Erremedio naturalen itzulera

Sendabelar eta erremedio naturalek azkenaldian izan duten gorakadaz hitz egin dugu Itziar Salegi naturopata eta aromaterapeutarekin. Salegik UEUk antolatu dituen udako ikastaroen barruan gai honen inguruko tailer bat zuzendu du.

Zer eskaintzen diote erremedio naturalek jendeari?
Nire ustez alde batetik naturarekiko gertutasuna eta bestetik erremedio naturalak berriro ezagutu eta erabiltzeak beren osasunaren jabe izatea dakar, gorputza hobeki ezagutzea. Erremedio hauek erabil daitezke, elementu fisikoetan, psike-an, norberaren oreka emozionala lortzeko, norbere higienean eta etxea garbitzeko produktuetan. Gainera mendira joan eta erraz askoa da elementuak lortzea.  Gizarte honetan dena kanporantz begira egiten dugu, eta garrantzitsua da barnekoa ere zaintzea, kanpotik ondo egoteko barrukoa ere ondo egon behar baita.

Gizartean gero eta nabariagoa da gauza naturalen aldeko joera?
Bai, gero eta gehiago. Itxaropen guztia  botikak eta penizilina bezalako farmakoetan jarri zen, eta noski, alde onak badituzte, eta lagungarri dira. Baina ikusi da ez dela perfektua, badituela hutsuneak. Ondorioz naturara itzultzeko joera dago. Nire ustez jende askok sintesia egiten du, momentuan berak hobea dela uste duenaren arabera, sendabelarretara joko du, ala botiketara.

Nolatan galdu da erremedio naturalen ezagutza azken bi belaunaldietan?
1852an lehen aspirina egin zenetik laborategien loraldia ezagutu dugu. Natural zena baserritarrekin lotzen zen, ezjakintasunaren ondorio bezala hartzen zen; natura animaliena zen,  mendian bizi zirenena, eta hirian aldiz ezagutza zegoen, zientzia. Sendabelarra bere horretan ez da sendagarria, bere molekula batzuk baizik, eta horiek baztertzen ikasi genuenean jaio ziren erremedioak; hauek sintetiko egiten ikasi genuenean jaio ziren gaur egungo botikak, eta orduan jendeak uste zuen naturarengandik banandu eta guk geuk geure bidea egin genezakeela. Hala ere lehen farmazietako formula magistralen atzean belarrak zeuden, eta gaur egun berriz ikusi daiteke farmazia gehienetan belarrak saltzen dituztela botikekin batera.

Zein iritzi duzu medikuntza ofizialaz?
Beste ikuspegi bat daukate osasunarekiko, gaixotasunarekiko. Medizina horiek laguntzen dute gizakia makina bat bailitzan pentsatzen, makina langilea da, eta zerbait badu, botikak emango zaizkio, berehala lanera bueltatzeko. Beren lana dela eta ekonomiak eragin asko dauka, eta zorrotz jokatzen dute. Hala ere gauza batzuk oso ondo egiten dituztela uste dut, ebakuntzak adibidez.  Baina azken finean mediku batengana jo ezkero bi irtenbide dituzu, edo ebakuntza eta farmazia, begiratu gabe pertsona hori osotasunean nola dagoen. Guztiok umilago izan beharko genuke eta elkarlana bultzatu, inork ez duelako egia absolutua ezagutzen, eta gaixoak eskertuko du.

Entzun dugu azkenaldian baraualdi garbitzaileak modan direla.
Moda askotariko baraualdiak daude, luzeraren eta sartzen ditugun elikagaien arabera. Badago teoria higienista bat esaten duena guk liseriketa egiten ez dugun bitartean gorputzak kutsadurak eta gaixotasunak garbitu ahal dituela. Baina ezin da kontrolik gabeko baraualdia izan. Mediku edo adituen kontrolpean egin behar dira gauza hauek, eta luzeegi jo gabe.

Azkenik, udan herri gehienetako jaiak direla eta, emango diguzu errezetaren bat ajearentzat?
Horretarako erromeroa izaten da ona, infusio, bainu edo aromaterapia bidez hartuta. Zirkulazioa estimulatzen du, gibelarentzako ona da, burua arintzen du…. Ur asko edatea ere garrantzitsua da, mentak ere laguntzen du, diuretikoak, osina edo azeri buztana bezalakoak, ere onak dira,. Gibela garbitzeko pareta belarra ona da ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude