Ane Ablanedo Larrion: “Hezkuntza aldatuta, gizartea aldatu daiteke”

Gaur hasi da, Hezkuntza-sistema alternatiboak, gizarte aldaketarako tresna eta gako izeneko ikastaroa Ane Ablanedo Larrionen eskutik. UEUk antolatutako udako ikastaroen hirugarren egunak lehenengoak bezalako indarra du. Gaur eta bihar beste hainbat gauzekin batera gaur egungo hezkuntza sistema aztertu eta sistema alternatiboak eskainiko dituzte hezkuntza sistema hobetzeko eta heziketa on bat jasotzeko modua badagoela erakusteko, beti ere umeen beharretara egokituz.

Ane Ablanedo bideoa

Ane AblanedoGaur egungo sistemak gabezia asko dituenaren dudarik ez du egiten Ane Ablanedok eta hau mantentzearen arrazoi nagusia “botereari komeni zaiolako da”, dio Ablanedok. Gure gizartean era bat barneratuta dugu, eta modu aseptiko batean onartzen da, umeek eserita egon behar dutela ikasgela barruan eta ez beste modu batean antolatuta. Hezkuntzak pertsonak hezteko eta gizarte bateko parte izateko tresna izan beharko lukete baina gaur egungo sistemaren helburua ez da hau garatzea: “Gizaki bezala behar dugun garapen pertsonala edo potentzia humano guztia garatzea ez da sistema honen helburua”. Ikastaro honetan behin onartuta helburuak aldatu egin beharko liratekeela, bigarren pausu batera pasatu dira, benetako helburuak zein diren finkatzera, bizitzako helburuak direnak: “bizitzen ikastea, zoriontsu izatea, bizi poza izatea… izan beharko lukete sistemaren helburu nagusiak eta ez zerbitzari bilakatzea”.

Sistemaren aldaketa beharrezko ikusten du eta errotik kendu beharko litzatekeela uste du Ane Ablanedok baina; “agian errotik aldatzeak kexu konstantea duen posiziora eraman gaitzake, ez dena bat ere komenigarria”. Beraz, sistemaren barruan guztiok aldaketa egin dezakegunaren ideia hobesten du, izan ere badira irakasleak sistemaren barruan aldaketak egiten ari direnak eta beste batzuk sistema gaizki dagoela onartu eta “ezin da ezer egin” bezala erantzuten dutenak. Kontuan hartu beharko litzateke, ume guztientzat pedagogia idealik ez dagoela eta beraz, “pertsonak dira hezkuntza ezberdin bat aurrera ematen dutenak, irakasleak berak”. Irakasleak umeei eskaini diezaieketen jakintza ikastaroan ikusi duten beste puntuetako bat izan da eta une jakinik ez dagoela dio Ablanedok: “pertsonak harremanen bidez ikasten dugu, guztiok gara harreman horiek aldatzako gai eta inork ez digu baimenik eman behar”.

Askotan uste da umeak ikasteko gogorik ez duela eta jolasa dela bere egiteko bakarra, baina agian jolasarekin beste gauza guztiekin baino gehiago ikasten duela izan daiteke. Izan ere, umeek beren barnean dute ikasteko nahia, ikasteko gogoa eta “bere genetan du haztea”. Hezitzailearen lana askotan ez da ebaluatzen eta gehiegi eskatzen zaie baina, hezitzaileen gaur egungo lana aldatuko balitz eta ume horiek behar duten heziketa jasoko balute hezitzailek eskainitako medioei esker (eta ez hezitzailea ikasketaren ardatza izanik), agian hezitzailearen irudia aldatuko litzateke.

Hezitzaileak “pixka bat desbalorizatuta” daudela dio Ablanedok eta, “sistema berak ikasleak domestikatzeko tresnak dituela esaten den moduan hezitzaileekin ere baditu”. Bi aldeetako presioa jasotzen dutela aitortzen du, alde batetik sistemak ezartzen dietena eta beste alde batetik gurasoek eskatzen dietena. Izan ere, gurasoek gaur egun uste dute ez direla gai beren seme alabek hezteko: “delegatu egiten dute eta eskolan ikasiko dutela esan, beraiek ez dakitela uste dutelako”.

Finlandiako sistema eredugarri izan beharko lukeela askotan entzuten den ideia baldin bada ere, Euskal Herrian proiektuak gauzatzen ari dira pixkanaka. Hala ere, “hezkuntzan inbertitzen den dirua eta denbora, eta ondoren dakarren errekonozimendua, hemen daukagunarena baino mila aldiz handiagoa da Finlandian”, dio ikastaroko irakasleak. Hezkuntzaren kontrola duenarentzat oso garrantzitsua da bere horretan mantentzea: “hezkuntza aldatuta, gizartea aldatu daiteke”. Hori dela eta hezkuntzan ez da inbertitzen beharko litzatekeen adina.

 

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude