HISTORIALARI FEMINISTAK

Pruden Gartzia, 2018ko maiatza

ALTONAGA BEGOÑA, Bakarne; ARANGUREN ALONSO, Maialen; RINCÓN DÍEZ, Aintzane, Historiagintzaren ikuspegi berriak: Teoria eta praktika, Udako Euskal Unibertsitatea ; Euskal Herriko Unibertsitatea, 2017, 171 or.

I

Sarritan gertatzen zaidan bezala, iruzkin honi hasiera ematen diot argi erabaki barik zer den jarriko dudana. Idazten hasi eta errekak eramango nau. Baina liburuaren erdialdetik aurrera-edo, argi nuen izenburua, izan ere, hori da liburu honen ezaugarri nagusia, historialari feminista batzuk idatzia izatea. Badira, jakina, bestelako ezaugarri batzuk, adibidez, beren gaztetasuna (karrera akademikoaren parametro arrunten arabera), beren euskaltasuna (liburua euskaraz dago) eta beren sexua (hirurak emakumezkoak dira), baina bigarren mailako ezaugarriak begitandu zaizkit feminismoaren eretzean. Zeren esku artean duguna ez da Historiografiari buruzko eskuliburu bat, funtsean hiru historialari gazte, emakumezko eta euskaldunen saiakera historiografiko bat baizik, eta saiakera hori goitik behera blaitzen du ezaugarri nagusi (bakar?) batek: feminismoak. Horra.

 

II

Hiru atal nagusi ditu, eta bakoitza hainbat kapitulutan banatuta dago. Kapitulu bakoitzak hainbat atal. Hasieran sarrera bat eta amaieran bibliografia. Dena arrazionalki, garbi eta txukun antolatua, euskara ederrean eta erreferentzia bibliografiko ugarirekin. Han eta hemen akats txikiren bat aurki daiteke, errakuntza tipografikoren bat, guztiz ondo eman gabeko erreferentziaren bat, eta horrelakoren batzuk, baina hain dira gutxi eta ezdeusak non ez liratekeen aipatu behar esateko ez bada ñimiñoak direla eta, nik neuk, ez ditudala gogoan hartu. Bon, salbuespenen bat edo beste ere badago, adibidez, egileek “historiagile” erabiltzeko duten tema (sistematikoki erabilia historalari tokatzen den lekuan), “beranduago” behin eta berriro esatea geroago esan nahi denean eta, suposatzen dut, itzuri zaizkidan besteren batzuk. Baina, berriz diot, xehetasun ia ikusezin batzuk besterik ez dira liburuaren osotasunean. Formalki, liburua ia perfektua da. Ez da erraz irakurtzen, hori bai, baina ezaugarri hori gaiari dagokio, ez beste ezeri.

Gaia. Edukia. Ez da liburu arin bat, Historiografiaz idaztea ez baita inoiz pisugabea, baina gure hiru gazteek hori hautatu dute beren lehenengo liburua izateko. Bon, hiruretako batek lehendik du liburu bat argitaratua (bere tesia, itxura guztien arabera) baina beste biak baino adintsuagoa da, eta beste bi horiek oraintxe ari omen dira tesia amaitzen (edo amaiberri dute), beraz, esango nuke gaztetasuna nagusitzen dela hemen. Eta unibertsitari gazteek, Umberto Ecok aspaldi esplikatu zigun bere Nola egiten den tesi bat ospetsuan (Come si fa una tesi di laurea, 1977; eta bai, nik ere gaztelaniaz irakurri nuen bere garaian, nire adineko kristo guztiak bezala), unibertsitari gazteek, esaten genuen, joera dute gai historiografikoak hartzeko beren lehen lan akademiko serio gisa (hori baitzen laurea-ko tesi bat Italian bere garaian, hau da, Espainiako tesina, hots, doktorego tesia izango denaren aurrelan bat; haiek garaiak, jauna! tesinak egiten genituenean…) baina zer esaten ari nintzen? Desbideratu naiz. Ha, bai, unibertsitari gazteek beren lehen lan akademiko serio gisa hautatu ohi dutela mota honetako gaiak, Literatura, gaur egun, eta halakoak. Bada, gure hiru egileek Historia, gaur egun moduko bat idaztea aukeratu dute, Umberto Ecok aukera horren aurka argiro aholkatzen zuen arren, beharbada Ecori arreta handirik inoiz eskaini ez diotelako (ez dakit nire inpresio hutsa izango ote den, baina inoiz ez zarete fijatu Ecoren eleberrietan ia-ia ez dela agertzen emakumezko pertsonaiarik? Ez dakit datu hori nola haztatu behar den, baina adierazgarria iruditzen zait).

Baina berriz ere desbideratu naiz. Ea, esan nahi nuena zen oso aukera konprenigarria iruditzen zaidala hiru ikertzaile gazteren baitan. Izan ere, UEUren liburu-bilduma honetan bertan beste bi kasu nabarmen aurki ditzakegu, besteak beste orduan adin eta egoera beretsukoak ziren Pruden Gartziak eta Iban Zalduak argitaratutako Historia: zientzia ala literatura? Historiari buruzko gogoeta sorta (1995) eta zazpi urte geroago, ezaugarri beretsuekin, Jurgi Kintanak eta Karmele Artetxek argitaratutako Ikerketa berriak Euskal Herriko Historian (2002). Ez, horrelako gai bat aukeratzea ez da kasualitatea, unibertsitari gazteen artean hautu arrunta baizik, euskaldunen artean behintzat bai eta, Ecoren arabera, italiarren artean ere.

Ez zaidana hain konprenigarria egiten da liburu honetan, Historiografiaz dihardutelarik, bilduma bereko beste biak ez aipatzea. Bon, lehena zeharka aipatzen dute, baina biltzen dituen bost artikuluetatik bat bakarrik eta hura, gainera, Alemaniako Historizismoaz ari delarik (hots, XIX. mendeko kontuez, ez garaiko eztabaida historiografikoez). Enfin, zalantza handiak izan dut kontu hau aipatzeko hemen, errazena baita pentsatzea erresuminduta nagoela nire izena aipatzen ez dutelako, eta kitto. Bai, errazagoa zen isiltzea, jakina, baina orduan esan gabe geldituko zen, adibidez, 1995eko liburu hartan Joseba Zulaika antropologo ezagunak orduan, jada, aipatzen zituela esku artean dugun liburu honetan berritasun gisa aurkezten zaizkigun hainbat eta hainbat kontu eta, zer esango dizuet, akatsa iruditzen zaidala ez aipatzea, akatsa iruditzen zaidan bezala Walter Benjamini garrantzi handia eskaintzea Modernitatearen krisialdiaren esplikazioan (32-35. or.), eta ez esatea gero bere hainbat testu (tartean liburuan bertan aipatzen den bat) euskarara itzulita daudela (Benjamin, Walter, Denbora, Historia eta Artearen inguruko testuak eta Literatura oharrak, Sans Soleil, 2015, 2 tomotan). Eta abar.

Baina Pruden, zu erresuminduta zaude eta garrantzi gehiegizkoa ematen diozu kontu txiki bati. Ez, ez da hori. Detaile esanguratsua iruditzen zaidalako jarri dut. Zeren eta liburu honetan ia ez da euskal egilerik edo testurik aipatzen, non eta badirudien euskaraz ez dela kontu hauetaz ezer idatzi edo, idatzi bada, ez dela aipatzeko modukoa. Egia esanda, arazoa harantzago doa zeren eta, itxura batera behintzat, aipatzen diren euskal egile urriak liburu honen egileen ingurukoak ematen dute guztiek, departamentuko edo lantaldeko kolegak, edo haien hurbilekoak, eta kitto. Eta badirudi ez dagoela beste inor aipatzea merezi duenik.

Komeni da ez exajeratzea, dena den, kontuak azalpen erraza baitauka hura bilatu nahi bada: gorago esan dudan bezala, liburu hau saiakera bat da, ez eskuliburu bat eta, ondorioz, hautu batzuk egiten ditu, guztiz legitimoak. Ados. Baina kezkagarria iruditzen zait, hala ere, euskaraz idatzitako liburu batean euskaraz idatzitako ia ezeri erreferentziarik ez egitea. Kezkagarriago, gainera, kontuak hartuta, geroago ikusiko dugun bezala, kezka handia erakusten dutela munduko baztertu, zapaldu eta marginatu guztien historia eta istorioak berreskuratzeko eta duintzeko. Enfin, irudi luke baztertu, zapaldu eta marginatu horiek guztiak Estatu Batuetako unibertsitateetan osatutako zerrendatan agertzen direnak direla, eta besterik ez. Hausnarketa bat merezi duen puntu bat, nire ustez.

Bakarne Altonaga Begoña (argazkia: Diario Vasco)

III

Baina ez dugu bide horretatik segituko. Liburu honek dohain handiak ditu, eta horiek dira beste ezeren aurretik eta beste ezer baino gehiago aipatu behar direnak. Besteak beste euskaraz idatzita dago, euskara zuzen eta eder batean, eta hiru egileek, beren gaztetasuna eta orientazio akademikoa gora behera, ezagutza benetan zabalak aurkezten dizkigute Historiografiaz, kasu batzuetan txunditzeko modukoak. Eta badakite idazten eta gauzak azaltzen, gaia berez lehorra izan arren. Agian orain tokatzen dena liburua gaingiroki laburtzea da, eta ondoren ekingo diogu berriro larrutzeari (Barka! Kritikatzeari esan nahi nuen!).

Lehen atala (“Aurrekariak: Historiografia klasikotik postmodernora”, 9-64. or.) disertazio klasiko bat da, epeka eta gaika antolatua, hari kronologiko bat segituz. Lehen eta bigarren kapituluak klasiko xamarrak direla esango nuke, berritasun handirik gabekoak. Niri, zer esango dizuet, gutxi gorabehera ondo iruditzen zaizkit, orokorrean (besteak beste, zer dakit nik Alemaniako Historizismoaz, adibidez?). Marxismoarekikoa, dena den, pobre xamarra begitandu zait, eta oso topikoa (haren ustezko izaera teleologikoa salatzen du, funtsean); gomendatuko nieke egileei Marxi, Engelsi, Lenini, Trotskyri, Rosa Luxemburgi eta enparauei zuzenean irakurtzea (gutxiegi egin dutela dirudi, batere egin badute) eta eszeptizismo handiago erakustea azalpen sozialdemokrata/liberal topikoarekiko, topiko guztiak zalantzan jarri behar baitira, eta iturrietara jo ezean zaila da gaiaz ganorazko ezer jakitea. Bestalde, gure hiru egileek “marxismo britaniarra”-ren alderako hautu nabarmen bat egiten dute (bereziki, Thompson eta Hobsbawn) eta haien begietatik begiratzen dutela dirudi. Ez da hautu txarra, baina horretan ere gomendatuko nieke irakurketak zabaltzea (adibidez, Rudé) eta, zergatik ez, Doris Lessing bat ere sartzea (ez aipatzea harrigarria egin zait, liburuaren tonu eta mezu orokorra kontuan hartuta). Aldiz, postmodernitateaz, biraketa lingustikoaz eta “inkorporazioaren paradigma”-z idazten dutenaz askoz ere gehiago kostatzen zait iritzi bat ematea. Funtsean, ezjakin totala naizelako horrelako kontuetan, baina hortaz aparte ez dudalako hari garbirik aurkitzen testuan, eta “gorputz postmetafisikoaren ideia emozioaren kontzeptuarekin osatu behar da” (64. or.) bezalako zerbait irakurtzea, zer esango dizuet, ez dela niretzat biziki argigarria. Hitz batean, azken bi mendeotako Historiografiaren laburpen argi bat ematen digute, balekoa nire ustez, harik eta azken garrasi historigrafikoaren azalpenari heldu arte, non eta gauzak franko korapilatzen diren. Baina horretaz beherago jardungo naiz.

Bigarren atala da liburuko onena, nire ustetan. Hari kronologikoa utzita, kontzeptuak eztabaidatzeari ekiten diote eta aldaketa estrategiko horrek ondorio onurakorrak ditu liburuaren kalitateaneta interesean, nire ustez. Originalagoa bihurtzen da, pertsonalagoa. Egileak sueltoago sumatzen dituzu, bai gaiak aukeratzeko zein iritziak emateko eta argudiatzeko; nabarmena da, gainera, aipatzen dituzten gaiez luze eta zabal irakurri dutela. Non egon daiteke akatsa? Gorago iradoki dugun bezala, salbuespenak salbuespen bibliografia guztia ingelesezkoa dela, zehazkiago esanda, Estatu Batuetako unibertsitatetan ekoitzia. Kitto, hor hasten eta amaitzen da beren unibertsoa. Baina unibertso hori ederki ezagutzen dutela dirudi, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, inolaz ere. Niri, behintzat, puntu bereziki aipagarri eta estimagarria iruditzen zait.

Hirugarren atala franko desberdina da aurreko bien aldean. Eztabaida kontzeptualak albo batera utzita, saiatzen dira gida praktiko bat eskaintzen beren ildoko ikerketa historikoak egin nahi lukeenarentzat. Ondo. Zerrenda espero zitekeena da: literatura, autobigrafia, gutuneria, ahozko historia eta zinea. Alegia, beraiek “subjektibitatea” deitzen dutenaren ildoko kontua edo, Bernardo Atxagaren hitzetan esateko, gizona bere bakardadean. Bai, nik neuk ez daukat dudarik, egile hauen unibertso historiografikoa ulertzeko oso lagungarria da Atxagaren unibertso literarioa ezagutzea, bereziki (baina ez bakarrik) nobela horretan kontatzen diguna (gogora eleberri horren leit motiva: zer gertatzen zaio militante politiko fededunari bakarrik gelditzen denean?). Ai! New Yorkera edo Kaliforniara joan behar izaten dugu, eta hango liburuak irakurri, etxean bertan gertatzen ari zaiguna ulertzeko! Baina, beti bezala, desbediratzen ari naiz berriz ere. Harira, hirugarren zati honetan irakurleak aurkituko duena ez dira, esana dugu, digresio teorikoak, ikerketarako orientazio praktikoak baizik, labur eta argi azalduak.

Azken ohar bat, haatik, nire iruzkinaren azken atalari heldu aurretik: Atxagak gizonaz hitz egiten du bere nobela gehienetan (tira, badago salbuespen bat ere, baina salbuespentzat joko nuke nik) eta gure egileek, ordea, emakumeaz. Gure egileak feministak baitira, deklaratuki. Eta zer da feminismoa Historiografian? Zer da, zehazki, historialari feminista bat izatea?

Maialen Aranguren Alonso

IV

Oso solemnea geratu zait galdera, kontakizunaren errakak eraman nau, eta orain itotzeko zorian egon naiteke. Zeren, jakina, ez naiz gai taxuzko erantzunik emateko, guztiz ezjakina bainaiz feminismoan. Egia da ni neu Historiako ikasle nintzenerako (eta badira hogeita hamar urte baino gehiago) galdera hori topikoa eta errepikaria zela jada, eta eztabaidak izaten genituela gelan eta gelatik kanpo kontu horren harira. Nola itzuli duintasuna emakumeei, nola integratu hura Historiako liburutan. Aparteko liburuak behar ziren (hots, Emakumeen Historia, nolabait esan)? Edo soluzioa zen emakumeak historiaren harian integratzea naturalki (hots, Gizonen eta Emakumeen Historia, orduan esaten zen bezala)? Aitortuko dut: fakultatea utzi nuen eta ez nintzen berriro horrelako kontuez arduratu. Ondorioa: ezjakin totala naiz. Zergatik enpeinatzen naiz, orduan, kontu horri buruz idazten? Saia nadin modu labur batean esaten: aspaldi honetan olatu berriko feministek gure iritzia ematea eta gure bizipenak kontatzea eskatzen digutelako gizonezkoei. Eta bai, ni ere, nire txikian, nola edo hala interpelatua sentitzen naiz.

Beraz, esan dezakedana, bi hitzetan, hauxe besterik ez da: nik neuk eten argi bat ikusten dut Historiagintzan aurreko mendeko 80ko hamarkadan, hots, nik neuk ikasi nuen garaian. Orduan E.P. Thompson (1924-1993) gure eredu garbienetako bat zen, bai historialari gisa zein aktibista politiko bezala. Bere The Making of the English Working Class (1963) (jakina, nik gaztelaniaz irakurri nuen, fotokopiatan, agortua baitzegoen orduan) gure liburu maitatuenetako bat zen. Eta, zergatik ez dut esango, nik neuk behin hitzaldi bat entzun nion Thompsoni Madrilen, OTANen erreferenduma izan zen urtean fakultatera etorri baitzen mitin bat ematera (bai, mitin bat izan zen, goitik behera, teorian hitzaldi magistrala izan behar zuen arren). Orduan, dena den, uste nuen trotskista bat zela, edo horrelako zerbait (marxista ingeles gehienak trotskistak edo antzekoak ziren orduan), eta askoz ere geroago jakin dut ez dela oso ezaugarritze zehatza; areago, oraintxe bertan Wikipedian begiratu eta hantxe ikusi dut “socialist humanist” zela berak bere buruaz ematen zuen definizioa, alegia, gure Txillardegik bere buruaz ematen zuen berbera. Kasualitatea? Ez, ez dut uste, baina orain ez naiz mendibide horretan barna abiatuko.

Kontua da marxista britaniarrak eta frantsesak zirela, funtsean, gure orduko heroiak baina, bereziki, beraien arteko debatetan guk normalean ingelesen aldera egiten genuen. Adibidez, Thompsonek Althusser-ekin izandako hartan (Pobreziaren filosofia ala Filosofiaren pobrezia esanda ulertuko didazue batzuek, besteek Wikipedian begiratuta ikusiko duzue zertaz ari naizen) gu, Althusserren kontra, nahiz eta Althusser ere etengabe aipatzen ziguten eskolatan eta pozik irakurtzen genuen (tira, Mario Onaindiak berak Althusserren liburu bat euskaratu zuen garaitsu horretan, orduan argitaratu ez bazen ere; 2007an atera zuten). Gaur, berriz ere Wikipediari begiratu bat emanda, jakin dut Perry Andersonek (beste marxista britaniar bat, orduan ere oso aipatua) erantzun zorrotza eman ziola… eta ni horretaz ez nintzen enteratu orduan.

Parrapla honekin guztiarekin esan nahi dudana da 80etan oraindik marxismoaren esparruan mugitzen ginela bete-betean, kontziente izanik ala izan gabe. Marxismoa, jakina, oso gauza zabala eta plurala zen (ez zeukan zerikusi handirik iruzkintzen ari garen liburuaren lehen partean aurkeztu zaigunarekin) baina orduan Historia Soziala zen gure alfa eta omega. Eta Historia Sozialean, aldez edo moldez, marxismoaz hitz egin behar zen, marxista ez izanik ere (horixe besterik ez da Annales-en eskola, funtsean, nire ustez).

Eta, orduan, Foucault etorri zen eta Historia Sozialaren erresuma amaitu. Oraindik gogoan daukat ikaskide madrildar bat nola etorri zen egun batean emozionatuta, Historia de la sexualidad argitaratu berria eskuan zuela; nire oroitzapenek ez badidate traizio egiten, orduantxe, 80ko hamarkadaren erdi aldera, atera ziren gaztelaniaz bigarren eta hirugarren tomoak. Hori zen bidea. Hortik jo behar zen. Sexua, gorputza, gartzela, zorotasuna, klinika, pertsonaren sufrimendua. Gizona bere bakardadean, esango nuke gaur. Ez nion kasu handirik egin, aitor dut. Beharbada hor galdu nuen trena.

Euskal Herrira itzulirik, dena den, orduan Bergarako UNEDen dinamika historiografiko bizi-bizia sustatzen zuen Vicente Huitzi Peli-ri esker berriz ere Foucaulten gaineko hitzaldiak entzun nituen eta, orduan bai, animatu nintzen zerbait irakurtzera. Zer esango dizuet, ez zitzaidan askorik gustatu. Beharbada ni Peli foucaultzale amorratua baino gazteagoa izan arren, ordurako irredimiblea nintzelako, hortaz ez konturatu arren. Ez nintzen sekula izango subjetibitatezalea. Barkatu, Peli, lerro hauek irakurtzen ari bazara, oso pozik joaten nintzen zeuk antolatutako ekitaldietara, bikainak izaten ziren, oso interesgarriak, baina Foucault…

Eta nork esango zidan halakorik? Hiru historialari euskaldun gazteren eskuko liburu hau irakurri eta hortxe konturatu naiz: Foucault Thompsonen segida naturaltzat dute hauek. Harrigarria. Alegia, esango nuke liburu honen oinarrian, de facto, Thompson-Foucault daudela, biak batera, bata bestearen segida gisa. Eta Foucaulten ondoren, Judith Butler eta Joan Scott, hots, itxura guztien arabera pentsamendu feministaren zutabe nagusietako bi. Eta beste asko, jakina, baina lau izen horiek dira, nire uste apalean, liburu honen muina laburbiltzen dituztenak. Ez fidatu gehiegi nirekin kontu horri dagokionez, baina neuk esango nuke ez dudala uste beharrezkoa denik bosgarren bat eranstea: lau horiek dira gure historialarien oinarriak.

Aintzane Rincón Díez

V

Interpelatua sentitzen naizela esan dut, erantzunen bat ematera gonbidatua. Nire iritzia eta nire bizipenak kontatzera. Bada, horiek dira duela hogeita hamar urte baino gehiago unibertsitate espainol batean Historia ikasi zuen gizonezko euskaldun baten iritziak eta bizipenak. Ez dira ganora handikoak ezta? Bada, hortxe dago maila, nire kasuan behintzat. Eta, burrundararik gabe, esango nuke ez naizela kasu bakarra nire belaunaldikoen artean. Feminismoa niretzat (guretzat?) beti kontu hurbil bat izan da, eguneroko bizitzarekin oso lotua, baina inoiz ez naiz arduratu haren eztabaida teorikoei erreparatzen.

Eta nola diren gauzak, gaur egun sortu dira historialari feminista gazteak, euskaldunak, eta sozialki konprometituak (marxista britaniarren history from below hura da hainbat aldiz errepikatzen duten esalmolde bat, batzuetan ingelesez, bestetan euskaraz); agian hari horretatik ere tira egin behar nuen zeren, Foucaulti segituz, ez dute jada klase nagusien eta menpekoen historia soziala egiteko asmorik agertzen, mota orotako baztertu, zapaldu eta marginatuena baizik, hots, beraiek subalternoak deitzen dituztenena. Tira, Thompson eta Foucaulten arteko loturak aztertzea, biak feminismoarekin lotzea, feminismoa Gramscirekin… oso interesgarria izan daiteke (Joseba Gabilondok ere horrelako kontuez idatzi izan du sarritan), baina jada asko luzatu naiz, eta kontua ez da orain beste parrapla teoriko bati ekitea. Asko luzatu naiz, utzi dezadan horrela.

Ondo esanak hartu, gaizki esanak barkatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude