NAFARROA EZ DA EUSKADI

Pruden Gartzia, 2019ko urtarrila

Dronda, Javier, Con Cristo o contra Cristo: religión y movilización antirrepublicana en Navarra (1931-1936), Tafalla: Txalaparta, 2013, 424 or.

I

Bai, niri ere azkura ematen dit Nafarroa ez da Euskadi horrek. Nik ere oraindik ezin dut horrelakorik normaltasunez idatzi, entzungo banu tristatu egingo nintzateke (arrazoi argirik ez egonik ere) eta, inon irakurrita, errazena da mesfidantzaren eraginez hurrengo lerroa irakurtzeari uztea. Beste barik. Zeren eta bai, nire bihotz ttikiaren lau gelatako bat abertzaletasunak betetzen du, eta nire bihotz abertzaleari ez zaio atsegin Nafarroaren euskaltasuna zalantzan jar dezakeen ezer aditzea. Eta testu hau idazteari ekin diodan une honetantxe bertan ordenagailuaren bozgoragailuetatik Rodrigo maisuaren Aranjuezko kontzertua entzuten ari banaiz ere (ba ote dago ezer espainolagorik?), Espainiaren itzalak hotz gehiegi ematen dit, oraindik ere, eta dardarka hasten naiz, automatikoki, zenbait gauza sumatu orduko, Nafarroaren euskaltasuna zalantzan jartzea, adibidez. Bihotzak dio, bai. Baina zer dio buruak?

II

Buruak dio gaur egungo Nafarroaren (hots, Nafarroa Garaiaren, hala esaterik badago helburu argigarri hutsengatik) eta gainetiko euskal lurraldeen historia azken, demagun, bostehun urtean oso desberdina izan dela. Nabarmen.

Eta buruak dio, baita ere, Iparraldeko eta Hegoaldeko lurraldeen arteko desberdintasunak lehenengo eta behin bakoitzaren menpekotasun politikotik zetozela, hots, Frantziako erregea da batzuen subiranoa, Gaztelakoa besteena, eta horrek oinarri-oinarrizko desberdintasun bat dakar: “Eztituzte euskaldun guztiek legeak eta azturak bat, eta ez euskarazko minzatzea ere, zeren erresumak baitituzte diferent” esaten zuen Axularrek. Eta hori egia izan daiteke edo ez, neurria non jartzen duzun da kontua. Esate baterako, esango nuke euskal lurraldeetan XVI-XVIII. mendeetan, eta gerora ere hamarkada luzeetan, desberdintasun hori oso gutxi islatzen zela eguneroko bizitza sozialean, oinarrizko kontuetan oso antzekoa lurralde guztietan. Beste modu batean esanda, Joana Albret erreginaren eta Joanes Leizarraga haren zerbitzariaren episodio protestantea guztiz episodikoa izan zen euskal lurretan eta, ondoriorik ekartzekotan, fede katolikoaren indartze nabarmen bat ekarri zuen mugaren bi aldeetan. Bai, bi aldeak berdin antzera izango dira sakonki katolikoak eta hori izango da Euskal Herriaren batasun sozial eta kulturalaren indargarri bat mendez mende. Indargarri nabarmen bat.

Hizkuntza aldetik, aldiz, denok dakigunez jada XVI. menderako Euskal Herriko eskualde batzuetan (Enkarterrin eta Ebro ibarrean, funtsean) populazioak ez zuen euskaraz egiten. Eta horrek jada desberdintasun argi bat dakar, euskalki kontuak kontuan hartu barik ere.

Ekonomikoki, bestalde, gutxienez bi espazio oso desberdin zeuden: Euskal Herri maritimoa (labur esanda, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdi) eta barnealdeko Euskal Herria (Araba, bi Nafarroak eta Zuberoa). Hortaz gain, badakit espazio horietako bakoitzean azpiespazioak zeudela… baina ez gaitezen gehiegizko ñabarduratan sartu.

Dena den, benetako desberdintasunak antolakuntza instituzionalari dagozkio, argi eta garbi. Alegia, mendebaldeko hiru lurraldeek oso erakundetze modernoa dute: batzar nagusiak, diputazioak eta hiritar guztien lege-berdintasuna, osoa Bizkaian eta Gipuzkoan, erdizkakoa Araban, non eta herrixka askotan elkarren ondoan bizi zitezkeen erabat libroak ziren nekazariak eta jaun baten menpekoak zirenak (erdi eta erdi, adibidez), beraien artean desberdintasun sozial edo ekonomikorik egon gabe. Hots, Erdi Aroaren amaieran Bizkaiak eta Gipuzkoak erabat deuseztatu zuten noblezia zaharraren botere politikoa eta erdiko klase (burges?) batek gobernatzen zituen udalak eta probintzia/jaurerria, eta puntu honetaz zalantzak dituenak aski du Larramendiren Corografia de Guipuzcoa irakurtzea: inon ez du irakurriko noblezia zaharraren kontrako eraso argiagorik eta lege-berdintasunaren aldeko diskurtso sutsuagorik. Lege-berdintasuna! Bai, jaun-andreok, Bizkaian eta Gipuzkoan lege-berdintasuna ez zuen Espainiako konstituzioak ekarri, Bizkaiko Foru Barriak baizik, 1526an! Zentzu horretan, barregarriak dira espainolei Cadizko konstituzioa dela-eta (1812) aldian-aldian jaulkitzen zaizkien ditiranboak, zer-eta eskubide historikoen kontra hitz egiteko sarri! Baina Bizkaian eta Gipuzkoan esan dut, zeren Araban jaun feudal zaharren indarra askoz ere handiagoa eta iraunkorragoa izan zen, sistema forala oso antzekoa izan arren (eta zalantzak dituenak, pentsa dezala zer arraio dela-eta gaur egun ere hortxe dugun Trebiñuko konderria, Arabaren bihotzean). Ez, sistema forala ez zen demokraziaren paradisua, hori ederki dakigu, baina ezta ere Cadizko konstituzio ospetsu hori, ezta?

Desbideratzen ari naiz, ordea. Esan nahi dudanaren funtsa da desberdintasun handi-handi bat dagoela Nafarroa eta mendebaldeko hiru lurraldeen artean 1512tik 1841era: batzuk Batzar Nagusiak zituzten, besteak Gorteak, eta hori diferentzia itzela da, itzela. Zergatik? Nafarroan jaun feudalek eta Eliza Katolikoak botere politiko osoa mantendu zutelako mende horietan guztietan, Bizkaian, Gipuzkoan eta (erdizka) Araban ez bezala. Abertzaleok gure herriaren Historiaz hausnartzean sekulan ahaztu behar ez dugun puntua.

Eta Iparraldean? Hemen Axularren aforismoak bere zentzu osoa hartzen du: Frantziako erregeak beti izan dira Gaztelakoak (Espainiakoak, berdin dio) baino askoz ere zentralistagoak eta, ondorioz, beraien foruak (gureekin oinarrizko antzekotasun batzuk dituztenak) praktikan makalagoak dira. Esaten omen zuen Manex Goihenetxek aski dela Lapurdiko foruen (edo Nafarroa Beherekoen, edo Zuberoakoen) ale bat esku batean hartzea, eta bestean Bizkaikoak: pisuaren desberdintasuna nabari-nabaria zen. Nafarroa Beherean, bestalde, Gorteak zituzten, Nafarroa Garaian bezala.

Ondorioa, dena den, erabatekoa da nire begietan: XIX. mendearen hasieran desberdintasun handi-handiak zeuden euskal lurraldeen artean (hizkuntzazkoak, ekonomikoak, politikoak) baina horien arteko handiena, ziur aski, boterearen instituzionalizaziori zegokion: mendebaldeko lurraldeak oso modernoak ziren, ekonomikoki, sozialki eta politikoki, eta oso urbanoak Antzinako Erregimenaren parametroetan; Nafarroa, aldiz, askoz ere lotuago zegoen Erdi Aroari maila guztietan, bereziki nobleziaren eta Elizaren indarrari dagokionez, askoz ere handiagoa mendebaldeko probintzietan baino.

Baina Antzinako Erregimenaren aroan aniztasuna eta askotarikotasuna Europako lurralde orotan aurkitzen da. Frantziako Iraultza, hain juxtu ere, askotarikotasun horren kontra altxatuko da, lurraldearen zentralizazioa eta uniformizazioa programa politiko gisa inposatuz. Izan ere, Max Weberrek ederki esplikatu zuen bezala, arrazionalizazioa, homogeneizazioa funtsean (lurralde, lege, instituzio, hizkuntza, kultura…) Modernitatearen egitasmoa da. Frantzian bertan askotarikotasuna zen nagusi 1789 aurretik, eta nagusi izaten segituko du beste mende bat geroago, Iraultza eta Errepublika gorabehera. Ez da harrigarria, beraz, euskal lurraldeen arteko aniztasuna izatea, baita ere, euskal lurraldeen ezaugarri nagusia: Europa osoan berdin gertatzen zen.

Iraultza liberalak, dena den, sistema forala zauritu eta erdizka lurperatzean egoera berri bat sortuko du.

Ikurriña Nafarroan (Aldizkaria, Mendillorri BHI)

III

Foru guztiak eta haiekin lotutako instituzio oro abolitzeko liberal espainolen delibero tematsua, paradoxikoki, Hegoaldeko lau euskal lurraldeen arteko batasuna bultzatu zuen: foruei eutsi behar zitzaien Espainiako zentralismoaren kontra, kosta-ahala-kosta eutsi, gerrari ere uko egin gabe, beharrezkoa bazen. Ondorioz, lurraldeok beharbada inoiz ez ziren Zumalakarregiren garaian baino elkarrengandik gertuago egon. Franco hiltzean ere antzeko zerbait gertatu zen, apika, epe motz batez. Gero, Nafarroak 1841eko Lege Paktatu ospetsua sinatu zuen, eta lau lurraldeen arteko erresistentzia bateratua apurtu; 1979ean ere antzera gertatu zen, baina alderantziz: oraingoan mendabaldeko hirurek estatutu bat onartu zuten, Nafarroa bazter uzten zuena. Enfin.

Baina garbi esan dezagun, batasun betearen sentimendua nagusi agertzen deneko garaiak, kasu bietan, momentu puntualak izan direla, urte labur batzuk gatazka armatu baten erdian edo amaieran, edo haren gomutan bestela. Hortaz landa, mendebaldeko hiruren eta Nafarroaren arteko zatiketa elementu iraunkorra da, sustrai luzeak dituena Historian eta oso gutxitan baino ez dena moteltzen. Une berezi eta iheskor batzuetan soilik.

Eta bai, honez gero esana dugu Antzinako Erregimenean mendebaldeko Batzar Nagusien eta Nafarroako Gorteen arteko aldea (botere sozial guztiz desberdin baten isla dena) dela zatiketa sakon horren funtsa. Baina horrek Antzinako Erregimenerako balio du. Berdin da XIX. mendean? Eta XX.ean? Eta egun?

Javier Dronda (Geronimo de Uztariz)

IV

Aipagai dugun liburuak argi eta garbi azaltzen digu XX. mendearen lehen herenean gertatu zena eta, beharbada, hari horretatik tiratuz ondorio gehiago atera daitezke, azken berrehun urterako balioko luketenak. Baina gaur eta hemen ez ditugu aterako eta, hemendik aurrera, liburuari helduko diogu, beste kontu guztiak ahaztuta.

Zeren eta XX. mendearen lehen herenean, Errepublikako urteetan bereziki, XIX. mendean zehar foruen aldeko borrokaren baranoan hozitutako batasuna ahuldu egin zen, alegia, aurreko mendeetako zatiketara itzultzen ari garela dirudi, eta hura sakondu eta areagotu egiten dela, argi eta garbi. Alferrik esango digu Jimeno Juriok Navarra jamás dijo no al Estatuto (1977), ez baita egia. Edo, bon, zehatzago esanda, teknikoki egia izan daiteke, baina zuhaitzak ez digu basoa ezkutatu behar. Eta basoa hauxe da: Eliza Katolikoaren jokaera eta indar bereziaren ondorioz, abagune historiko horretan Nafarroak bizkar eman zion demokraziari eta bere burua faxismoari entregatu zion, baldintzarik gabe. Hori da gertatu zena, zotz eta motz esanda, eta ez bozketa baten manipulazio puntuala. Nafarroak demokrazia birrintzen laguntzea erabaki zuen eta mendebaldeko lurraldeetatik (bereziki Bizkaia eta Gipuzkoatik) erabat hastandu zen. Nafarroa osoak? Ez, jakina, inondik ere ez, hiru milatik gorako nafarren gorpuak bide bazterrera botatzea da urrats hori bortxakeria itzel baten ezinbesteko laguntzaz eman zela adierazten digun froga ukaezina. Hori ere Jimeno Juriok esplikatu zigun argi eta garbi, inork baino lehenago. Eta horretan arrazoi osoa zuen.

Nola da posible, ordea, Gerra Zibilean zehar, eta bereziki altxamenduaren lehen hilabeteetan, tamaina horretako hondamen zibil bat gertatzea? Nola da posible milaka eta milaka gizon eta mutil gaztek boluntarioki eta sutsuki armak hartzea beren anaiak eta arrebak porrokatzeko eta hiltzeko? Zeren hiru milatik gora hil zituzten, baina zenbat izan ziren entusiasmoz gainezka armak hartu zituztenak? Ez dakit, baina ziur aski askoz ere gehiago. Eta berdin hiltzen zituzten Nafarroako bertako gorriak (sozialistak, komunistak, anarkistak), masoiak (mota orotako errepublikanoak) zein bertako eta aldameneko probintzietako separatistak, beraiek bezain katoliko zintzoak zirenak.

Enfin, Javier Drondak (liburuaren egileak) ez du nirea bezalako hizkera pasionatua erabiltzen, ez du mota horretako tesi orohartzailerik postulatzen, aitzitik, ofizioko historialari bati dagokion hizkera neurtua eta ikergai zehatz bati dagokion hesitze argiari lotzen zaio aldi oro. Izan ere, liburu hau, funtsean, doktorego tesi baten bertsioa da, tesi bikain bat eta bertsio eder bat nire uste apalean. Liburuaren izenburua eta azala dira, apika, neurritasun horretatik ihes egiten duten elementu bakarrenetakoak, ikerketa hotz bat izan behar zuenaren atzean, egiazki, tragedia baten hitzaurrea dagoela adierazten digutenak. Egingo nuke apostu tragedia hori dela egileak tesi hori, eta zehazki hori, egiteko izan duen arrazoi nagusia. Bai, berau ezagutzeko aukerarik izan ez dudan arren, zalantza gutxi daukat esateko Javier Dronda ere Jimeno Jurioren itzalean hazitako landarea dela, Emilio Majuelo haren tesi zuzendari eta liburuaren hitzaurregilea bezala. Eta Jimeno Jurioren bihotza erretzen zuen sua dela, halaber, Drondaren erraiak berotzen dituena. Baita nireak ere, esan dezadan apalki. Zureak ere, irakurle?

Jose Maria Jimeno Jurio (La libreria de la Estafeta)

V

Liburua biziki erraz laburbildu daiteke: bi zati nagusi ditu, lehenean (“Religión e Iglesia católica en la Navarra de 1931”, 19-196. or.) Nafarroako Elizaren azterketa zehatz bat egiten du, eta bigarrenean (“El conflicto político-religioso en Navarra, 1931-1936”, 197-389. or.) kontakizun kronologiko bati ekiten dio, gertakari nagusiak jasoz eta aztertuz. Ondorioak orrialde gutxi batzuetan kondentsatzen dira, bukaeran (391-397. or.), argi eta zehatz.

Hauek dira: Errepublikako urteetan zehar Eliza Katolikoak Nafarroaren “identitate katoliko berri bat” (392. or.) bultzatu zuen, aurreko mendeetako erlijiotasun tradizionaletik aldentzen zena nabarmenki, alegia, batetik lehengo kultu lokalen nagusitasunaren aldean Nafarroa mailako kultuak bultzatzen dira (San Fermin, San Frantzisko Xabier eta San Migel Aralarkoa) eta, orobat, maila unibertsalekoak (hots, toki zehatz bati lotuta ez daudenak, fede katoliko unibertsalari baizik), nagusiki Jesusen Bihotzaren eta Sortzez Garbiaren kultuak. Horrekin batera, Elizak mobilizazio sozial berri bati ekiten dio, mota askotako asoziazionismoa bultzatuz: kooperatibismo agrarioa, sindikalismoa, prentsa, emakumeak, gazteak, misioak, bokazioak… beti herritar masa handiak antolatzeko eta mobilizatzeko asmoz. Alegia, urte hauetan egosten den nafar identitate katoliko berriak bi osagai nagusi ditu: kultua ulertzeko modu berri batzuk, inguru lokala argiki gainditzen zutenak, eta fededunak modu berri batzuetan gidatzeko eta mobilizatzeko asmo tinkoa.

Kasu bietan ez dira gauza guztiz berriak, lehendik zetozen kontuak dira funtsean, baina Errepublikarekin batera egundoko indarra hartzen dute Nafarroan, populazioaren sektore guztiz zabalak modu militantean inplikatuz. Militantzia hori, ordea, ez zen soilik erlijiosoa, korrelato politiko argi-argi bat zuena baizik: Buena parte de los militantes de los partidos políticos católicos, que crecieron notablemente durante los primeros años republicanos, provenían de diversas organizaciones del movimiento católico, sobre todo en las novedosas ramas femeninas” (394. or.). Alegia, Drondak dioskuna da Eliza Katolikoak herritar masa handi-handia antolatu eta mobilizatu zituela urte horietan, eta mobilizazio horri zentzu politiko argi bat eman ziola. Zein, ordea? Bada, masa katoliko horrek guztiz bat egiten du Nafarroako mugimendu politiko nagusiarekin, hots, erraztasunaren amoreagatik eskuina deitu dezakegunarekin. Beste hitz batzuekin esanda, Drondaren arabera Elizak ez zituen helburu edo asmo erlijioso hutsak izan, aitizitik, berak antolatutako herritar multzo handi-handi horiek, aldi berean, lotura zuzenean jarri zituen eskuineko partidu politikoekin. Areago, Elizak erraztu egin zuen partidu horien arteko batasuna, eta herritar masa handiak lotu zizkion. Beraz, Eliza izan zen garai honetako eragile sozial eta politiko nagusia, eta zentzu oso zehatz batean jokatu zuen, ez neutralki, baizik eta eskuinaren indarra elikatuz eta biderkatuz, ezkerraren eta euskal abertzaletasunaren kontra.

Azken puntu horrek azalpen apur bat luzeago behar du. Hots, Nafarroako eskuina oso zatitua zegoen 1931n, hots, Errepublika aldarrikatu zenean. Sozialki indar nagusia karlismoa zen, alegia, estatu liberala argi eta garbi inoiz onartu ez zuen indarra; inoiz amore eman ez zuten milaka eta milaka militante eta sinpatizante zituen Nafarroa osoan eta, gainera, herrietako apaiz guztiz gehienen babes argia, bereziki adin batetik gorakoen artean. Baina bi arazo handi zituen: batetik, bere alternatiba politikoa (funtsean, errege karlista bat Madrilen eta hortik aurrera dena berez konponduko zen) gero eta desfasatuagoa zegoen, gero eta sinesgarritasun txikiagoa zuen (nork sinesten zuen, benetan, halakorik inoiz gertatuko zenik, oinarriko militante xeheak alde batera utzita?); horregatik, azken hamarkadatan zatitu egin zen, proiektu politiko bideragarriago eta errealistago baten bila; 1931ko abagunean hiru adar nagusitan zegoen zatituta (eta orain ez du axola handirik zeintzuk ziren argitzea). Alegia, karlismoa indar izugarri bat zen, baina desfasatua, zatitua eta proiektu politiko bideragarririk gabea, hots, iraganaren gatibu. Haren aldamenean lurraldeko oligarkia zegoen, lurjabeak eta aberatsak, funtsean, 1841eko garaileak; haiek ziren egiazki Nafarroan agintzen zutenak, nahiz eta ez zuten alderdi politiko bat osatzen, baina Diario de Navarra egunkaria (orduan ere salduena eta eragintsuena) zen beren interesen defentsa argi eta garbi errepresentatzen zuena. Beraz, bazegoen herritar masa handi bat, karlismoa, inpotentzia politikora kondenatua, eta bazegoen oligarkia mehar baina biziki trinko eta ondo antolatu bat, jatorrizko liberalismotik kontserbadurismo gero eta gotorrago batera lerratua, oinarri sozial argirik gabe gobernatzen zuena. Eta bi indar tradizional horien ondoan, bazegoen berriki sortzen ari zen hirugarren indar bat, Primo de Rivera aitaren diktadura sasoian koxkortua, Errepublika garaian haren seme Jose Antonio faxistarekin bat egingo zuena: eskuin berri hau, zinez faxista zen bakarra, falangismoan mamituko da. Eta aurreko biak abertzale izan gabe nagusiki indar autonomo xamarrak ziren arren (beren indar eta interes nagusia Nafarroan zegoen), hirugarrena, aldiz, faxismo espainolaren sukurtsal bat besterik ez da izango, aldez edo moldez.

Eta zer zuten amankomunean hiru indar horiek, beraien artean ere sestran ibiltzen zirenak Errepublika aurreko egunera arte? Hirurek onartzen zutela Eliza Katolikoaren gidaritza ideologikoa eta sutsuki saiatzen zirela haren itzal sozialaz baliatzen beren helburu politikoak betetze aldera. Eta orain Drondaren liburuaren punturik delikatuenera iritsi gara: Elizaren erradiografia arretatsu eta zehatz bat eskaintzen digu eta, aldi berean, konstatatzen du nafar eskuin zatitu hori gai izan zela hilabete pare batean fronte elektoral bakar batean antolatzeko; areago, argi eta garbi deskribatzen digu bai Elizaren indartzea zein eskuineko frontearen trinkotzea Errepublikaren urteetan zehar, eta espresuki baieztatzen du Elizak hautu politiko argi eta erabatekoa egin zuela, liburuaren izenburuan jasotzen dena: Kristoren alde ala Kristoren aurka, ez zegoen erdibiderik. Beste hitz batzuetan esanda, Eliza Katolikoak, Nafarroan, neutralitate politiko oro alboratzeaz gain, Errepublika porrokatzea eta botatzen saiatzea hautatu zuen, argi eta garbi. Horraino Drondaren azalpena. Ez diguna esplikatzen da nola josi eta egosi zen aliantza politiko-erlijioso hori, nortzuk izan ziren protagonistak (izen eta deitura) nork-norekin-non-eta-zer negoziatu eta adostu zuten. Zeren oso garbi da aliantza hori alderdien eta Elizaren buruzagitzetan erabaki zela, eta urte horietan Eliza Katolikoak bestelako jarrera bat izan balu, adibidez Gasteizko apezpiku Muxikak edo Tarragonako artzapezpiku Vidal i Barraquerrek izan zutena, ez zela gertatuko. Baina hori agian beste ikergai bat da.

Dena den, ondorioa erabatekoa da eta inon baino argiago jasotzen da liburuaren 198. orrialdean, non Errepublika garaiko hiru hauteskunde nagusien berri ematen zaigun grafiko batean; hauek dira eskuinaren emaitzak: 1931ko ekainean, botoen %63; 1933ko azaroan, botoen %71; eta 1936ko otsailean, botoen %70. Bai, ondo irakurri duzue: eskuineko blokea beti nagusitasun osoz aritu zen, botoen bi herenak (edo hortik gora) bilduz. Eta gero eta argiago aldeztu zuen Errepublikaren kontra armetara jotzeko beharra, 36ko uztailean ezin nabarmenago ikusi zen bezala.

Nafarroa ez da Euskadi, esan dut hasieran. Baina izan izan da, aldi batzuetan, 36ko Altxamenduaren aurretik bereziki. Ez da ezaugarri egonkor eta aldaezin bat. Baina argi dago 1936an gertatu zenak guztiz aldendu zuela mendebaldeko hiru probintzietatik. Eta bai, badakit kontu hau asko ñabartu beharko litzatekeela (hor du bere lekua, adibidez, Jimeno Jurioren analisi finaren kritikak edo, beste kontu nabarmen bat aipatzearren, zer esan Arabari buruz?), baina Drondaren liburua irakurtzen baduzue, biziki gomendatzen dizuedana, berehala konturatuko zarete ezaugarri hori ez dela ahuntzaren gaueko eztula. Horra.

Mateo Muxika (Auñamendi)

VI

Baina bada kontu berezi bat, zeina aipatu gabe ezinezkoa den iruzkin hau amaitutzat ematea. Kontu hori euskal abertzaletasuna da, garai horretako Nafarroan ia-ia salbuespenik gabe EAJrekin identifikatzen zena. Alegia, EAJri buruz hitz egin behar da, Nafarroan duen sustrai eta eraginaz.

Gaia luzea da eta xeheki ikertua izan da (gogoan dut, adibidez, Josu Chuecaren liburu ezaguna: El nacionalismo vasco en Navarra (1931-1936) EHU, 1999) baina orain oinarrizko-oinarrizko datuak baino ez ditugu aipatuko, Drondari segituz beti. Eta nago bi aipatzea aski eta sobera dela: hauteskundeetan bakarrik aurkeztu zenean, EAJk bozen %9 eskuratu zuen 1933an eta 1936an (198. or.), hots, oso-oso urrun Gipuzkoan edo, bereziki, Bizkaian, lortzen zituen emaitzetatik; era berean, Nafarroan argitaratzen ziren lau egunkarietatik bat, La Voz de Navarra, jeltzaleen ildokoa zen eta erresuma zaharreko bigarren salduena (3.500 aleko botaldia), baina oso-oso urrun lehenengotik (Diario de Navarra, 15.000 ale) (110. or.). Alegia, bi datu horietatik ateratzen den ondorioa da abertzaletasuna, Nafarroan, ernamuin prometagarri bat izan zela 1931-1936ko abagunean, inoiz hozitu ez zena.

Begirada beste alor batzuetara zuzenduz gero, ondorioa beti antzekoa izaten da; adibidez, apaiz gazteen artean ere baziren hainbat abertzaletasunarekin sintonizatzen zutenak, baina Gipuzkoan eta Bizkaian baino askoz ere gutxiago; sindikalismoaren edo kooperatibismoaren esparruan ere hainbat erlijioso saiatu zen asoziazionismo katolikoa parametro moderno eta independentetan antolatzen, apur bat mendebaldeko lurraldeetan EAJ inguruko apaiz eta propagandistek egiten zuten bezala, baina arrakasta txiki izan zuten eta hierarkia katolikoak (hots, apezpikuak) guztiz marginatu zituen. Ez dago Nafarroan ELA bezalako sindikaturik (oso inplantazio txikia zuen), ezta ere Policarpo Larrañaga, Alberto Onaindia edo Aitzol moduko apaiz itzal handikorik, zentzu modernizatzaile batean eragiten. Edo, egon baziren, marginatu egin zituzten.

Izan ere, Nafarroako elizak muturreko posizio bat hartu zuen, Drondak jasotzen dituen lelo hauetan laburbiltzen dena: “Si eres anticlerical, eres anticatólico”; “Católicos a medias no son católicos; el católico debe serlo de una pieza. O con Cristo, o contra Cristo” (315. or.). Euskal abertzaletasunari dagokionez jarrera oldarkor eta manikeo horrek ondorio argi batzuk izan zituen:

“Con su decisión de priorizar la autonomía aunque ello supusiera colaborar con la consolidación de una república laica, el PNV pasó a engrosar el bando del Mal en la propaganda derechista. Además, su evolución hacia la democracia cristiana chocaba con la del resto de la derecha hacia posturas cada vez más autoritarias.” (334. or.)

Lapikoari ez dago buelta gehiago eman beharrik ondorioa argi ikusteko: II. Errepublikako urteetan Nafarroa gero eta nabarmenago aldendu zen mendebaldeko lurraldeetatik, batez ere Eliza Katolikoaren hautu politiko argiak eskuin gero eta faxistazaleago baten erabateko hegemonia ahalbidetu zuelako; abertzaletasuna, aldiz, posizio gero eta laikoago eta demokratikoagoetara lerratu zen eta horrek mendebaldean hegemonia argi bat eman bazion ere (1936an errepublikanoekin eta sozialistekin bloke iraunkor bat osatu zuen, tarteka-tarteka komunisten eta anarkisten laguntza ere izan zuena eta, nola edo hala gaur egunera arte luzatu dena) Nafarroan gutxiengoan gelditzea ekarri zion. Eta, horrela, urte horietan zatiketa berri guztiz sakon eta luze bat sortu zen, 70eko hamarkadan pitzatzeko zorian egon zena baina, tamalez, bere horretan iraun zuena. Ez, Nafarroa ez da Euskadi, azken laurogei urtean ez da izan, agian une labur eta iheskor batzuk kenduta.

Tira, gorago esan dudan bezala, espekula daiteke ea Muxikaren moduko apezpiku bat Iruñean urte horietan egon balitz gertatuko zenarekin. Dudarik ez dago: Nafarroako Elizak hautu politiko argi bat egin zuen eta horrek abertzaletasuna deabrutzera eraman zuen; ez zen hori izan Muxikaren lerroa. Era berean, espekula daiteke karlismoaren adarren barruko botere-lehiak beste modu batean konpondu izan balira (adibidez, don Javier erregentearen aldekoek alderdiaren kontrolari eutsi izan baliote, Rodezno moduko faxistazaleen ordez) gerta zitekeenarekin; ziur aski politika euskaltzaleago bat bultzatuko zuten, maila guztietan. Baina espekulazio hutsak dira, Historia kontrafaktuala. Agian eleberri baterako bazka, ez besterik.

Edonola ere, Historia Sozialaren aldekoek argi esango dute auzi honetan benetan axola duena dela egitura ekonomikoaren ezberdintasun itzela, batetik Bizkaia eta Gipuzkoa industrialak, bestetik Nafarroa (eta Araba, eta Iparraldea) erruralak. Eta buruzagi politiko edo erlijiosoen kontua oso bigarren mailakoa dela. Ikusmolde horren arabera Bizkaia eta Gipuzkoaren industrializazioa, Nafarroak oso errural segitzen zuen bitartean, da XX. mendeko lehen herenaren garapen soziopolitiko desberdin eta dibergentearen giltza.

Beste hitz batzuekin esanda, Jose Antonio Agirre batek, Bizkaiko Gazteria Katolikoko burua izanak eta giro eliztarretan bete-betean txertatzen zenak, argi eta garbi demokraziaren aldeko hautua egin zuen, era berean errepublikano eta sozialistekiko aliantza bultzatuz, eta horrek egundo ospea eta babesa ekarri zion mendebaldeko euskaldunen artean; aldiz, Manuel Irujo nafarrak, ideologikoki eta politikoki guztiz antzekoa zenak, inoiz ez zuen arrakasta beterik erdietsi Nafarroan. Horra.

Manuel Irujo (Auñamendi)

VII

Aitortu behar dut oso gutxi irakurri diodala Manuel Irujori, zuzenean; beti bigarren eskuko erreferentzien bidez ibili naiz, baina nire buruari esaten diot ordua dela hutsune hori betetzeko: Irujo XX. mendeko irudi politiko interesgarrienetako bat da, dudarik gabe.

Azken hitz bat, hala ere, jaulki nahi nuke amaitu aurretik. Batzuetan beldurra ematen digu esateak Nafarroa ez dela Euskadi, hots, azken ehun urtean (orain geldi gaitezen hor) oso historia desberdina eta, are, dibergentea izan dugula. Lelokeria bat da. Ez gara kargutzen, adibidez, faktu hori baieztatzeko erabiltzen diren argudioak (gorago erabili ditudanak, adibidez) berdin-berdin balioko luketela baieztatzeko Nafarroa ez dela Espainia. Adibidez. Edo Andaluzia ez dela Espainia. Edo Espainia ez dela existitzen. Edo, zentzu berean, Frantzia, Alemania edo Italia ere ez direla existitzen. Eta abar. Lurraldeen arteko askotarikotasuna oinarri-oinarrizko datu bat da Europa osoan, kapitalismoak dakarren arrazionalizazioak eta homogeneizazioak etengabe higatzen badu ere bazter guztietan.

Beraz, otsorik ez, Txano Gorritxo, gure Historiak ez digu beldurrik ematen. Gure Historia eta Europako gainetiko herriena oso antzekoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude