VENEZIA, AMSTERDAM, BILBO

Pruden Gartzia, 2018ko ekaina

Burke, Peter, Venice and Amsterdam: A Study of Seventeenth-Century Elites, second edition, Polity Press, [1994], 170 or.

Iruzkin honen izenburua Kirmen Uriberen eleberri batetik hartua dirudi, baina zerikusi gutxi du literaturarekin: berriz ere Historiako liburu bat da iruzkintzeko hautatu dudana. Errazagoak direlako, funtsean. Zeren zaila da eleberri bati buruz ganorazko ezer esatea. Bizitza, mundua, jendea… bere horretan jasotzea izaten dute helburu, Kunderak ederki esplikatzen zuen bezala, eta horregatik dira giza pentsamenduaren produkzio gorenak (poesia eta antzerkiarekin batera, jakina). Historiako liburu batek, ordea, zer esan dezake, gehinez ere, gure herriaren historiaz? Pintzelkada solte batzuk, besterik ez, beti zurtzak eta sakabanatuak. Hala ere, batzuetan, pintzelkada horiek paisaje bat osatzeko beste ematen dute, mundu oso baten zantzu lausoa, baina bizia. Liburu honetan, adibidez.

Peter Burke historialari ingeles bat da, oso erreferentziala, alegia, autoritate nabarmen horietako bat, jende guztiak errespetuz aipatzen duena. Asko idatzi du, baina esango nuke bere lanik ezagunena dela Popular Culture in Early Modern Europe (1978); nik gaztelaniaz irakurri nuen eta bere garaian iruzkin laudagarri bat egin nion Uztaron, beraz, ez da beharrezkoa berriz ere horretan luzatzea (nahi duenak irakur dezake hemen). Zerbait esatea, dena den ezinbestekoa da: Burke europar izena merezi duen historialari gutxi horietakoa da, alegia, bere ikerketen markoa, itxura batera ia beti, Europa da bere osotasunean, ez eskualde/herrialde zehatz bat. Eta bere osotasunean diodanean, benetako osotasunaz ari naiz, ez Ingalaterra-Frantzia-Alemania (eta, onenean, Italia) osatzen duten hiper-Europa horretaz. Horrek, jakina, ezagutza benetan entziklopediko bat eskatzen du eta, horrekin batera, espiritu zabaltasun egiazko bat herri handien aldamenean (menpean, sarri) bizi diren herri txiki horiek guztiak ere aintzat hartzeko.

Euskaldunak, adibidez, horietakoak gara. Zeren, egiazki, Europako ehun herri txikien artean bat gehiago besterik ez gara, txikienetako bat, hori bai, baina ezta bereziki txikiak edo ñimiñoak ere; orobat, ez oso garrantzitsuak, baina ezta bereziki garrantzigabekoak ere; edo, laburbilduz, ez bereziki ezer, jaun-andreok, bat gehiago eta, ziur aski, ez bereziki aipagarriak inolako zentzutan, eta besterik ez. Esango nuke, gainera, Burkek ez gaituela ia-ia ezagutzen (bere lanaren parte txiki bat baino ezagutzen ez badut ere, ez dago arrazoirik pentsatzeko gutaz arduratu izan denik). Baina Europan herri txikiak ere kontuan hartzeak berak ondorio onuragarriak ditu guretzat ere zeren, behingoz, badugu norekin alderatu, neurtu, konparatu, eta abar. Hau da, historialari tradizionalen liburuetan ez bezala, Burkerenetan bagara nor, edo norbait izatera irits gaitezke behintzat, gure moduko beste batzuk bezala.

Esku artean dugun liburua horren adibide nabarmen bat da. Izatez, Historia Konparatiboa deitu daitekeen zerbaiten barruan kokatu beharko genuke, halakorik zinez balego. Alegia, helburua ez da lurralde zehatz bati lotutako gizartea (edo gizartearen zati bat) ikertzea, baizik eta bi lurralde hautaturik, beraien arteko konparaketa sistematiko bat egitea, pentsaturik erkaketa horrek berak, berez, argia emango digula gizarte bien Historiaz. Kasu honetan bi hiri hautatu dira, Venezia eta Amsterdam, eta horien barruan gizartearen zati bat zehazki definitu: hiriaren elite gidaria, hots, nobleak eta aberatsak, hiria gobernatzen dutenak.

Ez da liburu luzea, bederatzi kapitulu guztira, 170 orrialde. Esku arinez idatzia dago, tesiak beti argi paratuz eta ondoren adibide argigarriak (frogagarriak) aipatuz eta erantsiz. Eta kapituluz kapitulu Veneziaren eta Amsterdamen eliteen ezaugarriak zehazki eta sistematikoki deskribatu ondoren, azken kapituluan ondorio txundigarri batzuk aurkezten dizkigu liburu hau idaztean argitu nahi izan duen problema zentralari buruz. Aipu bat egingo dugu:

“So, in pre-industrial Europe a successful bourgeois would tend to turn into a nobleman, or his son or grandson would do so. It is not difficult to illustrate this process from the history of England, France or Spain in the sixteenth and seventeenth centuries. Merchants would buy land, acquire titles and then leave the trade. From this point of view, what is surprising is not the shift but the fact that it was delayed so long in both Venice and Amsterdam. To explain this delay one might note that both cities were located in republics, where there were no kings with court nobilities to imitate, and also that both cities were far away from good land, so that the two cities were almost forced into more productive investments. These obstacles could only delay the shift. They could not prevent it altogether.” (135. or.)

Alegia, hamasei eta hamazazpigarren mendean Europako leku askotan (guztietan?) badira egundoko aberastasuna biltzen duten merkatariak, baina salbuespenik gabe beren anbizioa izaten da merkatari izateari uztea eta noble bilakatzea (eta lurjabetzak emandako errentetatik bizitzea, merkataritzatik bizi ordez). Burkeren arabera, badirudi hori Europa guztian gertatzen dela; hain zuzen ere berak argitu nahi duena da zergatik leku konkretu batzuetan, Venezia edo Amsterdam, kasu, prozesu hori leku gehienetan baino beranduago gertatzen den. Hau da, zergatik bi errepublika horietako merkatari aberatsek segitu zuten espiritu eta jarduera burgesari (hots, merkataritzari) atxikiak hain denbora luzez, lurjabeak bihurtu eta errentista nobleak bilakatu beharrean, beste leku askotan normala zen bezala?

Peter Burke (Wikipedia)

Burkeren planteamendua, egia esanda, benetan argia eta, aldi berean, ausarta da, inplizituki jakintzat ematen baitu kapitalismorantzako trantsitzioa, Europan, ez zela XIX. mendera arte gertatu, zeren ordura arte kapital komertzialak eragiten zuen merkatari aberatsen multzo berriak inoiz ez baitzuen klase burges berri bat osatu (hitzaren adiera marxistean), aitzitik, aberats berri baten ametsa beti zen bera (edo bere seme-alabak, edo gutxienez ilobak) merkatari burges izateari uztea eta noble bihurtzea. Eta hori ez soilik Frantzia edo Espainia bezalako monarkia absolutuetan, baizik eta kapitalismoaren sehaska klasikotzat hartuak izan diren Ingalaterra, Holanda edo Venezia bezalako lekuetan, ekonomikoki bereziki garatuak. Beste hitz batzuetan, Venezia edo Amsterdam gobernatzen zuten elite aberatsek inoiz ez zuten osatu klase kapitalista bat, kontzeptuaren adiera osoan, beren asmo nagusia beti izan zelako noblezian ingresatzea. Gehienez ere galde daiteke prozesu hori zergatik berandutu zen beste leku batzuen aldean (“In short, it seems as though the change from entrepreneur attitudes to rentier attitudes was a general one in both elites. In Venice it took place about 1630, and in Amsterdam towards 1700—in each case the shift should be dated later than has usually been costumary”, 134. or.).

Espainiaren historia apur bat ezagutzen duen edonorentzat planteamendu hau oso ausarta da, topikoa baita esatea Espainiaren historiaren bitxitasunik handiena honetan datzala: Amerikako aurkikundeak ekarri zuen aberastasun itzelak ez zuen sortu klase burges berri bat, denboraren poderioz ahaldundu eta botere politikoa eskuratzeko noblezia zaharrarekin lehiatuko zena, zeren eta, batetik, gutxi izan ziren merkatari espainol aberats berriak eta, bestetik, gutxi horien ametsa ere beti zen harik eta agudoen merkatari izateari uztea eta (ezkontzaz, arrunki) noble bihurtzea. Alegia, espainolen ametsa zen lanik egin gabe bizitzea, lurra landu eta errentak ordainduko zieten basailoz inguratuta, egunero meza entzunez, zaldiz paseatuz eta, asko jota, ehizara joanez eta zezen-jaialdietan entretenituz. Eta kitto, horra zaldun espainolaren ametsa. Urte luzetan pentsatu izan da (oker, jakina) fenomeno hori bereziki espainola zela (atabikoa, kongenitoa… berdin dio zein berba ozenez aipatu) eta, aldiz, Europan (Ingalaterra edo Holanda ororen buru, Frantzian edo Alemanian modu bihurriago batez) ez zegoela lanaren kontrako aurreiritzi (gorroto) hori (bereziki etika protestantearen eraginez) eta, ondorioz, merkatari aberats berriek klase burges berri bat osatu zutela, ondoko fase batean (iraultzaren bidez, arrunki) botere politikoaz jabetu zena eta iraultza industriala abiatu zuena. Bada, orain ikusten dugu Ingalaterran bertan planteamendu hori oso zalantzagarria dela eta Holandan bertan ere nobleziarekiko integrazioa atzeratu egin zela XVIII. mendera, eta ez besterik. Burkeri segituz gero, beraz, Espainiaren berezitasuna ez litzateke oso berezia, egiazki.

Baina esplikazio tradizionalarekin apur bat gehiago segituz, planteamendu horrek euskaldunentzat garapen propio bat izan du, behar bada inon baino hobeto jasotzen dena Alfonso Otazuk eta José Ramón Díaz de Duranak elkarrekin argitaratutako liburu gogoangarri batean, bere garaian atsegin handiz irakurri nuena eta biziki gomendatzen dizuedana: El espíritu emprendedor de los vascos (Sílex, 2008). Horretan, eta beti ere XVI-XVIII. mendeetarako, erabateko oposizio bat marrazten da Gaztelako noble errentista eta Euskal Herriko merkatari enprendedoreen artean (eta barka erderakada, baina euskaraz ez dago asegarria den sinonimo garbiagorik, zertaz hitz egiten dugun zehatz-mehatz ulertu nahi badugu behintzat). Ez noa orain Otazuren eta Duranaren tesiak aletzera, konplikatuegia eta luzeegia litzateke; sinpleki azpimarratu nahi nuke liburu horretan eskaintzen diguten merkatari euskaldunaren irudiak paralelismo argi bat daukala Veneziako eta Amsterdameko merkatariekin eta, hortaz gain, kasu guztietan merkatari horien baitatik sortutako elite mehar batek gobernatzen zuela, modu oligarkiko batean, bai Venezia zein Amsterdam edo Euskal Herriko lurralde batzuk (Bizkaia eta Gipuzkoa behintzat bai, Lapurdi ziur aski baita ere, barne aldeko lurraldeen kasuak problematikoagoak dira); aldeak ere badira, jakina, baina hiru kasuotan paralelismo argi batzuk detektatzen ditut nik. Baina, eta horretara noa, ez dirudi Otazu eta Duranaren azalpidea oso bateragarria denik Burkeren planteamenduarekin, hots, inon ez dute aipatzen merkatari euskaldunek negozioak utzi eta errentista bilakatzeko izan zezaketen inolako joerarik; aitzitik, euskaldunok, gaztelauak ez bezala, enpresari ekintzaileak omen ginateke, etengabe eta beti. Barkatuko ahal didate beren tesi nagusia laburtasunaren amoreagatik gehiegi sinplifikatu baldin badut.

Horrek ez du esan nahi bi historialari euskaldunak oker daudenik, jakina. Bestelakoa da nire asmoa lerro hauek idaztean, hain juxtu ere azpimarratzea mereziko lukeela Otazuk eta Duranak markatutako bidetik sakontzea eta horretarako oso lagungarria dela Europan antzeko testuinguruei erreparatzea, adibidez, Amsterdami edo Veneziari. Zeren eta, barkatuko ahal didate berriz ere, baina nire uste apalean mezu sinplistegia da beren liburuan transmititzen digutena, adibide ederrez dokumentatua, hori bai, eta modu distiratsu batean azaldua, baina sinplistegia bere oinarrian (Gaztela eta Euskal Herriaren arteko oposizioa) eta gehiegizkoa beren ondorioetan (euskaldunen historia XVIII. mende bukaeran okertu zen, denboraren poderioz abertzaletasun bilakatuko zen integrismo erlijioso berri batek espiritu enpresariala erasotzeari ekin zionean). Esango nuke gauzak konplikatuagoak direla eta Max Weberren behialako teoriak kapitalismoaren espirituaz eta erlijioak horretan jokatzen duen paperaz (hori da gure bi historialarien oinarri teoriko nagusia, nire ustetan), bada, nahiko desfasatuak daudela edo, beste modu batean esanda, ezin direla modu sinplista batean irakurri. Berriz ere, ez dut esan nahi osorik oker daudenik, baizik eta euskaldunen historia testuinguru zabalago eta aberatsago batean ulertu behar dela, eta Burkeren liburu hau irakurtzea oso argigarria izan daitekeela gure gogoa aukera berrietara eta historia desberdinetara irekitzeko.

Labur eta argi esanda: begira diezaiogun Veneziari, begira Amsterdami, begira hiru mendez bi hiri horiek gobernatu zituen elite merkatariari, eta ziur nago gure historia bera ere begi berriekin hasiko garela ikusten. Kostaldeko Euskal Herriari dagokionez behintzat bai.

Bilbo (Cafe Bilbao)

Eta ildo horretan zantzu gutxi batzuk emango ditut bukatu baino lehen. Lehenak gure herriaren izenarekin du zerikusia. Denok dakigunez, Aro Modernoan (1500-1800 artean, grosso modo) oso arrunta zen euskaldun guztiei bizkaitar deitzea eta Euskal Herriaz hitz egiterakoan Bizkaia esatea, beste barik. Horretan Larramendik indar handia egin zuen bere garaian, hain juxtu ere amorru bizia sortarazten ziolako (berak Gipuzkoa erreibindikatzen zuen, eta kontra-argudioen artean baita ere azpimarratzen du Espainiako alderdi mediterranearrean euskalduna adierazteko bizkaitar esan ordez, nafar esan ohi zutela, naturaltasun osoz, ziur aski beraiek Nafarroa Bizkaia baino askoz ere garrantzitsuago ikusten zutelako, gaineratzen dut nik). Gaur egun Kantauri Itsasoa deitzen duguna ere, Bizkaiko Badia zen orduan nazioarteko mapetan (eta horrela segitzen omen du neurri handi batean). Kontu hori guztia, dirudienez, ez zen XIX. mendera arte aldatu.

Bada, Herbeheretako historiari begiratuta gertakaria oso erraz ulertzen da: zazpi probintzia izan ziren 1568an beren errege legitimoaren kontra (zeina, hango erregea izateaz gain baita ere Gaztelako erregea zen, Bizkaiko jauna, etab.) armaz matxinatu zirenak eta 80 urteko gerraren ondoren independentzia eskuratu zutenak; beraiek beren buruari arrunki Probintzia Batuak deitzen zioten (edo Herbeheretako Probintzia Batuen Errepublika, eta antzeko izenak), zazpi lurralde desberdin izan baitziren elkarren artean hitzarmen bat sinatuz beren independentzia aldarrikatu zutenak (Frisia, Groningen, Gelderland, Holanda, Overijssel, Utrecht eta Zeelanda), baina hortik kanpo, mundu osoan, Holanda eta holandesak deitu izan zaie guztiei (eta deitzen zaie oraindik). Arrazoia ebidentea da: Holanda zen probintziarik potenteena eta aberatsena, bereziki Amsterdam hiri komertzialari esker, bada, nazioartean guztiei deitzen zieten holandesak, eta kitto. Bada, hain zaila da pentsatzea gure artean Bizkaia eta Bilborekin berdin gertatzen zela, bereziki ingurune atlantiarrean? Agian Burkeren aipu batek egoera ulertzen lagunduko digu:

“…, to oversimplify for the sake of clarity, the councillors ruled Amsterdam, Amsterdam ruled Holland and Holland ruled the United Provinces. In theory the Dutch Republic was a federation in wich the seven provinces were equal, and in theory Amsterdam was only one of eighteen towns in the province of Holland. In practice, however, the Amsterdam elite had ways of getting what they wanted. After all, Amsterdam paid about 44 per cent of the taxes of the province of Holland, and the province of Holland (from 1612, when the quota was fixed) paid 57 per cent ot the taxes of the whole Dutch Republic. In other words, one city paid 25 per cent of the taxes of the whole nation.” (44. or.)

Eta bai, hasi zarete esaten: zalantzagarria da esatea Bilbok, mende horietan, pareko pisu ekonomikoa zuenik, baita Bizkaia barruan ere, eta garbi dago hala balitz ere, ez zeukala pareko pisu politikorik, ezta Gernikako Batzar Nagusietan ere… Ez dakit, benetan ez dakit, baina hipotesi gisa ez egidazue esan erakargarria ez denik. Bestalde, erraz ikusten da Herbeheretako arkitektura instituzionala gutxien-gutxienez Euskal Herrikoa bezain konplikatua zela (edo gehiago), eta hango dinamika politikoa eta ekonomikoa ezagutzea oso interesgarria izan beharko lukeela gurea ulertzeko. Bai horixe. Eta ez dago paralelismoen soka gehiegi tenkatu beharrik, aski da oinarrizko batzuk aipatzea, esana dugun bezala, eta hortik inspirazioa bilatzea gure historia propioa ulertzeko. Zergatik egon behar dugu beti Gaztelari begira konparazioak egiteko?

Fernando Aragoikoa Gernikan Foruei zin egiten, Mendietaren kuadro ezagunean (Wikipedia)

Baina Veneziatik ere badugu zer ikasirik. Adibidez, bada oinarri-oinarrizko desberdintasun bat Amsterdam eta Venezia artean, Burkek ederki azpimarratzen duena: Amsterdamen ez bezala, Veneziako elite agintaria noblez osatua zegoen, hots, nobleek estamendu bat osatzen zuten, ez ziren burges hutsak. Eta behin eta berriro estamendu horrek ingreso berriak izaten zituen, normalki karguen erosketaren bidez. Baina, adi, noble horiek, ekitez eta mentalitatez, merkatari hutsak ziren, enpresariak, Amsterdamen bezala (han ez zuten noblezia titulurik). Edo, gure ekarpena eginez, merkatari noble veneziar horiek antz handi-handiak dituzte euskaldunekin (holandesekin baino gehiago, nire irudiko), zeren eta hemengo merkatari guztiak ere nobleak ziren (bereziki bizkaitarrak eta gipuzkoarrak). Non gelditzen da orduan Burkeren teoria? Adi, Burkek dinoskuna da merkatari izatetik lurjabe errentari izatera pasatzea zela beren ametsa; Holandan, pauso horrek noblezia titulu bat eskuratzea zekarren nahita nahiez; Venezian, berriz, familiaren negozioen errotikako aldaketa bat, merkataritzatik lurjabetzara. Baina, Burkeren arabera, prozesua oso antzekoa izan zen bietan, desberdintasun kronologikoak alde batera utzita. Gertatu ote zen hemen antzerako prozesurik? Bai? Ez? Zergatik?

Eta Veneziaz ari garenez gero, ziur aski interesgarriago litzateke hango instituzioen funtzionamendua Euskal Herrikoekin konparatzea, Holandakoekin konparatzea baino: Veneziako nobleziak antolatzen zituen batzarrak eta haiek manipulatzeko mekanismoak, ziur aski, argi ederra emango digute hemengo jauntxoek Gernikako batzarrak (edo beste guztiak) manipulatzeko zeukaten mekanismoei buruz. Finean, merkatariz osatutako oligarkia mehar bat, arkitektura politiko-instituzional oso konplikatu bat manipulatzen eta, poliki-poliki, bere inbertsioak merkataritzatik lurjabetzara transferitzen. Erakargarria, ezta? Bota begiratu bat ondoko aipuari:

“An interest in simulation was common among the elites of seventeenth-century Europe, but it seems to have been particularly intense among Venetian patricians, and may owe something to the broglio, their informal meetings on Piazza San Marco” (73. or.)

Broglio, hori omen da Veneziako errepublikaren funtzionamendu instituzionala ulertzeko hitz gakoa. Arrasto luzea utzi duen hitza Europako hainbat hizkuntzatan. Enfin, herritarren bilkurak politikaz eztabaidatzeko beti izan dira problematikoak, Atenasen, Erroman, Venezian edo Gernikan. Konstituzio honekin, horrekin edo harekin. Guztiekin. Baina gehiegi luzatzen ari naiz.

Hori bai, ez dut amaitu nahi aipatu gabe badela puntu bat non ez dagoen batere paralelismorik gu eta haien bien artean: kultura eta, bereziki, liburugintza eta literatura. Merkatari holandesak eta veneziarrak guztiz kulturzaleak ziren eta diruz ederki hornitzen zituzten mota guztietako manifestazio kulturalak. Azken aipu bat esanguratsua izan daiteke:

“…we know that the Venetian nobility as a whole published more than a hundred books between 1580 and 1658; the most popular categories were poems, plays, orations, philosophy and history, in that order.” (94. or.)

Eta Veneziako nobleek liburuak idazten eta argitaratzen zituzten bitartean gure bihotzeko Euskal Herrian… mezetara eta zezenetara, kitto. Bai, orain Azkoitiko Zalduntxoak aipatzea tokatuko litzateke, baina horiek ez dira XVIII. mendera arte agertzen, eta orduan ere nahikoa lan estandar holandes edo veneziarrekin konparatzeko; XVI-XVII. mendean, ia-ia ezer ez. Ai, jauna! Iruzkinari utziko diot kiribil malenkoniatsu batean sartu aurretik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude