BORROKA ARMATUAREN EPIKA

Pruden Gartzia

2017ko abuztua

Piarres Larzabal: Nere Mendixkatik: Apez bat ETAko gudariez mintzo, Tafalla: Txalaparta, 1999, 124 or.

I

Asko idatzi da ETAri buruz eta askoz ere gehiago idatziko da ondoko urteetan, bai hemen zein Espainian, Frantzian edo nazioarteko testuinguruan. Esango nuke gainera argitalpenen uholde nagusia oraindik ez dela hasi: urteek aurrera egin ahala, eta nazioarteko testuingurua lagun, ETAri buruzko historiak, istorioak, saiakerak eta hausnarketak guztiz arruntak bihurtuko dira, mundu akademikoan bereziki. Eta orduan, euskaldunok, euskaldun arruntok, gero eta arazo latzago bat izango dugu, alegia, alea eta lastoa bereiztea. Zein liburuk balioko digu ETA zer izan zen ulertzeko, eta zein ez?

Gaur aipagai dugun liburua ez dakit inoiz gai horretaz idatzi den garrantzitsuena ote den, baina hala ez balitz ere, ez lebilke oso urrun. Argiago ere esan dezaket: liburu hau da nik neuk ETAri buruz inoiz irakurri dudan garrantzitsuena, bertan esplikatzen delako, argi eta garbi, zergatik hamarkada luze batez (gutxienez) ETAk egundoko sostengua izan zuen Euskal Herriko iritzi publikoaren aldetik, eta oso sinpatia zabala Espainian eta nazioartean (Frantzian bereziki). Zeren uste dut hori dela hain juxtu ere ETAri buruzko historia bat edo hausnarketa bat egin nahi duen orok aipatu beharreko lehen-lehen puntua: ETA izugarri popularra izan zen hamarkada luze batez, sostengu itzela eta sinpatia guztiz nabarmena jasotzen zituen, hemen, Espainian, Frantzian…. Nola da posible gaur egun gertakari hori ezkutatzea? Nola da posible zuzen edo zeharka aldeztea ETA beti bat eta berdina izan dela iritzi publikoaren aurrean?

Aipagai izango dugun liburuaren egilea Piarres Larzabal da, baina nik neuk hura iruzkintzeko erabiliko ditudan hainbat ideia Joseba Zulaikaren eta Bernardo Atxagaren liburuetatik hartuak dira. Hiru hurbilpen oso desberdin gai berari, baina nire ustez konektatuta daudenak kontzeptu giltzarri baten bidez: epika, borroka armatuaren epika. Ondoko lerroetan saiatuko naiz kontua argitzen.

II

Nire uste apalean, ETAri buruz ezer ulertu nahi bada, gaur eta hemen hau litzateke galderarik egokiena: nola da posible horrelako sostengu zabala izan zuen erakundeak arbuio unibertsalaren artean amaitzea, hain gaitzetsia non zalantzazkoa den pentsatzea bere azken ekintzek inolako sostengurik edo adostasunik jasotzen zutenik ezta Ezker Abertzaleko militanteen artean ere. Eta ildo honetan beharbada komenigarria da gogoratzea ETAren azken komunikatuek eta erreibindikazioek etsipen argia eragiten zutela Ezker Abertzalearen oinarri sozialean. Edo ni neu baino ez naiz garai hura horrela gogoratzen duena?

Kasua ez da berria. Adibide historikorik aipatzekotan, gogora dezagun klasikoak diren batzuk, adibidez, Frantziako Iraultzarekin eta Napoleonekin lotutakoak. Oso ezaguna eta aipatua izan zen bere garaian Pariseko (bereziki, nahiz eta fenonomenoa Frantzia mailakoa eta, areago, europarra izan funtsean), Pariseko gizartearen kasua: urte gutxiren buruan pasatu ziren errege-erregina borbondarrak zoroki eta sutsuki txalotzetik, beren gillotinatzea eskatzera (eta hura handizki ospatzera), gero berriz ere Iraultzarekin dezepzionatzeko, berriz ere Napoleonekin piztu, berriz ere Napoleon gorrotatu… eta abar. Hemeretzigarren mendeko intelektual liberalen artean kontu aipatua izan zen hori (adibidez, Thiers-ek baditu oso lerro zehatzak horretaz ), eta, erantzun gisa, jende-masa handien txotxolokeria esentzialaz hitz egitea ez zen arraroa; ildo beretik, Erroma klasikoko adibideak jartzen ziren erruz, bereziki Errepublika garaikoak. Edo, berdin-antzera, herriaren goramena praktikatzen zen handikiro (adibidez Michelet batek), herri hori zer zen zehazki batere argitu gabe. Txanpon beraren bi aldeak dira, nire irudiko: herria goratzen da, edo jendaila nardatzen, batere argi utzi gabe zeintzuk diren horretako irizipideak. Gaur eguneko historialari eta soziologoek, aldiz, nahiago dute gizarteaz hitz egin, eta gaia serioski ikertu. Nik neuk ere horixe aldeztuko nuke, beharrezkoa dela euskal gizartea ikertzea, bere bilakaera, aldaketak, garapena, sektore sozialak, askotarikotasuna… eta epai moralak beste batzuei uztea, jakina.

Aipagai dugun liburuan, ordea, prozesuaren lehen fasearen argibideak aurkituko ditugu, hau da, ETA goraka ari zen garaiari buruzkoak, gizartean sostengu zabala zeukanean. Hurrengo faseaz, alegia, beherakada luzearenaz edo, beste modu batean esanda, gizartean sostengua mailaz maila galtzen joan zenekoaz, ez dugu ezer irakurriko, baina nire iritzia da lehen fase hori ulertzea (alegia, zergatik bildu zuen ETAk hamarkada batez izan zuen sostengu sozial zabala), gertakari ukaezin hori ulertzeak, esaten nuen, bidea emango digu gainetikoa ulertzeko. Edo hori da nire uste apala.

Jean Moulin Frantziako Erresistentziaren lider karismatikoari dedikatutako monumentua (Wikipedia)

III

Nire ustez posible da ETAren arrakasta sozialari data-muga aski argi batzuk jartzea eta, aldi berean, horien oinarri orokorrak zehaztea. Datak, grosso modo, 1970-1980 dira, hau da, hamarkada bat.

Eta bai, badakit, mota horretako baieztapen batek argudio sendo eta luzeak beharko lituzke, mota askotako ikerketa sektorialak, gertakari historiko nagusien haztapena, eta abar benetan luze bat, baina, batetik, ni ez naiz gai horretarako, eta bestetik, mota honetako iruzkin batean ez lukete lekurik. Beraz, nire proposamena petitio principii bat da, argi eta garbi, alegia, niri sinestea eskatzen dizuet nik neuk diodalako eta guztiz bat datorrelako nire oroitzapen pertsonalekin (eta iruzkin hau irakurtzen duzuen guztiz gehienenekin, adin batetik gora, horixe nire aierua). Gure oroitzapenak, norberarenak, momentuz ez dugu behar beste ezer esan behar dudana oinarritzeko. Eta norbait ez badago ados ikusmolde honekin, aski du irakurtzeari uztea, testu honetan ez baitu hortik aurrera ezer askorik aurkituko: oroitzapen (ustez) konpartituak, besterik ez funtsean.

Beraz, esango nuke ETAren arrakasta soziala, hamarkada horretan jaso zuen sostengu sozial guztiz zabala, bost faktore hauetan oinarritzen zela:

1) Borroka antifaxista internazionala. ETA ez da fenomeno espezifikoki euskalduna, aitzitik, testuinguru internazionalean ulertu behar da eta, testuinguru horretan, data giltzarria 1936 da; urte horretan abiatzen da Espainiako Gerra Zibila, zeina testuinguru global baten fenomeno askoz ere zabalago baten ataria (atarietako bat) besterik ez zen izan: Bigarren Mundu Gerra. 1936tik aurrera munduan bi aliantza ideologiko zabal antolatzen dira: faxistak eta bere aliatuak batetik, antifaxisten multzo askotarikoa bestetik; prozesu goraberatsua izan zen, adibidez, ez zegoen batere argi Erresuma Batuko indar politiko nagusiak noren alde zeuden 1936an, eta mila eta bat ñabardura egin daitezke kasuz kasu, baina 1941etik aurrera (Alemaniak Errusia inbaditzen du) kontua guztiz garbi dago: burges liberal-demokratek, sozialdemokratek eta komunistek bat egiten dute faxisten kontra. Hortik aurrera oso zaila da faxisten kontra armak eskuan borrokatzen den inor kondenatzea; bai, badakit, gerra irabazi ondoren Mendabaldeko potentziek eta Errusiak mundua euren gogara banatu zuten, baina, berriz diot, iritzi publikoaren aurrean oso zaila da borroka antifrankista kondenatzea, adibidez, Frantziako Erresistentzia kondenatu gabe, alegia, Gestapoko kideen kontra atentatu hilgarriak egitea zilegi bazen, zergatik kondenatu behar zen Espainiako Brigada Politiko-Sozialaren kide baten kontrako atentatu bat? Eta bai, eta berriz ere esan eta berresaten dut, soberan dakit mila eta bat ñabardura egin daitezkeela hemen, zentzu askotan, baina gertakari nagusiak hor dirau: Frantziako Erresistentzia zilegia izan bazen, zergatik ez Espainiakoa edo Euskal Herrikoa? Hori da, hain juxtu ere, Piarres Larzabalek bere liburuan garatuko duen argudio zentrala. Pisu handiko argudioa iritzi publikoaren aurrean, nire ustez erabat erabakigarria: jende askok horrela pentsatzen zuen Euskal Herrian, Espainian, Frantzian… edo munduko edozein bazterretan. Eta, ondorioz, ez zuten ETA kondenatzeko inongo arrazoirik ikusten, hura babesten ez bazuten ere, edota hilketak eta atentatuak desegokitzat eta kaltegarritzat jotzen bazituzten ere. Gauzak oso antzera joan ziren Frantzian bertan, eta beste leku askotan, 1940-1945 bitartean, jakina denez.

2) 68ko iraultza. Fenomeno politiko-sozial-kultural guztiz zabal bati buruz ari naiz, jakina, baina hura izendatzeko komunzki erabiltzen den etiketa arruntena darabilt. Fenomeno hori 1960 aldean abiatu zen (gutxienez) eta hiruzpalau hamarkadaz luzatu da, zentzu zabalean hartuta (oraindik ere ez da arraroa pertsona bati 68ko progre bat dela esatea, etab.). Fenomeno zabal horretatik orain interesatzen zaiguna: mota orotako deskolonizazio-prozesuak eta haiek eragindako borrokak, mota orotako talde iraultzaile eta gerrillarien sorrera, Vietnamgo gerra, Txe Guevara bezalako ikono iraultzaileak… guzti-guztiek egundoko sostengu zabala zeukaten Europako gizartean, bereziki gazte unibertsitarien artean. ETA testuinguru horretan sortu zen, bat gehiago besterik ez zen munduko jende asko eta askorentzat. Baita Euskal Herriko askorentzat ere. Larzabalek ere behin baino gehiagotan aipatzen du fenomeno hau, bereziki herri txiki eta zapalduen eskubideak eta deskolonizazio-prozesuak; ez dugu ahaztu behar Frantzia potentzia kolonial nagusietako izan zela; bada, frantses askorentzat ETA Aljeriako FLN bezalako bat zen, horrek dakarren aldekotasun eta kontrakotasun guztiekin. Faktore guztiz garrantzitsua da.

3) Eliza katolikoaren krisia eta aggiornamento-a. Eliza katolikoak izugarrizko pisua izan du euskal gizartean gutxienez azken bi mendeetan, horretaz ez dago duda handia egiterik. Baina, erakunde gisa, II. Mundu Gerratik aurrera krisialdi latz batean dago: Pio XII.a aitasantuaren nolabaiteko aliantza Hitlerrekin, eta ondoren edozein erreforma blokeatzeko hartu zuen erabaki irmoa, Eliza ataka gaizto batera eraman zuten: sektore katoliko aurrerakoientzat ezinbestekoa zen aggiornamento bat, hau da, gizarte modernoaren ezaugarriei egokitzea, hitz batez, eguneratzea; hori zorakeria hutsa zen sektore tradizionalistarentzat; bada, bi sektore horien arteko talka oso nabaria izan da azken hamarkadetan. Baina orain axola diguna hauxe da: 1960ko hamarkadan egiten den Vatikano II.a Kontzilioak egundoko inpaktua dauka euskal gizartean eta dantzan jartzen du Eliza eta gizarte osoa; sarritan iruzkindu den fenomenoa da: oso urte gutxian seminarioak hustu eta seminarista horietako asko militante politiko bihurtzen dira, batzuk militante armatu. Krisia, batetik mundiala da, eta mundu mailan modan jartzen du Vatikano II.aren kontzeptu zentrala: herria, Eliza herria da, herriaren zerbitzura egon behar du, eta abar. Baina bestetik krisiak ezaugarri propioak ditu hemen: euskal elizaren zatiketa sakona 1936an gertatzen da, eta biziki sakona izan zen, agian inon baino sakonagoa; lehen unean gainditutzat eman bazen ere, esango nuke frankismoak Elizaz egin zuen erabilera alderdikoia guztiz gaiztotu zuela euskal kristauen fedea: eliz hierarkiarekiko mesfidantza eta herriko apaizarekiko hurbiltasuna oso sakona zen euskal gizartean; hitz gordinagoekin esanda, fededun askorentzat apezpikuak frankista hutsak ziren, arbuiagarriak, eta, aldiz, herriaren zerbitzura zeuden apaiz apalak miresten eta goratzen zituzten. Larzabalen liburuan krisialdi hau oso nabaria da, bere askotariko ezaugarri eta ondorioekin.

4) Euskal abertzaletasuna. Denok dakigun bezala, ETA abertzalea da eta bere asmoa beti izan da abertzaletasunaren kapital sinbolikoa eta politikoa bereganatzea. Alferrik ibili dira EAJ inguruko sektore batzuk ETAren abertzaletasuna ukatzen edota zehaztu nahian ez direla benetako abertzaleak; iritzi publikoaren aurrean (eta horretaz ari gara orain) ETA guztiz abertzalea izan da beti, areago, EAJ bera baino abertzaleagoa (erran nahi baita, erradikalagoa abertzaletasunean). Eta beldur handirk gabe esan daiteke 1970-1980ko hamarkadan, behintzat, ETAk lortu zuela abertzaletasunaren kapital sinbolikoa bereganatzea. Beharbada erantzungo didate jende gehiagok ematen ziola boza EAJri ezker abertzaleari baino, baina orain ez naiz hauteskundeez ari; garai horretan, hamarkada horren hondarrean, boza ezker abertzaleari ematen ez zion jende gehienak ere neurri batean ulertzen zuen ETA, eta nolabaiteko babesa ematean zion, eta ez bakarrik EAJri boza ematen ziotenen artean, baita PSOEri ematen ziotenen artean ere: ETA ez zuten babesten, baina ezta salatzen ere, isildu egiten ziren. Gertakari sozial hau milaka aldiz aipatu da azken hamarkadatan, bereziki intelektual antiabertzaleen ahoan. Ni neu ez naiz gai gertakari hori zehazki neurtzeko, baina orientazio orokorra eztabaidaezina iruditzen zait: 1970-1980 bitarteko hamarkadan, ETAren kontra paratzea euskal abertzaletasunaren kontra paratzea zen, eta oso jende gutxi, benetan gutxi, aurkituko zenuen euskal gizartean horrelakorik egiteko prest. Ezta botoa Adolfo Suarezen UCDri emango ziotenen artean ere. Azken ohar bat: Larzabalen abertzaletasunaz duda egingo duenik biziki nekez aurkituko duzu inon.

5) Borroka abertzalearen epika. Zer da ETA? Erakunde bat, erantzungo didate (edo banda bat, beste batzuen ahoan). Eta erantzuna zuzena da, baina ez osoa. ETA, baita ere, bere militanteak dira, bereziki borrokan hildako gudariak. Eta puntu honetan Piarres Larzabalen liburuak hartzen du bere garrantzi osoa: nire uste apalean, hauxe da ETAk 1970-1980ko hamarkadan herritarren artean lortu zuen sostenguaren arrazoi nagusia: bere militante gazteen sakrifizioa. Zaila egiten zait definizio zehatzik ematea, eta puntu hau bereziki minbera da nabarmenak diren arrazoiengatik, baina, hitz batez, hamarkada horretan euskal gizartearen gehiengoak ETAko militante hilak zinez miresten zituen, heroitzat zituen, herriaren alde bizia emandako gazteak ziren, eta haien ekintzak ontzat ematen ez zituztenek ere (guztiz gehienek), izugarrizko begirunea zieten. Puntu hau bereziki nabarmena da Piarres Larzabalen liburuan, parterik handienean hildako militanteen hiletetan irakurritako sermoiak baitira. Sermoi gogoangarriak.

Edozein arrazionalizazio-saiok baditu bere mugak eta hutsuneak eta, horiekin batera, baita bere dohainak ere, alegia, hitz gutxitan prozesu guztiz konplexu baterako azalpen global bat ematea. Baina beti dago gertakari historikoaren banakotasuna, ihes egiten digun faktore atzemanezin hori, prozesu osoa nolabait bakun eta aldi berean konplexu bihurtzen duena. Nik neuk esango nuke ETAren arrakastaren esplikazioa gorago aipatu ditudan bost faktore horietan dagoela. Jakina, bostek elkar elikatzen zuten, bakoitzak bere aldetik emaitza askoz ere mugatuagoak lortuko baitzituzten. Adibidez, Espainiako komunista eta anarkista batzuk saiatu ziren Gerra Zibileko borroka armatua luzazen 1940-1960 bitartean, baina herri-sostengu benetan txikia lortu zuten; 1960etako hamarkadan talde iraultzaile berriak sortu ziren, 68ko iraultzaren haizeak bultzatuta, baina ez zuten sostengu sozialik erdietsi; Eliza Katolikoaren krisiak ez zituen ondorio berdinak izan Espainian eta Euskal Herrian; EAJ inguruko hainbat gazte ere (hots, abertzale hutsak), saiatu ziren borroka armatuan engaiatzen, baina inolako arrakastarik gabe: hain juxtu ere gazte horiek guztiak, epe laburrean, ekintza armatuak uzten zituzten edo ETAn integratzen ziren (alegia, abertzale iraultzaileekin). Baina, bat-batean, Burgosko epaiketa etorri zen eta gazte iraultzaile horiek Eusko Gudariak kantatu zuten tribunal militarraren aurrean; eta, ez dakit oso ondo nola edo zergatik, baina heroiak bihurtu ziren herritar guztiz gehienen aurrean, atzoko eta gaurko gudariak, martiriak, antifaxistak, abertzaleak eta iraultzaileak aldi berean. Txabi Etxebarrieta, Txikia, Txiki eta Otaegi, Pertur, Argala… izen mitikoak bihurtu ziren. Heroiak, herriaren heroiak. Irakurle, benetan ez zara gogoratzen?

Hori guztia 1970-1980 bitartean gertatu zen eta, zentzu estrikto batean, prozesu bakana eta errepikaezina izan zen. Faktore berak, beste leku eta garai batean, edo leku berean baina apur bat lehenago edo geroago, ziur aski ez zuten emaitza berdina izango. Zeren bada Historiaren joairan arrazionalizatu ezin den zerbait, eta kasu honetan uste dut muga horrekin aurkitzen garela, hots, ez dakigula zergatik gertatu zen gertatu zena. Eta nik neuk ez daukat horretaz azken hitza esateko inolako pretentsiorik baina, azken hitz hori inon aurkitzekotan, hildako militanteen sermoietan bilatuko nuke, Larzabalen sermoietan, adibidez. Ez zehatz-mehatz aztertuta eta arrazionalki analizatuta esaten dutenagatik, beste zerbaiteagatik baizik, hots, esaten ez den horregatik, agian ezin delako hitzetan esan. Esanezinagatik. Epikagatik.

Piarres Larzabal (EKE)

IV

Zeharka baino ez dugu aipatu Piarres Larzabalen (1915-1988) liburua, baina uste dut aski izan dela ideia orokor bat egiteko. Sermoi bilduma bat da funtsean, hildako militanteen hiletetan irakurriak. Guztiak 1970-1980ko hamarkadan, azkena izan ezik; azken hori berezia da, hildakoa ez zelako ETAko militante bat, Telesforo Monzon lider abertzale historikoa baizik, 1982an hila. Monzon, politikoki behintzat, Larzabalen anaia bikia dela esan daiteke. Esan dezagun, halaber, goian paratu dugun azala bigarren ediziokoa dela, 1999koa hain juxtu ere, baina lehen aldiz 1978an argitaratu zela. Guztira, hamasei sermoi biltzen ditu, eta sarrera guztiz mamitsu bat, Larzabalen beraren planteamenduak jasotzen dituena. Hor zehazten du bera ez dela ETAkoa inoiz izan, baina sostengatzen duela eta laguntzen diola, nola eta zergatik. Eta hori apaiz katolikoa izan arren. Eta abar.

Luze beharko genuke hemen Larzabalez mintzatu, baina ez da lekurik aproposena. Esan dezadan, bakarrik, alde batetik benetan pertsona bitxia izan zela, biografia berezia izan zuena, baina bestalde irudipena dudala oso-oso erraza litzatekeela Larzabal bezalako pertsonak dokumentatzea XX. mendean, ez Europa osoan bakarrik, baizik eta bost kontinentetan, eta ezta apaiz katolikoen artean soilik, beste erlijio guztietan ere. Ez, Larzabal bitxi egin nahi digute, baina ez da hain bitxia XX. mendeko borroka sozial eta politikoen testuinguruan.

Baina, hortaz, zergatik da interesgarria? Bada, nire uste apalean liburu honetan laburbiltzen duelako gorago aipatu ditugun bost faktoreak, modu ezinago argian. Eta sentiarazten digulako, batetik, euskaldunak garela, hots, herri bat bere historia eta nortasun propioa duena, baina bestetik beste herri guztiak bezalakoak garela, eta ezinezkoa dela gure historia ulertzea beste guztiena ere begiratu eta kontuan hartu gabe. Herri bat gara, baina gurea ez da oso kasu berezia, berezitasun batzuk izan baditzake ere. Herri txiki eta zapaldu bat gara, beste asko bezalakoa, kitto. Hori da Larzabalen sakoneko mezua.

Joseba Zulaikak eta Bernardo Atxagak liburu oso onak idatzi dituzte ETAri buruz, lehenak analisi antropologikoak eginez, bigarrenak kontakizun literarioak. Biengan nabari da fenomenoaren muinera, ezagumendu osora, ailegateko irrika; ez ikerketa sektorialak, baizik eta fenomeno osoaren ezagutza osoa. Jakina, helburu utopiko bat da, ideal gisa planteatzen dena, ez egiazko programa praktiko bezala. Eta biengan epikak oso leku garrantzitsua betetzen du. Nik neuk aitor dut buelta asko eman izan dizkiodala autore bi horien ideiei, bereziki epikaren kontuari, ulertu ezinik zertaz ari ziren. Harik eta Piarres Larzabalen liburu hau berriki irakurri nuen arte, apur bat karanbolaz, sarritan pasatzen zaidan bezala.

Zuek ere liburua irakurtzera animatzen zaituztet. Ez dizuet hemen laburtuko edo analizatuko, ez. Irakurri ezazue, agian Iliada edo Eneida irakurtzeko darabilzuen espiritu berberarekin. Diferentzia batekin, jakina: guk geuk oraindik gogoratzen ditugun gauzak dira.

Azken hitz bat hala ere: epika genero literario bat da, eta ederra izan daiteke, baina ez da inola ere eredugarria. Esparta, Liliput, kantatzen zuen Ruper Ordorikak (Atxagaren poema bat da, jakina), edo beste modu batean esanda, inork ez dezala hartu eredutzat Akiles edo Lope Agirreko, literatura egiteko ez bada (apur bat Mirande bezala). Eta hori da epikari dagokionez behin ere burutik kendu behar ez dena.

Billy Budd filmeko eszena (1962)

V

Gure iruzkina, gure liburua, 1980 aldean gelditzen da. Eta hortik aurrera zer? Esango nuke ETA lehengo bera dela, zentzu batean, baina guztiz desberdina dela, halaber. Eta, batez ere, egoera guztiz desberdina da. Espainia demokrazia mendebaldar bat bihurtu zen, beste edozein bezalakoa, eta hortaz bere arrakasta sozialerako lehen faktorea (antifaxismo internazionala deitu duguna) desagertu zen, beste barik; bigarren faktorea, 68 iraultza, moteltzen hasita zegoen aspaldi Europan, eta baita Espainian eta Frantzian ere (apur bat beranduago); hirugarren faktorea, Elizaren krisia, nola edo hala gainditzen hasi zen aitasantu berri baten eskutik, eta euskal gizartea sakonki laikotu zen (nolabait esateko) oso denbora gutxian; laugarren faktorea, euskal abertzaletasuna, instituzionalizatu egin zen eta normalizatu gizartearen aurrean, banalizatu arte; eta bostgarrena? Eta epika?

Paradoxikoki, epikak inoiz baino indar handiagoa hartu zuelakoan nago: gerra zikina deitu denak (GAL, torturak…) gehi kartzela-politika mendekatiak (lege-gogortze etengabeak, izugarrizko kondenak, sakabanaketa, lehen gradua sistematikoki, erredentziorik eza, etab.) indartu besterik ez zuten egin atzoko eta gaurko gudarien irudi epikoa gizartearen aurrean. Baina, adi, hemen baitago gakoa, bakarrik sektore baten barruan, ez gizarte osoaren aurrean, lehen bezala. Gizarte sektore hori, gainera, higatuz joan zen poliki-poliki, hainbat faktoreren eraginez; horien artean, eta ez garrantzi txikikoa, oso zaila delako gudarien epikak bat egitea ETAren ekintza gero eta krudelago eta indiskriminatuagoekin. Prozesua bikoitza zen, nire uste apalean: batetik, gobernuaren politika antiterrorista gogor eta gupidagabeak indartu besterik ez zuen egiten gudarien epika, baina bestetik, ETAren beraren bilakaerak, haren ekintzen gogortze eta krudelagotze etengabeak, higatu besterik ez zuen egiten bere militanteen irudi epiko hori. Gauza biak batera. Beharbada horrek esplikatzen du, beste ezerk baino hobeto, sektore sozial batek ETAri etengabe erakutsi izan dion sostengua, gizartearen gehiengoak gero eta tinkoago bizkarra ematen zion bitartean: nago bestelako politika antiterrorista liberalago (adimentsuago?) batekin, sostengu sozial hori ere askoz ere lehenago higatuko zela.

Baina batek daki. Nolanahi ere, iruzkin honetan Larzabalen liburuaz hitz egin nahi izan dugu, funtsean, hots, 1970-1980 garaiaz, eta gainetiko prozesuaz agian beste noizbait arituko gara.

Eta epikaz, orokorrean, hausnarketa gehiago nahi lituzkeenak, hortxe dauka eskura, adibidez, Herman Melville-n Billy Budd, mariñela: barnetiko kontakizuna, (Alberdania, Erein, Igela, 2012, Literatura unibertsala bilduma). Akiles, Eneas, On Kixote bera… agian urrutiegi daudelako, eta Joyceren Ulises beharbada abstraktuegia delako emoziorik sortzeko gure baitan. Billy Budd-en patua hurbilagoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude