Iñaki Lakarra: “Offline edo online ospea? Sektorearen arabera bata bestea baino garrantzitsuagoa izango da”

Iñaki Lakarra Mondragon Unibertsitateko irakaslea da 1988.urtetik Informatika eta Telekomunikazio alorrean. UEUko Informatika Sailak antolatzen duen IEB2011ko hizlarietako bat izango da. Online ospeaz hitz egingo du maiatzaren 12an Miramonen ospatuko den ekitaldian.

iñaki lakarra

1)Zer da online ospea?

Pertsona, marka edo enpresa baten ospea Internet-en. Enpresa, erakunde edo pertsona batek bere “marka” diseinatu dezakeela esan dezakegu, baina bere ospea gainontzeko pertsonen menpean egongo da. Turismo arloan adibidez estatistiken arabera sektoreak berak Internet-en dagoen informazioaren %20 bakarrik garatzen du, gainontzeko %80 kanpoko pertsonek garatzen dute.

2)Zein irizpide hartzen dira kontuan ospea neurtzeko?

Alde batetik zer neurtu nahi dugun finkatu behar da
: pertsona baten izena, enpresa baten zerbitzu edo produktuak… hau da; bere marka desberdinak. Ondoren begiztatze prozesua zabaldu behar dugu, bertan bilatzaileen emaitzak, sare sozialak, foroak, blogak eta abar kontutan hartuko ditugu. Jasotzen ditugun iruzkinak bere kalitate (onak, txarrak edo neutroak) eta bere eraginkortasunaren (preskribatzaile, erabiltzailea edo trolla) arabera sailkatu behar ditugu.

3)Enpresa edo erakundeek parte hartu behar dute ospe horretan? Edo kanpoko agenteek ahalbidetzen dute soilik ospe hori ona edo txarra izaten?

Enpresa eta erakundeek ospe hori ondo kudeatzen jakitea ezinbestekoa da. Kudeaketa hau gure marka zein motatakoa den aztertuaz hasten da: gurea “marka garbia” al da? hau da; gure izena guk bakarrik erabiltzen al dugu. Bestalde gure izen berberarekin enpresa, erakunde edo produktu desberdin daudenean “marka zikina” dela diogu. Mondragon hitzaz, adibidez, unibertsitatea, herria edo kooperatiben taldea aurkitu ditzakegu interneten.

Bilatzaile ezberdinetan eta sare sozialetan lortzen ditugun emaitza nagusiak (testu emaitzak, berriak, irudiak, bideoak, etb.) gure kontrolpean daudenean ospea kudeatzea askoz errazagoa izango da. Hala ere, egoera hau, gure kontrolpeko edukiak lehen posizioetan agertzetzea, babesteko neurriak hartu beharko ditugu.

Lortzen diren emaitzak gure kontroletik at daudenean berriz, egin beharreko lana handiagoa da. Horrela, SEO (Search Enginee Optimization) tekniken bitartez, eduki hauek guk sortutakoen atzetik agerraraztea lor dezakegu. Dena den ospearen krisi baten aurrean gaudenean akzio plan konplexuago bat burutu beharko dugu.

4)Offline eta online ospea. Orain arte lehendabizikoa hartzen zen kontuan bakarrik. Egun, onlinek du protagonismo osoa?

Gauzak ez dira zuriak edo beltzak. Sektorearen arabera, bata bestea baino garrantzitsuagoa izango da. Industria batzuentzat egunkarietan agertzen diren berriak askoz garrantzitsuagoak izaten dira.

Berriek izan dezaketen eragina enpresaren araberakoa ere bada. Orain dela hilabete batzuk adibidez, Zara-k bere online denda iragarri zuen lehenengoz. Hasiera batetan webguneak akats asko zituen eta kasu honek sarean zarata asko sortu zuen. Denbora pasa ahala, Zara-k buelta eman dio egoerari eta online dendak salmenta kopuru oso ona dauka. Hori bai, webgune hau sortu zuen agentziaren ospea nahiko ukituta geratuko zen.

5)Miguel del Fresno:”SEOk ez du errekonozimendua neurtzen,marka edo enpresaren posizionamendua bakarrik”. Horrekin ez omen da nahikoa. Ados al zaude?

Guztiz ados.  Posizionamenduak ez du errekonozimendua neurtzen, gure markak lortzen duen posizionamenduaren emaitzak ikertu, aztertu eta sailkatu behar ditugu benetan gure ospea zein den ikusteko. Ospe hori hobetzeko dugun tresnetako bat posizionamenduan eragina izango duten akzioak burutzea izango da.

6)Zein aholku eman ditzazkezu enpresa edo erakundeei? Community managerraren profila beharrezkoa da adibidez?

Lehen komentatu duguna laburbilduz, lau puntuko prozesuaz arituko gara:
– Markak zehaztu.
– Erabili behar ditugun tresnak konfiguratu.
– Eraginkortasunaren analisia egin.
– Akzio plana diseinatu eta burutu.

Guzti hau online ospearen kudeaketa aurrera eramaten lagunduko digun arau zerrenda edo dokumentu batetan islatuko dugu.

Community managerren profila baino gehiago, community managerren rola da beharrezkoa. Hau da, komunikazio, informatika edo marketing arloetako pertsona batek eraman beharreko lana da. Nire iritziz, lan hau enpresa barruko langile batek egin behar du derrigorrez, ezin da kanpoko baten esku utzi. Behar beharrezkoa da gure enpresaren  negozioa, estiloa, misioa, irizpideak, etb. ondo ezagutzea. Enpresaren arabera, batzutan lan hau langilearen beste eginkizun batzuen tartean egongo da, beste batzuetan berriz dedikazio osoa beharko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude