Bi gerra handien arteko aldeak

UEUren udako ikastaroen barnean, mahai-inguru bat izan zen atzo “Ipar Euskal Herria Gerlen artean: 1918ko garaipenetik 1940ko porrotera” izeneko mintegiari amaiera emateko. Bertan, Josu Chuecaren gidaritzapean, Mixel Esteban kazetaria, Jean Louis Davant idazle eta euskaltzaina eta Eneko Bidegain kazetaria izan ziren.

Mahai-inguruan Lehen eta Bigarren Mundu Gerren arteko desberdintasunak izan zituzten hizpide eta hizlari bakoitzak bere ikuspegia azaldu zuen. Jean Louis Davant hasi zen: bere ustez “Bigarren Mundu Gerra lehenaren segida logikoa izan zen, tartean 20 urteko su etenarekin”. Euskaltzainaren aburuz gainera, bigarrena lehenengoaren ordainetan eginiko errebantxa zatekeen, Alemaniarrek lehena nahiko larri galdu baitzuten, eta Versaillesko itunak  ez zion amaiera duina eman gerrari. Mixel Estebanen aburuz, aldea gerren arrazoietan datza; Lehen Mundu Gerra lurrari loturiko gerra zen, Alsazia eta Lorena bezalako lurraldeen banaketa dela medio adibidez, eta Bigarren Mundu Gerra aldiz ideologikoa, Errusian komunistak zeuden, Alemanian Nazional Sozialistak… Eneko Bidegain kazetariak beste ñabardura batzuk aipatu zituen, iraupena artean. Honek azaldu zuenez, Lehen Mundu Gerrak lau urte pasatxo iraun zituen Frantziari zegokionez, eta bigarrenak aldiz askoz gutxiago, segituan errenditu baitziren frantsesak. Gainera, beste bi alde aipatu zituen, batetik, lehenengoan argi zegoela alemaniarrak etsai zirela, eta bigarrenean ez hain argi, ideologia politikoa eta beste zenbait arrazoi medio, eta bestetik, 1918koan guduzelaiak urrun eman ziren, eta 1940koan berriz Hendaiaraino iritsi ziren alemaniarrak. Beste desberdintasun batzuk ere aipatu zituzen, hala nola taktika aldaketa, armamentua eta abar.

Horretaz gain, Lehen Mundu Gerrako baikortasuna Bigarrenean ezkortasun nola bilakatu zenaren inguruan aritu ziren. Mixel Estebanek esan zuen Bigarren Mundu Gerran frantsesek ez zekitela oso ondo zergatik egiten zuten borrokan, denbora asko egin zuten mobilizaturik benetako gatazka hasi arte, eta tarte horretan aspertu egiten ziren. Eneko Bidegainek gehitu zuen 1914ean pozik abiatu zirela frantsesak gerrara pentsatuz gerra motza izango zela, oso fidatzen ziren beren indarraz armada bezala; bigarrenean aldiz oraindik gertu zituzten lehen gerlan pasatako denborak eta ez zuten gerrarako gogo handirik. Davant zuberotarrak adierazi zuen bazirela jende arteko komentario batzuk “Frantsesak ez zirela Danzig-engatik hilko” esaten zutenak, hau da, Poloniaren defentsagatik ez zirela frantsesak hilko. Horrek erakusten du zeinen urrun ikusten zuten guda.

Bertan bildu zen jendearen galderei erantzunez gaia Bigarren Mundu Gerraren inguruan kokatu zen gehienbat, eta iruzkin oso interesgarri batzuk atera ziren, horien artean, Mixel Estebanek esandakoa,1945 inguruan amerikarrek euskal tropak entrenatu zituztela, euskaldunen ustez Francoren aurka, eta amerikarren ustez Errusiaren kontra, hauekin zuten afera ideologikoa amaitu ez zelako. Davant-ek gehitu zuen esaldi esanguratsua pixka bat beranduago, “Santu gutxi gerlarien artean” esan zuenean, horrekin adierazten da irabazleak eta galtzaileak daudela, ez zintzoak edo gaiztoak. Guztiek adostu zuten baina, badirela oraindik aztertu ez diren gai batzuk, hutsuneak, nolabait esatearren, eta badirela beste gai batzuk aipatzea komeni ez direnak, familiak mindu daitezkeelako, edo erdi itzalita dauden errautsak berriz ere piztu daitezkeelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude