Joseba Martos: “Guifi.net fundazioa internet moduko azpiegitura bat da”

1996az geroztik, bi urtetik behin UEUko Informatika Sailak antolatzen duen ekitaldia dugu Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB). Aurtengoa maiatzaren 12an izango da Donostiako Teknologi Elkartegiko Eraikin Nagusian (Miramon). Gai nagusitzat gizarte sareak hartu dira baina egun osoz irauten duen jardunaldi honetan, hainbat hizlarik hartuko dute parte bakoitzak gai eta ideia ezberdinak azalduz. Horietako bat Joseba Martos informatikari bermeotarra dugu. 25 urteko gazteak guifi.net fundazioarentzat lan egiten du eta bere hitzaldiaren aurrerapen txiki bat kontatu digu.

joseba_martos
“Guifi.net fundazioa internet moduko azpiegitura bat da”.
Orain urte batzuk, wifiaren inguruan zalaparta handia sortu zen eta Martosek kontatu bezala, “batez ere Bilbo inguruan sekulako arrakasta lortu zuen”. Ondorioz, fudnazio hau sortu zen eta pixkanaka Bartzelonatik hasi eta Espainiako hainbat lurraldeetan barneratu zen; gurean ere lekua egitea lortu dute.

Guifi.net irekia, askea eta neutrala den telekomunikazio sarea da. Maiatzaren 12ko ekitaldian Martos fundazio honen ezaugarriez mintzatuko da; zer nolako sarea den, zer egin daitekeen, zer ezberdintasun dauden sare honen eta interneten artean, … Primizia gisa, guifi.net-eko parte hartzaileen betebeharrak kontatu ditu. Izan ere, fundazioko partaideek kontratu moduko bat sinatzen dute non konprometitzen diren sarea mantentzea eta beste erabiltzaileei libreki konektatzen uztea.

Lehen aipatu bezala, aurtengo IEBko gaia gizarte sareak dira eta Martosen bere iritzia eman du plataforma hauen inguruan; “garrantzitsua da sare sozialetan egotea, batez ere nire lanbidean. Arazoa da erabiltzaile askok ez dakitela nola kudeatu. Hau da, nola erabili, nolako segurtasun neurriak hartu, … Horregatik garrantzitsua da sare sozialen ezagupena egitea gizarteak beharrezko konnotazio positibo eta negatiboak ezagutu ditzan”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude