EMAKUME GERRILLARIEN MEZUA

Pruden Gartzia, 2018ko apirila

Türkeri, Zekine, Uda batez Kurdistanen, Elkar, 2018, 139 or.

I

Gaur iruzkindu nahi dudan liburuan ugariak dira esaldi gogoangarriak, marra gorriz azpimarratzen duzun horietakoak, gogoan nolabait gorderik gelditzen bazaizkizu ere berriz ere erraz aurki nahi zenituzkeenak zure espirituan nolabaiteko oinatza utzi duen liburu horretan. Eta gaur laburki, ohi baino laburrago, iruzkindu nahi nukeen liburuan esaldiak ezezik, baita ere ugariak dira gertaera zirraragarriak, nahiz eta atsegina baino tristura eragiten duten nire gogo jadanik zigortuan. Egia ote da liburu honetan kontatzen dena? Posible ote da horrelakorik gertatzea, neuk irakurtzea eta, beste barik, afaltzera joatea, telebistan zerbait ikusi eta lotara joatea?

Baina hala eta guztiz ere, ez dut horietako bat aukeratu iruzkin honi hasiera emateko, beste hausnarketa askoz ere intelektualago bat baizik. Izan ere, errazago egiten zait gure buruari eragiten dioten kontuez hitz egitea, bihotza hunkitzen dituztenez baino. Beraz, hau da nire hausnarketa abiatzeko baliatu nahi nukeen aipamena:

“Amarru “orientalistetan” ez erortzen ahalegintzen naiz: ez dut Ekialdea Mendebaldeko ikuspuntuaren bitartez epaituko. Horrek kanpotik eta gainetik begiratzea dakar, baina ez dut beti saihestea lortzen. Turkiar Errepublikak Europari miresmenez begiratzen irakatsi zigun, eta Ekialdeari, gure benetako jatorriari, konplexuz beterik. Mugek ez gaituzte kurduok huts-hutsean fisikoki banatzen; banaketa sakonagoak ere badira” (23. or.) [enfasia neurea da]

Liburu honen egilea, Zekine Türkeri, kazetari kurdu bat da. Nik Bilbon ezagutu nuen, duela urte asko, hona etorri zenean, beka batekin, euskaldunen kontuak ikertzera. Izan ere, kurdu askoren artean interes handia dago euskaldunekiko, nolabait esanda intuizio hutsez konturatzen dira gauza asko partekatzen ditugula. Urte bat edo bi egin zituen gure artean, baina lagun asko utzi zituen hemen eta inoiz ez du kontaktua galdu. Areago, Turkiari eta Ekialdi Hurbilari buruz idatzi dituen artikuluak eta kronikak behin baino gehiago argitaratu dira euskal egunkarietan, bereziki Berrian; Turkian ere idatzi du gutaz, besteak beste liburu bat du argitaratua (Bask meselesi, Ankara, 2007). Azken urteotan telebista batean ari izan da lanean, Istanbulen, harik eta Turkiako gobernuak itxi zuen arte, langile guztiak kaleratuz; bai, horrelako gauzak nahikoa antzekoak izan dira Turkian eta Espainian. Izan ere, egia ote da Turkiak eta Espainiak antzekotasun handiak dituztela, lehenago euskaldunek eta gaur egun katalanek sarritan esaten duten bezala? Egia da kurduak eta euskaldunak herri bikiak garela?

Zekine Türkeri (argazkia: La ciudad de las diosas ataria)

 

II

Nire ustez, erantzuna da ezetz. Alegia, egia osoa da antzekotasun handiak, historikoak eta politikoak, daudela Turkia eta Espainiaren artean, baina funtsean bi errealitate desberdin dira, oso desberdinak. Bata mundu islamikoaren barruan dago, haren parterik mendebaldetartuena bada ere, eta bestea Europan dago, haren zatirik orientalena bada ere, baina biak errealitate desberdinak dira. Eta euskaldunoi eta kurduei buruz, berdin antzera: biok gara gutxiengo nazional zanpatuak, armak eskuan estatu ustez demokratiko baten aurka borroka egindakoak, baina hortik aurrera oso errealitate desberdinak dira.

Egia da, ziur aski, XVI. mendean, adibidez, Espainiako monarkia eta otomanoen inperioa oso-oso antzekoak zirela: biak ziren inperio militar zabal-zabalak, errege/sultan guztiz boteretsu batek gobernatuak barruko oposizio zinez txikiarekin. Alegia, Lepantoko gudua gertatzen denean (1571) bi inperioak nahikoa antzekoak dira. Eta hurrengo mendeetan, bien gainbehera datorrenean, antzekoak izaten jarraitzen dute. Desberdintasunak, ziur aski, XIX. mendetik aurrera hasten dira: Espainiak nazio-estatu europar baten gisa antolatzeari ekiten dio, beti zailtasun handien artean; Turkiak ere berdin, baina mende bat geroago eta zailtasun handiagoekin. Kasu bietan potentzia europarrek (Ingalaterra, Frantzia, Alemania…) edo, geroago, Estatu Batuek, egundoko itzala dute beraien gainean, ia-ia haien protektaratu modukoak bilakatzen dira, baina Espainiaren garapen ekonomiko orokorrak eta Turkiakoak ez dute zerikusirik: Espainiarena, dudarik gabe, askoz ere solidoagoa da. Dena den, nire uste apalean faktorerik garrantzitsuena da Espainia Europar Batasunean integratzea orain dela 30 bat urte (1986an): hortxe dago zinezko aldea, hortik aurrera Espainiak laguntasun handi-handiak jaso baitzituen bere ekonomia modernizatzeko eta, horrekin batera, gizartea ere oso modernizatu zen. Espekulatu besterik ezin da egin zer gertatuko ote zen duela 30 urte Turkia Espainiarekin batera Europar Batasunean sartu izan balitz, baina zentzuzkoa da pentsatzea ez zuela alde handirik izango gaur egungo Espainia edo Greziarekin, ez ekonomian, ez gizartean; behintzat Turkiaren alde mediterranearrean (hori da alderik aberatseana eta garatuena).

Beraz, gaur egun abertzale euskaldun eta katalanek sarri errepikatzen dutenean Espainia Turkia bezalakoa da, zer da pentsatu behar duguna? Arrazoi dutela?

Berriz diot: ez. Egia da Espainiak eta Turkiak antzekotasun historiko oso markatuak dituztela, baina azken hogeita hamar urtetan bereziki, asko bereiztu dira: Espainia, argi eta garbi, mendebaldeko Europan integratuz joan da, bide horretan beti ere gabezia handiak baditu ere (euskaldunok edo katalanok ederki ezagutzen ditugunak), eta Turkia, tamalez, Europatik urrunduz joan da, gero eta gehiago nazio oriental bat bihurtuz. Eta hau, adibidez, ederki ikusten da beren gutxiengo nazionalen tratamenduan: argi dago Espainiak oraindik ez dituela erdietsi Danimarkaren, Erresuma Batuaren edo Kanadaren estandarrak, baina zerikusirik ez kurduek Turkian pairatzen dutenarekin. Badira antzekotasun deigarri batzuk, jakina, baina desberdintasunak ere begibistakoak dira.

Ildo horretan, argigarria izan daiteke Karl Marxen aipu ezagun xamar bat hemen osorik kopiatzea:

“Asi, pues, la monarquía absoluta española, a pesar de su superficial semejanza con las monarquías absolutas de Europa en general, debe ser más bien catalogada junto con las formas asiáticas de Gobierno. Como Turquía, España siguió siendo un conglomerado de repúblicas mal regidas con un soberano nominal al frente. El despotismo presentaba caracteres diversos en las distintas regiones a causa de la arbitraria interpretación de la ley general por virreyes y gobernantes; pero a pesar de ser despótico, el gobierno no impidió que subsistieran en las regiones los varios derechos y costumbres, monedas, estandartes o colores militares, ni siquiera sus respectivos sistemas fiscales. El despotismo oriental no ataca el autogobierno municipal sino cuando éste se opone directamente a sus intereses, permite muy gustosamente a estas instituciones continuar su vida mientras dispensen a sus delicados hombros de la fatiga de cualquier carga y le ahorren la molestia de la administración regular” (K. Marx, España revolucionaria, 1854-1855, in España y revolución, edición de Alberto Santamaría, Desvelo, 2017, 118-119. or.) [enfasia neurea]

Alegia, ziur aski asko ziren Europan, XIX. mendean, uste zutenak Espainiak antz handiagoa zeukala Turkiarekin Frantziarekin edo Ingalaterrarekin baino, baina XX. mendean eta, bereziki, Espainia Europar Batasunean integratzen denetik, diferentziak handitu egin dira. Eta antzekotasunak beti hor badaude ere (Espainiak demokraziaren ideia europarra onartzeko duen ezinean argi ikusen direnak), orokorrean hartuta garbi dago Turkiarekiko aldea handitu besterik ez dela egin. Momentuz behintzat.

Edward Said (argazkia: Akg images/Bruni Meya/East News)

 

III

Baina zertara dator Europari eta Orienteari buruzko kalaka hau guztia? Bada, oso garrantzitsua delako aipagai dugun liburua ondo ulertzeko. Kazetari kurdu batek egina baita, eta kurduak direlako, ziur aski Europaren identitateari buruzko arazoa ulertzeko ongien situatuta dauden intelektualak.

Alegia, Kurdistan, geografikoki eta kulturalki, argi eta garbi Ekialde Hurbilean dago (Orientean, Edward Said beti miretsiak trokelatu zuen terminologiari jarraiki), Tigris eta Eufrates ibaien iturburuak inguratzen duten mendietan eta, Turkiari dagokionez, haren eskualderik ekialdekoena eta pobreena da. Baina gaur egungo kurduak, bereziki Turkia aldekoak, Ekialde Hurbileko herririk modernoena eta mendebaldetarrena dira, turkiarrak, arabiarrak edo pertsiarrak baino askoz ere mendebaldezaleagoak. Kurduak dira, alde handiz, demokrazia europarra, gizartearen pluralismoa eta laikotasuna, edo, azkenik baina ez azken, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, onartu ezezik aktiboki sustatzen duten bakarrak Ekialde Hurbilean.

Egoera hori paradoxikoa da eta zuzen-zuzenean zor zaio azken hamarkadatan PKK mugimenduaren eskutik sortu den abertzaletasun ezkertiarrari. Izan ere, historikoki kurduak, euskaldunak bezala, oso kontserbadoreak izan dira politikoki, sozialki eta erlijioski, baina Euskal Herrian abertzaletasun ezkertiar bat sortu zen bezala, beraien artean ere oso antzeko mugimendu bat sortu zen ia aldi berean (apur bat geroago) eta horrek gizarte osoa irauli zuen, Euskal Herrian baino askoz ere sakonago. Zeren eta Turkia edo Siriako kurduen artean PKKrekin nolabait identifikatzen den mugimendu politikoak duen itzala, Euskal Herrian EAJk eta Ezker Abertzaleak, biak batera bilduta, izango luketenarekin aldera daiteke, eta ziur aski artean ere handiagoa litzatekeela esatea ez da exajerazioa. Eta hori gertatzen da, hain juxtu ere, integrismo eta extremismo erlijioso muturrekoenak arabiarren artean (bereziki) eta pertsiarren artean (lehenagotik eta beste molde batez) izugarri zabaldu diren aldi berean. Kurduak, une honetan, salbuespen bat dira Ekialde Hurbilean.

Eta kurduak salbuespen bat direlako, aldi berean Turkiako demokrazia, Irango iraultza islamikoa, Siriako edo Irakeko garai bateko panarabismoa edo gaur egungo jihadismorik fanatikoena pairatzen dutelako, inork baino hobeto ezagutzen dute zer den zinezko demokrazia, herriaren gobernua, gizartearen pluralismoan eta autonomian zurkaiztua. Eta aldi berean Estatu Batuen edo Errusiaren interbentzionismoa eta bere ondorioak beren haragi eta larruan pairatzen dutenez gero, inork baino perspektiba hobeagoa dute munduko arazo globalak ulertzeko eta balioesteko.

Egia esanda, gaur egun esan daiteke kurdu izatea, intelektualki, zinezko pribilegioa dela. Baina aho txikiarekin esan dezagun, kurdu izatea, gaur egun, herri zapaldu eta sarraskitu bateko kidea izatea delako egiazki, demokrazioaren defentsan bakar-bakarrik gelditu den herri bulartsu baten kide izatea. Eta hori da, hain zuzen ere, liburu honetan gardentasunez ikusten ahal dena.

Lalesh, yezidien gune erlijioso nagusia (Roxane photo)

IV

Zeren bada ordua itzulinguruka ibiltzeari utzi eta liburuaz hitz egiteko. Azaleko argazkitik hasiko gara: emakume gerrillari bat, bere fusilarekin, Kurdistango mendietan. Irudi indartsua da, eta bat dator arestian iradoki dugun ideietako batekin: kurduen modernotasuna, mendebaldeko balioekiko konpromisoa, inon baino indartsuago islatzen da emakumeek beren gizartean azken urteotan lortu duten protagonismo izugarriarekin: PKKren ideologia politikoari jarraiki, maila politiko guztietan ardurako postu guztiak bikoiztuta daude, gizon bat eta emakume bat. Guztiak. Eta hori inon baino erradikalago ikusten da beren armada iraultzailean: unitate batzuk emakumez osatuta daude eta frontean borroka egiten dute gizonezkoek bezala, desberdintasunik gabe.

Zekine Türkerik aspaldi zeukan emakume gerrillari horiek elkarrizketatzeko gogoa. Kazetaria da, horixe du lanbide. Azkenean, 2014ko udan abiatu zen Kurdistan irakiarrera eta hilabete bat eman zuen bertan, goitik behera zeharkatuz; azken etapak, gainera, Kurdistan siriarrean eman zituen. Eta orduan ustekabea: hilabete horretan, hain juxtu ere, gertatu zen jihadismo berriaren eztanda, ISISek eskualde zabal-zabalak bereganatu zituen bat-batean (besteak beste Bilbo eta bere aldiriak baino handiago den Mosul hiria) eta, besteak beste, kurdu yezidien kontrako genozidio kupidagabe bati ekin zion.

Yezidiak. Kurduak dira nazioz, alegia, hizkuntzaz, baina ez dira musulmanak, erlijio zahar eta (guretzat eta musulmanentzat ere) bitxi baten fededunak. Jihadistentzat sekta demoniako bat besterik ez dira, hots, deabruaren adoratzaileak, eta heriotza besterik ez dute merezi, hilketa masiboen bidezko heriotza. Genozidioa. Zekine beren eskualdean barneratu eta haietako asko elkarrizketatzeko aukera izan zuen. Lekukotza lazgarriak, guztiz lazgarriak.

Baina jihadistentzat benetan zabala da heriotza merezi dutenen zerrenda. Adibidez, kurdu guztiak, kurdu izate hutsagatik, erlijioz gehienak musulman sunita izan arren. Baina abertzaleak dira, mendebaldezaleak, hots, kalifato berriaren etsai zuzenak. Heriotza merezi dute guztiek. Eta baita arabiar shiitek ere. Eta abar benetan luzea.

Baina zer da Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena? Zeintzuk dira gerra luze eta kupidagabe horren gakoak? Badu logikarik, ala guztia hotsa eta ardaila besterik ez da, ergel batek kontaturiko ipuina?

Zekinek Zientzia Politikoa ikasi zuen Ankarako unibertsitatean eta formazio akademiko benetan sakon baten jabea da. Baina liburu honetan ez digu disertazio akademikorik eskaintzen, aitzitik, jendearen bizitza kontatzen digu, beren hautuak, beren iritziak, beren egunerokotasuna. Eta gu gara hariak bildu behar ditugunak, gertatzen ari denari logika bat aurkitu behar diogunak. Baldin eta halakorik balego.

Bederatzi kapitulu dira, denak laburrak. Protagonistak, ia beti, kurduak dira. Eta, ondorioz, ia beti bizitza gertakari lazgarriz beterik duen jendea: errefuxiatuak, militante politikoak, gerrillariak… baina, ororen buru, jende arrunta, eguneroko bizitza aurrera ateratzeko lan egiten duen jendea. Testuinguru benetan latz batean.

Lehen kapituluetan Makhmur izeneko errufuxiatu kanpaleku baten bizitza kontatzen digu: kurdu turkiarrak, orain dela hogeita hamar bat urte Turkiatik ihes egindakoak Turkiako armadaren erasoen beldurrez, Iraken babestu zirenak. Kurdistan barruan beti, baina gerraren eta errepresioaren mehatxupean beti. Muga zeharkatzearekin batera ia guztiek ahaztu egin zuten ordura arte ikasitako turkiera apurra. Hunkigarriak dira umeentzat eskolak (kurdueraz!) antolatzeko egin behar izan dituzten ahaleginen deskribapena. Hunkigarriak beren bizitzaren istorioak, beren egunerokotasuna.

Ondoren, Zekine Qandilgo mendietara mugitzen da, hots, gerrilla kurduaren menpe dagoen gune nagusira, eta oraingoan gerrillarien egunerokotasuna da mintzagai, beren bizitza mendietan. Hain juxtu ere, une horretan PKKren zuzendaritzak erabakitzen du bere indarrak yezidiak babesteko erabiltzea, ISISen erasoari buru eginez. Horri esker ehunka milaka lagun salbatu dira. Zekine yezidien lurraldera abiatzen da eta Lalesh-era ailegatzen da (yezidien gune erlijioso nagusia, gure Arantzazu moduko bat, mendien artean baita). Handik, Rojava-ra, hots, Kurdistan siriarrera. Eta hor berriz ere errefuxiatuen bizitza, beren borrokak, beren proiektu politikoak.

Azken kapituluan, gure kazetaria emakume gerrillarien unitate batean integratzen da egun batzuetarako, eta neska gazte borrokalariak elkarrizketatzen ditu. Beren ametsak. Beren arrazoiak. Istorio txikiak beti, teoria politiko handiekiko aipamenik gabeak. Beren borroka bizitzaren aldeko borroka da, askatasunaren aldekoa. Eta, bereziki, emakume gisa duintasunik izatearen aldekoa.

Emakumeen duintasuna. Dudarik gabe liburua alderik alde zeharkatzen duen gai nagusietako bat da. Testuinguru historiko eta sozial guztiz patriarkal baten (patriarkatua, han, Europan baino askoz ere gogorragoa da) emakume batzuk, kurduak, armak eskuan borrokatzen dira jihadisten kontra. Gertakari itzela da. Zaila da balorazio bat egitea motz gelditu gabe edo, kontrara, laudorio puztuean jausteko arriskuari amore eman gabe. Bego horrela.

Makhmurko eskola (argazkia: Alberto Hugo Rojas)

 

V

Zer esan amaitzeko?

Zaila, biziki zaila da guretzat Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena ulertzea. Agian, utzi beharko genioke pentsatzeari europarrok orientalak epaitu ditzakegula. Edward Said palestinarrak aspaldi-aspaldi esplikatu zigun zer den orientalismoa eta, orain, Zekine Türkeriren liburu honek berriz ere horren froga praktiko argi bat eskaintzen digu. Irakur dezagun adorez eta apaltasunez.

Eta pentsa dezagun apur bat hango mendi eta ibarretan borrokatzen diren milaka gizon eta emakumeengan. Guk baino askoz ere gehiago dakite demokraziaz, askatasunaz, laikotasunaz, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaz. Esperientzia zuzena dute, beren haragi eta larruan pairatzen dutena.

Beraiek dira guri asko erakusteko daukatenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude