EUSKARA BATUA ETA SARTRE

Pruden Gartzia, 2017ko abendua

SARTRE, J.P., Begirada, Donostia: Jakin, 2017 [Hitzaurrea eta itzulpena, Juanmari Agirreurreta], 129 or.

Egia esanda, ez dut asko ezagutzen Jean-Paul Sartre (1905-1980). Bai, mila aldiz ikusi dut aipatua, era askotako liburutan, artikuluetan, prentsa orokorrean, telebistako erroportaje eta abarretan… baina oso testu gutxi irakurri dizkiot zuzenean: L´existentialisme est un humanisme (1945) sonatua bai, euskaraz lehenengo eta frantsesez ondoren, Gisèle Halimiren Le procès de Burgos (1971) gure artean hain aipatuari egin zion hitzaurrea ere bai, Mikel Lasak itzulitako Paretaren kontra (1980) [Le mur, 1939] esango nuke noizbait irakurri nuela… akordu handirik geratu ez bazait ere, baina Monika Etxebarriak Klasiko Unibertsalen bilduman duela ez horrenbeste itzulitako Goragalea (2003) [La nausée, 1938], adibidez, hori ez. Ez dakit, une horretan ez nion arretarik jarriko eta gero, ahaztu. Egia esanda, Sartre baino Txillardegi izan da beti interesatu zaidana, eta agian horregatik interes bigarrentiarra izan dut beti paristarrarekiko. Hala ere, Jakinek bere liburu baten itzulpena atera duela konturatu bezain laster, hura irakurtzeari ekin nion eta, orain, hura iruzkintzeari. Horra.

Liburuak inpresio gazi-gozoa utzi dit. Batetik, oso-oso ona, bestetik nahikoa kaxkarra. Argi dezadan kontua. Hitzaurrea eta itzulpena guztiz bikainak begitandu zaizkit, eta liburuaren itxura (bilduma berriztu egin dute) oso ona. Bon, egia esanda, hitzaurrea ona da, beste barik (hau da, produktu estandar bat, gaztelaniaz edo frantsesez ere normaltzat joko genukeena) baina itzulpena… itzulpena guztiz bikaina iruditu zait. Hain da zaila testua! Hain da bihurria, endredosoa, korapilotsua… eta hain da atsegina euskaraz hain airos itzulita ikustea! Alde horretatik poza, benetako poza sentitzen da ia-ia lerro bakoitzean. Bide luzea egin du euskal itzulpengintzak azken hamarkadetan. Eta gai horrek, apika, aparteko garapena merezi du.

Izan ere, uste dut ez dela desegokia une honetan Orixe hizpidera ekartzea. Oker ez banago, bera izan zen lehenengoa, Zaitegirekin batera, Filosofiako testuak euskaratzen edo Filosofiaz idazten euskaraz. Eta bai, egia da, beti aurki daiteke aurrekari historikoren bat, bereziki Iparraldean, zein kulturalki beti Hegoaldea baino aurreratuago egon den XX. mendera arte (edo apur bat gehiago), baina Jusef Egiategi bezalako bitxikeria bat albo batera utzirik, esango nuke XX. mende erdialdera arte itxaron behar dugula Filosofiako testurik ikusteko euskaraz, eta horiek Euzko Gogoa aldizkariaren inguruan sortu ziren inon baino lehenago, bide purista-elitistatik (Zaitegi) zein purista-populistatik (Orixe). Ziur aski aldizkari hori ondo arakatuta agertuko da bestelako egilerik ere, baina, mailua iltzeari, Orixe eta bere Agustiñ deunaren aitorkizunak (1956) dira eredu gailena, autoritatez hain zamatua non Jakin aldizkaria sortzen delarik (1956) eta idazle-belaunaldi berri bat euskaraz edozertaz (baita Filosofiaz edo Teologiaz) idazteko delibero irmoarekin agertzen, argi eta garbi Orixe hartzen dute gidaritzat. Sarritan aipatua izan den gertakaria duzu hori, beharbada zuri apur bat bitxia egiten bazaizu ere: Orixe Jakinen gidari? Bai, halaxe izan zen aldi batez.

Zeren idazle gazte hasiberrien artean Orixeren teoriak aplikatzen saiatu eta berehala nabaritu ziren lehenengo arazoak. Arazo latzak. Hitz batez, Orixerekin ez zegoen aurrera egiterik. Barruko krisiak berehala eztanda egin zuen: Joseba Intxausti gazte eta suhar batek idatzitako Illobira bultzaka (Jakin, 9. zk., 1959, 83-88 or.) artikulu tximistatsuak maisuaren zeharkako erantzuna eragin zuen (Izatea aztertzen Jakin, 10. zk., 67-71 or.), eta Intxausti beraren arrapostua (Orixe-ri erantzun bidez, Jakin, 10. zk., 1959, 28-35 or.). Gaur egun ere zirrara eragiten du Intxaustiren bi artikulu horiek eta Orixerena batera irakurtzeak, hain dira laburrak eta gardenak, arazoaren mamia ondo baino hobeto laburbiltzen dutenak.

Eta zein izan zen krisialdiaren ondorioa? Labur eta baldar esanda, Jakinen, Orixeren itzala Txillardegirenarekin ordezkatu zuten, kultura antimoderno eta populistaren aitapontekoaren ordez, euskal modernotasunaren profeta nagusitu zen, eta harekin, handik urte batzuetara, euskara batua izango zena. Zeren eta komenigarria da argitzea euskara batua ez dela soilik arau ortografiko eta gramatikal multzo bat, ez, ez da hori bakarrik. Hori baino askoz ere gehiago da. Euskara batua, batez ere, euskal kultura moderno bat eraikitzeko tresna bat da. Hori gabe, alegia, euskal kultura moderno bat eraikitzeko delibero irmoa tartean ez badago, euskara batuak ez du inolako zentzurik, alfer-alferrikakoa da. Eta hori ahaztu egiten zaigu batzuetan, arazo filologiko-gramatikaletan galduta. Ez da arraroa Orixeren ildoko hainbat euskaltzale handik urte batzuetara euskara batuaren kontra paratzea, zeren arazoa, egiazki, ez zen hatxea edo antzeko ezer, arazoa euskal kultura moderno bat egiteko deliberoa zen, eta egitasmo horrek nahita nahiez eskatzen zituen oinarri sozial eta politiko berriak. Hori zen arazoa, eta ez euskararen jatortasuna, herrikoitasuna, hatxea, edo orduan inbokatzen zen beste ezer.

Orixe (Wikipedia)

Baina zertara dator filipika historiko hori Sartreren itzulpen berri bat iruzkintzean? Bada, liburu berri honek, alderdi batetik baino gehiagotik, ederki baino ederkiago laburbiltzen duelako 1960 inguruan euskal kulturak egiten duen jira kopernikarra: Orixe eta San Agustinengandik, Txillardegi eta Sartrerengana pasatzen gara, euskara purista-populistaren gailur hartatik, euskara batuaren gailur txiki, baina biziki esanguratsu honetara. Euskal kulturak bide luzea egin du benetan bost hamarkadatan, eta hori liburu hau irakurtzean argi, garbi eta nabarmen gelditzen da. Orain badugu euskara moderno bat, kultura moderno bat behikulatzeko balio duena, aparteko problemarik gabe. Ez da makala lorpena.

Eta beharbada lerro hauek irakurtzean Juanmari Agirreurreta itzultzailea guztiz pozik sentituko da, baina baita apur bat lotsatuta ere (hitz horrek euskaraz duen adiera bikoitzean). Izan ere, apur bat kikilgarria ere izan behar du nork bere izena Orixe, Txillardegi edo Intxaustiren aldamenean ikusteak. Ez larritu, ez da batere arraroa, eta esango dut zergatik. Batetik, meriturik ez zaizu falta, jauna, itzulpen guztiz bikaina egin duzulako (eta zorionak eta mila esker!), baina bestetik, hara, pozgarriena da pentsatzea gaur egun, ziur aski, honen moduko itzulpen bat dozenaka lagunek egin dezaketela Euskal Herrian; bon, agian itzulpen zehatz hau ez, zu zeu Sartreren ezagutzaile aparta zarelako, espezialista bat, eta zaila litzatekeelako beste inor egokiagorik aurkitzea, baina ulertzen didazu: jende asko dago, gaur egun, antzeko testuak antzeko trebeziarekin itzuliko dituena euskarara. Eta hori bezain garrantzitsua dena, edo garrantzitsuago: milaka lagun dago, honez gero, horrelako testuak problema berezirik gabe irakurriko dituena, erran nahi baita, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez irakurrita izango lituzkeen arazo berberak edo oso antzekoak izango dituena, ez gehiago, eta ez ezer bereziki euskara dela-eta. Hori, jauna, zure lorpen pertsonala da batetik, baina bestetik belaunaldi baten lorpen kolektiboa ere, besteak beste Jakin taldearena.

Joseba Intxausti (Zaldi Eroa, Armiarma)

Bukatzeko, zerbait esan beharko dut liburuari berari buruz. Laburra eta zintzoa izango naiz: paradoxikoa iruditu balezake ere, ez dut gauza handirik ulertu. Liburuxka honetan agertzen den Sartre ez da literatoa, filosofoa baizik, eta Ontologiaz dihardu, edo Ezagutzaren Teoriaz, edo horrelako zerbaitetaz. Kontu biziki teknikoa, biziki gatxa, eta biziki aspergarria (zertarako engaina). Aitor dut nik neuk ez dudala lortu liburua amaitzea, Ontologia, egia esan, ez baitzait interesatzen apenas eta liburu hori teknikoegia baita niretzat. Baina, esana dut gorago, gaztelaniaz edo frantsesez irakurri izan banu, oso antzeko arazoak izango nituzkeen, eta gozatu estetikorik batere ez. Enfin, hasieran pozez gainezka irakurri dut, erdiraino-edo pozik, baina apur bat nekez, hortik aurrera gero eta nekezago… eta azkenean utzi dut.

Izan ere, beste galdera bat gelditzen zaigu airean: Sartre garrantzitsua ote da gure gaur egungo kulturan? Irudi historiko gisa, ez dago batere dudarik baietz, baina filosofo gisa? Bere Ontologia? Nik ez dakit horretaz ia ezer, baina esango nuke klasikoen multzora pasatu beharko genukeela, alegia, Locke, Hume, Wittgenstein, Heidegger… funtsean espezialistentzat dira. Eta barka bekatu handirik esan baldin badut.

OHARRA: Sartreren liburua amaitu ezinik bertan behera utzi, eta, barruko harrak eraginda, gaiaren aldetik antzekotasun nabari batzuk dituen beste klasiko bati ekin diot, Bertrand Russell-en Filosofiaren arazoak (Klasikoak, 2002) [The Problems of Philosophy, 1912]. Hura ere, oker ez banago, bere garaian irakurtzen hasi eta, arrazoi beragatik (gaia Ezagutzaren Teoria da), biderdian-edo bertan beherea utzita. Oraingoan osorik irakurri dut, eta honetan ere biziki estimatu dut Agustin Arrieta Urtizberea itzultzailearen lana, Agirreurretarena bezain distiratsua iruditu ez bazait ere. Baina jatorrian dago arrazoia, alegia, liburu honetan behintzat, Russell Sartre baino askoz errezagoa da (liburu honetako Sartre, bederen), ziur aski, gauzak errazki, lau eta leun esaten saiatzen baita, frantsesaren asmoa, nonbait, kristo guztia bere jakintzarekin epatatzea den bitartean (edo errezelo hori hartu diot nik, tarteka, barka sartrezaleek). Frantses distirantak eta ingeles praktikoak, horra bi autore horien artean erraz seinalatu daitekeen desberdintasun bat! Baina estiloa oso desberdina badute ere, gizarte-ekintzan sintonia betean ibili ziren biak sarritan, eta gure Txillardegik berak aho-bilorik gabe aitortzen du: “Nik, monotematika horretaz asperturik (eta kezkaturik ere bai) ezkertiar heterodoxoen irakurketari ekin nion. Hatsa behar! Eta bi filosoforen lanetik hasi nintzen: Russell eta Sartre.” (Euskal Herria helburu, 1994, 274. or.). Gehiegizkoa ote da esatea gure kultura modernoa, neurri esanguratsu batean, bi autore horien itzaletik abiatu dela? Horiek tankeratu dutela, ez neurri txikian, gaur egun euskara batuan idazten denaren marko naturala? Agian bai, agian gehiegizko jeneralizazio bat da. Ikus, dena den, Intxausti eta Orixeren arteko urrutiko eztabaida haren harira, nola darabilen Arrietak “zerizana” hitza, liburu osoan zehar eta, bereziki, 167. eta 190. orrietan. Bai, Intxaustiren ametsa gauzatzen ari da. Aurrera goaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude