AKITANIA, BASKONIA… ETA EUSKAL HERRIA?

Pruden Gartzia

2017ko otsaila

Lopez de Luzuriaga Martinez, Iñaki, Euskaldunak eta karolingiar iraultza: Akitania eta Baskonian barrena, Udako Euskal Unibertsitatea, 2016, 198 or.

Liburuaren azala

Liburu honek ere ez zaitu indiferente utziko, baina ez nuke jakingo esaten zehatz-mehatz zergatik. Historiako liburu arrunt bat da, funtsean, eta bere berezitasun nagusia euskaraz izatean datza. Eta besterik ez? Bon, hortxe hasten dira kontuak: gai bereziki polemiko bati buruz dihardu, Euskal Herria garai ilun batean, VII-IX. mendeak K.o., borroka historiografiko edo sasihistoriografikoetarako primerako aukera. Gogora Iruña-Veleiako saltsa. Baina ez, laguna, ez ihes egin, mesedez, Arabako lautadako hiri ezagun hori lau bat aldiz baino ez da aipatzen testuan, eta guztietan bidenabar, inolako polemika asmorik gabe. Beraz, ez beldurtu, laguna, ez goaz hemen betiko matrakari buelta berri bat ematera. Bestelakoa da guztiz liburu honen tonua eta interesa. Izan ere, neurri batean behintzat, Iruña-Veleiako aferaren antidototzat ere har daiteke liburua, alegia, Iñaki Lopez de Luzuriagak ezer frogatzen badu liburu honetan gauza xume baina garrantzitsu bat da: posible dela Erromatar Inperioaren gainbeheraren ondoko Euskal Herriaren Historiaz hitz egitea mendibide esentzialistetan galdu gabe. Ez da gutxi.

Baina has gaitezen hasieratik.  Garai hori, aipatutako mendeak, bereziki iluna da Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Iturri gutxi eta legenda asko. Klasikoki, nazioen sehaskatzat hartu izan den garaia da, alegia, gerora estatu modernoak sortuko zituzten nazioen formazio-fase ilun eta heroikotzat; adibidez, mende asko geroago sortuko ziren Frantzia eta Alemania estatuen sehaska, jaioberriaren lehen garrasia, Karlomagnoren heriotzako ondoko urte hurbiletan ikusi nahi izan da klasikoki (hots, XIX. mendean); ildo beretik, azken hamarkadatan Europa batu berriaren jaiotza (edo halako zerbait, metaforatan gabiltza beti) Karlomagnori berari esleitu nahi izan zaio Bruselako erakunde eta prentsa-bulegoetan. Legenda nazionalak, badakizue, frantsesek, alemanek, espainolek… poz-pozik sortu eta garatu zituztenak XIX. mendean (momentuz hortxe geratuko gara). Eta baita euskaldunek ere, ildo berean eta garai bertsuan (ziur aski, apur bat geroago eta dezente motelago, geu ez baikara inoiz frantsesak, espainolak edo alemanak bezain abertzaleak izan); baina geu ere bai, jakina, Ibañeta, Errolan… poz-pozik hortxe. Beraz, Lopez de Luzuriagaren hau ildo bereko enegarren lana ote da? Ez adiskideak, hau historia kritikoa da; ez da ikerketa bat zentzu estriktoan, gehiago kokatuko nuke goi dibulgazio historikoan, baina ez du legendak lantzeko asmorik. Ezta porrokatzeko ere, bide batez esanda. Egilearen hautua argia da: hiru mende ilun horien laburpen historiko bat egitea, hau da,  garai hartako euskaldunez dakigun apur hori narrazio historiko-kritiko baten parametroetan biltzea, edozeinek irakurtzeko moduan.

Zeren badago euskaldunen artean mota honetako lanak irakurtzeko gogoz daudenak. Asko dira? Gutxi? Bagara batzuk. Ez dugu espezialistentzako lanik irakurriko baina, aldi berean, ezta dibulgazio errazegia ere. Historiako liburu bat, horixe, eta garai horretaz dakiguna ordenatuta irakurtzeko aukera.

Errolanen Kantorea (Historia General)
Errolanen Kantorea (Historia General)

 

Eta zer da dakigun hori? Puntu honetan kritikari ekin behar diot. Nik ez dakit gauza handirik garai historiko horretaz, baina dakidantxoa da gure ezagutza bi iturri nagusitatik elikatzen dela, bata, garaiko kronika historikoak, eta bigarrena, indusketa arkeologikoak. Esango nuke Luzuriagak lehenari baino ez diola erreparatu, funtsean (ez dut liburu osoan gogoratzen datu arkeologikoren bati buruzko aipamenik eta, aldiz, oso ugariak dira garaiko kronikei egiten zaizkienak). Beraz, garaiko kronika historikoen laburpen bat da esku artean duguna, funtsean. Eta horrek ondorio zehatz batzuk ditu: batzuetan xeheegia eta astunegia suertatzen da. Gertakariak kontatzen dira, bata bestearen atzetik; protagonisten izenak (dozenaka eta dozenaka) eta beren ekintzak (gehienetan ekintzak izaten dira, ez egintza huts); matxinadak, altxamenduak, erregeari egindako omenaldiak eta, berehala, traizioak eta hilketak. Etengabe, bi mendetan zehar. Bai, badakit, honez gero bat baino gehiago ari da Game of Thrones-ekin pentsatzen, eta ez dabil guztiz galduta, beste ezaugarri argi bat ondo atxikitzen badu gogoan: hemen ekintza lehorrak besterik ez ditu irakurriko, ez haien motibaziorik edo testuingururik (eta, gutxiago, politika eta botere-demarekin nahastutako maite-istorio eta joko erotiko bihurriak). Gertakariak beren lehorrean, besterik ez.

Egilearen tesia, baldintza horietan, ez da argi eta garbi nabarmentzen, baina ez da zaila ere atzematen: VII-VIII. mendeetan Akitania izeneko erresuma independente bat izan zen Loira ibaia eta Pirinioen artean; oso epe laburrean hartu zuen erresuma izena, sarriago dukerri gisa ibili zen; orobat, oso tarte laburretan izan zen zinez independente, normalki frankoen botere nagusiarekiko abaroan eta menpean bizi izan zen, baina orduan ere autonomia oso zabal batez. Eta Akitania horren barruan, edo alboan, Baskonia izeneko dukerri bat izan genuen, gutxi gorabehera Garona ibaia eta Pirinio artean (edo hegoalderantzago ere, batzuetan). Jakina, independentzia/menpekotasun kontzeptuak bere garaiko testuinguruan ulertu behar dira, ez gurean, baina zehaztapenetan hasi baino nahiago nuke azpimarratu liburuaren ekarpen nagusia, nire begietan, hauxe besterik ez dela: Baskoniako dukerriaren garrantzia azpimarratzea eta haren oinarrizko menpekotasuna eta eragina iparraldetik zetorkiola argi nabarmentzea, hots, frankoen aldetik, merovingiarrak lehenengo, karolingiarrak gero. Hori da Luzuriagaren tesiaren zurkaitz nagusia.

Beste paragrafo bat dedikatuko diogu kontu horri. Hara, gure artean Historiaz ari garela arruntena izan da, beti, begiak Espainia aldera jiratzea eta hara begiratzea: godoen erresumari lehenengo, Kordobako botere musulmanari gero; kasu bietan Euskal Herriko Historia beti hara begira idatzi da nagusiko, godoek edota musulmanek gure herrian izan zuten itzalari eta eraginari begiratzea. Luzuriagak, aldiz, begiak iparraldera jiratzen ditu, frankoen erresumari eta bere gorabeherei, errege merovingiarrekin lehenengo, karolingiarrekin ondoren. Eta, jakina denez, frankoen erresumaren erpina Karlomagno da, Erromatar Inperio berriaren berpiztailea, nolabait esanda, Bizantziorekiko azken lotura formalak hautsi zituena eta bere burua enperadoretzat koroatu zuena (ingeles historiografian, dirudienez, eta beste batzuetan ere ziur aski, Erdi Aroaren hasiera hortxe dago, eta ez V. mendean).

Karlomagno. Guretzat ere, euskaldunontzat, lehen-lehen mailako pertsonaia historikoa, Ibañetako gudu ospetsuari esker. Gure herriaren historia azaldu nahian, zergatik ez begiratu berari, eta ez godo eta musulmanei? Hori da Luzuriagaren proposamena.

Karlomagno: Albrecht Dürer-en olioa (Biografías y vidas)
Karlomagno: Albrecht Dürer-en olioa (Biografías y vidas)

 

Liburu honetan, beraz, euskaldunon historiaren ikuspegi europar bat jasoko duzu, ohikoa izaten den ikuspegi hispanikoaren kaltetan. Hori da bere meritu nagusia eta, ziur aski, bere ahuldade nabarmenena ere. Izan ere, iparraldera larregi begiratzeak ez ote du ekarriko hegoaldearen eragina gehiegi apaltzea? Ez dakit, ez naiz aditua.

Azken galdera bat geratu zaigu zintzilik: Baskoniako dukerri horrek zein lotura du Euskal Herriarekin? Zeren garbi dago Pirinioetako magaletan euskaldunak bizi zirela garai horretan, bi isurialdeetan,  Bizkaiko itsasotik Andorraraino, gutxi gora-behera, baina iparraldeari eta hegoaldeari begiratuta, noraino bizi ziren euskaldunok? Ebroko ertzeraino? Garonako erriberaraino? Hori, argi eta garbi esanda, ez dakigu. Horregatik, ziur aski, Luzuriagak ez du inoiz (edo agian, oso-oso gutxitan) euskaldunak aipatzen, ezta Euskal Herria ere, eta horren ordez Baskoniako dukerria eta baskoiak. Baskoi horiek euskaldunak ziren? Batzuk ziur baietz. Guztiak? Ziur ezetz. Beraz, ze desberdintasun dago Baskonia eta Euskal Herri artean? Horra milioiaren galdera. Oihenart izan zen, oker ez banago, gure artean baskoien eta euskaldunen arteko lotura zuzena aipatu zuena, eta, baita ere, hegoaldeko euskaldunen (Garibai eta enparauak) kantabrismoaren kontra aipatu zuen; Oihenart, jakina, Parisera begira ari zen, eta Garibai, Madrilera begira. Bai, XVI-XVIII. mendeetan zehar ere bi ikuspegi izan genituen, bata kantabrista, bestea baskonista, eta dikotomia horren aztarna oraindik ere ez da guztiz desagertu. Luzuriaga, jakina, Oihenarten lorratzean jarri behar dugu, Nafarroako erresumaren zentraltasunaren inguruan. Nafarroa, hori da Luzuriagaren liburuaren amaieran agertzen den zerumuga, Nafarroako erresumaren sorrera, Karlomagnoren politika inperialistaren kontra euskaldunek emandako erantzun nagusia.

Horregatik, irakurle maitea, liburu honek ziur aski ez zaitu indiferente utziko, Nafarroako erresumaren genesiaz jardutean begiak Europa aldera jiratzen dituelako eta, nahita nahiez, Espainiatik hastantzen. Oihenarten jarauntsia. Baina Euskal Herriaren lurralde zabalena eta populatuena Pirinio mendietatik hegoaldera dago, ez Garona ibarrean. Beraz?

Liburua ondo idatzita dago, euskara ederrean, baina luzeegia, xeheegia eta, bukaeran, astuna suertatzen da. Hala ere, interes handiz irakurtzen da, hasi eta amaitu. Ez da legenda apologetiko baten enegarren kontakizuna, Historia kritikoaren goi dibulgazio-saioa baizik. Pozik irakurtzeko modukoa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude