Igor Elortza: “Auzolana altruismoarekin lotuko nuke nik; baina, batez ere, bizipozarekin”

Normal
0
21

Auzolana eta herrigintza: bizimodu komunitarioak berpiztuz” izeneko
ikastaro mamitsu eta jendetsua izan da Eibarko Markeskoa jauregian. Hainbat
irakasle eta pertsona adituk eman dute kurtsoa. Horietako bat izan da Igor
Elortza
bertsolaria, musikaria, sortzailea eta kulturgintzan aritua. Bere
mintzaldia, hain zuzen, kulturgintzaren arlokoa izan da.

Igor Elortza

Auzolanak zein eragin du Euskal Herriko kulturan? Gure kultura bizirik dago
proiektu horien bidez? Gure kulturarentzat pizgarria da?

Bai, bai. Guk defenditzen duguna, hain zuzen, horixe da. Alde batetik,
euskal kulturan fokalizatu dugu eta auzolanaren alde egoteko argumentu nagusia
gure indar nagusia hori dela azpimarratu dugu. Gaur gaurkoz euskal kulturgintza
bideragarri egiteko modu bakarra da. Baditugu beste baliabide batzuk,
instituzionalak edo merkatuaren logikakoak, baina bi esparru horietan, oraingoz
gutxienez, ahulak gara. Ez dugu estaturik, eta gutxi gara merkatuarentzako.
Orduan, ikastaroan euskal kulturgintza ardaztu egin behar dugula defendatu
dugu. Ondoren, bueltan, herri mugimendu edo herri antolaketa ardatz izanda,
baita ere lan instituzionala eta lan komertziala bateratu behar dira edo
bateratu beharko lirateke. Oraina hemen dago, etorkizunean beharbada baldintzak
aldatu egingo dira. Horregatik, lana momentu hauetan egin beharreko zerbait da.

 

Auzolana, batez ere gure herria bezalakoetan, ezaugarri jakin batzuekin
funtzionatzen du ala edozein gizartetan?

Leku batzuetan ahulagoa izango da eta beste batzuetan, indartsuagoa.
Auzolanak esparru asko har ditzake, baina euskalgintzak eta euskal
kulturgintzaren aldeko sen horrek ekarri digu XXI. menderaino eta bizi-bizirik
eutsi du. Diskurtso edo kanporako mezuetan asko zentratu gara beste logika
instituzionalen aldarrikapenetan edo eskubideen bueltan. Logika komertzialean,
esaterako, profesionalizazioari eta erakargarritasunari buruz eta holako kontuei
buruz. Ikastaro hau da erakusle eta argi ikusi dugu gai honen inguruan
zalantzak badaudela. Gaur egun, azken urteetan euskal kulturgintzak izan duen
momenturik indartsuenaren aurrean gaude. Garai bateko euskal kulturgintzaren
sena izatera heldu gara. Esaterako, ezin da ulertu ikastolak auzolanaren
logikarik gabe, edota 80. hamarkadako gaztetxeen mugimendua, 60. hamarkadako
euskal kantagintza… Gaur egun, adibidez, bertsolaritzak duen indarra ere ezin
da ulertu auzolana gabe.

 

Non egiten da auzolana? Non hasten da?

Auzolana pertsonarengan hasi eta amaitzen da. Betiko kontuak dira, baina
auzolana horizontala da, goitik behera gabe. Nik esango nuke behetik gorakoa
dela, goitik pasatzen bada. Hauek, pixka bat, kontu abstraktuak dira. Auzolana
horizontala da, baina horizontala pertsonatik pertsonara, talde edo elkarte
baten barruan. Horrela izan beharko luke, baita ere, herri mugimendua,
instituzioa eta enpresen artean. Hori horrela esanda, galdera ikur asko pizten
da enpresaren kontzeptua aipatuz. Azkenean auzolana zer den definitu beharko
banu, elkarlana dela esango nuke, baina ez edozein elkarlan: helburu sozial
bati begirako elkarlana baizik. Hor ere auzolanetarako topo egin dezakete
norbanakoek, norbanakoek taldeekin, norbanako eta talde udalekoekin eta baita
ere hiru hauek enpresa batekin.

 

Auzolana zein balore eta sentimendurekin lotu dezakegu? Enpatia, irrika,
lan egiteko gogoa, aldaketa, proposamen berriak… Hau da, zerk bultzatzen du
auzolana edo herri mugimendua?

Horiekin guztiekin lotu daitezke, jakina, baina ni neuk altruismoarekin
lotuko nuke, adibidez, bizipozarekin ere baita. Auzolana da lana egitea zure
herriarentzat, zure nazioarentzat, zure komunitatearentzat: hori dena modu
altruista batean, baina zuretzat ere ulertuta, hau da, zuretzat aberasgarria
dela. Nire ustez, ez dago elkartasun benetakoagorik elkarren premiak sortutakoa
baino. Bizipozarena azpimarratuko nuke. Izan ere, batzuetan badirudi gauzak
derrigor egin behar ditugula eta gero ezinak jota edota etsita egoten gara.
Nire ustez, auzolanera bizipozez joan behar zara.

 

Ba al du auzolanak adinik?

Ez du adinik, ez. Niretzat behinik behin ez. Bertsozale elkartea dugu,
esaterako, horren adibide garbia. Bertan, kultur proiektu bat dago eta
borondatezko lana eta profesionala uztartzen dira. Bertsolaritza hezkuntza
arautuan eragiten da, hedabideetan, herrietan… Instituzioekin ere hitzarmenak
daude. Elkarte horretan hamar urtetatik hasita, ez dugu muga topatzen adinean.
Guztiek hartzen dute parte.

 

Zein proiektu gauzatu dira auzolanaren bidez? Ikastolak aipatu dituzu,
esaterako.

Ikastolen sorrera aipatu dut nik, orain ez dut gehiegi ezagutzen baina
badaude adibide puntualak ere. Adibidez, orain nire inguruan behinik behin
kezkagarriak diren bi gai daude: hizkuntza artekotasuna eta gazteak. Nire
kasuan, euskara eta gaztelera dira hizkuntza artekotasunaren bi aldagaiak.
Adibidez, oso interesgarria izango litzake aztertzea Gasteizko gaztetxean eta Hala
Bedi
irratiaren bueltan ematen diren dinamikak: euskara eta gazteleraren
elkarbizitza eta elkar harremana.

Gazteen kasuan ardura asko dago: pasibotasuna, beti lokalean sarturik
daudela… Duela sei urte Trapagarango gaztetxera joan ginen eta hango lagun
batek kontatu zigun konturatu zirela eten bat zegoela eta gazteak lokaletan
gelditzen zirela. Ondorioz, lokalez lokal joatea erabaki zuten eta aldizkari
bat sortu zuten. Orain hiru urte berriz irakurri nuen nola Trapagarango gazte
horiek “Lonjero Eguna” antolatu zuten eta guztiak lonjetatik irten eta herri
bazkari bat antolatu zuten, futbito txapelketa, bertso-bazkaria, erromeria…
Beraz, hau guztia auzolana da. Batzuk maila handiago batean izango dira, beste
batzuk herri mailakoak, sektorialak… baina hau dena auzolana da.

 

Aurrera begira, zer eskaintzen du auzolanak? Zein erronka ditu? Teknologia
berriak, baliabide berriak… integratu behar dira? Nola?

Bai, dudarik gabe. Nik uste dut, hala ere, teknologia berriak jadanik
integratuta daudela. Nik ez nuke teknologia berriak deituko, gainera. ‘Berria’
izenondoa ezabatu egingo nuke. Jadanik teknologia dira.

Baina, bai, erronken inguruan, orain ikastaroaren amaieran talde gogoeta
izan dugu. Lagun batek esan du badirudiela auzolanaren bueltan hausnarketa eta
gogoeta sakon bat egiteko momentua dela. Zertarako? Zergatik? Nola? Egituratu
daitekeen auzolan hori: herri mugimendua, instituzioak eta enpresa arloan parte
hartu nahiko luketen eragileen artean. Erronka nagusia horixe dela uste dut.
Horretarako, beharbada marko bat egituratu beharko litzateke, baina hori,
noski, kontu potoloa da eta oraintxe bertan gutako edonori handi geratu
dakiokeena, baina beno astiro-astiro lortu daiteke.

 

Normal
0
21

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude