ASKATASUNAREN ERRETOLIKA

Pruden Gartzia, 2017ko apirila

Hayek, F.A. The Road to Serfdom : Text and Documents : The Definitive Edition / edited by Bruce Caldwell, Chicago: The University of Chicago Press, 2007, 283 or.

Liburu azala Road to Serfdom_Hayek

I

Bada hilabete pare bat liburu honen irakurketa amaitu nuela, eta ordutik zerbait idazteko asmoa izan badut ere, sekula ez naiz mahai aurrean jarri. Zer esan? Gogoan dut noizbait, irakurraldi baten erdian, eten bat egin eta Biblian hasi nintzela aipu baten bila; bat baino gehiago dago, nahiko antzekoak guztiak, Isaias profetaren liburuan, baina hau da gaur berriz ere bilatu, gogoan erabili eta gehien asebete nauena:

Orduan, otsoa eta bildotsa elkarrekin biziko dira, lehoinabarra eta antxumea elkarren ondoan etzango; zekorra eta lehoikumea batera haziko dira, eta haurtxo batek zainduko ditu.” (Is 11,6)

Esango nuke aipu horretan laburbiltzen dela askatasunaren arazo osoa, bere adar guztiekin, Hayek-ek aurkezten digun heinean behintzat. Izan ere, gauza ederra da askatasuna, ederragorik ez, ziur aski, baina otsoari askatasuna ematea, ez ote da bildotsaren kaltetan? Soil-soilik beste mundu batean, Jainkoaren erresuman, edota haren paradisuan, hil eta biztu ondoren, izango da posible erabateko askatasuna guztiontzat, hots, otsoa eta bildotsa elkarrekin bizitzea bakean, lehoinabarra eta antxumean elkarren ondoan etzatea, zekorra eta lehoikumea elkarrekin haztea eta bi-biak haurtxo errugabe batek zaintzea, adi, inolako indarkeriarik erabili behar izan gabe, maitasun hutsez baizik. Baina gure mundu honetan, hala diosku Isaiasek, halako ezer ezinezkoa da guztiz, eta hortik profetaren deitore etengabeak. Justizia eta bakea nahi izatea ulertzekoa da, baina Jainkoaren etorrerari itxaron behar, ez dago besterik hemen, zeren mundu triste honetan otsoa eta bildotsa ezin dira bakean bizi.

Isaias profeta Vatikanoko Kapera Sixtinan
Isaias profeta Vatikanoko Kapera Sixtinan

II

Arazo klasiko bat da goiko lerroetan marraztu duguna, askatasunaren arazoa, mila eta bat hausnarketa eragin dituena historian zehar. Geu Bibliaz baliatu gara hura aurkezteko, baina ez da hori Hayekek segitzen duen bidea nahiz eta, funtsean, ekonomilari austriar honek kontatzen digun guztia arazo klasiko honen gaineko hausnarketa bat besterik ez den. Enegarren hausnarketa, kasu honetan XX. mendeko ekonomilari baten tresneria intelektualez irudikatua.

Liburuak badu eskaintza guztiz ospetsu bat, bere intentzioa laburbiltzen duena: “To the socialists of all parties”. Ez da broma, Hayekek oso seriotzat hartzen baititu sozialistak, mota orotakoak (eta mota horiek zeintzuk diren beherago ikusiko dugu). Zeren gure egilearentzat bada zerbait mota orotako sozialistak batzen dituena, erran nahi baita, mundu inperfektu honetara perfekzioa ekarri nahi izatea, bidegabekeria guztien bukaera, justizia (soziala)-ren erresuma. Askatasuna, berdintasuna, zoriontasuna, bakea, horra sozialistek mundu honetara ekarri nahiko luketena, diosku Hayekek. Eta hori erabat ezinezkoa da, zeren gure gizartean mota askotako jendea bizi da eta erabat ezinezkoa da guztiek balio berberak partekatzea eta, ondorioz, elkarren asmo eta gurariei amore ematea. Hau da, gure munduan gizarte-atal desberdinen arteko gatazkak erabat inebitableak dira. Sozialistek, hala diote, uste dute gizartea klase desberdinetan banatzen dela eta klase horien arteko desberdintasunak ezabatuz (alegia, bidegabekerien oinarrizko sortzaile den produkzio-indarren jabetza guztiona eta inorena bihurtuz, hots, sozializatuz) guztion arteko anaitasunezko erresuma etorriko dela, ez dela arrazoirik egongo gizakien artean borrokatzeko. Hayekek, ordea, uste du otsoa eta bildotsa beti egongo direla borrokan, otsoak, otso denez gero, ezin baitio inola ere otso izateari utzi, eta ondorioz sozialisten asmo ederrak gezurrezkoak dira eta haien atzean, nahitaez, diktadura gogor bat ezarri besterik ez dago, otsoak bildotsaren asmoei amore eman diezaion.

Beraz, Hayeken interpretazioaren arabera bada oinarri-oinarrizko huts bat mota orotako sozialisten teoria eta asmoetan: uste badute ere gizarte barruko kontresanak eta gatazkak gainditzea posible dela, plangintza ekonomiko egoki bat martxan jarriz, oker daude, gizarte barruko kontraesanak gaindiezinak dira, gizakiek oso balio desberdinak dituztelako eta ezinezkoa delako guztiak ados jartzea aberastasunaren banaketa justu baten eretzean. Ondorioz, sozialisten asmo ederrek, beti, halabeharrez, diktadura gogor bat ezartzea dakarte, gutxi batzuk erabaki duten plangintza ekonomiko justu hori inposatzeko, zeren armaz eta indarkeriaz inposatu beharko da halabeharrez.

Etengabeko gerra batean bizitzera kondenatuta gaude, beraz? Ez, ez da hori Hayeken mezua. Aitzitik, haren arabera askatasuna da gure bakearen bermerik handiena. Baina nola? Oraintxe bertan esan dugu Hayekek gogor porrokatzen dituela sozialisten utopia bakezaleak, faltsuak eta galgarriak irizten baitie, egiazki diktadura batera daramatenak beti eta halabeharrez. Baina sozialestek predikatzen duten bakea ezinezkoa bada, otsoa eta bildotsa ezin badira bakean bizi, nola da posible esatea askatasuna dela gizarte hobeago baten soluzioa? Nire uste apalean puntu honetan Hayeken pentsamendua kontraesan garbi batean jausten da eta aldezten duen bidea, askatasunarena, erretolika hutsa bihurtzen da. Askatasunaren erretolika, horra Hayeken pentsamenduaren muina. Pentsamendu faltsu bat, kontraesankorra bere premisekiko.

Osoa bildotsa

III

Beraz, nola izango dugu askatasuna eta bakea, biak aldi berean? Bada, gure arteko desberdintasunak merkutuaren bidez banatzen badira, guztiok onartuko ditugulako ontzat eta naturaltzat; aldiz, gizaki-talde jakin batek, diktadura baten bidez, alde horiek estali eta disimulatu nahiko balitu, gatazka handitu besterik ez da egingo. Merkatuari askatasuna ematea, ahalik eta handiena, da gure bakearen bermea, gizakiek ontzat emango dutelako lehia librearen ondorioak.

Hayeken arrazoibidea, jakina, hori baino sofistikatuagoa da; mailaz-maila azaltzen digu erabat ezinezkoa dela guztiontzat justua eta zuzena izango den ordena ekonomiko egoki bat egitea (plangintza guztiak gezurtiak dira puntu horretan), erabat ezinbestekoa izango dela plangintzagileentzat aukera desberdinen artean hautatzea eta, horrekin batera, gizartearen sektore batzuk saritzea eta beste batzuk kaltetzea. Hayekentzat hori erabat inebitablea da, ez dago guztiontzat justizia eta onura ekarriko duen inolako plangintzarik. Beraz, inebitablea da plangintzagileek, erran nahi baita, sozialistek, diktadura bat ezartzea pozik ez daudenen protestak kontrolatzeko. Inebitablea.

Eta zer proposatzen du berak? Horra auzia: desberdintasunak merkatuak (lehia libreak) sortuak balira, den-denok askoz ere hobeto onartuko ditugu diktadura politiko baten ondorioz sortuta baino. Zu pobrea bazara eta aldamenekoa aberatsa merkaturaren ondorioz, ontzat emango duzu egitatea; ordea, erabaki politiko baten ondorioz bada, errebelatuko zara. Horra Hayeken argudio nagusia.

Demokrazia (Ruben Sadaren blogetik)
Demokrazia (Ruben Sadaren blogetik)

IV

Hori ote da benetan Hayeken mezua? Hain sinplekeria handia? Benetan ari zara, Pruden? Bada, oker egon naiteke, noski, baina tamalez nik ez dut beste ezer ikusi liburu ospetsu horretan. Jakina, gorago esan dudan bezala, Hayeken argudiobidea hori baino askoz ere sofistikatuagoa da eta, aitor dut, puntu askotan distiratsua eta konbentzigarria. Baina funtsean ez du otsoaren eta bildotsaren paradoxa gainditzen: soil-soilik baieztatzen du askoz ere eragingarriagoa dela bildotsa askatasunaren erretolikarekin konbentzitu nahi izatea, errepresio zuzenaren bidez zapaldu nahi izatea baino. Baina otsoa beti nagusi.

Esan nahi ote du honek geuk pentsatu behar dugula Hayek guztiz oker dagoela eta plangintza ekonomiko bat ezartzeak ez dakarrela arazo berezirik? Nabarmena da ezetz. Besteak beste, ezaguna delako, eta ondo frogatua, edozein plangintza ekonomiko ezarri nahi izateak automatikoki sortzen dituela gatazkak gizarte barruan, beti baitaude sektore batzuk faboratuagoak eta beste batzuk kaltetuagoak. Batzuk zerga bidez batzen den dirua Abiadura Handiko Tren bat egiten gastatu nahi izango dute, beste batzuk zahar-etxetako langileei hobeto ordaintzen, edo parke naturalak finantziatzen. Eta abar. Zentzu horretan, hemen inork ez du otsoaren eta bildotsaren paradoxa gainditu, ez sozialistek, ez liberalek, ez ezkerrak, ez eskuinak. Baina, agian, eta hipotetikoki ez bada ere, merkatuaren lehia hutsa baino hobe da dena delako plangintzaren bat adostea, horrek berez arazo guztiak konponduko ez baditu ere. Zeren ezinezkoa da arazo guztiak konpontzea eta otsoa eta bildotsa elkarrekin bakean bizitzea, ume errugabe baten zaintzapean, inolako indarkeriarik gabe. Ez, mundu honetan ezinbestekoa izango da indarkeria maila bat. Beti. Zenbat? Nolakoa? Hori da eztabaidatu eta adostu behar duguna.

Plangintza batek ez gaitu berez salbatuko, ados, baina merkatu libreak ere ez eta, sarritan, askoz ere kaltegarriagoa da plangintza bat baino, hura partziala eta zuloz josia bada ere. Horra nire iritzia.

Rodin-en "Pentsalaria" (Wikipedia)
Rodin-en “Pentsalaria” (Wikipedia)

V

Bukatzeko, bi puntu berezi nahi nituzke laburki aipatu, biak garrantzi berezia baitute Hayeken pentsamenduaren interpretazio okerrak saihesteko.

Batetik, berarentzat ez dago diferentzia handirik faxisten eta sozialisten artean, guzti-guztiak askatasunaren etsaiak dira eta ekonomia eta gizartea diktadura baten bidez gobernatzearen aldekoak. Biak plangintza ekonomikoak ezartzen dituzte, produkzio-indarren hedapen askea oztopatuz. Gehienera ere onartzen du sozialista guztiak ez direla berdinak eta batzuk ez direla, beren bihotzean, diktaduraren aldekoak, eta zinez eta egiazki sostengatzen dutela demokrazia, baina beren burua engainatzen dute: plangintza ekonomiko bat ezarri nahi izateak, beti, kasu guztietan, dakar diktadura bat ezartzea. Beraz, sozialista demokratak, gehienez ere, inuxente batzuk dira, ez besterik. Faxistak eta komunistak, jakina, anaia bikiak dira, biak diktadura gogorren aldekoak eta askatasunaren etsaiak.

Eta bigarrenik, Hayekek behin eta berriro onartzen du estatuak baduela erantzukizun bat gizartearekiko eta ongizatearen maila minimo bat ziurtatu behar diola hiritar guztiei. Bai, behin eta berriro aipatzen du lehia libreak ere bere mugak dituela eta, kasu guztietan, estatuak ongizate maila minimo bat ziurtatu behar diola hiritarrei. Baina non dago maila minimo hori? Noraino iritsi behar da, hortaz, estatuaren esku hartze ekonomikoa? Puntu honetan ez du argibide gehiagorik ematen. Nire ustez, bere pentsamenduaren bigarren kontraesan handia da: bere hainbat ikasle eta segitzaile ez bezala, ez da ausartzen erabateko askatasuna predikatzera, baina aldi berean edozein plangintza gaitzesten du…

Reagan eta Hayek (El Diario Exterior)
Reagan eta Hayek (El Diario Exterior)

VI

Finean, Hayekena askatasunaren erretolikan preso gelditzen den pentsamendua da. Puntu batzuetan distiratsua eta konbentzigarria izan badaiteke ere, azken buruan erretolika hutsa da, eta ez besterik. Askatasunaren erretolika hutsala, eguneroko esperientziarekin zerikusi oso txikia daukana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude