Elena Garcia: “Edozer itzultzerakoan mila zentzu topatu ditzakezu”


Gutxi dira paperezko hiztegia alboan eta axota eskuan hartuta testu bat itzultzeari ekiten diotenak. Teknologia berriek itzulpengintzan lan egiteko modua guztiz aldatu baitute. Baliabide horien berri eman digu Elena Garcia hizkuntza-teknologietan adituak ‘Itzulpengintzako teknologia laguntzaileak: joera berriak’ ikastaroan.


Zer landuko duzue ikastaro honetan?

Itzulpengintzan laguntzeko zein joera eta teknologia berri dauden ezagutzea da xedea. Ikastaro praktikoa da honakoa, teknologiak direnez eta gerora erabiltzeko moduko gauzak izango direnez, norberak probatzea hobe. Aipatzen diren tresnak zer diren eta zein emaitza ematen dituzten ere ikusiko dugu, beraz.

Egungo itzultzailea teknologiaren ezagutzarik gabe galduta dago?
Bada oraindik betiko moduan lan egiten jarraitzen duenik; paperezko hiztegia alboan eta itzulpenak eskuz egiten dituztenak. Baina gutxiengo bat dira, orokorrean lana errazago eta azkarrago egin daitekeela ikusten dutenez, teknologia berrietara jauzi egiten ari da gehiengoa.

Zein baliabide daude itzulpengintzan?
Tira, ikastaroan, hain zuzen ere, merkatuan baliabideen inguruan zein joera ematen ari diren aztertuko dugu. Garai batean dendan softwarea erosten genuen eta ordenagailuetan instalatzen genuen. Orain, ordea, dena sarean edukitzea da joera, eta Interneten dena partekatzea. Mundu mailan itzulpen memoriak partekatzea helburu duen TAUS erakundea sortu dute. Bertan daude Microsoft, Adobe… eta enpresa garrantzitsuenak. Baliabideak partekatzeko apustua egin dute eta ekimen interesgarria da, zinez. Beraien itzulpen memoria horretan bilaketak egiteko modua eskaintzen dute eta hori edonork egin dezake. Bestetik, ordenagailuz lagundutako itzulpen softwareak ditugu. Itzulpenak sortzeko ez ezik, itzulpen lanak kudeatzeko tresnak ere badira. Niri bezero batek itzulpen bat eskatzen didanetik erregistro bat gordetzen dute, aurrekontuak sortzeko balio dute, bukaeran faktura bat sortzen dute, bezero bakoitzari eginiko lanen erregistroa egiten dute… Kudeaketa tresnak dira.

Itzulpen automatikoak bai, ala ez?
Nik baietz esango nuke. Orain oso modan dago itzulpen automatikoarena, eta nik irakatsi nahi diet ikasleei benetan lagungarriak direla. Hainbat hizkuntza bikoterekin oso emaitza onak lortzen dira; gaztelania-katalana-gailegoa-portugesa… Euskararen kasuan oraindik lanean gabiltza hobetzeko, baina badira gauza batzuk itzultzaile automatikoek dagoeneko ondo egiten dituztenak.

Euskaraz bada itzulpengintzako baliabide nahikoa, ala oraindik badira hutsuneak?
Gu ELEKAn, bereziki, horretan saiatzen gara. Zorte handia dugu, bai Windows, Office, edota Firefox, eta abar euskaraz erabili daitezke. Xuxen ere hor dugu. Itzulpen automatikoan ere sartzen ari gara… Orokorrean esango nuke ez gaudela gaizki baliabide aldetik. Noski beti ere jakinik, euskara hizkuntza txikia dela, beste hainbat hizkuntza handirekin konparatuz baliabide gutxiago ditugula… Baina ez gara atzean geratu.

Itzulpen on bat egiteko urrezko arauak badira?

Nik esango nuke itzulpen on bat egiteko merkatuan dauden baliabideak erabili egin behar direla. Egia da, itzultzaile on bat, tresnekin edo tresnarik gabe, ona izango dela. Baina beti ere laguntzarekin, gizakioi eskapatzen zaizkigun detailetxo horiek detektatu egiten dira, makinak makinak baitira. Hiztegiak, zuzentzaileak, editoreak… baliatzea. Eta noski, baliabide guzti horiek garunari lotuta joan behar dute.

Zehatzetik gutxi du itzulpengintzak…
Egia da, oso gauza subjektiboa da. Edozer itzultzerakoan mila zentzu topatu ditzakezu. Eta hori itzulpen automatikoan asko ikusten da. Makinak nola asmatuko du kasu bakoitzean zein den adiera egokia?

Makinak sekula ez du itzultzailea ordezkatuko?

Oso, oso, oso zaila litzateke… Baina lagundu bai. Asko lagundu dezakete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude