Ana Ramirez de Ocariz: “Gizartean desgaitasunen bat duten pertsonen sexualitatea beste bat dela uste da”

Sexualitatea pertsona guztien alderdi eta ezaugarria da. Hala ere, beti pentsatzen da desgaitasun fisiko zein intelektualen bat duten pertsonek ez dutela sexualitatea berdin bizi. Uste okerra,  inondik ere.  Gaian gehiago sakondu nahian Ana Ramirez de Ocariz soziologoa eta sexologoari galdetu diogu. UEUk antolatutako “Sexu-hezkuntza eta desgaitasuna” ikastaroko irakaslea baita.

Desgaitasunen bat duten pertsonek sexuatuak izateko modu berezia dute? Zein da?
Pertsona guztiek dugu sexuatuak izateko modu berezia, emakume eta gizon guztiek bakarrak eta errepikaezinak garelako, gure gaitasun eta desgaitasunekin. Baina gertatzen dena da gure gizartean askotan ez dugula horrela ulertzen, desgaitasunen bat duten pertsonen sexualitatea beste bat dela hautemate delako. Beraz, jokalekutik kanpo sentitzea erraza da, gizarteak horrela transmititzen dielako eta haiek, familiak, etab. sinesten bukatzen dutelako.

Zeintzuk dira desgaitasuna duten pertsonen sexualitateari arreta izateko gakoak?
Lehenengo gauza da sexualitateaz hitz egitea. Askotan desgaitasunen bat duten pertsonekin ez da sexualitateaz hitz egiten. Haien familiak, hezitzaileak,… isiltasunean dihardute sexualitatearekin harremana duten gaiekin: babesteko nahiarekin (baina noski, kontrakoa lortuz, baliabiderik gabe uzten ditugulako), uste dutelako beste arlo batzuk direla garrantzitsuagoak haien bizitzetan,… Baina beste gaiak bezala landu behar dute, sexuatuak direlako, beste neska, mutil, emakume eta gizon guztiek bezala. Nahiz eta galderarik ez egon. Ez badaude guk aterako dugu gaia, badakigulako garrantzitsua dela.
Intimitatea ematea oso garrantzitsua da ere bai, alde batetik ulertzeko zer den publikoa eta pribatua eta pertsona guztiek behar dugulako. Desgaitasun fisiko handiak dituztenek behar dute beste pertsonen laguntza gauza intimo asko egiteko, horregatik, kontuz ibili behar gara haien pribatutasuna ez urratzeko.
Irudi pertsonala lantzea ezinbestekoa da, baita harremanak izaten ikastea ere.
Eta haien familia ahaztu gabe. Garrantzitsua da familia, hezitzaileak helburu berdinak buruan izanda lan egitea, eraginkorragoa izango baita gure lana.

Nola jokatu behar da egoera korapilatsuen aurrean?
Ez dago erantzun bakarra egoera korapilatsu guztien aurrean jokatzeko balio duena. Hala ere, gure ikuspuntutik garrantzitsua da egoera horren aurrean, dena delakoa, nola kokatzen garen: pertsonen hurbil, epaitu gabe, haien bizipenekin konektatu nahian, hau da, enpatizatzen. Honek lagunduko gaitu pertsona eta egoera ulertzen, zer gertatzen ari den, nola bizi duten bizi egiten ari direnak, zergatik geratzen den,… pertsona hori eta egoera ongi landu ahal izateko.

Aurreiritzi ugari izaten ditugu honen inguruan. Zer egin beharko genuke merezi duen garrantzia emateko?
Lehenengo gauza aurreiritziak alde batera utzi. Desgaitasunen bat dutenen sexualitatearen inguruan bi aurreiritzi errepikatzen dira, bereziki: betirako umeak direla, nahiz eta adin handikoak izan eta aingeruak bezala, hau da sexurik gabekoak. Bestetik, ia kontrakoa, sexualitate garatuegia dutela, kontrolaezina.
Ikuspegi honek ez du batere laguntzen, lehen esan dugun bezala, pentsarazten digulako desgaitasunen bat dutenen sexualitatea beste bat dela, ezberdina. Ideia hauek alde batera utziz, pertsonei hurbildu behar gara haien bizipenak, desioak, gorputzak ulertu nahian, jakinda guztiek ezberdinak garela, eta guztiak sexuatuak garela eta beharrak ditugula, ez hobeak ez okerragoak.

Zein da ikastaro honen helburu nagusia?
Desgaitasuna duten pertsonen sexualitateari arretaren garrantziaz sentsibilizatzea da helburu nagusia.
Honetarako sexualitatearen aniztasunaren barruan, desgaitasuna duten pertsonen sexualitatera (bizipenak), erotikara (jokabideak) eta amatoriara (hartu-emanak) hurbilduko gara, desgaitasuna duten pertsonen sexualitateari arreta izateko gakoak eta baliabideak ezagutuko ditugu eta lehen hitz egiten genuen egoera korapilatsu ezberdinen aurrean jokatzeko gakoak landuko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude