EUSKARA BATUA ZER DEN : EUSKARA URBANOA

Pruden Gartzia, 2018ko azaroa

Orixe (Nikolas Ormaetxea), Quito-n arrebarekin, [Iñaki Segurolaren edizioa], Ibaizabal, 1987, 224 or.

I

Euskara batua zer den jakin nahi baduzu, egin dezakezun gauzarik praktikoena, argiena, zehatzena, Orixeri irakurtzea da, adibidez, gaur iruzkinduko dugun Quito-n arrebarekin ospetsua. Orixeren ia-ia beste edozein testuk ere antzera balioko luke, baina hori da niri eskuetara etorri zaidana eta poz eta atsegin handiz irakurri dut. Eta asko ikasi dudalakoan nago, ez bakarrik euskara ona zer den (hori ere bai), baina baita ere beste hainbat gauza, bereziki euskara batuari buruz. Zeren, berriz diotsut, euskara batua benetan zer den eta, batez ere, zer ez den jakin nahi baduzu, ahaztu gramatikak, aditz-taulak, deklinabidea eta estilo liburu oro: azaleko gauzak besterik ez dizute kontatuko. Benetan jakin nahi baduzu zer den, irakurri Orixeri, eta kitto.

II

Ez da erraza Orixe nor izan euskal letretan bi hitzetan laburbiltzea. Beharbada gaiari modu txit polemiko batean helduz gero etorriko zaigu argi kliskada bat, zertaz ari garen hitz egiten ulertzeko iluminazio moduko bat, bistaratze zehatz bat. Hortik aurrera dena izango da errazagoa. Horregatik, gaiari ekingo diot baieztatuz Orixe anti-txillardegia dela, euskara batuaren zinezko aitaren antitesi absolutua. Hori, zehatz-mehatz hori. Zeren, besteak beste, legendarioa da biek elkarrekiko sentitzen zuten aiherkundea, episodio sonatuak izan baitira tartean, bat edo beste erabat kafkianoa. Baina anekdotetan barna abiatzea baino, hobe bakoitzaren irudi labur bat marraztea.

Txillardegi Donostiako burgeskume bat zen, etxe oneko semea, ingeniari ikasitakoa eta guztiz eta erabat urbanoa bere bizimodu, ingurune sozial, gustu eta zaletasunetan; afiziorik maitatuena zuen pianoa jotzea, alegia, txiki-txikitatik izan zuten piano bat etxean, eskola partikularrak jaso zituen umetatik eta profesionala izatea amets izan bazuen ere, gurasoek, euskal guraso burges utilitario eta hiperpraktiko tipiko eta topiko horiek, ingeniari ikastea inposatu zioten. Eta ama euskal hiztuna bazen ere, ez zioten euskararik erakutsi, hala nola ez zitzaion horrelako txepelkeriarik erakusten bere ingurune eta maila sozialeko inori garai hartako Donostia maitagarrian. Hala ere, hortxe dator berezitasuna, gure Txillardegi bere kabuz abertzaletu eta euskara ikasteari ekin zion, gogo biziz, garai hartan oso salbuespenezkoa zen erabakimenez: zenbat halako aurkituko zituen bere inguruan? Gutxi, biziki gutxi, bera bezalako exzentriko batzuk gehienera; horietako batzuekin sortu zuen ETA handik urte gutxira. Baina ez dezagun iparra galdu: Txillardegi señorito donostiar bat izango zen beti Orixe bezalako zinezko euskaldun baten begietan, berdin dio zenbat euskara ikasten zuen edo zenbat erradikalizatzen zen politikan. Eta euskaran bezala, zinezko euskaldun baten azken buruko termometro hutsezinean, alegia, fedean eta kristautasunean, antzera: gehienez ere erdipurdiko euskaldun maxkal bat, eta besterik ez.

Zeren Orixe, hura bai zinezko euskalduna! Orexako baserri batean jaioa (hortik goitizena), ume-umetan eraman zuten Uitziko etxe batera, baserria hura ere. Lau ordu oinez, mendian barna, hori zen oraindik euskal baserritarrentzat inguruko herrietara joateko bide arrunta eta naturala. Izan ere, famili pobre batean jaio zen (ba ote zegoen baserritar aberatsik inguru hartan?), umez leporaino betetako nekazari familia pobre horietako batean. Menditarrak. Hirukia zen, hots, ama hiru umez erditu zen batera eta, ondorioz, beste sukalde batera aldatu behar izan zuten, titia emango zion beste ugazama batengana, ahaide batzuengana. Hori zen orduko sistema pobreen artean. Lekutan daude Donostiako hondartza eta boulevarra! Euskaldunak poema irakurtzen badugu, apur bat gainetik ez bada ere, berehala konturatzen gara zein zen orduan euskal baserritarren bizimodua: pobrea, latza. Lanez gainezka beti, eta irabazpide urria. Hortaz konturatzeko nahikoa izango da poema horren kantu batzuen izenburuak aipatzea: Artazuriketa, Gaztaiñaro, Iruleak, Txerri-iltzea, Artajorra, Belarrekoan… den-dena ezinago errurala. Baina non gaude, bada, XVI. mendean? Hori zen Orixek umetan ezagutu zuen giroa, eta ez Donostiako kafetegiak eta pianoko klase partikularrak. Eta bizimodu hori izatea zen, Orixerentzat, euskalduna izatea. Baserritarra. Menditarra. Hots, belar motzeko pobre saiatua.

Giro horretatik ateratzeko eta gizartearen eskaileran igotzen hasteko ume baserritar batek orduan zeukan aukera bakarra zen Eliza Gure Amaren magalean babesa bilatzea. Hots, seminarioren batean onartua izatea eta apaiz ikasketak egitea. Eta hortik abiatuta, bizkorra eta saiatua izanez gero, suerte pittin batekin karrera eklesiastiko distiratsu bat burutzea, beti ere Elizaren ikastetxe, unibertsitate, komentu edota bestelako egituren barruan. Horixe izan zen, baita ere, Orixeren bidea: beka bati esker jesuitetan onartu zuten eta gogo eta erabakimen osoz ekin zion ikasteari. Jesuita izatea! Hori zen beraren anbizioa, mila eta bat ahaleginen iparra. Baina, ezaguna denez, porrot egin zuen, jesuitek bota egin zuten kalera. Zergatik? Abertzalea zelako? Hori izan da gure artean betidanik zabaldu den bertsioa, baina Patxi Altunak dudan jartzen du hori eta haren izakera zakarrean ipintzen du azentua.

Dena dela, hori bigarren mailako kontua da, inporta dena da hortik aurrera Orixeren bizitza beti gizon zapuztu batena izan zela eta, bere kasuan, zaputz horrek kristautasunaren sublimazio moduko bat eragin ziola. Eliza! Fedea! Hori da beti bere obra oparoaren ardatz nagusia. Jesuiten eskuetatik jasotako tratu bidegabeak inoiz ez zion sortarazi fedearen edo Elizaren gaineko zalantzarik ñimiñoena, alderantziz, inoiz baino gartsuago bihurtu zen fede kontuetan, Mistikaren bidean barna gero eta urrats sendoagoak emanez. Hil aurreko azken urteotan, dirudienez, ia egun osoa ematen zuen otoitzean.

Baina Orixe abertzalea zen, euskaltzalea. Bai, bistan da. Ez dakigu noiz edo nola abertzaletu zen. Ez zen izan bere inguruneko bakarra baina, adi, bere garaiko elizgizon guztiz gehienak ez ziren abertzaleak eta asko, bereziki goi postuetan, espainolista amorratuak ziren. Komeni da datu hau bistatik ez galtzea bere bizitzaz eta lanaz hausnartzen denean.

Hala ere, orain ez gaitezen gal haren bizitza interesgarriaren mila eta bat bidexka eta korapilotan. Orain axola diguna da Txillardegirekin zeukan aurkakotasunaren nondik norakoak argitzea. Eta honetan datza: Txillardegiren helburua zen euskara baserri mundutik bizitza urbanora ekartzea, hots, Donostia euskararentzat irabaztea maila sozial guzti-guztietan. Zergatik? Bestela hil egingo zelako. Alegia, Txillardegirentzat euskara mundu erruralera mugatzen bazen, laster ito eta desagertuko zen, mundu errural horrekin batera.

Kontura gaitezen, adibidez 1950erako (data bat jartzeagatik) oso-oso garbi zegoen Orexa edo Uitziko baserritarrak guztiz jende marginala zirela euskal gizartean eta beren mundua (baserria) desagertu egingo zela epe aski laburrean. Donostiako gizarteak arazo horri planteatzen zion alternatiba bakarra baserriaren folklorizazioa zen: Centro de Atraccion y Turismo bezalako erakundeen eskutik (hori edo antzekoak) euskal baserritarrak turistentzako kontsumo-produktu bilakatzea, hori zen euskarari esleitzen zitzaion txokoa San Sebastián moderno hartan. Txillardegi erradikalki paratuko da horren kontra: erremedioa euskara kultura nazionalaren ardatz nagusia bilakatzea da, hots, euskara bizimodu urbanoaren bihotzera eramatea, alegia, euskara urbanizatzea. Hori ala heriotza.

Hortaz, euskara batua? Berez bigarren mailako arazo tekniko bat besterik ez da, alegia, nahi badugu euskara kultura moderno eta urbano baten behikuloa izatea, batu egin behar dugu, hots, euskara estandar batu bat sortu behar dugu, nahita nahiez, erabat ezinezkoa delako mila eta bat euskalki, azpieuskalki eta sukalkitan banatutako hizkuntza bat hiri moderno baten bizimodu sozialean txertatzea. Hori zen Txillardegiren iritzia, eta baita ere abertzaleen artean (EAJ) eta beraien inguruan horrelako kontuez arduratzen ziren gutxien arteko argienena, adibidez, Mitxelenarena, Ibinagabeitiarena edo Santamariarena. Baina Txillardegi izan zen, dudarik gabe, modurik zehatzenean eta erabakimen irmoenarekin planteatu zuena.

Ez zen hori Orixeren burubidea. Gorago esan dugun bezala, berarentzat euskalduna izatea baserritar mundu horretako partaidea izatea zen, eta ez besterik. Kalea, hiria, ez zen euskalduna, euskalduntasuna mendian bizi zen, baserri eta herri txikietan. Hala ere, argi konturatzen zen baserritarrak guztiz jende marginala zirela euskal gizartean, ez XX. mendean bakarrik, baina XIX. mende bukaeran ere! Nola ez zen bat gertakari sozial nabarmen horretaz konturatuko, bera baserriko semea izanik eta inork baino gertuago sufriturik pobreziak zekarren marginazioa! Hortaz? Orixerentzat erantzuna, gorago iradoki dugun bezala, baserri-munduaren sublimazioa da, alegia, bere umetako gabezia, urritasun eta kalamidade den-denak gorengo maila sublime batera igotzen ditu eta kultuzko objektu bihurtzen ditu. Horixe besterik ez da Euskaldunak poema. Ondorioz, Orixerentzat kaletarrak, Donostiako burgeskumeak, abertzaleenak ere, ez dira inoiz zinezko euskaldunak izango, baina nolarebait euskalduntasunaren zati bat bereganatu dezakete bi bidetatik: bata, baserriko bizimoduaren kultu idealizatuaren bitartez eta, bigarrenik, kristau fedearen esperientziaren bidez. Jaungoikoa eta Lege Zaharra, hori da Euskal Herria. Eta, ondorioz, euskalduna izatea, funtsean, baserri mundua eta erlijio kristaua idealki adoratzea da, zure bihotzaren nagusi bihurtzea, eguneroko bizitza urbanoan gaztelania barra-barra erabiltzen baduzu ere eta erlijioarekikoa astean behin elizara joanda eta misioetako pobreentzat dirutxo batzuk emanda kunplitzen baduzu ere. Zeren hori aski da kalekume gizagaixoentzat, alferrik da hortik gora ezer eskatzea. Hori da Orixeren bidea eta, baita ere, bere garaiko abertzale guztiz gehienena (EAJko gehienena, baina ez guztiena, jakina!); hortik aldian-aldian Ibinagabeitia batek, adibidez, alderdikideekin izaten zituen haserre biblikoak, edo Mitxelenaren, gure Mitxelena beti praktiko eta errealistaren, aldian aldiko desengainu eta adoregaltzeak.

Eta euskara batua? Orixerentzat sasi-problema bat zen: Uitzin edo Orexan ez zen ezertarako behar, eta Donostiako bizimodu urbanoa euskalduntzeko inolako asmorik ez baduzu, zertarako behar duzu batua? Utzi gauzak daudenetan. Denboraren poderioz batasuna etorriko dela? Litekeena da, eta berez ez gaude horren kontra, baina utziozu bazterrak nahasteari, Jaungoikoak baino ez baitaki zein izango den gure paraderoa. Gauden gaudenean.

Uste dut nahikoa esan dudala ondorioztatzeko Txillardegiren eta Orixeren proiektu euskaltzaleak erabat antagonikoak direla: batentzat euskara batua etorkizuneko euskara urbano baten baldintza ezinbestekoa zen, lehen harria salbamenduaren bidean, eta alternatiba euskararen heriotza; bigarrenarentzat euskara batua sasi-problema bat zen, ez baitzeukan inolako asmorik bizitza urbanoa euskaraz garatzeko, aitzitik, gehinez ere urbanitek (kalekumeek) baserri mundua idealki adoratzea zen bere burubidea, eta horrekin aski: euskara ez da hilko baserriak dauden bitartean.

Beraz, 1950eko hamarkadan bi bide daude zabalik euskal kultura salbatzeko: Txillardegirena eta Orixerena. Biak antagonikoak. Eta, erdian, Mitxelena, zalantzaz beterik: bihotzak Orixerengana bultzatzen du baina buruak, argi eta garbi, Txillardegirengana. Denok dakigunez, Mitxelena baitan, azkenean, burua beti nagusitzen da, baina ez kostu pertsonalik gabe. Hortik, beharbada, Errenteriako maisuaren noizbehinkako zaputzaldiak eta haserreak.

Orixe 1933an (Wikipedia)

III

Baina zertan gelditzen da iruzkindu nahi genuen liburua? Quito-n arrebarekin liburu ederra da, euskara ona zer den ikasi nahi baduzu pozik irakurriko duzuna. Baina hor islatzen den mundua, jendea, hizketa-gaiak, guztiz eta erabat arrotzak begitanduko zaizkio XXI. mendeko irakurle euskaldunari. Denboraren tunelean bidaiatzea bezalakoa da, XVI edo XVII. mendera, asko jota. Izan ere, ziur nago argitaratu zenerako, jada, oso arrotza zela, gaiaren aldetik, euskaldun gehienentzat.

Quito-n arrebarekin 1950 eta 1954 artean idatzi zen eta atalka argitaratu zen Euzko Gogoa aldizkarian. Liburu bezala ez zen 1987ra arte argitaratu, hain juxtu ere iruzkintzen ari garen edizio kritikoan. Datu bitxia da, alajaina, esan nahi baitu euskaltzaleen belaunaldi batek guztiz aipatu eta miretsiko duen Orixe horren lan garrantzitsu bat (gailena, Iztuetaren ustez) ziur aski ez zutela irakurri (oso zaila zen Euzko Gogoa eskuratzea) eta entzunaz baino ez zuela ezagutzen.

Testua elkarrizketa baten moduan eratuta dago, hain juxtu ere Orixeren eta Quito-ko komentu baten bizi den bere arreba mojaren artean lehen erdian (lehen bost ataletan) eta hortik aurrera, batez ere Orixe eta Elias profetaren artean, arreba ia beti entzule hutsa delarik. Aipatu ohi da eredua Danteren Jainko antzerkia dela, eta horretan egileak Virgiliorekin dituen elkarrizketak baina, nire uste apalean, hori ukatu gabe zehatzagoa da esatea XVI. mendetik aurrera Erasmo Rotterdamgoak berriz ere modan jartzen duen baliabide estiliskoa dela, haren eragina autore kristauen artean oso berandu arte iristen delarik. Mogelen Peru Abarka, adibidez, horrela dago idatzia, eta ez kasualitatez: Mogel apaiz katolikoa zen, asmo didaktiko eta politiko nabarmen batez idazten zuena. Baina Europako literaturan, XIX. mendetik aurrera bakan ikusiko dugu, batere ikusten bada: eleberria modernoaren teknikak guztiz bestelakoak ziren, eta horiek XVII. mendetik badatoz ere, XIX. mendera arte ez dira erabat nagusitzen: XIX. mendea da eleberriaren mendea, ezaguna denez. Bada, gure Orixe hortik oso urrun dabil 1950ean, Erasmo Rotterdamgoaren konpainian oraindik.

Interesgarriena, dudarik gabe, lehen bost ataletan dago, bi arrazoirengatik: batetik, gaiaren aldetik nagusiki autobiografikoa da (eta Orixeren bizitza ez da interesik gabea!) eta bestetik, estilistikoki oso bitxia eta berrizalea suertatzen da gure autorearen hautua: arrebarekin hizketan ari denez gero, errealismoaen amoreagatik elkarrizketa horiek ahalik eta egiazkotasun handienez idaztea aukeratzen da, alegia, hitanoa erabiliz, bai gizonezkoa (arrebak) zein emakumezkoa (berak). Hitanoaren erabilera hori, dena den, hautu zabalago baten erpina besterik ez da, alegia, liburuaren lehen zati honetan Orixek herrikoitasunaren karta jokatzea deliberatzen du, bai gaiaren aldetik zein estilistikoki eta, ondorioz, emakumeen hitanoa erabiltzea rien-ne-va-plus moduko bat da: apostua egina dago eta ezinezkoa da gehiago igotzea. Ezin da herrizaleago izan.

Emakumezkoen hitano hori da, ziur aski, gure begietan agertzen den elementurik deigarriena; izan ere, gaur egungo euskaldunen artean, giro urbanoan bizi direnetatik nor da hitanoa erabiltzen duena? Areago, nor da emakumeen hitanoa inoiz entzun duenik? Galdera modu oraindik erradikalago baten egin daiteke, alegia, irakurle maiteok, zuetatik nork entzun dio inoiz inori emakumezkoen hikan berbetan? Eta ez naiz bakarrik ari Donostiako euskaldun urbanoez eta antzekoez, aitzitik, Gipuzkoako herri nagusietan bertan, noiz entzun diozue inori emakumezkoen hitanoan berbetan? Baserriko sustraia duzuenok (zuek, eta zuek bakarrik) agian amama zaharrari inoiz edo beste, batez ere bere adineko emakumezkoekin hizketan eta jende askorik ez dagoenean tartean. Eta kitto, hori da emakumezkoen hitanoaren erabilera erreala gaur egun: giro erruralak alde batera utzita, zero, edo ia-ia zero. Eta giro erruralak, gaur egun, oso-oso marginalak dira Euskal Herrian. Ondorioz, ez da batere arraroa gure moduko urbanita batek (hau irakurtzen ari zareten guztiz gehienok zarete kalekumeak, ni bezala) lilura berezi bat sentitzea Orixeren testu hori irakurtzean, eta bere buruari esatea: hau bai dela egiazko euskaldun baten mintzoa! Eta gure bihotz euskaltzalea pozez eta atseginez betetzen da.

Arazo bat dago, ordea: euskara zoragarri horren atzean dagoen mundua ez da gurea, ezta hurrik eman ere, baizik eta pasa den mende hasierako euskal baserritarren mundua. Eta mundu hori, Orixeren begietan (eta berriz ere azpimarratuko dut: Orixeren begietan) bi ardatz nagusiren gainean mugitzen da: lana eta fedea, edo beste hitzez esanda, baserria eta eliza. Txillardegik inork baino argiago eta erradikalago ikusi zuen: mundu hori zoragarria izan zitekeen, apika, baina guri ez digu balio. Mitxelenak oso-oso antzeko gauza esan zuen bere aforismo ospetsu horietako batean, adierazi zuenean Xenpelarrek berak baino askoz ere euskara gehiago eta hobea zekiela, baina Xenpelarren euskarak berari jada ez ziola balio.

Adibide bereziki argi bat jarriko dugu: bigarren kapituluan elkarrizketa aingeruez hitz egitera lerratzen da (“Argi-erri” atala), badakizue, Teologia kristauaren arabera bataiatu guztiok badugu aingeru jagole bat, etengabe laguntzen gaituena; arreba mojak anaia jakintsuari galdetzen dio ea aingeru horiek gurekin ote dauden mundu honetan, hots, gure aldamenean ote dauden beti. Hau da erantzuna:

N.– Dana dala, Aingeruak emen arkitzen dirala millaka, zeruan dauden berberak, alegia, Liburu Santuetan irakurtzen diñagu. Belengo artzaieri agertu zitzaizkiela yakiña dun (Lc. II, 13); Zakarias apaizari agertu zitzaiola ere bai, lurrinketan ari zela, aldarean (Lc. I, 11). Baru-mendian Yesukristori serbitzen ari zirela ere bai, deabruak andik aldegin zunean (Mc. I, 13). Meza Nagusian, lurrinketakoan, Yondoni Mikel Aingerua aldare eskuiñean esan oi yun apaizak; Sagara ondoan Aingeru bati agintzen zaion, opari ua eraman dezala Yainkoaren zeruko aldarera. Illobia bedeinkatzen dutenean, ango Aingeru Begiralea aipatzen yunate.

Ez al yunat arrazoirik aski, zerua emen ere badagola, aldez aldez beñipein esateko?” (55. or.)

Alegia, bai, aingeruak gurekin daude etengabe, gure ondoan, gure aldamenean. Zerua bera ere hemen dago gurekin, mundu honekin batera nahastatuta, gure begiekin ikusten ez badugu ere. Infernua bera beste horrenbeste, gurekin dago. Izan ere, Orixerentzat, sakratuaren eta profanoaren arteko mugak ez dira gaur egun arrunki kontsideratzen direnak, aitzitik, mundu berean dago nahastuta sakratua eta profanoa, mundu lurtarra eta santuen eta aingeruen mundu zerutarra. Eta deabruena baita ere, testua irakurtzen segitzen baduzu laster ikusiko duzun bezala. Mundu hori, euskal baserritarren mundu mitiko horren azken aztarnak zehatz-mehatz esanda, da Jose Migel Barandiaranek gerra aurretik ikertu eta ondoren Euskal Mitologia bezala aurkeztu ziguna; Orixeren eta Barandiaranen artean dagoen alde nagusia da ataundarrak antropologo baten begiekin bildu eta deskribatu zuela eta Orixek, ordea, osorik kristautu zuela (santuak, aingeruak eta deabruak dira euskal baserritar xumeei agertzen zaizkienak, eta ez Mari, lamiak edo Anbotoko señoria) eta, kristautu ondoren, dotrina kristau gisa aurkeztu zigula Quito-n arrebarekin saiakeran edo beste hainbat lanetan. Azken aipu bat egingo dugu:

D.– Arkitu ote litezke une berean guregan Aingeru ona eta gaiztoa?

N.– Ez uke arrigarri; baña naiago diñat txandaka iduritaratzea, batak edo besteak eragiten gaituenean. Alaxe Yesus Bera ere txandaka artu ziñatenan: aingeru gaiztoak zirika, ta, arek aldegin zunean, Aingeru askok agurka. Egon ere batean zeuden guregan, anima ta Yainkoa nastu gabe. Zergatik ez litezken egon bi aingeru oiek ere? Norbaitek esan yun, eta ez edozeiñek, gorputz bakarrean deabru-talde osoa zegola. Norbatit berorrek dionez, gagaki bakoitzak gorputz osoa artzen omen yun; ortaz, ez dun belarri-mingarri, une berean guregan aski argi ditezkela aitortzea.! (57. or.)

Horra, gure aldamenean daramatzagu beti aingeru bat eta deabru bat, bata zirika, bestea gure salbamenaz arduratuta. Baina ze mundu da hori? Bada, euskal mundu errural tradizionala, Barandiaranek (beste batzuen artean) bere liburuetan deskribatu zuena eta gaur egun, adibidez, erosotasun osoz zinema aretoetan ikusi daitekeena Errementari pelikula ikusteko sarrera ordainduta. Bai, Errementari-n ikusten den mundua da Orixeren mundu bera, gure Orixek ederki asko ezagutzen zuena, horretan jaio eta bizi izandakoa baitzen seminariora joan zen arte. Mundu hori zen bihotzean eraman zuena betiko, Donostian, Bilbon, Baionan, Quiton edo Guatemalan. Berarentzat hori zen egiazki euskalduna zen mundu bakarra. Eta guztiz eta baldintzagabeki maite zuen, gorputz, arima eta odol. Maitasun hori da bere obra literarioan transmititu nahi diguna. Maitasun hori, hain zuzen ere, da bere obra bitxi eta garaiz kanpoko hori salbatu eta euskal literaturaren urrezko orrietara pasarazten duena. Maitasun hori, eta ez bere fede katoliko gartsua, guretzat hain urruna.

Errementari pelikulako irudia

IV

Liburuaren pasarte bakarra iruzkindu dugu (“Argi-erri”) eta baliabide estilistiko bakar batean pausatu gara (emakumeen hitanoaren erabilera). Baina liburua aberatsa da eta irakurle saiatuak askoz ere gauza gehiago aurkituko ditu erraz, baita ere oso interesgarriak.

Adibidez, IV. kapituluan Orixek Gerra Zibilean pasatu zuen odisea pertsonal latza kontatzen dio arrebari, eta hausnarketa benetan baliogarriak egiten ditu gerra horretaz eta orduko Euskal Herriaz (bereziki Nafarroaz, Uitzi Nafarroan baitago eta Orixe, funtsean, nafarra baitzen, jaiolekuaren anekdota gorabehera).

Baina berehala, V. kapituluan, beste gai bat jorratzera doa, alegia, non daude bataiatu gabe hildako umeen arimak: Infernuan? Purgatorioan? Zein baldintzatan daude? Sufritzen dute? Justua ote da hori? Etab. Gaia ezinago urruna begitanduko zaie lerro hauek irakurtzeko lana hartzen duten guztiz gehienei. Adi! Zuretzat izango da gai urruna, bitxia eta interesgabea, baina pasa den mende hasierako euskaldunentzat? Bereziki emakumeentzat. Izan ere, zenbat ume ez ziren hiltzen orduan! Eta nora zihoazen ume horien guztien arimak? Zuek uste duzue gai hori interes gabekoa zela orduko euskaldun fededunentzat? Ez ziela barrena eragiten barru-barruraino?

Bada, gai horretatik abiatuta kontatzen du gerra garaiko Baionan, Darwinen eboluzionismoari buruzko hitzaldi batzuk zirela-eta, berak Iparraldeko apaizekin izandako eztabaidak. Kepa Altonagak behin baino gehiago jorratu du gaia, maisuki, ohi duen gisan, eta ez ditut berriz ere hona ekarriko, hau esateko ez bada: irakurri ezazue Orixeren bertsioa zuzenean, eta beharbada gaiaren alderdi ezazagun batzuk topatuko dituzue. Adibidez, hau: Lafitte bezalako apaiz frantses bat modernoegia, aurrerazaleegia eta, finean, susmagarria zen Orixe bezala seminario espainoletan formatutako katoliko integrista batentzat. Bai, Lafitte hori, beti sotanaz eta txapelaz jantzita ikusi izan dugun euskal apaiz tradizionalaren irudi paradigmatiko hori. Bada, guretzat, ziur, aski, Euskal Herri tradizionala ezin hobeki irudikatzen duten apaiz horiek (Lafitte, Barandiaran, Villasante…) susmagarriak ziren Orixerentzat, modernoegiak.

Hori oso ondo ikusten da VI. kapitulutik aurrera. Arreba ez da guztiz desagertzen, baina protagonismo eta zentralitate ia osoa galtzen du pertsonaia berri baten eretzean, Elias profeta, aldian-aldian Orixeri agertu eta berarekin hizketan hasten dena, hala nola Virgilio poeta azaldu zitzaion Danteri Jainko Antzerkian. Baliabide estilistikoan aldatu egiten dira eta estiloa, herrikoia izateari utzi gabe, nolabait jasoagoa bihurtzen da (besteak beste hitanoa ia guztiz desagertzen da). Gaia ere askoz ere doktrinalagoa da hortik aurrera, eta askoz ere konexio urrunagoa du baserritarren munduarekin (Barandiaranen hitzekin esateko, El mundo de la mente popular vasca = Mundua Euskal Erriaren gogoan, 1960-1962). Gaia, hortik aurrera, Mistika katolikoa da, eta erreferentzia guztiak XVI edo XVII. mendekoak (berandu bezala), alegia, Santa Teresa Avilakoa, San Joan Gurutzekoa, etab.

Bi hitzetan esanda, hau litzateke Orixeren bilakaera, Quito-n arrebarekin liburuan agertzen den bezala: bere umetako mundu erruralari zerion fede ia-ia animista horretatik, XVI-XVII. mendeko Mistika katolikora. Hitz ezagun batzuetan esateko: Jaungoikoa eta Lege Zaharra. Hori zen Orixeren Euskal Herria.

Eta hala ere, irakurle, biziki gomendatzen dizut irakurtzen segitzea. Izan ere, Orixe euskararen maisu bat da, dudarik gabe, beti aipatzen den bere anarkia gramatikal eta lexikala gorabehera.

Anarkia horretaz berehala konturatuko zara, urrunago joan gabe, haren adizkiei begiratuta: benetan horrela hitz egiten zuen bere arrebarekin? Horrelako adizkiak hain modu anarkikoan erabilita? Hala hori ere baliabide estilistiko bat zen funtsean, euskararen sublimazio bat?

Gai horiek eta beste asko ederki haztatzeko, hortxe dituzu Orixeren azterketa klasikoak: Mitxelena, Azurmendi, Iztueta, Altuna, Gartzia Trujillo… Lehen hurbilpen baterako, Paulo Iztuetak Auñamendi entziklopedian idatzitakoa oso egokia izan daiteke (hemen). Baina, beste ezeren aurretik, irakurri liburu hau. Merezi du eta ez zaizu damutuko.

Txillardegi (Wikipedia)

V

Azken hitza, euskara batuari buruz.

Orixe maisu bat da euskal literaturan eta oso komenigarria da euskaraz ondo hitz egin edo idatzi nahi duen batek haren obraren ezagutza ahalik eta zabalena izatea. Baina haren mundua ez da gurea eta hark euskara salbatzeko irudikatzen zuen proiektua kale itsu bat zen, dudarik gabe euskara heriotzara eramango zuena. Txillardegik arrazoi zuen. Hortaz konturatzeko nahikoa da Errementari pelikula ikustea: pentsatzen ote du inork XXI. mendeko euskaldunak pelikula horretan agertzen direnak bezalakoak garela? Horiek direla egiazko euskaldun bakarrak? Zer gara gu, orduan?

Euskara batua da euskara urbanoa, gai dena mundu hori berpizteko, baina birkreazio gisa, hots, literatur-gai bezala, hala nola pelikula horretan edo Bernardo Atxagaren Obabakoak bilduman. Maitasunez beti, mundu horretatik baikatoz guztiok neurri handiago edo txikiago batean eta, gainera, zergatik uka, mundu hori, bere horretan, zoragarria baita. Baina gogotik kendu gabe Orixeren anarkia gramatikala eta euskara batuari zion mesfidantza, adibidez, mundu urbanoarekiko zeukan uzkurtasunaren ondorioa besterik ez direla. Biak, bai bata zein bestea.

Iruzkinak (5)

    • Iruzkin ederra Pruden. Eskertzekoa da, gainera, Orixe eta Txillardegi arteko kontrastea egitean bien artean manikeismorik ez egitea. Horren ordez bataren zein bestearen ekarpenak eta ikuspegiak beren bizi-ibilbide pertsonalean egoki kontestualizatuta ageri dira.

      Bada kontu txiki bat, ordea, matizatu beharrekoa agian. Diozu Orixeren obrak, funtsean, baserritarren herri gogoa eta XVI-XVII. mendeko mistika katolikoa uztartzen dituela, eta Orixe ez dela korronte berriagoetara iristen. Orixeren literatura hori litzateke: egileak egindako ibilbidearen isla, umetako baserri pobre eta elizkoi batetik seminarioko fede eta ikasketa tradizionalistetara, mundu modernotik urrun beti ere. Interpretazio horren muinarekin bat etorrita ere, bada zerbait bitxia hor. XVI mendetik (edo lehenagotik), asko izan ziren baserri pobreetatik seminario tradizionalistetara joan ziren euskaldunak, baina horiek ez zituzten Orixeren heineko euskarazko lanak idatzi (ez kopuruz, ez forma aldetik). Nahi baduzu Orixeren kosmobisio bereko lanak idatzi zituzten, baina literarioki askoz maila apalagokoak eta praktikoagoak (doktrinak, sermoiak, santuen bizitzak, asko jota Axularrena bezalako aszetika libururen bat, edo Peru Abarka moduko bat…). Galdera da: zergatik “Quiton arrebarekin” moduko lan bat (edo “Barne-muinetan” olerki erlijiosoen heineko lan bat), adibidez, ez zen agertu, ez dut esango XVI. mendean, baina demagun XVIIean, edo XVIIIean, edo XIXan? Izan ere, hiru mende horietan zehar, zuk diozun bezala, Erasmo Rotterdamgoaren eredu estilistikoak, zein Santa Teresa Avilakoa eta San Joan Gurutzekoa modukoak, eskura zeuden. Baita Orixeren soziologia bereko euskal elizgizonak ere. Baina XVII-XIX artean ez zen Orixerik agertu. Zergatik?

      Erantzun posible bat izan liteke pertsonalista: ez zelako suertatu Orixeren “jeinuko” inor jaiotzerik lehenago. Baina nik uste dut arrazoi nagusia kontestuala dela: Orixe, ez zen osoki Antzinako Erregimeneko gizon bat. Antzinako Erregimeneko munduaren elementu asko izanik ere, eta iraganeko mundu hori maite bazuen ere, bera mundu modernoaren testuinguruan hazi zen. Mundu moderno horren parte dira, adibidez, Erromantizismoa (“Euskaldunak” epopeia nazionala ezin sortuko zen eredu erromantikoen eraginik gabe), euskal mugimendu abertzalea (euskara gauza “ez praktikoetan” erabiltzea bultzatu zuena, adibidez literaturan), eta abar. Orixek eta bere obrak eragin moderno horiek ere bazituen. Nahiz berak mundu modernoa (hiria, industria, ideologia berriak…) arbuiatu, bera ere mundu modernoaren seme zen. Ez Txillardegi bezain modernoa, bistan da, baina, bere modura, bera ere mundu modernoaren semea.

      • txoroen-untzia
        txoroen-untzia says:

        Mila esker zuri ere, Jurgi!

        Eta beste ezer erantsi aurretik: arazoak daude blogean erantzunak onartzeko, beharbada zerikusia du orriaren itxura-aldaketarekin. Saiatuko naiz hori konpontzen; bitartean, barkatu endredoak!

        Eta zure iruzkinera joz: galdera baldin bada zergatik XVI. mendean ez zen Orixe bezalako euskal idazlerik agertu? Erantzuna uste dut erraza dela: Orixe ez zen XVI. mendean bizi, baizik eta berak XVI. mendeaz egiten zuen birkreazio batean. Berriz diot, bera ez zen XVI. mendean bizi ez erlijioari dagokionez, ez euskal kulturari dagokionez ere.

        Alegia, Orixe XX. mendeko erreakzionari bat zen funtsean, eta ez dut gaia apenas ezagutzen, baina esango nuke Europa osoan egongo zela bera bezalako jendea garaitsu horretan (Espainian behintzat, asko zeuden). Alegia, Orixe ez bazen seminariora joan ikastera, eta ondoren Bilbora bizitzera eta lanera (zazpi bat urtez), eta gelditu izan balitz Uitziko baserrian, ez zuen ezer idatziko, ez euskaraz ez beste ezein hizkuntzatan.

        Zentzu horretan ados nago zurekin: Orixe ez zen osoki Antzinako Erregimeneko gizon bat. Areago, esango nuke politikoki modernoa zela: oker ez banago, inoiz ez zuen izan EAJko karnetik, baina oso garbi dago non zeuden bere sinpatia politikoak, eta horrek esan nahi du Orixek, funtsean, gizarte demokratiko-liberal bat sostengatuko zuela, hots, alderdi politikoak, hauteskundeak, parlamentua, pluralismo politikoa… eta ez euskal karlistek aldezten zuten diktadura moldeko erregimen bat, pluralismorik gabea. Hain zuzen ere Quito-n arrebarekin irakurriz oso garbi ikusten da zein urrun dagoen karlismotik.

        Baina nire iritzia da Orixe gai zela bere oinarrizko modernitate politiko-soziala konbinatzeko erreakzionarismo kultural nabari batekin. Konbinazio hori da bere ezaugarri nagusia. Ziur aski, eguneroko bizitzan Orixe aski urbanoa zen (intelektual bat zen funtsean, ez baserritar bat), baina bere oinarrizko bizitza urbano horren parte gisa erlijioaren eta euskaren sublimazio moduko bat jartzen zuen, guztiz erreakzionarioa. Konbinazio bitxi bat, apika, baina bere belaunaldiko euskaldun abertzale askorentzat guztiz naturala. Gaur egun bertan, oraindik ere mota horretako jende asko bizi da hemen.

        Eta ziur aski mundu zabalean ere asko eta asko dira eguneroko bizitza moderno urbano, arrunt eta bulgarra, erlijioaren (adibidez) sublimazio erreakzionario batekin konbinatzen dutenak. Enfin.

Utzi erantzuna txoroen-untzia(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude