BARTZELONA ETA MADRIL (ATENAS ETA ESPARTA?)

Pruden Gartzia, 2017ko azaroa

PABÓN, J. Cambó (1876-1947), Barcelona: Alpha, 1999, 1521 or.

Azken hilabeteotan Kataluniara begira bizi izan gara danok eta, beharbada tenoreaz baliaturik, aspaldi-aspaldi bazter utzitako liburu bat hartu eta osorik irakurtzeko adorea bildu dut, alegia, Jesus Pabón-en Cambó (1876-1947) ospetsua. Eta bai, badakit, hau irakurtzen ari zareten gehienontzat, ia ziur, ez da batere ospetsua ez egilea, ez liburua, baina zuena da errua, edo gizarte moderno honena, edo gure bizimodu petralaren abiadura gupidagabearena, baina, bere garaian, Cambó liburu ospetsu bat izan zen, klasiko bat Espainiako historiografian. Aipatu egiten zen erreferentzia bat.

I

Francesc Cambó i Batllé (1876-1947) Kataluniako Historiako pertsonaia garrantzitsuenetako bat da, agian garrantzitsuena XX. mendean. Politikari eta enpresaburua, Kataluniako lider politiko ezagunena izan zen Espainian hogei edo hogeita hamar urtez, hau da, mende hasieratik Gerra Zibileraino. Katalunian bertan, apika, beste batzuk beste horrenbeste edo gehiago nabarmendu ziren (Prat de la Riba, Macià edo Companys, adibidez), baina Espainiari begira, Cambó zen beti erreferentzia nagusia, bera izan zen beti Bartzelona eta Madrilen arteko harremana bideratzeko kargua izan zuena. Zubi-gizon bat, nahi bada, baina ez gizon neutral bat, haatik. Izan ere, katalana eta katalanista zen zuztarreraino, eta II. Errepublikan Maciàren eskutik Esquerra Republicana nagusitu arte, alderdi nazionalista handienaren liderra, hots, Lliga Regionalista-rena (1933an izena aldatu eta Lliga Catalana bihurtu zena).

Hala ere, gaur egun ez da oso aipatua, arestian hizpidera ekarri dugun Macià edo Companys baino askoz ere gutxiago, dudarik gabe. Izan ere, Macià independentismoaren ikurra izan zen bere garaian, Espainiarekiko separatismoa lotsarik gabe sustatu zuen lider karismatikoa, gure Sabino Arana nolabait esan, aldeak alde; haren ondorengoa Esquerraren lidergoan eta Generalitatean, berriz, Companys, 1934ko urriaren 6an Generalitateko balkoitik Kataluniaren independentzia aldarrikatu zuena eta, zelan diren gauzak, mugimenduak porrot egin zuenean (egun berean) atzerrira ihes egiteari uko egin ziona; Puerto de Santa Marian kartzelaratu zuten, baina 1936an Espainiako hauteskundeetan Fronte Popularra atera zenean garaile, amnistiatu zuten, beste milaka preso bezala, eta berriz ere Generalitateko buru bihurtu zen. Denok dakigunez, gure lehendakari Jose Antonio Agirrerekin batera zeharkatu zuen muga 1939an, erbesteratua, baina gure lehendakaria ez bezala Companys Gestapok atxilotua izan zen 1940an, Espainiara extraditatua eta oso denbora laburrean epaitua, heriotzera kondenatua eta afusilatua. Dena legearen barruan, jakina. Tiroak jaso baino istant batzuk lehenago oihu egin zuen, Per Catalunya!, eta lurrera erori zen hilik. Ordutik legenda bat da katalanentzat eta baita ere, hala pentsatu nahi nuke, demokrata eta antifaxista guztientzat.

Ez, ez da arraroa Cambó gaur egun gutxiago aipatua izatea. Izan ere, non zegoen eskuin katalanistaren liderra Gerra Zibilaren denboran, Companynsek bere epopeia pertsonala bizi zuen bitartean? Bada, erbestean, baina Francori laguntzen, nola edo hala, guztiz agerian ez bazen ere (baina gehiegi ezkutatu gabe, haatik). Izan ere, badirudi nahiago zuela militar espainolen gobernua katalanista ezkertiarrena baino. Enfin, behin Txillardegiri entzun edo irakurri nion bezala (edo biak?) mejor la dictadura de la bota que la de la alpargata (horrela esaten zuen berak, erdaraz, euskaratu gabe ziur aski bere gazte denboran askoren ahotan egongo zen adagio politikoa), alegia, ziur aski Cambórentzat dilema ez zen demokrazia eta faxismoaren artean (Agirre lehendakariarentzat bezala), baizik eta diktadura militar eta iraultza komunista baten artean. Eta berak nahiago zituen Espainiako militarrak, berez oso gustukoak ez bazituen ere (eta badirudi garbi dagoela oso gustuko ez zituela).

Ez, ez da arraroa Cambó ez izatea oso aintzat hartua independentzia zaleen artean; bizi zenean ere, behin baino gehiagotan entzun omen zen Kataluniako kaleetako manifestazio jendetsuetan Mori Cambó! oihua, haren politika eskuindarrak beti Madrilgo agintariekiko konpromisoak eta hautsi-mautsiak lehenesten zituelako, egitasmo autonomisten kaltetan. Edo hori zen jende askok pentsatzen zuena. Horrela, adibidez, aipagai dugun liburuan gogoratzen zaigu Errepublika aldarrikatu zenean, 1931ko apirilaren 14an, guztiz ugaritu zirela oihu horiek manifestari askoren artean, jendeak Cambó beti Alfonso XIII.a errege espainolaren alboan eta segizioan kokatzen baitzuen. Gero itzuliko gara horretara, baina orain azpimarra dezagun bi gauza bahintzat guztiz dudaezinak direla Cambóri dagokionez: bata, eskuineko gizona izan zela, kontserbadorea eta antikomunista porrokatua, eta bigarrena, katalanista sutsua izan zela beti: zortzi liburuki sendok osatzen dute bere idazlan guztien bilduma (Els vuit volums de les obres de Francesc Cambó, Alpha), eta guztiz gehiena katalanez dago: katalanez ematen zituen mitinak, katalanez idazten zituen bere prentsa-artikulu guztiz gehienak, katalanez ematen zituen hitzaldiak, katalanez daude gai ekonomiko eta politikoz idatzi zituen hamalau liburuetatik hamabi (eta gaiak ez dira batere lokalak, baizik eta nazioarteko ekonomiaz eta politikaz sarri); orobat, katalanez idatzi zituen bere memoriak, katalanez dago bere gutuneriaren zatirik handiena… eta katalanez hitz egiten zuen, beti, etxean eta kanpoan, familian, lagunekin eta bere kide politikoekin. Alegia, katalana zen bere eguneroko hizkuntza maila guzti-guztietan, Madrilgo parlamentuan edo politikari espainolekin tratuan aritzeko ez bazen. Harrigarria, ezta?

Rara avis, pentsatuko duzue askok, apika. Beharbada ez. Euskal Herrian, zorionez edo zoritxarrez, beste historia bat izan dugu, hemengo aberatsak, salbuespenak salbuespen, euskararen kontrakoak izan dira sarri, eta erdaltzale praktikanteak ia beti; abertzale direnean ere, erdaraz ari dira eta, idazten dutenean (gutxi! hemengo aberatsek ez dute horretarako kulturarik!) erdaraz beti. Euskara ikuiluko hizkuntza da beraientzat. Katalunian, aldiz, XIX. mende bukaerako gazte abertzaleek katalana berreskuratzeari ekin zioten sendo, eta aberats eta aberats-ustekoak beren gurasoak baino askoz ere katalanago bihurtu ziren, oso erradikalak kontu horretan, politikan beti autonomista mantendu baziren ere. Bai, hori oso bitxia da guretzat, baina ez beraientzat: kulturalki oso erradikalak dira, bereziki hizkuntzari dagokionez, baina politikoki oso malguak, euskaldunak baino askoz ere gehiago. Eta, zergatik ez dugu esango, kulturalki euskaldunak baino askoz ere jantziagoak izaten dira, nabarmen. Cambóren kasua paradigmatikoa da.

Francesc Cambó (Wikipedia)

II

Izan ere, posible ote da katalan abertzalea eta espainol abertzalea aldi berean izatea? Cambórentzat, argi eta garbi, bai. Hori da, hain zuzen ere, bere egitasmo politikoaren laburbilduma. Kataluniaren alde eta Espainiaren alde, biak batera.

Eta hori nola esplikatzen da? Horra betidanik nire buruari egin izan diodan galdera bat. Zeren, jakina, nire esperientzia pertsonalean termino erabat antitetikoak dira, areago, antagonikoak ere sarri askotan. Eta betidanik onartu izan dut euskaltzale izateak ez dakarrela, halabeharrez, euskal abertzale izatea, eta alderantziz ere. Alegia, euskalduntasuna eta abertzaletasuna bi gauza desberdin dira, eta oso posible da (egunero ikusten dugu, apur bat begiratzen hasita) bi osagai horien konbinazio desberdinak pertsona beraren baitan; baina besterik da aldi berean Espainiaren eta Euskal Herriaren abertzale izatea. Bata ala bestea, biak batera ezin da. Hori da nire esperientzia pertsonala, eta horregatik, hain zuzen ere, betidanik intrigatu nau Cambó bezalakoen pentsaerak.

Zeren, berriz azpimarratuko dut, Cambó zinezko abertzale katalana da, oso-osoa, baina aldi berean abertzale espainola da, baita ere oso-osoa. Baina nola da posible?

Jakina, ni baino lehenago beste pertsona askok ere gauza bera galdetu izan dute, ez bakarrik beren buruari, baita Cambó berari ere, publikoki eta solemneki: zer zara zu, katalana ala espainola? Aipa dezagun tenore horietako bat, Espainiaren Historian garrantzi berezia duena eta iruzkindu nahi nukeen liburu honetan xehe-xehe analizatzen dena: 1918ko autonomia-estatutuaren saio zapuztua. Konkreta dezagun apur bat gehiago: 1918ko abenduaren 10ean eta 11n, debate biziki garrantzitsu bat egon zen Espainiako parlamentuan; mahaigainean, Kataluiniarentzako autonomia-estatutu baten proiektua; egitasmo politiko horren sustatzaile nagusia, Lliga Regionalistako liderra, Francesc Cambó. Egitasmoak ez zuen aurrera egin. Nola? Zergatik? Zer erantzun zioten Cambóri, zehatz-mehatz?

Egoera biziki bihurria da. Izan ere, I. Mundu Gerrak eta Errusiako Iraultzak sortutako egoera berriaren ondorioz, Espainian Berrezarkuntzako sistema politikoa krisi sakonean sartuta dago aurreko urtetik, gobernu egonkorrik osatu ezinik. Egiazki, sistema hila zen, ezinezkoa zelarik funtzionaraztea lehen bezala, baina protagonistak, elite politikoa, oraindik hura berpizten saiatzen ari ziren. Cambók berak, hilabete batzuk lehenago, operazio politiko guztiz arriskutsu bati ekin dio: Prat de la Ribaren heriotzaren ondoren bera da Lliga Regionalistako lider eztabaidaezina, eta goi mailako negoziazio politiko sekretu batzuen ondoren onartzen du Espainiako Gobernuko ministro bihurtzea; trukean, hilabete gutxi batzuen barruan, Kataluniak autonomia-estatutu bat izango du. Dirudienez, hori da tazituki agindu ziotena, baina beti oso modu eliptikoan, ziur aski. Kontura gaitezen aldaketa kualitatiboaz: ministro katalan abertzale batzuk Espainiako Gobernuko ministro! Oso apostu handia da, baina epe batez badirudi irabazi egingo duela eta Espainiko parlamentuak baietz bozkatuko duela. Eta, hortik aurrera, etapa berri bat zabalduko zaio Espainiari, sistema berriztatzeko eta demokratizatzeko bide argi bat. Ispilukeria hutsa izan zen; izan ere, proiektua parlamentura ailegatzen denerako, bera jada ez dago gobernuan, hilabete bat lehenago dimititu behar izan baitu, Santiago Alba gobernukide gaztelau eta antiautonomistak egindako oposizio gogorragatik; hortaz gain, debatearen aurreko astean Gaztela eta Leongo hainbat Diputaziok (Avila, Burgos, Palencia, Logroño…) asanblada berezi bat egin dute eta mezu gogor bat adostu dute Kataluniako pribilegioen kontra; Andaluziako diputazioek ere bat egiten dute Gaztela eta Leongoekin, eta Madrileko prentsa guztia dute atzean, giroa berotzen; debatearen bezperan, manifestazio handi bat egiten da Madrilen, Kataluniako estatutuaren kontra eta Espainiaren batasunaren alde. Eta, bitartean, Bartzelonan, jendea urduritzen hasita horrenbeste luzamendu eta ustekabeko oposizioaren aurrean, ustez aurrez guztia lotuta zegoenean.

Baina ez zegoen lotuta, edo ez ondo lotuta behintzat. Abenduaren 10eko debate horretan parlamentari liberal batek, Niceto Alcalá Zamora, gero II. Errepublikako presidente izango zena, estatutuaren proiektuaren kontra oso gogor mintzatu ondoren, bukatzeko, guztiz solemneki esaten dio: “Autonomia y hegemonía son dos cosas absolutamente incompatibles… No se puede ser a la vez Bolivar de Cataluña y Bismarck de España.” (593. or.). Hurrengo egunean, berriz, kontserbadoreen lider nagusia, Antonio Maura, Cambó ministro izan den bitartan gobernuburu izan denak eta guztiek Cambóren oso gertukotzat dutenak, diskurtsu erabat dramatikoa egiten du eta, amaieran, honela zuzentzen zaio: “No tiene S.S. opción, ni la tendrá nunca, ni la tiene nadie, porque no se elige la madre, ni se eligen los hermanos, ni la casa paterna, ni la patria en que se nace.” (595. or.). Agur estatutua, agur Cambóren apostu politikoa, kitto, galdu da dena, Espainiako parlamentuak ez du egitasmo autonomistarik onartuko. Honela bukatu zen Mauraren diskurtsua: “Estalló una gran ovación que interrumpió el final del discurso y que duró, en escaños y tribunas, más de cinco minutos [bost minutu txaloka!]. El señor Marua fue abrazado por muchos diputados, por el Presidente del Consejo [gobernuburua] y por casi todos los ministros.” (596. or.). Ez digute esaten guztiak batera kantuan hasi ote ziren Yo soy español-español-español… baina giroak nahiko antzekoa dirudi.

Baina harira: ea, Cambó, zer zara zu? Espainola ala katalana? Zein da zure aberria, Espainia ala Katalunia? Zer izan nahi duzu, Kataluniako askatzailea (Bolivar) ala Espainiako inperio berriaren sortzailea (Bismarck)? Eta ez, Cambó ez zen independentzia eskatzen ari, autonomia-estatutu bat baizik, eta hau zen bere erantzuna, etengabe errepikatua, mitin, hitzaldi, artikulu eta mota orotako idazkietan: Katalunia libre bat nahi dut Espainia handi baten barruan (Per Catalunya i l´Espanya gran da lelorik ezagunena, batzuetan, aldiz, honela ere ikusten da: Catalunya lliure dins l´Espanya gran), eta hori autonomia-estatutu baten bitartez, zeren Katalunia autonomiaren bidez indartu egingo da, eta hori ona izango da guztientzat, baita Espainiarentzat ere. Bada, ezin da, hori Espainian ezin da.

Gorago nire esperientzia pertsonalez mintzo nintzen, alegia, ezinezkoa dela aldi berean abertzale euskalduna eta espainola izatea. Cambó, berez, gogotik saiatu zen, baina erbestean hil zen, Argentinan, 1947an, ezer lortu gabe Kataluniarentzat. Eta hori beti posibilistetan posibilistena bezala agertu zelarik! Franco onartzeko ere prest agertu zen! Alferrik, Espainian ezinezkoa da, ez baitu inoiz fede onez inolako estatuturik emango, beti behin-behineko soluzio bat izango da, espainiar abertzaleak makal eta ahul sentitzen direnean emana, baina beti maniobra taktiko huts gisa, inoiz ez konbentzimenduz. Eta berriz ere indartsu sentitu orduko, desegiteari ekingo diote. Hori da nire iritzia eta, esango nuke, beste euskaldun askorena eta katalan asko-askorena. Horregatik gara independentistak.

Francesc Macià (Wikipedia)

III

Baina honez gero ordua da hizpide dugun liburuaz beraz zerbait esateko. Egilea, Jesús Pabón (1902-1976), espainiar katedradun arketipikoa da, eskola zaharreko historialari bat, Espainian egon den onenetakoa. Liburu hau idatzi zuen anbiziotsuena da, ezagunena ere ziur aski, eta iraunkorrena. Egia esanda, ez da Historia liburu hutsa, aitzitik, Pabón parlamentari izan zen II. Errepublikan (CEDA koalizio eskuindarraren zerrendetan) eta pertsonalki ezagutu zituen bai Cambó, bai garaiko lider politiko guztiak; hortaz gain, monarkiko gisa aritu zen beti eta, dirudienez, Bartzelonako kondearen, hots, errege emeritu Joan Karlosen aitaren, kontseilu pribatuko kide izan zen. Alegia, frankismoan ere, katedradun izateaz gain (eta Historia Akademiako kide eta buru), polikari aktiboa izan zen, monarkikoen lerroan. Ez dakit zein jarrera hartuko zuen Joan Karlos Borboikoaren erabaki politikoen aurrean (hau da, onartuko ote zuen haren aita tronutik baztertzea) baina esango nuke Trantsizio Politikoa deitu izan denaren emaitzarekin nahikoa pozik geldituko zela, ziur aski. Izan ere, liburu hau ez da estriktoki Cambóren biografia bat, baizik eta, Cambó aitzikia hartuta, Espainiako XX. mendearen lehen herenaren analisi luze bat. Falta zait gaineratzea liburu hau ez dela egiazki liburu bat, hiru tomotako bilduma bat baizik: lehena 1952an argitaratu zen, eta bigarrena eta hirugarrena 1969an; eskuartean izan dudana, berriz, bigarren edizioa da, hiru tomoak liburuki bakar batean bildurik 1999an argitaratua (hortik bere luzeera, 1521 or.; egiazki hiru liburu dira).

Nire begietan, Pabónek bere barrenean duen arazoa erraz esplikatzen da: zergatik izan da ezinezkoa Espainian demokrazia liberal bat izatea, Ingalaterrak, Holandak, Belgikak edo Suediak (adibidez) duten bezalakoa? Zeren aipatu ditudan guztiak monarkia parlamentarioak dira. Zergatik Espainia ez? Zergatik diktadura militarrak, Primo de Rivera lehenengo, Franco ondoren? Hori da jatorrizko kezka, barneko arantza bere bihotzean. Eta erantzuna, liburuaren 1500 orrialdeak irakurri ondoren, baita ere erraz formulatzen da: orain arte (1969, orduan argitaratzen ditu bigarren eta hirugarren tomoak) ezinezkoa izan delako Katalunia Espainian integratzea. Eta, Pabónen begietan, integrazio hori posible ezezik, erabat ezinbestekoa da, eta ez da zaila: aski da Cambóren proiektua ontzat ematea. Eta ondoren Cambóren proiektuaren patua deskribatzen zaigu, 1521 orrialdetan. Porrot etengabe baten historia. Baina, batek daki, bizi izan balitz Kataluniako ezezik, Espainiako hamalau autonomia-estatutuak legez onartuta ikusteko, agian esango zigun Cambók, Mio Cid-ek bezala, hil eta gero irabazi zuela borroka. Edo Kataluniako azken urteotako gertakariak ikusita agian esango liguke, garraztasunez, istorio hori hamaikagarren aldiz errepikatzen ari ginela. Bai, ziur aski hori esango luke. Baina batek daki.

Dena den, inork liburu luze hau irakurtzeko pazientziarik baldin badu, erraz konturatuko da azken hilabeteotako gertakariek ia-ia prezisio milimetrikoz errepikatzen dutela Espainian 1902-1936 bitartean gertatutako hainbat krisialdi politiko. Berriz esango diot, badaezpada ere, prezisio milimetrikoz. Arestian aipatu dugu 1918ko krisia, oso gaingiroki; bada, kontakizun xehe bati ekiten zaionean harrigarria, benetan harrigarria da, zenbaterainoko kointzidentziak aurki daitezkeen. Eta krisialdi hori ez zen izan lehena, aurrez beste batzuk izan ziren 1905ean, 1907an, 1909an… eta ondoren beste batzuk 1921ean, 1923an, 1932an, 1934ean… Mekanismoa beti berdina da: katalanek, nola edo hala, beren eskariak mahaigainean jartzen dituzte eta Espainiako sistema politikoa erabat ezgai da horiei irtenbide adostu bat emateko. Areago, Espainiako partiduek, politikariek, presio taldeek, militarrek… gaia baliatzen dute bata bestearen kontra, botereaz jabetzeko edota beren interes partikularrak sustatzeko. Alegia, katalanen eskariei soluziobidea eskaintzeko ezgai izateaz gain, maltzurki erabiltzen dituzte joko politikero antzu eta zikinen arma gisa. Moret, Alba, Romanones, Primo de Rivera, Alcalá Zamora, Azaña… beti berdin, konspirazio leloetan endredatuta. Katalanen aldetik, jakina, egoera ez da hobea: Macià, Rovira i Virgili, Companys… beti sektarismo antzuetan, egoera bere osotasunean ulertu ezinik, edo ulertu nahi ez. Eta Francesc Cambók (tira, berak Francisco deitzen dio) pazientzia frantziskotarrez, jakinduria eta prestakuntza paregabeez, beti zentzu positiboan bultzaka… baina inoiz zorterik gabe. Hori, gainera, gaixotasun larri batek unerik txarrenean mendean hartzen ez duenean, egon zitezkeen aukera apurrak zapuztuz. Azkenean beti kale. Ama Birjina maitea! Espainiak ez du erremediorik!

Tira, esana dugu, Pabónen historiagintza oso tradizionala da: protagonistak beti elite politiko mehar bat da (erregea, ministroak, parlamentariak, kargu politiko nagusiak…) eta arazoa, beti, beren arteko zirikada, trikimailu, hautsi-mautsi eta sasi-konponketetara mugatzen da. Horrela, krisi politikoak bata bestearen atzetik xehe-xehe esplikatzen dira, beti protagonisten izaera, aiurria eta asmoei erabateko garrantzia emanez; horren aurrean, gizartearen protagonismoa oso-oso txikia da beti. Ez da nik unibertsitatean ikasi nuen historiagintza, hori argi dago (han egiturak edo gizartea ziren hitz gakoak, ez inoren izaera edo asmoak), baina atseginez irakurtzen den liburua da. Positiboan epaituta, birtute ukaezin bat du: gaur egungo krisi politikoak hobeto ulertzen laguntzen du, zer den kontatzen zaiguna eta zer ezkutatzen dena. Adibidez, Puigdemonten balkoira-atera-nahi-ez eta ondoko ihesaren inguruan ziur istorio oso zehatza dagoela… egunen batean jakingo duguna, ez gaur. Zeren episodioak ia milimetrikoki errepikatzen ditu 1934ko urriko gertaerak…

Nostalgia ere eragiten du liburu honek: hara, ematen zuenean Espainiak azkenean onartzen zuela Katalunia bere sistema politikoan integratzea, Cambók eta Pabonek amestu zuten bezala, eta sistema bera gainetiko erregio edo nazionalitateei aplikatzea, konturatzen gara PPk gaia baliatu zuela PSOE gobernutik botatzeko, eta PSOE barruan ere etengabe baliatzen dutela alderdiaren fakzio desberdinen artean dagoen botere-lehian aurrera egiteko. Eta, bihotz erdiragarriena, Podemos ere ez dabil hortik oso urrun. Eta abar. Ez, Espainiak ez du erremediorik.

Lluís Companys (Wikipedia)

IV

Baina Kataluniaren arazoa arazo politiko huts bat da, Pabónek azaldu nahi digun bezala? Espainiako sistema politikoaren akats bat? Hori besterik ez?

Uste dut ondoan baliatuko dudan aipua blog honetan bertan erabili izan dudala lehenago, baina hala balitz eta ez balitz ere, berdin egoki suertatzen da orain Pabónen historiagintza bere lekuan jartzeko. Tuzididesek, duela 2500 urte atenastarren eta lazedemoniarren arteko hogeita hamar urteko gerra deskribatu zuen Peloponesoko gerraren historia lan klasikoan (euskal bertsioa, hemen) eta hasiera xamarrean, argibide ezin garrantzitsuago bat eman zigun: saiatuko da gerra horren gertakariak zehatz-mehatz eta detaile osoz deskribatzen (Pabón bezala), baina gerraren arrazoi nagusiari dagokionez, ez dugu sinestu behar, batzuk esaten duten bezala, gertakari hau, hori edo bestea izan zirela gerrari ekiteko arrazoia, aitzitik, gerraren arrazoia estrukturala zen, ez koiunturala, eta honetan laburbiltzen zen:

“Atenastarrak eta peloponesoarrak izan ziren gerrari hasiera eman ziotenak, Eubea hartu ondoren sinaturiko hogeita hamar urterako itunak haustean. Eta hauste horren arrazoiei buruz hasieratik bertatik idatzi ditut zioak eta eztabaidak, inork ez dezan aurrerantzean Heleniarrenarteko halako gerra izugarriaren jatorriaz ikerketa egin beharrik.

Arrazoi egiazkoena, nahiz eta gutxien aipatua, honako hau dela uste dut: atenastarrak indartsu bihurtzeak beldurra eman ziela lazedemondarrei eta gerrara bultzatu zituela” [enfasia neurea] (23. atala, 55. or.)

Alegia, egunerkotasunari lotutako mila eta bat gertakari txikien oinarrian, arrazoi estruktural bat zegoen, Espartak bere hegemonia galtzeko zeukan beldurra. Izan ere, Esparta potentzia militar bat zen funtsean, bere ekonomia nekazaritzan oinarritzen zuena, zehatzago esanda, jopu nekazari ugarien explotazio kupidagabean, elite militar mehar baten eskutik. Atenasek, ordea, askoz ere ekonomia modernoagoa zuen, merkataritzan oinarritua, eta bere finantzak ahalbidetzen zioten ontziteria eta armada moderno eta eraginkor bat nahi zuenean antolatzea. Baina Espartako militarrak eta burokratak ez ziren ez tontoak, ez itsuak, berehala konturatu ziren Atenasen gorakada ekonomikoak bere nagusitasun politikoa ekarriko zuela epe labur edo luzean. Eta gerrari ekin zioten, mila eta bat aitzakia erabilita. Aitzakiak, besterik ez. Jakina, atenastarrak ere ez ziren tontoak, eta ez zioten beren inperio komertzial sortu berriari uko egin nahi, ezta hark ekarriko zien nagusitasun militarrari ere. Eta pozik abiatu ziren gerrara.

Ondorioz, Espartaren eta Atenasen arteko gerra luzeak oinarri sozioekonomiko oso argiak zeuzkan: bi ekonomia-mota oso desberdinak, bi gizarte-eredu oso desberdinetan kudeatuak. Eta, jakina, behin gerra abiatu ondoren, lider politiko eta militarren kalitatea, erabaki estrategikoak, beren armadak kudeatzeko arazo politiko-administratiboak… oso garrantzistuak dira. Tuzididesek, Pabónek bezala, xehe-xehe kontatzen dizkigu lider horien izakera eta arazo praktikoen gaineko kontuak. Baina Tuzididesek, Pabónek ez bezala, argi esaten du zein den gako nagusia, azken arrazoia.

Posible ote da Madril eta Bartzelona artean ere Espartaren eta Atenasen arteko bezalako lehia bat irudikatzea? Bi ekonomia oso desberdin (bata militar-burokratikoa, nekazaritzan eta interes finantzieroetan oinarritua, bestea komertzial-industriala, askoz ere modernoagoa eta produktiboagoa), bi gizarte-eredu oso desberdinen gainean eraikiak (Gaztelakoa eta Espainiako Hegoaldekoa oligarkia eta jauntxokeria hutsa, nekazarien explotazio basatian oinarritua, Katalunian partidu eta sindikatu politiko modernoen eta masa-politika klasistaren gainean oinarritua). Hori ote da gako nagusia? Zeren XX. mendearen lehen herenerako oso egokia dirudi, gaur egungo Espainia oro har modernoagoarentzat, ez horrenbeste, baina ez hain zentzugabea ere, oraindik ere Kataluniaren ekonomia Espainikoa baino askoz ere modernoagoa eta produktiboagoa baita. Beraz, zinezko arazoa ote da Madrilek beldur diola Bartzelonaren potentzia ekonomikoari? Ez dakit, baina ez egidazue esan ideia erakargarria ez denik.

Edonola ere, ez nintzeke guztiz zuzen ez banioke aitortuko Pabóni, behin gutxienez, borroka politiko xeheen mailatik gora hausnarketa anbiziotsuago eta orohartzaileago bat egin izana. 1933ko azaroan gaude, Errepublikak bigarren hauteskundeak izan ditu eta, lehenengoetan ez bezala, eskuineko taldeak nagusitu dira; badirudi inebitablea dela eskuineko talde bat, CEDA, gobernuan sartzea, baina CEDAren errepublikanotasunaz zalantza handiak daude, ezkertiarrek uste dute egoera baliatu nahi dutela Errepublika bera finitzeko. Puntu kritikoa da: CEDA erregimenean integratuko da ala ez? Denok dakigun bezala, ezkertiarrek ezetzean iraun zuten eta, urtebete geroago, 1934ko urrian, sektore erradikalenek iraultza bat bultzatu zuten. Pabónek, CEDAko diputatua orduan, argi eta garbi aldezten du eskuindarrak leialak zirela Errepublikarekiko, eta ezkertiarren sektarismoa izan zela beren erabateko integrazioa erregimenean eragotzi zuena, lehia politikoa gaiztotuz. Ez dakit arrazoirik duen, baina edonola ere, ondoko hausnarketa oso arnas luzekoa iruditzen zait, arazo handi baten muinean jotzen duelako:

“Se dice de la Segunda República Española; pero el fenómeno puede producirse en cualquier régimen. Tan pronto como se le concibe o se le vive, no como un régimen político, sino como una confesión religiosa o como un templo para el culto verdadero… Entonces se produce el maniqueísmo político del régimen: la República de los republicanos o la Monarquía de los monárquicos.” [enfasia neurea] (1293. or.)

Alegia, Espainian erregimen politikoa erregimen politiko gisa hartu beharrean, termino erlijiosotan hartzen zen, hau da, konfesio erlijioso bat balitz bezala, edo tenplo bat. Eta ondorio bakarra manikeismo politikoa da, beste hitzetan, sektarismo itsua. Pabónen ustez, hori izan zen Errepublikaren porrotaren eta Gerra Zibilaren arrazoaia, uste izatea Errepublika ez zela soilik erregimen politiko bat (hau da, adostu eta aldatu daitekeen gauza bat, negoziazioen bidez) baizik eta eliza bat, non eta Egia Berdaderoa bat eta bakarra den, eta adoratu besterik ez dagoen (eta disidenteak sutara).

Hori ote da Espainiaren gaitza? Hortik bere krisialdi politiko etengabeak? Horrek esplikatzen du zergatik espainolek ezin duten ulertu Konstituzioa hitzarmen politiko bat besterik ez dela, herriaren borondate librean oinarritzen dena, eta ez adoratu beharreko Jainko bat…

Gehiegi luzatu gara. Ni neu esplikazio estrukturalen aldekoagoa naiz (Esparta eta Atenas bezala irudikatu ditudanak, metaforikoki, jakina) baina garbi dago espainolen kultura politikoak, mendez mende hain setati eta sektario irauten duen katolikotasun zurrun eta biolento horrek, ez duela batere laguntzen.

Baina zurea da hitza, irakurle. Zein da zure esperientzia pertsonala?

OHARRA: Cambó aitzakia hartuta beste post bat idatzi nuen orain dela lau urte, hemen.

Iruzkinak (2)

  • Hausnarketa txukuna eta zuzena, baina are harrigarriagoa egiten du Kataluniako independentisten jarrera azken hilabete hauetan. Historia apur bat ezagutzen duenak (eta Junqueras historialaria da ogibidez) bazekien Espainiako agintarien erantzunik lojikoena gogorkeria izango zela. Ez da onargarria esatea, ez zutela espero horrelakorik, azken asteetako estrategia eta ekintza eza justifikatzeko .

    • txoroen-untzia
      txoroen-untzia says:

      Eskerrik asko iruzkinagatik, Mikel, eta barkatu lau egun behar izatea argitaratzeko, tresna honetan moldatzen naiz, gutxi gorabehera, baina ez dut guztiz kontrolatzen (argazkien eta letra-tipoen tamainarekin ditudan arazoek nabarmentzen duten bezala).

      Junquerasi buruz, ni ez nintzateke espekulaziotan sartuko (bon, apurtxo bat bai, baina beti oso kontuz) zeren Pabónen liburutik zerbait ikasten bada, da krisialdi politikoen eskenatokiaren atzean egundoko mugimendu ezkutua dagoela, ikusleentzat ikusezin, aktoreen artean eta aktore eta bestelako eragileen artean, eta urteak behar izaten direla horiek poliki-poliki argitzeko. Beraz, nik Junquerasi eta Puigdemonti konfiantzazko boto bat emango nieke, zentzu honetan behintzat: ziur une batetik aurrera ezinean aritu direla, egoerak gaindituta… benetan zaila izan behar baitu horrelako krisialdi bat kontrolatzea: Compayns bera ere guztiz gaindituta suertatu zen 1934ko urrian, eta Pabónek dio, funtsean, duintasun pertsonal hutsez jo zuela aurrera, guztiz jakinaren gainean kartzelara zihola, baina egoerari buelta eman ezinik. Arrazoi ote du Pabónek? Ez dakit. Gogora ere (beti ez dugu katalanei buruz hitz egingo), EAJk ere 1937an Santoñakoa sinatu eta zer gertatu zen… Juan Ajuriagerra bera ere duintasun pertsonal hutsez itzuli zen Frantziatik, desastreari arpegia emateko, guztiz jakinaren gainean gartzelara zihoala, edo agian hormara… (edo bertsio hori da nik entzun dudana, benetan gertatu zena, ez dakit).

Utzi erantzuna txoroen-untzia(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude