AUSARDIAREN ETA ESKOLASTIKAREN ARTEAN

Pruden Gartzia, 2018ko uztaila

Goikoetxea, Jule, Demokraziaren pribatizazioa : Kapitalismo Globala. Europa eta Euskal Lurraldeak. Donostia: Elkar, 2017, 291 or.

Liburu honi iruzkin bat egitea konplikatua suertatzen ari zait. Alde batetik oso motibatuta sentitzen naiz, esaldi antologiko batzuk aurkitu dizkiot, inpresio ezin hobea eragin didatenak; bestetik, irakurri ahala batzutan aspertuta, galduta eta gogaituta sentitu naiz, aurrera jarraitzeko gogo barik. Eta, ororen buru, ez dut gai eta tankera honetako liburuak irakurtzeko ohitura handirik eta horrek inseguritatea sortzen dit: asmatuko ote dut ganorazko ezer esaten? Ez nuke berriz ere osorik irakurri behar iritzi sendoago bat emateko? Baina abuztuaren atean gaude eta orain idazten ez dudana ez dut inoiz ere idatziko, beraz, nire inpresioak ordenagailuan idatziko ditut, zerbaiterako balioko ote duten pentsatuz. Geroak erranen.

Liburuaren tesi zentrala, edo niri tesi zentrala iruditu zaidana, benetan ausarta da eta merezi du hona ekartzea eta haren gainean gogoeta bat egitea. Hauxe da:

“Ikerketak agertuko duen moduan, euskal nazionalismoaren eta nazionalismo espainolaren arteko konfrontazioa ez da bi nortasun nazionalen arteko konfrontazioa, baizik eta bi demokrazia proiektu dibergenteen arteko konfrontazioa.” (157. or.)

Zer, hasiko gara iruzkintzen?

Horrelakoetan ni beti Txillardegirekin gogoratzen naiz. Izan ere, gaur egun euskaraz idazten dugun guztiok, neurri handi batean, Txillardegiren umeak gara, beste modu batean esanda, Txillardegi hasi izan ez balitz huntaz eta hartaz euskaraz idazten gu ere ez ginatekeen euskaraz idazten hasiko; muturreko adibide bat jarrita, euskarari buruzko kontu lexiko-gramatikalei buruz ere gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez eztabaidatuko genuke, baina ez euskaraz, gaur egun naturaltasun osoz egiten den bezala. Bai, Txillardegi izan zen euskaraz edozertaz idazten erakutsi ziguna, eta idazten genuenaren edukiari erabateko lehentasuna ematen, euskara jatorraren gaineko hausnarketak bigarren edo hirugarren maila batera pasatuz edo guztiz ignoratuz, besterik gabe. Horregatik, zehatz-mehatz horregatik, da bera XX. mendeko euskal intelektualik garrantzitsuena, beste guztien gainetik.

Dena dela, Txillardegik, euskaraz idazteko deliberoarekin batera, mundu oso bat eman zigun jarauntsian pakete berean, erran nahi baita, erreferentzia kultural mordo bat naturaltasun osoz gure imajinario kolektiboan partekatzen ditugunak. Horietako bat, adibidez, hauxe: euskal abertzaletasunaren muina gure identitate nazionalean datza, eta identitate nazionala hizkuntzan, hots, euskaran, eta hori egia da bai euskaldunentzat zein munduko edozein nazionalismorentzat. Tesi hori, jakina, ez da Txillardegik asmatua, munduko (Europako?) leku askotan aurki daitekeena baizik (Humboldt izan ohi da haren gurasoetakotzat sarri aipatzen den autore bat, adibidez), baina gure artean, hots, euskaraz idazten eta irakurtzen dugunon artean, Txillardegik eman zion jite eta tankera zehatza izaten du eta guztiok, gehiago edo gutxiago, konpartitu ohi dugu funtsean, ia-ia konturatu gabe.

Bada, gauzak muturrera eramanda, orain arte guztiok konpartitzen genuen, baina hemendik aurrera ez: Jule Goikoetxeak guztiz bestelako iritzia du euskal abertzaletasunaz. Irakurri berriro goiko aipua eta hantxe ikasiko duzue euskal abertzaletasunaren muina ez dela hizkuntza, ezta identitatea ere (zabal hartuta), baizik eta “demokrazia proiektu” bat sortzeko nahia. Tori.

Jule Goikoetxea

Baina liburua luzea eta biziki konplexua da, gai asko eta asko tratatzen dituena, hemengoak eta mundukoak: demokrazia, globalizazioa, kapitalismoa, feminismoa, identitatea, ekonomia, lurraldetasuna, autonomia, legeak, familiaren egitura… buruz ateratzen zaizkidanak dira, liburua errepasatzen hasi barik. Izan ere, sarri askotan izan dudan inpresioa da entsalada errusiar bat irakurtzen ari nintzela, dozena batetik gora osagai dituena eta guztiak nahasian eskaintzen, ordena argirik gabe. Ez, ez da inpresio zuzena, liburua plangintza argi baten arabera idatzi da, baina ez da erraz atzematen, neuk behintzat ez. Baina geroago jardungo naiz horretaz.

Geroago, zeren orain niretzat zentrala den gaira itzuli nahi nuke: euskal abertzaletasunaren muina proiektu politiko demokratiko bat da, ez euskal identitatea. Ideia hori guztiz erakargarria eta berritzailea egin zait, eta horregatik bakarrik uste dut merezi duela liburua irakurtzea. Nire uste apalean, gainera, hori da benetako tesi zentrala eta beste guztia horren inguruan antolatzen da.

Ideia hori, jakina, ez da guztiz originala (ez dago guztiz originala den ideiarik inoiz ere ez, noski) baina esango nuke Goikoetxeak ematen dion jite zehatza guztiz berritzailea dela guretzat. Adibidez, orain arte ohituta geunden nazionalismo zibiko eta etnikoaren arteko dikotomiara, baina gure probintziotan ukase intelektual horrek izaten zuen helburu zuzena euskal abertzaletasunaren kondena eta arbuioa izaten zen, erabatekoa eta salbuespenik gabea. Adibideak, mila. Esango nuke hori dela, gainera, testuinguru intelektual hurbilaren (espainola, frantsesa, anglofonoa…) tonika nagusia: nazionalismo zibikoa aipatzen da nazionalismo etnikoa kondenatzeko edo, gutxienez, gaitzesteko. Gure artean, gainera, jende dexente dago urteen poderioz nazionalismo etnikotik zibikora pasatu dena, ondoren nazionalismo oro kondenatzeko; paraleloki, independentzia zaletasunetik autonomismora pasatu ohi dira, ondoren behin baino gehiagotan konstituzionalismo a-por-ellos-en amaitzeko; eta, interesgarriagoa dena orain eta hemen, prozesu hori pairatzen duten askok euskaraz idazteari uzten diote, edota gero eta gehiago gaztelaniaz idazten dituzte beren lanak, euskara modu marginal batean erabiliz. Joera orokor bati buruz ari naiz, jakina, kasuan kasu eboluzio pertsonal oso desberdinak izan ditzakeena, pertsona bakoitzak bere historia pertsonala duelako, baina, era berean, guztien artean joerak eta korronteak sortzen direlako. Ea, inork ez dezan esan harri bota eta eskua gordetzen dudala, Mario Onaindia (1948-2003) adibide argi bat izan daiteke. Beste asko ere aipa daitezke, baina ez da beharrezkoa.

Baina gurera itzuliz: Goikoetxeak planteatzen duena, nire uste apalean, oso urrun dago Onaindiak edo haren joera politiko eta intelektualeko jendeak planteatzen duenetik, hots, haren sustraia ez dago etnikotasunaren inolako kondenatan oinarritua. Gainera, Goikoetxea subiranista konbentzitua da; oker ez banago ez du “independentzia” zuzen eta esplizituki aipatzen, baina Euskal Herriaren subiranotasuna indar handiz azpimarratzen du behin eta berriro: bere argudioen ardatzetako bat da.

Beraz, Goikoetxearen posizioa oso bitxia eta berria da gure testuinguruan: subiranista konbentzitua, euskaraz idazten duena, baina euskara eta identitatea ia-ia aipatu ere egiten ez duena. Ez egidazue esan erakargarria ez denik.

Ez da gainera, bere originaltasun bakarra: nire harridura totalerako demokrazia parte hartzaile eta erradikal baten erreibindikazioa da bere argudioen muina (liburuaren izenburua aski argia da ildo horretan) baina, era berean, estatuaren eta egitura estatalen aldekoa da guztiz. Hots, demokrazia erradikal horren helburua estatuak sortzea eta indartzea da, estatu baten egituren indartzea (euskal estatua izan edo beste zeinahi) demokrazia baten berme nagusia delako. Bai, ondo irakurri duzue, estatu baten egituren indartzea demokraziaren berme nagusietako bat da bere ustetan. Gero, gaineratu behar da estatuen egiturak hain goraki eta sutsuki aipatzen dituenean Osasungintza publikoa edo Hezkuntza sistema bezalakoak direla sarrien aipatzen dituenak, eta polizia, armada eta segurtasuna-aparatuak, ordea, ez dituela aipatu ere egiten, edo neuk behintzat ez ditut gogoratzen. Dena dela, badirudi Goikoetxeak berdin gaitzesten dituela anarkistak, zein marxistak, sozialdemokratak edo liberalak (azken horien abaniko osoa esango nuke). Baina horrek beste azalpen osagarri bat behar du.

Zentzu estriko batean, Goikoetxea ez da inola ere iraultzaile bat: destainaz hartzen du Lenin (hura eta, bereziki, haren Estatua eta iraultza ziur aski bere pentsamenduaren antipodatan ikusten du), ez da marxista (nabarmenki), ignoratu egiten ditu anarkistak eta gogorki arbuitzen mota orotako liberalak (guztiak, esango nuke). Sozialdemokratei buruz zer pentsatzen duen ez dut oso argi: bere pentsamendua, printzipioz, korronte horren barruan kokatu beharko genuke, baina demokrazia erradikalari eta subiranotasunari ematen dion lehentasuna ez dator bat Europako sozialdemokraten praxi erreformista zuhur eta pattalarekin. Enfin, iraultzaile bat ez bada, eta ezta erreformista bat ere, zer da gure autorea? Horra liburua irakurri ahala behin eta berriro nire buruari egiten nion galdera.

Eta orain, justua izateko, Goikoetxearen pentsamenduaren azalpen sistematiko bati ekin beharko nioke, irakurlea bere harriduratik ateratzeko. Ez dut egingo, bi arrazoirengatik batez ere: batetik, gorago esan dudan bezala, bere liburua berriz ere osorik irakurri beharko nukeelako eta gaur eta hemen ez naiz horretarako indarrez sentitzen, eta bestetik hori eginik ere uste dudalako ez nukeela taxuzko laburpen bat egitea erdietsiko, alegia, gako gehiegi eskapatzen zaizkit bere azalpenetan haiek ulertutzat eta ondo ulertutzat emateko. Beraz, irakurle maitea, zuri uzten dizut lan hori, ekiozu beldur barik, interesgarria da eta tarteka aspertzen bazaitu ere, interes orokorra mantentzen du beti, eta batzuetan oso distiratsua da.

Oxfordeko Unibertsitatea (Entziklopedia Britanikoa)

Hala ere, ez nuke iruzkin hau amaitu nahi beste kontsiderazio orokor batzuk egin gabe, batez ere estiloari buruzkoak. Idazlea estiloa delako funtsean, harako hark (Flaubert? Proust?) esan zuen bezala.

Goikoetxea autore unibertsitario tipiko-tipikoa da. Zientzia Politikoetako irakaslea da Leioan (EHU) eta, dirudienez, liburu hau, funtsean, bere doktorego-tesiaren bertsio bat da. Hortaz gain, Oxford-en eta Cambridge-en ikasi du (bai, bietan) eta gainera biekin harreman akademikoetan segitzen du. Alegia, nazioarte mailan guztiz ondo kokaturiko irakasle unibertsitarioa da. Eta horrek guztiak eragin handia du bere liburuan, onerako eta txarrerako. Bietarako.

Onerako, ezagutza akademiko zabal-zabalak erakusten dituelako behin eta berriro, eta lehen ez bezala (hots, nire belaunaldiko jendearen kasuan arruntena zen bezala), ezagutza horiek ez direlako Madrildik pasatzen, ezta Parisetik ere, baizik eta zuzenean konektatzen dutelako mundu akademiko anglofonoaren goi estratu mundialarekin (Oxford eta Cambridge dira munduko unibertsitateen rankingetan beti lehen hiruzapalau postuetan agertzen direnak). Eta nabaria da: Goikoetxea lotsagabe hutsa da akademikoki, ausardia handiz idazten du edozertaz, ez da uzkur bere iritzi pertsonala argi eta garbi emateko eta ez da beldur iritzi horrek talka egiten badu munduko mainstream akademiko edo politikoarekin. Hain juxtu ere hori da liburu honetan gehien eskertzen den gauzetako bat, egilearen ezagutza zabala eta, aldi berean, haren lotsagabekeria akademikoa bere iritzia erdipurdikeriarik eta zurikeriarik gabe emateko. Gauza biak, ziur aski, goi mailako mundu akademiko anglofonoarekiko kontaktu erraz eta jarraiari zor dizkio.

Baina, nazioarteko harreman horrek badu ere alderdi txarrik. Lehena, liburua euskaraz dago, euskara ederrean idatzita, baina ia-ia ez du euskal erreferentziarik. Bai, badakit batzuentzat hau bigarren mailako arazoa dela edo, beste barik, gure probintzianismo endemikoaren erakusgarri bat, baina nire iritzia da, hain juxtu ere, euskaldunentzat idazten duenak (hots, euskaraz idazten duenak) kontuan hartu behar dituela inguruko erreferentziak eta bereziki zaindu euskaraz dauden testuak.

Adibide pare bat jarrita, ez dakit zentzurik daukan Marxen Kapitala alemanez aipatzea bibliografian eta Alderdi Komunistaren Manifestua ingelesez; ez dirudi oso egiantzekoa pentsatzea lehena alemanez irakurri duenik (zergatik aipatu horrela orduan?) eta bigarrenaren hiru edizio moderno daude euskaraz, edonoren eskura (gehiago ere badira, zaharragoak). Antzeko beste bizpahiru kasu ere aipa daitezke, euskal testua eskura egonik gaztelaniaz edo ingelesez aipatzea hobesten delarik, baina hori baino gehiago esango nuke euskarazko testuen gabezia ia totala dela deigarriena testuan zehar eta liburuaren amaierako bibliografian. Enfin, badirudi euskaldunei buruz idazteko ez dela beharrezkoa euskarazko ezer irakurtzea, ezta autoreak bere liburua euskaraz ematen duenean ere! Eskizofrenia hori oso zabaldua egon da eta dago gaztelaniaz idazten duten Euskal Herriko autoreen artean (batzuk euskara ezagutzeko beharrik ere ez dute inoiz sentitu) baina euskaraz idazten dutenen artean ere ikusita (adibidez liburu honetan) oraindik mingarriago suertatzen da. Niri behintzat mingarri egiten zait, beste kontsiderazio batzuk (beste asko ere egin daitezke) alde batera utzita. Utzi dezadan hemen, larregi berotu barik.

Baina bada bigarren puntu bat ere aipatu beharrekoa. Esan dut gorago Goikoetxea, akademikoki, lotsagabe hutsa dela (eta hori bereziki goraipagarria begitantzen zait) baina orain gaineratu behar dut lotsagabekeria horrek hala ere ez duela libratu pedantekeria akademikotik: liburu osoa aipu eta erreferentziaz josita dago (normalki parentesi artean emanak, anglofonoek ohi duten gisan) doktorego-tesi bat edo artikulu akademiko bat balitz bezala. Eta ez da, edo ez du izan nahi behintzat.

Baina argi dezadan apur bat gehiago kontua. Ezaguna da zein den gaur egun mundu unibertsitarioaren izurri nagusietako bat: aipuen rankinga (citations). Alegia, karrera akademikoa balioesteko erabiltzen den sistema arruntenetako bat (nagusia?) norberaren aipuen kontaketa da, eta hortik paranoia asko sortzen da (paranoia oso errealak, jakina): nork aipatzen zaituen eta zenbat aldiz. Nik neuk batzuetan apaiz katolikoen konfesatze-teknika klasikoarekin konparatu ohi dut sistema: zenbat aldiz egin duzu, seme? Kopurua inportantea baita. Bada, mundu akademikoan sistema horrek ondorio suntsitzaileak izan ditu, irakasle guztiek erraietaraino barneratu baitute ezinezkoa dela bi lerro idaztea tartean hiru aipu sartu gabe (citations): aipa itzazu urlia eta sandia, eta beraiek ere aipatuko zaituzte. Eta abar. Oso astuna da artikulu akademiko edo tesi batean (non eta zentzurik baduen, hala ere), pedantea eta insoportablea saiakera batean, bereziki neurriz gain praktikatzen bada, kasu honetan bezala.

Zentzu horretan, liburu hau astuna suertatzen da. Baina ez erreferentzien ugaritasun hutsagatik, hortaz gain badago beste faktore bat baita ere kontuan hartu beharrekoa, alegia, irakurri ahala inpresioa izan dut egilea bere kolega unibertsitario oxford-cambridgetarrentzat ari zela idazten, ez ni bezalako batentzat. Berriz diot, ez bakarrik aipuen gehiegizko ugaritasunagatik, baizik eta arazoak eta argudioak emateko estiloagatik: batzuetan badirudi testua zirkulu iniziatiko jakin baten ardurapekoak diren arazoen eta erreferentzien guduketa dialektiko baten narrazio bihurtzen dela; eta barka gordinkeria, baina hori besterik ez da liburua hainbat pasartetan. Hitz gogor bat erabilita, eskolastika bat, mundu unibertsitarioko nazioarteko mintegietan parte hartzen duten scholar-entzat idatzia, barruko kontsumo endogenorako. Elite unibertsitario baten mundua eta arazoak, funtsean, mundu arruntaren gorabeheretatik at.

Cambridgeko Unibertsitatea (Magdalene College)

Eskolastika bat, hortaz? Ez da hitz gogorregia? Liburua euskaraz dago eta parte askotan oso distiratsua, direktoa eta lotsagabea da. Eta demokrazia erradikala erreibindikatzea da bere ageriko asmoa, testuan zehar behin eta berriro mailukatua. Euskal Herria, gainera, arazo zentrala da eta autorea ez da batere elitista bere proposamen politikoetan, kontrakoa baizik. Hortaz?

Jule Goikoetxea euskal komunitate intelektual txikian duela gutxi distiratzen hasi den autore bat da. Oso distiratsua da, nabarmen, eta arrazoi onak daude horretarako. Baina esango nuke onenak emateko dagoela oraindik. Bereziki, eskolastika unibertsitariotik hastantzea, edo hura soilik leku eta tenore egokietan erabiltzea, izan daiteke bere benetako neurria emateko bidea. Euskarazko saiakera bat idazteko ez da nahikoa euskara ederki menperatzea eta ezagutza akademiko zabalak izatea, hortaz gain euskaldun irakurleengan ere pentsatu behar da.

Ondo esanak hartu, gaizki esanak barkatu.

OHARRA: Iruzkina argitaratu ondoren jakin dut akats bat dagoela: Jule Goikoetxea Berlinen egona da bizitzen eta ikasten eta Marxen Kapitala jatorrizkoan irakurri zuen, alegia, alemanez. Nahigabeko errua izan da eta barkatzeko eskatzen diot hemendik.

Orobat, iruzkina berrirakurrita bada zuzenduko nukeen hitz bat: ez nuke esango Goikoetxeak Lenin “destainaz” hartzen duela (ikasia den inork, ezker edo eskuin, ez du Lenin destainaz hartzen), zehatzagoa litzateke esatea “zeharka begiratzen diola”, adibidez, edo “mesfidantzaz” ikusten duela. Nire ustez beti, jakina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude