BIZIPOZEN KUTXA

Lau hamarkada bete dituzte UEUren  Udako Ikastaroek. Hori ospatzeko, bizipenen bloga abian jarri du UEUk. Bertan, jendeak ikastaroetan bizi izan dituzten pasarteak bildu eta UEUk egin dizkieten ekarpenak plazaratzea dira. Dagoeneko hirurogei bizipen bildu dituzte, zein baino zein pertsonalagoak.

Batzuek hasieratik izan zuten harremana UEUrekin, edota hasierako urteetan. Esaterako Jokin Apalategi Uztaro Aldizkariko Zuzendariak, oroitzen du Donibane Lohitzunen besarkatu zuela lehen aldiz UEU, udako lehen ikastaroetan. “Pariseko Unibertsitateetan igarotako sei urteetan aurkitu ez nituen etxekotasuna, senidetasuna eta kidetasuna agertu zitzaizkidan bat-batean UEUn”, azpimarratzen du lehenik bere sarreran. Ondoren, “lehen aldikoz euskaraz egiten ginuzten jakintza trukaketak izan ziren askorentzat. Aurrez guretzat ez baitzen izan sekulan euskaraz egindako formaziorik”. Antzeko iritzia du Kike Amonarrizek, izan ere, berari UEUk euskaraz bizitzea posible zela erakutsi zion. Lehen urte haietan, euskarazko formazio askorik izan ez arren, jendearentzat aberasgarriak izan ziren euskarazko klase haiek.

Urteak joan eta urteak etorri, jendeari ekarpen handiak ekarri dizkie udako ikastaroek. Esaterako, Pili Kaltzadari taldean lan egiten, eta lan-taldea maitatzen erakutsi zien. Beste batzuei, leku berriak ezagutzeko aukera eman dizkie. Arturo Elosegik hainbat irteera egin ditu euskal mendietara, eta bakoitzean bizipen berriak jaso ditu. Esaterako, Agoiz tabernara sartu zireneko pasadizo umoretsua kontatzen du: “Sartu, eta tabernariari: “Tenemos 90.000 pesetas de bote. Empieza a sacar cerveza, y cuando se acabe me avisas”. Hura lanean hasi zen, baina ezin denen egarria asetu. Gaueko hamabietarako, tabernaria eta haren emazteaz gain, bi UEUkide ere garagardoa zerbitzen ari ginen. Goizeko ordubata aldera dirua amaitu zela eta beste zeozer jarri genuen. Goizeko lauretan despedida, txanpaina tabernariaren kontura. Ez dut uste sanfermin osoan halako negozioa eginen zuenik Agoizkok”.

Halako hamaika pasadizo aurki daitezke bizipozen blogean. Iparraldekorik ere ausartu da idazten, Aines Haristoy besteak beste. Testu eder batekin liluratu gaitu Haristoyk, bere irudimenarekin, UEUn giro gozo bat bizitzen dela azaltzen baitigu:

“Mugazgaindiko talde proiektu honek lapiko zolan itsatsitako itxaropen gordeak inarrosi dizkit;
euskaraz lan egiteko eta gozatzeko parada berriz piztu;
errealitate hotza emeki-emeki, epeldu, pil-pil jarri;
elkarlanaren tela altxatu;
etorkizun bero-bero eta ahogozo baten aurre-gustua eskaini.
Azkenburukoa dastatzeko orduan,
lehen koilara milikatzeko momentuan,
UEUko gozozale atseginekin mahai inguruan esertzeko irrikan nago.”

Xabier Amuriza eta Pako Aristik ere idatzi digute haien pasadizoren bat. Lehenengoaren kasuan, mendian benta moduko batera su bila joan zeneko istorioa kontatzen du, eta bertan emakume batekin izan zuen hizketaldia du ardatz. Bigarrengoaren kasuan aldiz, UEUn bizitakoarekin maitemintzeko leku apropos horiek...” titulupean publiko egiten ditu bere oroitzapen gozoak.

Azken oroitzapena, aste honetakoa da, Gaztean irratian egindako zozketaren irabazleak bidalita. Izaskunek eta Asierrek  Dimako Makaztui landetxean izan zuten UEUrekin harremana: “Landetxeko familia benetan jatorra eta ona, lekua izugarria eta parajeak be ederrak, etxean legez egon gara. Eta gainera, bi joan eta hiru etorri gara bueltan etxera. Bai, bai ondo irakurri dozue, izan be, Landetxean txakurtxo bat zeuken eta ia etxera eroan nahi gendun esan zozkuen. Lehenengotan burutik be ez jakun pasa etxera ekartea baina ikusi genduanean etxe kanpoan, gustatu egin jakun, Nekanegaz berba egin eta azkanean, ezin eutsi geugaz ekarri barik eta Ekhi-k, Nekaneren semeak, oparitu egin zigun txakurra. Egin zigun oparia da gero, eurekin gogoratzeko txakurrari be Ekhi izena jarri deutzagu”, kontatzen dute poz-pozik.

Inoiz udako ikastaroetan egona bazara, gustura hartuko dugu zure bizipena. Nahikoa duzu komunikazioa@ueu.org helbidera bidaltzea.

Hauxe helbidea bizipen guztiak ikusteko: www.unibertsitatea.net/blogak/ueu40

Argazkia: smlp.co.uk

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude