabiltza.

Ikusi Urkoren bideoa

Zein izan da zure helburua ikastarora hurbildu diren ikasleekiko? Helburu bat baino gehiago izan arren, ikastaroko helburu nagusia barru lanketarako tresna eraginkorrak konpartitzea da. Ikasleek tresnok lantzen badituzte, haiek ingurukoekin konpartitu eta zorionaren maitasun mezua zabaltzeko bidea jartzea da aurrera begirako helburua.

Zein nolako ariketa praktikoak egingo dituzue klasean? Ariketa praktikoak, “Emozioak Entrenamendu Mentala” deritzon teknika bildumatik landuko ditugu. Bertan, indarberritzea edo erlajazioa, bisualizazioa, PNL (programazio neurolinguistikoa), erabateko barkamena, sofrologia, ametsak, eta abar luze luzea lantzen dira. Ariketak egiterakoan, begiak itxi eta barruko egoera emozionala nola dagoen ohartu, onartu eta hortik aurrera egoera hobetu behar balitz eman beharreko pausoak emango genituzke ikastaroan bertan.

Proposatzen dituzun hobekuntza pertsonalak, ikastaro hau eginez lor daitezke ala denbora gehiagoren beharra dago? Ikastaroan emango den aurrerapena edo sakontzea, pertsonaren gaitasun, ahalegin eta nahien araberakoa da. Ikasleek barruan aldaketak nabaritzea helburu duten ariketa praktikoak landuko ditugu. Ikastarora benetako lanketa egiteko asmoz datorrenak, hobekuntza pertsonala ekarriko dion hasierako zurrunbiloa bizi eta lana egiten badu, emozio zoragarriz beteriko bizitzaren bide bat ezagutuko du. Gizakiok momentuan sentitzen dugu. Momentu bakoitza bakarra eta errepika ezina denez, ikastaroan lortuko diren hobekuntzak edo martxan jarriko den egoera, eguneroko lanketarekin indartu beharra dago.

Gaur egun, gizartean, jendeak bizi dituen egoerak ikusita, uste duzu teknika hauek erabiliz soilik, gauzak alda daitezkeela? Gizartean gizaki adina egoera daude. Teknika hauek erabiliz praktikatzen duena askoz hobe eta bere buruarekiko koherenteagoa sentitzen da. Honek emango dio indarra eta kemena gizartean eman beharreko aldaketak maitasunetik eta ekilibriotik egiteko. Maitasunetik eta ekilibriotik egiten diren aldaketak dira denboran irauten dutenak. edonola ere, ingurua aldatzea lortuko ez balitz ere, norbera askoz hobe sentitzen da eta honek bakarrik merezi du.

Ikastaroan, kontrol mentalaz eta yogaz hitz egingo duzu, baina baita ere, hain ezagunak ez diren beste teknika batzuetaz ere, adibidez: Sofrologia, Barakamen Erradikala eta Ho’oponopono teknika. Zertan datza azken hau? Ho’ oponopono, Hawaïko biztanleek aspaldidanik erabiltzen duten tresna bat da. Bertan, kanpoko edozer gauzarekiko sentimendu negatiboak baretzeko bidea aurkezten da. “Sentitzen dut”, “barkatu”, “eskerrikasko” eta “maite zaitut” esaldiak errepikatzearen ondorio positiboa litzateke. Gehiago jakin nahi duenak, interneten informazio ugari aurki dezake. Azken finean, gure burua onartzen dugu, hutsune guztiekin. Eta gure burua erabat onartzen dugunean, gure errealitatea aldatu egiten da.

Zuk, pertsonalki, nola ulertzen duzu zoriontasuna? Nire ustez, zoriontsua zara edo ez zara. Inkontzientetik ez du ezer, bilatu eta landu beharreko egoera da, ardura nabarmena eskatzen duena. Gure alderdi inkontzientea erabiliko dugu (gure buruaren %90az ari naiz) zoriontsuak izateko behar ditugun aldaketak eta baldintzak gureganatzeko. Zoriontsua izateak pozik egotearekin ez du zerikusirik, agian hor gertatzen da askotan nahasmena: zoriontsua izan zaitezke triste edo pozik egon arren. Zoriontsua izateko gomendioa: bizitza honetara zertara etorri zeran argitu, onartu eta arduraz jokatuaz, hura lortzeko pausuak eman zure bihotz barrutik.

 

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude