“Hegoaldearen kontzientzia faltak Iparraldea baztertzen du”

UEUk
Baionan antolatutako udako ikastaroen harira,
Gaindegiarekin batera, mahai-ingurua antolatu zuen atzo
arratsaldean Baionako IUT unibertsitatearen areto
nagusian. “Zer behar du Iparraldeak Hegoaldetik?”
gaitzat hartuta, hainbat hizlarik hartu zuten parte.


Guztira, sei hizlarik, esparru jakin banako adituek,
eta EHUko irakasle Eguzki Urteagak, dinamizatzaile
lanetan, mahai-ingurua osatu zuten. Hona hemen
Iparraldeko sei gizarte eragileak: Jean Michel
Larrasquet (ESTIA Ingenieri Eskolako irakaslea), Peio
Olhagaray (Baionako Merkataritza Ganbara), Mixel
Berhokoirigoin (Euskal Herriko Laborantza Ganbarako
burua), Amaia Fontang (LAB sindikatua), Michel
Etchebest (Artzainak Taldea eta Mauleko Auzapeza) eta
Pepe Aizpuru (Euskal Irratiak).

“Zer behar du Iparraldeak Hegoaldetik?” gaitzat hartuta, lehen hizlaria Larrasquet
izan zen. Bere mintzaldia goi mailako irakaskuntza eta
ikasketen ingurukoa izan zen. Hegoaldeko eta Iparraldeko
unibertsitateen arteko lankidetza programaz aritu zen
gehienbat. ESTIAkoek, esaterako, Mondragon
Unibersitatearekin akordioa dute eta hainbat gauza
eramaten dituzte aurrera. Hala eta guztiz ere,
“Hegoaldearen kontzientzia falta” salatu zuen
Larrasquetek. Hau da, Iparraldean irakasle eta ikerlari
interesgarriak daudela aipatu zuen eta horiek Hegoaldean
ez direla aintzat hartzen adierazi zuen.

Hurrengo hizlaria Peio Olhagaray izan zen. Hegoaldeko
enpresek Iparraldearekiko duten jarreraz mintzatu zen.
Bere esanetan, Hegoaldean ez da Iparraldea ezagutzen eta
ez dago horretarako gogorik ere. Merkatua zabaldu nahi
bada, Frantziako beste herrialde batzuetan kokatzen dira
Hegoaldeko enpresak, baina ia inoiz Ipar Euskal Herrian.

    Mixel Berhokoirigoin izan zen hirugarren hizlaria.
Laborantzaren inguruan hitz egin zuen. Bere irudikoz,
guztiok aurrera egiteko beharrezko baldintza elkarlana da.
Hegoaldeak nahiz Iparraldeak bere ohiturak eta kulturak
dituela onartu eta barneratu behar dugula aipatu zuen.
Hortik abiatuta, guztien esfortzu eta lankidetzaz
aurrerapausoa eman behar dela azpimarratu zuen.

    Amaia
Fontang mahai-inguruko emakume bakarra izan zen. LAB
sindikatuko partaideak sindikatu nazional baten
eraketaren garrantzian enfasia egin zuen. LAB sindikatua
Iparraldean orain hamaika urte sortu zen. Urte horietan
gauzatu duen lana “oso garrantzitsua” izan da.
“Iparraldean eta Hegoaldean lege ezberdinak ditugu,
baina fede bera dugu”, aipatu zuen Fontanek. Egitura
sozio-politiko-ekonomiko bateratuaren alde mintzatu zen
LAB sindikatuko partaidea. “Errealitate ezberdinak
ditugu, bistan da, baina horrekin lan egiten saiatu
behar gara”.

 

Michel Etchebest, Artzainak Taldeko
partaidea eta Mauleko Auzapeza, Iparraldeko industriaz
mintzatu zen. Kasu horretan, hirugarren sektoreak
Iparraldean duen garrantzia aipatu zuen. Industriaren
eragina, aldiz, ia nulua da. Ondorioz, sektore horren
berpizkundea beharrezkoa zela aipatu zuen. Proiektu
baten berri ere eman zuen: “Zazpirak eraiki”. Enpresa
txikien elkarte bat modukoa da. Oraingoz 40 enpresa
elkartu dira eta ezaugarririk garrantzitsuena euskaraz
hitz egiten dutela da.

Bukatzeko, Pepe Aizpuru kazetariaren txanda izan zen.
Azpeitiarra jaiotzez, Iparraldean bizitzen eta lan
egiten urte asko daramatza. Bere esanetan, Hegoaldeko
hedabideek arreta gehiago jarri behar diete Iparraldeko
albisteei. “Biztanle gutxiago gara, hemengo albisteek ez
dute beharbada hainbeste garrantzia sortzen, baina nire
ustez Hegoaldearentzat aberasgarria da”. ‘Iparraldearen
orena’

bezalako telebista-saioak
ontzat jo zituen, baina bere ustez “ez dira Ipar Euskal
Herriko albisteak bereizi behar”. Egokiena, aldiz,
albiste guztiak (Hegoaldekoak nahiz Iparraldekoak)
nahasirik eskaintzea da. Teknologia berriei esker, gaur
egun pixkanaka muga hori hausten ari da. Kazetari
multimediaren aitzinean gaudela aipatu zuen. Orain,
sareari esker, albiste asko jaso ditzakegu, nahiz eta
Hegoaldean edo Iparraldean bizi. “Hegoaldeko hedabideek
diskriminazio positibo bat egin behar dute Iparraldeko
albisteekiko, nahiz eta gaurkotasunezkoak ez izan”,
esanez amaitu zuen Aizpuruk bere saioa.

    Eguzki Urteagak faktore positibo eta negatiboak
aipatu zituen bere mintzaldian. Negatibo gisa, errealitate
ekonomikoa eta hizkuntzaren arazoa izan ziren
garrantzitsuenak. Positibo izateko jarrera ere azaldu zuen.
Izan ere, orain abertzaletasuna eta euskal nortasuna suspertu
egin dira, bai Hegoaldean bai Iparraldean. Hortaz, ondorio
nagusitzat, lankidetza eta kontzientzia egitasmoak eraiki
behar direla azaldu zuen. Elkar lagunduz modu erraz eta
bateragarrian bizitzeko aukera baliatu ahal dugula esatean bat
etorri ziren hizlari guztiak.

   

 

<img src=”%3Ca%20href=” zer behar du iparraldeak hegoaldetik mahai-ingurua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude