APODAKARI ULERTZEN SAIATUZ

Pruden Gartzia, 2016ko abuztua-iraila

Eduardo Apodaka, Identitatea eta anomalia, Iruñea: Pamiela, 2015, 348 or.

Apodakaren liburua

Herenegun-edo bukatu nuen liburua, eta ordutik (egia esanda, lehenagotik ere) buruari bueltaka nabil iruzkin hau nola idatziko. Izan ere, liburu honekin gertatatu zait, bete-betean, oso bitxia egiten zaidan fenomenoa: batetik, oso identifikatuta sentitu naiz autoreak dioenarekin eta, bestetik, arazo handiak izango nituzke esplikatzeko zer den, zehatz-mehatz, autoreak dioena. Nondik dator hortaz nire identifikazioa?

Garbi daukat nire sinpatia hori ez dela prozesu arrazional baten emaitza, zeren eta nekez esan baitezaket ulertu dudanik, egiazki, Apodakaren teoria. Bere osotasunean ez, behintzat, hori garbi daukat, eta ulertu dudana ondo ulertu ote dudan esateko ere zalantzak ditut. Ez litzateke hobe isiltzea? Ez, ihardesten diot temati niri kontzientzia erosotasunzaleari, liburu horretan badago zerbait iruzkindua izatea merezi duena. Dudarik gabe, badago. Zer da, ordea?

Antzeko, oso antzeko kontua gertatu zitzaidan (eta gertatzen zait maiz) Joseba Gabilondoren testuekin. Eta bi autore horien arteko sintonia oso nabaria bada ere, analisi desberdinak egiten dituzte, tresneria kontzeptual ezberdina erabiliz eta ikergai arrunt diferenteak landuz. Bata mendian ari da eta bestea itsasoan. Alegia, bata eskaladan eta bestea surfean, eta nik ez ditut bi kirol horiek menperatzen. Erran nahi baita, gai desberdinak lantzeaz gain, kalamatrika kontzeptual desberdina darabilte biek (guztiz desberdina!) baina, zoritxarrez, kasu bietan niri oso arrotza egiten zaidan zapa-hizkera berezia, iniziatuentzat soilik ulergarria. Eta ni ez naiz ez surflari, ez eskalatzaile. Uste dut ulertzen didazuela, ezta?

Eta hala eta guztiz ere, hementxe nabil, lerroa lerroaren ondoan idazten, zeren biak ari baitira euskal kulturaz, biak nire gustukoak izan daitezkeen gauzak esaten (irakurri ahala nabaritzen dut) eta, itxura batera, biek dute kezka bera, neuk ere konpartitzen dudana: euskal kulturaren etorkizuna. Horregatik, eta horregatik bakarrik, hots, funtsean Apodakarekin kezka bera konpartitzen dudala sentitzen dudalako, ausartuko naiz ulertzen ez dudan gauzen gainean idaztera eta iritzia ematera. Eta Jaungoikoak barka nazala. Zuek ere.

***************

Eduardo Apodaka (Argia)
Eduardo Apodaka (Argia)

Apodakaren oinarri-oinarrizko ideia esaldi honetan laburbil daiteke: “Iraultza kultural bat suertatzen ari den zantzuak ditugu” (30. or.). Hori da abiapuntua, hortik ulertzen da Joseba Gabilondok hitzaurrean planteatzen duen “neonazionalismoa” eta “postnazioanalismoa”-ren gaineko kalamatrika guztia, alegia, azken urteotan aldaketa sozial handi-handi bat gertatu da Euskal Herrian (munduan?) eta euskal kultura, euskal identitatea, modu desberdin batean ulertzen saiatu behar dugu, baldin eta harentzat etorkizunik nahi badugu. Beraz, ahaztu orain arte ikasi dugun guztia eta ekin diezaiogun gaiari zerotik hasita, modu adamtiar batean nahi bada. Ez da harrokeria, ez, baizik eta ahalegin intelektual eskerga euskal kulturaren auzia betaurreko berri batzuekin ikusteko. Hori da Apodakaren asmoa eta liburu honen meritu nagusia: ikuspegi osorik berria eskaintzea. Ikuspegi hori “neonaziolana” edo “postnazionala” den ez dut orain eztabaidatuko, liburuan bertan hizkera horrek ez baitauka lekurik hitzaurretik kanpo; bestelakoak dira Apodakak darabiltzan terminoak.

Termino horiek egileak bi hitzetan laburbiltzen ditu, izenburuan bertan paratuak: “identitatea” eta “anomalia”; nik neuk hirugarren bat ere gehituko nuke, testuan zehar erruz erabilia: “pornoa”. Eta, hartara, liburu osoa hiru hitz horien bueltan ibiliko da, jira eta bira, ezker eta eskuin, gora eta behera, fandango eta arin-arin, edo tangoa eta baltsa, beti hiru hitz horiekin bueltaka, ez dago beste ezer liburu honetan, hiru hitz, eta hiru hitz horiekin antolatzen den joko kiribilkatua. Gorago ere esana utzi dut: Apodakak teoria bat du, zein da, ordea? Bada, hiru hitz horien inguruan antolatzen den teoria oso bat, konplikatu xamarra, aberatsa, orokorra, testuinguru mundial batean ulertu behar dena, hots, ez dagoena soilik euskal kasua ulertzera bideratua, edozein identitateren (sozial edo pertsonal) izaera eta funtzionamendua ulertzera baizik. Nik horrela ikusten dut, horrainotxe ailegatzen naiz ni, eta askoz ere gehiago ezin dizuet esan.

Hurbilpen orokor bat eginez, dena den, esango nuke horrela doala jokoa: euskal identitatea, egiazki existitzen dena eta hemen (Bilbon, adibidez) hegemonikoa dena, gaur egun ez da euskararen inguruan ardazten, bestelako elementu batzuen inguruan baizik. Zeintzuk? Autoreak berariaz dio liburu honen gaia ez dela identitate hori aztertzea, euskal identitatea baizik, alegia, euskararen gainean, euskararen inguruan, euskal hizkuntzaren praktikaren bidez ardazten den identitatea aztertzea baizik. Eta oinarrizko banaketa hori ulertu gabe esango nuke ez dela posible Apodakak dioen ezer ulertzea. Erran nahi baita, gaur eta hemen Euskal Herrian hegemonikoa den identitateak (baskoa deituko dugu, nolabait deitzearren) gaztelaniaz funtzionatzen du Hegoaldean eta frantsesez Iparraldean, eta euskara ez du ia ezertarako behar, elementu sinboliko gisa ez bada. Zer da, hortaz, euskal identitatea, euskararen gainean funtsatzen den identitatea? Ez da benetako identitate bat, anomalia bat baizik. Horra bildotsaren ama.

Norbaitek ondo ulertu ez badu, berriz ere errepikatuko dut: Euskal Herriko identitateak, une honetan egiazki eta errealki hegemonikoa denak, gaztelaniaz edo frantsesez funtzionatzen du eta euskara elementu sinbolikotzat hartzen du, besterik ez. Apodakak ematen ez duen adibidea emateko: gaur egungo Irlandan errealki eta egiazki hegemonikoa den identitateak ingelesez funtzionatzen du eta irlandera elementu sinbolikotzat du, kitto. Jakina, hortik ez da ondorioztatu behar Irlandan identitate ingelesa dutenik (zentzugabekeria nabarmena), ezta ere, apika, Euskal Herriko identitate hegemonikoa gaur egun espainola (edo frantsesa) denik, zeren oso posiblea da, adibidez, gaztelaniaz jo-ta-sua aritzea eta independentista izatea (edo anti-espainol gogorra). Zer da hortaz euskararen gaineko “Zera” hori? Ez da identitate bat, anomalia bat baizik, identitate baskoaren anomalia bat, besterik ez.

Baina jo dezagun, irakurle maiteok, oraindik ere arazoak dituzuela “identitatea” eta “anomalia” hitzen banaketa funtzional hori ulertzeko. Bada, neure termino propioetan esplikatuko dizuet. Jo dezagun Txillardegi ez zela jaio edo, besterik gabe, bera eta berarekin batera 60etako hamarkadan euskara euskal identitatearen elementu zentral gisa kokatu zuten intelektual eta militanteek ez zutela inolako arrakastarik izan eta erabat ahaztuta geratu zirela 1970erako. Jo dezagun, gainera, frankismoaren kontrako borroka, data horretatik aurrera ere, gerra aurreko PNVk hegemonizatu zuela guztiz, edota, harekin batera, euskara sinbolo huts gisa onartzen zuen ETA iraultzaile komunista-internazionalista batek. Jo dezagun, areago, jelkideen eta iraultzaileen arteko aliantza antifrankista sendo bat gai izan zela, 1976aren inguruan, insurrekzio armatu orokor bat antolatzeko Bilbon, hala nola irlandarrek Dublinen 1916ko Pazko Egunean. Eta jo dezagun euskararik gabeko fronte independentista horrek, zanpatua izanik ere, heredatzen duela frankismoaren kontrako borrokaren kapital sinboliko guztia, Irlandan gertatu zen bezala. Jo dezagun, finean, Txillardegirik eta txillardegizalerik gabeko Euskal Herri bat dela (independentea edo autonomoa, orain berdin dio) egaizki eta errealki duguna gaur eta hemen. Alegia, jo dezagun Euskal Herria Irlanda dela. Eta Irlandan, badakigu, irlandera anomalia hutsa da irlandar identitatearen barruan.

Zer esaten ari naiz, hortaz? Modurik xinpleenean esaten saiatuko naiz: Apodakak diosku euskal kulturan pentsatzeko Irlandan biziko bagina bezala. Hori da bere proposamenaren muina, nire uste apalean. Eta uste dut poliki pentsatu beharreko ideia dela.

*************

Txillardegi (Berria)
Txillardegi (Berria)

Jakina, Apodakak ez du inon aipatzen ez Irlanda, ez Txillardegi, ez antzerako ezer (hori guztia nire ekarpena da). Horren ordez teorizazio biziki konplikatu bat behin eta berriro azaltzeari ekiten dio, beti identitatearen inguruan: zer den identitatea, nola funtzionatzen duen, nola gauzatzen den, etab. Euskara biziki ederrean, errazki eta jariotasunez (eta hori azpimarratzekoa da) baina beti terminologia soziologiko abstraktu bat erabiliz. Egia da ahalegin biziak egiten dituela bere mezua irakurle xeheari ulertarazteko, baina beldur naiz hala eta guztiz ere dena oso ilun geratzen dela, iniziatuentzat soilik ulergarri irakurleak ahalegin handi bat egin ezean. Ez da liburu irakurterraza.

Niri amorrua ematen dit. Izan ere, bere sistemaren dohainak oso nabarmenak dira: ezagutza intelektual zabal-zabalak (aski da alusioen eta bibliografiaren ugaritasunari eta kalitateari begiratzea) eta bere pentsamendua nazioarteko terminotan azaltzeko gaitasun egiaztatua. Alegia, gorago aurreratu dudan bezala, Apodaka ez dabil soilik gure kasua azaltzen, gurea bezalako edozein identitatek nola funtzionatzen duen deskribatzen baizik. Ez da erronka makala, liburu honen gaia ez baita soilik euskal identitatea, hura bezalako edozein identitate baizik. Hortik datorkio, ziur aski, diskurtsoa beti abstrakzio-maila altu xamar batean mantentzea, adibide zehatzak ipintzen eta azalpen osagarriak ematen etengabe saiatzen bada ere. Baina beldur naiz ez dela aski.

Saia nadin bi hitz gehiagoz osatzen euskal anomaliaz pentsatzen duena. Lehenengo eta behin, garrantzitsua da ohartaraztea euskaltzale porrokatu baten aurrean gaudela (zinezko txillardegizale bat, gorago erabili dudan terminologiari segituz), euskaraz hitz egitea, jardutea, praktikatzea, hori berori baita bere proposamenaren giltza; bere ahalegin intelektual guztia horretara bideratua dago, euskara sustatzera, bultzatzera, indartzera… Oso arradikala da puntu horri dagokionez, besteak beste, horrelako liburu teoriko konplikatu eta goi-mailako bat euskaraz idatzi du, hots, euskaldunentzat idatzi du, eta hori biziki esanguratsua da. Baina, Apodakak diosku, jabe gaitezen euskal identitatea, une honetan, ez dela egiazko identitate autonomo bat, identitate hegemoniko (basko?) baten anomalia bat baizik. Faktu hori asumitzea ezinbesteko baldintza da euskal kulturaren sustapenerako. Niri oso ideia interesgarria iruditzen zait, sakonki hausnartu eta debatitu beharrekoa.

Hortik abiatuta, eta urrats bat gehiago emanez, anomalien apologiari ekiten dio, queer teoriaren ildotik, eta bide hori proposatzen du euskararentzat. Berriz ere bi ohar ebidente egin behar dira: eskergarria da euskararen kasua nazioarteko testuinguru batean kokatzea eta esplikatzea (eta horretarako marko teorikoa eta ereduak bilatzea eta eraikitzea) baina azterketa beti (edo gehienetan) testuinguru abstraktu batean gauzatzen da: ez du antzeko kasuak banan-banan inbokatzen eta deskribatzen, marko teoriko orokor bat baizik. Ondorioa, edonola ere, anomalien goramena da: anomalia izateak bihurtzen du euskal identitea unibertsal, nolabait esanda. Alegia, baztertuen, mespretxatuen eta jipoituen zaku horren barruan egoteak bihurtzen gaitu mundu zabaleko beste identitate askoren pareko eta gure legitimitatearen iturri nagusia da. Beraz, pauso berri bat emanik, aldarrika dezagun: anomaloa naiz eta harro nago! Beste hitz batzuetan esanda, gure anomalotasuna asumitzeak, horretan beldurrik gabe sakontzeak, izan behar du gure salbabidea, unibertsal eta homologagarri bihurtuko gaituena, hemen, Manchesterren, New Yorken edo Shanghain, gu ez baikara txokozaleak. Izan gaitezen zinezko euskaldun unibertsaltasunari uko egin gabe. Izan gaitezen queer euskaldunak.

Baina betirako anomalia bat izatea ote da gure identitatearen patua? Puntu honetan berriz ere haria bereziki fina eta atzemangaitza bihurtzen da. Apodakaren erantzuna: inondik inora ez. Esana dut gorago, Apodaka zinezko txillardegizale bat bat funtsean, baina aitaren legatua osorik birpentsatu nahi duen semea, etxea berriz ere oinarritik hasita berreraiki nahi duena. Hortaz, ez du aitaren aipamenik egingo, ez Txillardegirenik, ezta Gabriel Arestirenik ere (eta horren oinordeko ere bada, argi eta garbi!), baina eraiki nahi duen etxea, niretzat ebidentea da, Txillardegiren eta Arestiren etxe berbera da, oinarri berriak emanda. Ondorioz, behin eta berriro azpimarratzen du euskal anomaliak zinezko identitate hegemoniko bihurtzeko bokazio setatsua erakutsi behar duela, inolako lotsarik edo zalantzarik gabe. Nola ezkontzen duen bokazio unibertsalista eta hegemoniazale hori anomalia ororen goramenarekin, aitortzen dut, ez dut oso ondo ulertu, baina bere sakoneko mezua, niretzat, oso argia da. Barka okertzen banaiz.

********

Gabriel Aresti (Armiarma)
Gabriel Aresti (Armiarma)

Berrirakurtzen dut iruzkina, hasieratik hasita, eta konturatzen naiz aipamenik gabe utzi dudala bere teoriaren hirugarren hanka, “pornoa”. Puntu bereziki interesgarria da, liburu honen pasarterik onenetako batzuk (nire begietan behintzat) pornoaren kontzeptuarekin lotuak baitira (eta berak “postporno” deitzen duenarekin, kiribil terminologiko bitxi xamar bat eginez). Baina gehiegi luzatu naiz eta ordua da ondorio orokor batzuk ateratzeko eta iruzkina amaititutzat emateko.

Esana dut iniziatuentzat soilik egokia den kalamatrika soziologiko horren azpian badagoela benetan merezi duen zerbait, niri, behintzat, heldu didana eta liburuari lotuta mantendu nauena. Bukatu da iruzkina eta ez nuke jakingo esaten, zehatz-mehatz, zer den. Egilearen asmo orokorra, garbi dago, bat dator nire kezka pertsonalekin: euskal kultura kinka larrian dago eta zerbait egin behar dugu horri buelta emateko, edo kondenatuta egongo gara beti bigarren mailako hiritar bitxiak izatera (Apodakaren terminoetan esanda, anomalia bat identitate basko hegemonikoaren barruan; Gabilondoren hitzetan, subalternoak). Eta hori ez dugu nahi, ez dugu inola ere nahi. Agian ideia hori da nagusiki erakarri nauena, hori eta euskaraz idazteko erakusten duen erraztasuna eta doterezia, beti-beti balioetsi beharrekoa. Hori eta Txillardegiren eta Arestiren oihartzunak (nik baino ez ote ditut entzuten?).

Hortik aurrera, zer esan? Liburuak pasarte aipagarri ugari ditu, baina tarteka-tarteka ere mortal aspergarria izan daiteke. Gauza biak. Kalamatrika soziologiko horrek ez dio batere onik egiten, baina ulertzen dut ofizioaren morrontza izan daitekeela, hautatu den marko teorikoak nolabait berez dakarrena. Galdera bat egingo nioke egileari, dena den: norentzat idazten duzu? Iniziatuentzat? Hala bada, itzel. Baina hala ez bada, alegia, euskal irakurle orokorrago bat baldin baduzu buruan, agian zerbait pentsatu beharko zenuke. Agian ez da sistema ona beti marko teoriko orokor batetik hastea eta, ondoren, azalpen argigarri bat ematea, horrela dena oso abstraktua da beti; agian proba daiteke kasu zehatz bat esplikatzen eta, ondoren, handik ondorio teorikoak ateratzen eta marko orokor batean kokatzen. Probatzea da.

Ondo esanak hartu, txarto esanak barkatu.

OHAR ARGIGARRIA: Ez dakit oso ondo zergatik, post honetako irudi batzuk izugarri handi atera dira. Aitortzen dut nire gabezia teknikoak. Barka eragozpenak.

Iruzkinak (1)

  • Iban Zaldua says:

    Eskerrik asko iruzkinagatik, Pruden, benetan. Lan itzela egiten duzu mota honetako saioak laburbiltzen eta disekzionatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude