Euskal punk fenomenoa, deseraikitzen eraikiz


Ukaziotik zerbait eraiki daitekeela sinestea zail suerta daiteke, baina Euskal Herriko punk mugimendua horren adibide da.  Mexikon finkatutako irlandar jatorriko John Holloway filosofoak “kontra eta haratago” dio, alegia lehenengo ukazioa, eta gero ukazio horretatik zerbait berria sortzea. Ukazioan zerbait eraikitzeko nahia badagoelako. Hori eta antzerako beste hainbat kontu azaldu dizkigu Josu Larrinaga soziologoak. ‘Euskal punk eta (des)eraikuntza nazionala: ukaziotik harago’ ikastaroaren antolatzaileetako bat da eta gaurtik osteguna bitartean UEUko ikastaroen baitan antolatu dituzten hitzaldi eta ekitaldien berri eman digu.

Britainia Handian sortutako punk mugimendua gurera berandu samar heldu bazen ere, indar handiz heldu zen. Larrinagak, hain zuzen ere, Euskal Herrian punka modu berezian bizi izan zela dio. Punkaren esentzia beti jarrera iraultzaileari eta kontrakotasunari lotuta omen dago, eta Euskal Herrian, jarrera horiek topatu zuten heldulekua. Fenomeno urbanoa dena, oso herri txikietan hedatu zen hemen.

Ezker abertzaleak mugimenduaren nolabaiteko jabetzea egin zuela dio Larrinagak. Jarrera, estetika eta etika berri horrek, ezinbestean mugimendu soziopolitiko hori aldatu zuela uste du soziologiak, eta ezker abertzalearen ibilbidea markatu zuela. Dena den, gerora, 80ko hamarkadako eztandaren inguruan egin den irakurketa ofizialak punk mugimendua perfektua izan zela adierazten badu ere, mugimenduaren baitan tentsioak eta kontrakotasunak egon zirela kontatzen du Larrinagak.

Estetika moduan musika mota bati lotuta agertu bazen ere, punka, musika baino askoz gehiago izan zen. Josu Larrinagak aipatu bezala, punkari lotuta oso mugimendu garrantzitsuak agertu ziren, okupazioarena eta gaztetxeena, batik bat. Intsumisoen mugimendua ere garai hartakoa da eta bata bestea gabe ulertu ezin direla dio soziologoak. Feminismoa ere urte horietan eraberritu zen, eta ekologismoa ere Lemoizen kontrako mugimendu gisa azaleratu zen.
Oso mugimendu lokala izan zen punkarena; tokian tokikoa eta toki bakoitzean ezberdina, baina lotura nazional bat ere bada, mugimendu guzti horiek biltzen dituena.

Egun punk mugimendu haren zertzeladak badira, baina halako mugimenduekin gertatu ohi den bezala, eztandaren ostean gainbehera etorri zen. Dena den, Larrinagaren irudiko jarrera estetikoetan eta musika gustuetan punk mugimenduak gurean larregi iraun du. Hain izan zen handia fenomeno hori ezen badirudien hortik aurrera Euskal Herrian ez dela ezertxo ere asmatu. Hain zuzen ere, topiko hori hausten ere saiatuko dira ikastaro honetan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude