Uxue Alberdi: “Bertsolaritzan, esperientzia korporal eta emozional asko bizitzen dira, bizitzarako edozein eremutarako estrapolagarriak direnak”

Uxue AlberdiUxue Alberdi bertsolari, kazetari eta idazleak “Gorputza eta generoa euskal kulturan eta literaturan” izeneko udako ikastaroetan parte hartu du. Ikastaro honetan, emakumearen gorputzak bertsolaritzaren munduan duen lekua, jendeak honekiko duen ikuspegia eta emakume bertsolariek sentitzen dutenari buruz aritu da, benetako bizipen eta esperientziak konpartituz.
“Eta bat-batean… gorputza bertsolaritzan” da zuk eman duzun hitzaldiaren izena. Bertsolaritzaren zein alderditaz aritu zara? Bertsolaritzaz beti hitz egiten da jardun intelektual moduan, eta egia da ariketa intelektualak pisu handia hartzen duela bat-bateko bertsolaritzan. Baina bertsolaritzari buruz egin diren ikerketa guztietan gorputza ahaztu egin dela uste dut. Gorputzik ez bagenu bezala kantatzen dugu, lepotik gora. Baina bertsotan gorputzak garrantzia ikaragarria du: hitz soilez aritzen gara eta gure gorputzaren presentzia ageri-agerikoa da, nahiz eta estatikotasunaren bitartez arreta guztia hitzera bideratzen saiatzen garen. Gorputzak, normatik ateratzen denean deitzen du atentzioa eta, zentzu horretan, emakume bertsolarion gorputzak transgresoreak dira bertsolaritzan, “gorputz neutrotik”, “normaletik” urruntzen baitira. Emakume belaunaldi desberdinak modu diferentean erantzun diote euren gorputzak bertsolaritzan suposatzen zuen transgresioari, batzuek ezkutatuz eta besteek gorputza agerian jarriz bere kontraesan guztiekin. Horri buruz aritu naiz. Emakume gisa geure gorputzak bizi izan duen ikusezintasuna, jorratzeko dauzkagun erronkak, sortzen zaizkigun kontraesanak… izan ditut hizpide.

Esperientziak kontatu dituzu. Zein motatakoak? Pertsonalak dira guztiak? Zein modutan izan daitezke baliagarriak parte-hartzaileentzat? Bertsotara aplikatutako teoria feminista, zenbait gogoeta eta hainbat esperientzia kontatu ditut, batzuk neureak eta beste asko bertso-lagunenak. Bertsolaritza oso eremu interesgarria da hitzezkoa, bat-batekoa eta jendaurrekoa delako. Bat-batekotasunak, politikoki zuzena denetik aparte, geure subkontzientea agerian jartzera garamatza sarri. Hitzezkoa denez diskurtsoa sortzeko eta hedatzeko balio du: maiz iritzi publikoaren bozgorailu izan daiteke bertsolaria, besteetan iritzi sortzaile, inoiz transgresore… Eta jendaurrekotasunak iritzi publikoarekin aurrez aurre jartzen gaitu beti: bertsolariak uneoro daki zerk funtzionatzen duen, zerk emozionatzen duen, zerk egiten duen grazia, zer den pertinentea… Termometroa jartzen du beti bertsolariak, eta era berean hitza bere esku du jendeak espero duen horri modu efektistan edo ausartagoan erantzuteko. Jabekuntza ariketa handia eskatzen du bertsolaritzak: hitza hartzea, iritzia ematea, eztabaidatzea, mikrofonoa hartzea, plaza erdira ateratzea… Esperientzia intelektual, korporal eta emozional asko bizitzen dira bizitzako edozein eremutarako estrapolagarriak direnak. Orain dela hilabete batzuk bertso-eskola feminista jarri dugu martxan Ainhoa Agirreazaldegik eta biok eta parte-hartzaileekin ikasi dugu bertsotako esperientziekin ia emakume guztiak (eta gizon asko) identifikatzen direla aldez edo moldez, ispilu ona dela.

“Gorputza, gorpuzkerak eta gorputzaldiak” aipatzen dituzu zure hitzaldian. Honen harira, zure gorputzak, emakume izateak inoiz sortu al dizu konfiantza falta oholtzaren gainean? Emakume gorputza eraikuntza oso bat da, eta eraikuntza horrek norberari eragiteaz gain publikoari ere eragiten dio. Ni emakume modura eraiki naute eta hala eraiki dut neure burua: umetatik balore batzuek neureganatzeko, rol batzuek betetzeko, jarrera batzuek, gorpuzkera batzuek neureganatzeko hezi naute, eta horretan trebatu naiz, gehienetan inkontzienteki. Esango nuke emakume guztiok hasi garela bertsotan neutroak ginela pentsatuz, baina oholtza leku ezin hobea da gure eraikuntzaz eta gizarteak gutaz espero duenaz jabetzeko. Zergatik jartzen dizkigute “emakumeei buruzko gaiak” emakumeei bakarrik? Zergatik eskatzen zaie gizonei politikaz kantatzeko? Zergatik jartzen gaituzte emakumeok desiratu eta gizonak desiratzaile roletan? Zergatik sentitzen naiz erosoago bakarkako lanetan puntu erantzunetan baino? Zergatik eskatzen didate saio guztietan nire amatasunaz kantatzeko eta Andoni Egañari ez? Zergatik ematen dit lotsa zenbat kobratzen dudan esateak (eta zergatik uzten diot prezioa esateko ardura gizonezko bertsolariari?)? Zergatik egiten dira emakumez osatutako saioak martxoaren 8an eta azaroaren 25ean bakarrik? Emakume bezala izan dudan eta kolektiboki dugun eraikuntzaz jabetzeak, kontzientzia feministak, gauza asko ulertzeko bidea eta eraldaketarako tresnak eskaini dizkit, eta oholtzak esperimentaziorako gune aparta.

Emakume bertsolari baten irudia izateko beharra sentitu al duzu noizbait, inspirazio modura? Zentzu honetan, uste duzu zu hasi zinen momentuko egoera eta gaur egun hasten ari diren neska bertsolari gazteen egoera berdina dela? Maialen Lujanbiok sarritan aipatu izan du askotan saioko emakume bakarra izateak emakume guztien ahotik kantatu beharraren sentsazioa dakarrela. Askotan “saioko emakumea” izaten gara, bakarra, eta badirudi emakumeen ordezkaritzan garamatzatela kantatzera. Horrek ardura eta karga sortzen du, bai baitakigu gu garela mikrofonoa daukagun, gure ahotsa entzunaraz dezakegun emakume bakarrak, eta zenbait gauza ez direla esango guk esaten ez baditugu. Gutxiagotasun egoerak nolabait kolektiboan pentsatzera garamatza. Pixkanaka gero eta gehiago dira bi edo hiru emakumeko saioak, eta plazan kantitatez gora goazen heinean singularitateak ere definitzen doaz. Era berean, erreferenteak ere ugaritzen doaz. Beti esan izan dugu bertsolaritzan amonarik ez dugula izan, ama bakarra izan dugula (Maialen), eta ahizpa oso gutxi. Transmisio oso pobrea izan dugu emakume artean. Zorionez, kontzientzia feministak transmisio horren garrantzia erakutsi digu. “Gu” sendoa eta “ni” askeak behar ditugu, zenbat eta gehiago hobe. Plazetan emakumeak ugarituz joan ahala emakume bakoitzak gainean duen karga arindu egingo da.
Bertsolaritzaz gain, literatura ere, ezagutzen duzun mundu bat da. Uste duzu bi alor hauen bidez gizarteak duen emakumearen gorputzaren irudia aldatu daitekeela, pixka bat bada ere? Uste dut lehenbizi gure eraikuntzaz jabetu behar garela, emakume izatea zer den jorratu eta garatu behar dugula. Gure sexua nola eraiki den historikoki eta sozialki, nola eraiki diren gure gorputzak eta emozioak, zein botere-harremanetan gauden kateatuta, zenbateraino daukagun barneratuta ikasitako hori. Generoa eraiki egiten dela onartzen badugu bakarrik deseraiki ahal izango dugu. Gorputza ez baita haragia edo irudia bakarrik; gorputza emozioak dira, gorputzaren bidez boterea ezartzen da eta gorputzak memoria handia du. Desioa, beldurra, haserrea, plazera, errepresioa… gorputzean daude, eta politikoki eraikitzen dira.

Inoiz, pentsatu al duzu gai hau (emakumearen gorputzaren ikuspegia) literaturaren bidez modu zuzenean jorratzea? Uste dut, kontzientzia feminista hartzen hasi nintzenetik beti dagoela presente. “Aulki-jokoa” eleberrian bortxaketa, emakumeen gorputz zaharrak, gerretan emakumeek jasaten duten gorputzaren bidezko bortxakeria, haurren sexualitatea… jorratu nituen oso modu korporalean. Udazkenean kaleratuko dudan ipuin-liburuan ere gorputza erdi-erdian dago, gorputza agertzen da guda-zelai eta askabide bezala.

Uxue Alberdi elkarrizketa laburra. Bideoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude