Amaia Markuleta: “Community managerraren lana eguneroko lan bat da eta ordutegirik gabekoa”

Etzi izango da UEUko informatika sailak 2 urtetik behin antolatzen duen IEBko ekitaldia Donostian. Azken asteetan bertan izango diren hizlari batzuei elkarrizketak egiten ibili gara. Oraingo honetan Amaia Markuletaren txanda heldu da. Contimarku enpresaren egiten du lan eta bere hitzaldia community managerraren profilaren inguruan izango da. Hau da kontatu diguna.

AMAIA MARKULETA

1)Community manager, modako hitza da. Baina nola definituko zenuke zuk? Zer eginkizun zehazki du pertsona honek?

Community Managerra marka edo kausa baten inguruko komunitatearekin gizarte sareetan lan egiten duen komunikatzailea da.  Atetik kanpo erakundearen ahotsa da; bere publiko objetiboa bilatu, erakarri eta markaren mezua eramaten du. Eta atetik barrura, bezeroaren beharrak enpresari igortzen dizkio.  Bien artean harremanak hazi, mantendu eta mugitu behar ditu biek etekina atera dezaten.

 

2)Zein gaitasun izan behar ditu pertsona honek?

Garrantzitsuena komunikazioko ezaguerak izatea da.  Marka baten ordezkaria da gizarte sareetan eta egunero lan egin behar du enpresaren mezuarekin.  Komunikazioa ez da edozeinek lantzen dakien “produktua”.  Eta oraindik zailagoa gertatzen da krisialdi bati aurre egin behar zaionean.

Bestalde, oso ondo ezagutu behar du Internet eta honek eragin dituen komunikazioko prozesuen aldaketak.  Jendearen harremanak informazioarekin asko aldatu dira 2.0-ko munduan eta hauekin ohituta egon behar da gizarte sareen erabilera eraginkorrena egiteko. 

Gainera, oso mundu teknologikoa da hau, beraz tresna eta aplikazio berriekin  esperimentatzea gustokoa izan behar du, ahalik eta partidu gehiena ateratzeko.

3)Beharrezko pertsona da erakunde edo enpresentzat? Edozein enpresek izan beharko luketen pertsona da; nahiz txiki edo handi izan?

Entzuteko besterik ez bada ere, gizarte sareetan edozein enpresak egon beharko luke han baitaude bere bezeroak.  Eta entzute hau zehatza eta eraginkorra izan dadin profesional bat kontratatu behar du.  Agerikoa da enpresa handiak komunitate eta jende masa handiak mugitzen dituztela eta beraientzako beharrezkoa da erabiltzaile guzti hauek elkartu eta dinamizatzea.  Baina askotan, enpresa txikientzako oraindik garrantzitsuagoa gertatu liteke, hedabide tradizionaletan lortu ezin dezaketen ikuspegia beste alde batetik eskuratzeko.  Azkenik, beren komunikazioko kanala izateko aukera dute eta bezeroen beharrak ezagutzea oso abantaila konpetitiboa da edozeinentzat.

4)Enpresa barneko norbaitek burutu behar duen lana da edo kanpoko batek?

Ez da beharrezkoa, baina enpresarekin erlazio oso estua ezinbestekoa da lana ondo burutzeko.  Alde batetik oso garrantzitsua da markaren filosofia eta mezua ondo ezagutzea, bere komunikazioko estrategia oso garbi izan behar baitugu edozein egoeraren aurrean erreakzionatzeko.  Erakundeak markatu behar du bidea eta denbora bakoitzeko beharrak.  Horregatik, nahiz eta kanpoko pertsona bat izan, barnekoa balitz bezala lan egin behar du eta hori bilerekin eta elkarrekin bizitzen lortzen da.  Niri astero gustatzen zait nire bezeroekin biltzea; asteko helburuak markatzeko eta komunitatearen igarotzea komentatzeko.  Zenbat eta gehiago bezeroa ezagutu,  gehiago jakingo duzu nola bere komunitatea aurkitu, harrapatu eta asetu.

5)Intuizioa beharrezko faktorea da edo ikasi egiten da community manager ona izaten?

Nik uste gauza asko ikasi daitezkeela, bai.  Komunikazioa, teknologia… ikasi daitezkeen ezaguerak dira.  Baina, lanbide guztietan bezala, badaude pertsonalitatearen bereizgarri batzuk zure lana hobeto egiten lagunduko zaituztenak.  Adibidez, trebetasun sozialak izan behar dituzu: hizlari ona izan, enpatikoa, ulerkorra, taldean ondo lan egiteko gai…

6)Dedikazio osoa izan behar du lan honi community managerrak? Edo beste lan batzuk egin ditzake?

Komunitate bakoitzak behar ezberdinak ditu eta zure helburuen arabera doa dedikazioa.  Baina ondo eramateko denbora eman behar diozula nabaria da.  Eguneroko lan bat da eta ordutegirik gabekoa, komunitatea edozein egunean edo orduan elkar eragin baitezake eta beti “online” egon behar zara.  Iphone bezalako mugikorrak asko laguntzen dute baina, egia esan, azkenean, lanera asko lotzen zaituzte, edozein momentuan edozein lekuan agertzen baitzaizu lana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

4 + 2 =