ABERTZALETASUNAREN IKERKETA AKADEMIKOA

Pruden Gartzia

2016ko ekaina-uztaila

Anthony D. Smith, The Antiquity of Nations, Cambridge: Polity, 2008, 266 or.

The Antiquity of Nations

Bukatu dut liburua eta, niri ohiturari jarraiki, azpimarraketaz beterik utzi dut. Ohi baino gehiago izan dira, gainera, liburua benetan trinkoa iruditu zaidalako. Egia esan, ziur aski azken urteotan irakurri dudan libururik dentsoena da. Horregatik, apika, ez dakit oso ondo nola ekin iruzkin honi; berez, nire azpimarraketak eta oharrak birpasatu beharko nituzke ezer idazten hasi aurretik, baina uztaila da eta nekatuta sentitzen naiz, nekatuegi berriz ere liburuari ekiteko. Horregatik, agian, ondoko oharrok aski azalekoak izango dira edo, beharbada, liburuaren iruzkinak baino liburuak eragindako pentsakizunak bilduko dituzte.

Anthony D. Smith nazionalismoaren ikerketa akademikoaren irudi ospetsuenetako bat da. Bai, badakit, ez duzu esan nahi nuena ulertu. Kontua da “figura” jartzera nindoala, zalantza izan dut adiera horretan euskarazko hitz gisa onartu behar ote dugun, kontsulatu dut Euskalbar ezin praktikoagoa, buruari apur bat eragin eta, azkenean, erabaki dut euskal hiztegigintzaren alorrean ekarpentxo berri bat egiteko ordua iritsi dela. Erran nahi baita, Anthony D. Smith irudi bat da, irudi ospetsu eta esanguratsu bat nazionalismoaren ikerketa akademikoaren alorrean (gogora, bide batez, “alorra” idatzita duela ez urte asko porruak edo patatak ereiteko soroa ulertuko zutela euskaldunek, eta ordutik beste adiera berri bat hartu duela; bada, “irudia”, berdin, edo hala espero dut behintzat).

Anthony D. Smith (Metropolis)
Anthony D. Smith (Metropolis)

Baina Smith jauna nor den jakin nahi duenak Wikipediara jotzea besterik ez du. Hemen bizpahiru gauza baino ez ditut azpimarratuko: bata, ikertzailea dela, oso ona; bigarrena, asko idatzi duela nazionalismoaz; eta hirugarrena, teorilari ospetsuenetakoa dela.

Hala eta guztiz ere, esango nuke euskaldunen artean ez dela oso ezaguna. Egia esan, euskaldunen artean, alorrean lanean ez daudenen artean behintzat, hitzetik hortzera gehien-gehien aipatu ohi dena Eric Hobsbawn izan ohi da, bereziki bere liburu pare bat, batetik gaiari dedikatu zion monografia nagusia, Nations and Nationalism since 1780: programme, myth, reality (1990), baina bestetik The Invention of Tradition (1983), egundoko arrakasta izan zuen sei artikulu akademikoren bilduma, bera editore eta artikulu baten egile zelarik. Eta bigarren postuan baino ez dira agertuko mundu akademikoan, ziur aski, gehiago nabarmentzen diren Ernest Gellner (Nazioak eta nazionalismoak, Klasikoak, 2009; jatorrizkoa 1983koa da) edota Benedict Anderson (Imagined Communities, 1983). Hirukote horri, inoiz edo beste, Elie Kedourie gehitu ohi zaio (Nationalism, 1960), eta hortik aurrera ez nuke beste inor erantsiko. Nire inpresio hutsa da, jakina, ez baitut inolako ikerketa enpIrikorik egin. Baina alorrean espezialista ez den akademilari euskaldun batek, funtsean, laukote hori aipatuko dizu, funtsean. Hortik aurrera, ziur aski, akademiko espainol, katalan edo galiziarrak dira errazen agertuko direnak bere aipuetan (Alvarez Junco, Guibernau, Nuñez Seixas…) eta, nola ez, baita ere polemista espainolak, badakizue, Ignacio Sánchez-Cuencaren La desfachatez intelectual (2016) interesgarrian hain airoski eta ironikoki aipatzen den kuadrila antinazionalista hori guztia (eta horiei, noski, ez diegu teorialari deituko, Sanchez-Cuencak hain ageriki eta egoki aipatzen dituen arrazoiengatik).

Eta irakurle bipil hori, honez gero apur bat nekatuta zaude: orri bete ere ez duzu irakurri eta dagoeneko dozena erdi bat autore eta liburu ekarri ditut hizpidera, batzuk ezagunak zuretzat, apika, baina beste batzuk agian ez, edo gehienez ere izena entzun izan duzuna inoiz edo beste, baina garbi ez duzularik zer edo zertaz idatzi duten. Eta bai, horrek asko zailtzen du ezein testuren irakurketa, oso astun bihurtzen du nahitaez. Bada, nik egin berri dudan hori ez da ezer Anthony Smithek liburu honetan orrialde oro egiten duenaren aldean: dozenaka egile eta liburu aipatzen du etengabe, bakoitzak nazionalismoaz idatzi duena behin eta berriro laburbildu eta kritikatzeko, bere argudio propioen harian. Benetan diotsut, testuan zehar aipatzen eta sakonki kritikatzen diren autoreak eta teoriak asko dira, alafede. Uste dut orain hobeto ulertuko duzula liburua bukatzean sentitu dudan nekea eta gaiari heltzeko adoregabezia.

Zeren eta, hasierara itzuliz, nik neuk ere hasierako laukote hori baino ez nuen ezagutzen, funtsean, eta hortik aurrera ia guztiz ezezagunak zitzaizkidan Karl Deustch (Nationalism and Social Communication, 1953, 1966), John Armstrong (Nations before Nationalism, 1982), John Breully (Nationalism and the State, 1982, 1993), Liah Greenfeld (Nationalism: Five Roads to Modernity, 1992), Walker Connor (Ethno-Nationalism, 1994) edo Adrian Hastings (The Construction of Nationhood, 1997). Smithek askoz ere teorialari gehiago aipatzen ditu, jakina, baina horiek dira, beharbada, aipatu laukoteaz gain gehien nabarmentzen dituenak, beren ekarpenei “major works” deituz, alegia, ganorazko akademilari batentzat ezinbestekoak diren erreferentzia nagusiak. Nik neuk baten izena nuen lehendik entzuna, beste guztiena izenik ere ez nekien. Enfin, liburu hau irakurri aurretik uste nuen, inozoki, banekiela zerbait nazionalismoaren ikerketa akademikoez. Oso oker nengoen.

Nire ezjakintasunak, dena den, agian badu beste azalpide bat. Liburuaren sarreran nazionalismoaren ikerketaren mapa orokor bat eskaintzen digu Smithek, eta bertan hiru joera nagusi bereizten ditu, hurrenez hurren primordialismoa, perennialismoa eta modernismoa. Erran nahi baita, primordialistak dira, nolabait, pentsatzen dutenak naziotasuna gizakiaren berezko ezaugarria dela, beste hitz batzuekin, gizaki oro jaiotzen dela nolabaiteko nazio baten barruan eta, ondorioz, nazioak konsustantzialak zaizkiola giza historiari: ez dago nazioarik gabeko gizarterik edo historiarik; perennialistak ez dira hain erradikalak, alegia, uste dute nazioak gizarte mota eta aldi historiko zehatz batzuei dagozkiela (ez gizatasunari edo giza historia osoari), baina ez dute problemarik Antzinatean edo Erdi Aroan nazioak aurkitzeko, argi uzten badute ere herri oro ez dela berez nazio (batzuk bai, beste batzuk ez); modernistak, ordea, uste dute nazioak aldi historiko zehatz batean sortu direla eta, nagusiki, leku historiko batean, erran nahi baita, Mendebaldeko Europan XVIII. mende bukaeratik aurrera; Hobsbawnek data zehtz bat ematen digu bere monografia aipatuan: 1780; ondorioz, data hori baino lehen nazioez hitz egitea errakuntza da, modernisten arabera.

Bada, nire ezjakintasun partikularraren azalpidea litzateke esatea euskaldunon artean, oro har, ikertzaile modernisten teoriak baino ez direla ezagun, eta primordialisten eta perennialisten lanak guztiz ezezagunak direla hemen irakurle gehienontzat, baldin eta alorrean lanean ez bazabiltza behintzat. Izan ere, Hobsbawn, Gellner, Anderson eta Kedourie, guztiak modernistak dira, gero beren artean diferentzia handiak badaude ere. Hau da, guztiek pentsatzen dute nazioak artefaktu modernoak direla, XIX. mendean edo apur bat lehentxoago asmatuak. Ondorioz, noiztik hitz egin ahal izango da euskaldunen nazioaz? Gehienez ere 1800etik aurrera edo, errazkiago, 1900etik aurrera, ez lehenago. Hori da, hain zuzen ere, akademiatik euskaldun abertzaleoi azken hamarkadatan errepikatu digutena, behin eta berriro, ad nauseam. Hara, eta orain deskubritzen dugu (dut) badirela oso ikerketa akademiko serioak, haiek bezain serioak, ildo horretatik kanpo. Tira, ez neukan nire burua pertsona desinformatutzat baina, liburu honekin, aurkitu dut unibertsitatean ikasi nuen hura bertsio partzial bat besterik ez zela, funtsezko jakingaiak ezkutatzen zituena. Susmoa dut ez naizela egoera berean dagoen euskaldun bakarra. Enfin, berandu bada ere, ez dadila izan beranduegi.

Anthony D. Smithen izena, dena den, ezaguna zitzaidan lehenago, haren lanen erreferentziak ikusita nituelako han eta hemen, ez gaztelaniaz, jakina, baina bere izena inoiz edo beste agertzen zitzaidan aipatua eta bere liburuen izenburuak oso deigarriak zitzaizkidan. Horrela erabaki nuen horietakoren bat irakurtzea eta iruzkin honetan aipagai dudana aukeratu nuen, alitzira. Esango nuke oso hautu egokia izan zela: bederatzi artikulu akademikoren bilduma bat da (gehi sarrera oso argigarri bat) eta Smithen helburua da, nolabait, bere posizio teorikoa argitzea, beste guztiak kritikatuz. Ondorioz, liburu osoa da nazionalismoaren teoria akademikoen kritika-saio luze bat, zeinetan egileak alor osoa birpasatzen duen, bere posizio kritikoa finkatuz.

Eta zein da Smithen posizioa? Ez du bere burua aipu hiru ildo nagusi horietako batean ere kokatzen, posizio propio eta desberdin batean baizik (berak etnosinbolismoa deitzen duena) baina bere polemika eta kritika nagusiak modernistekikoak dira, funtsean. Hala ere, bere kritikak eta posizioak beti argiak eta kategorikoak badira ere (oso eskergarria dena), ez dira sinplistak, alegiak, eskola bat kritikatzeaz gain, hura kritikatzeko arrazoi zehatzak ematen ditu etengabe, eta eskola barruko posizioen eta teorilarien arteko aldeak xeheki bereizten eta kritikatzen ditu. Eta, ondorioz, Smithen posizioa zein den esan ahal izateko, apur bat gehiago findu behar dugu gure azalpena.

Ernest Gellner (Wikipedia)
Ernest Gellner (Wikipedia)

Smithek argi uzten du modernisten eskola dela, batetik, alorraren barruko teoria hegemonikoa eta, bestetik, bera azken buruan ados dagoela eskola horren axioma nagusiarekin: nazioak XVIII. mende bukaeran sortzen dira Europan, ez lehenago, ez beste inon. Axioma horri, dena den, bi zehaztapen nagusi egiten dizkio: batetik, ez duela nazioen genesia ondo esplikatzen (nazioak asmatuak direla esatea errakuntza handi bat da) eta, bestetik, gehiegi nabarmentzen dela teoria horren izaera instrumentala, alegia, elite intelektualek asmakeria hori helburu instrumentalekin erabiltzen dutela esatea (herria zentzu zehatz batean mobilizatzeko eta manipulatzeko) beste errakuntza handi bat dela. Kasu bietan modernisten teoriak egiaren parte handi bat darama aldean (neurri batean elite intelektualek nazioak asmatu egin dituzte eta helburu instrumentalak izan ohi dituzte), baina azalpidea horretara mugatzea errakuntza bat da: teoria horrek elementu gehiago behar du benetan zerbait esplikatzeko balioko badu.

Beraz, Smithek pentsatzen du seriotzat hartu behar dela Antzinateko edo Erdi Aroko nazioez hitz egiteko proposamena (perennialisten ildotik) eta, bestetik, nazioaren genesia Mendebaldeko Europara mugatzeak ez duela justifikazio enpirikorik (posible da Amerika, Afrika edo Asiako nazioez hitz egitea, lasai asko). Dena den, garbi uzten du ez duela primordialisten ikuspuntuarekin bat egiten (hau da, nazioak historian zehar sortzen dira, arrazoi zehatz batzuen ondorioz, ez naturalki) eta, baita ere, zentzu estriktoan oso zaila dela nazioez hitz egitea XVIII. mende aurretik, nazioak gizarte industrial moderno baten emaitza baitira funtsean. Baina emaitza hori ez da asmakeria instrumental bat, aitzitik, herrien historian sustraitzen da.

Ondorioz, Smithen arreta nagusia beste kontzeptu batean konzentratzen da: etnia. Alegia, euskaraz esanda, herria, nahiz eta berak nahiago duen ethnie hitza erabiltzea (grezierazko hitz bat, ingelesera frantsesaren bidez sartua eta kultismo kutsu nabarmena duena) eta ez ingelesez askoz ere arruntagoak izan daitezkeen terminoez (land, people, folk…). Guk ere, Smithen teoriak zehazki iruzkintzeko, etniez hitz egin behar dugu, ez herriez, baina zilegi bekigu behingoagatik aipatzea.

Azken buruan, Smithen ahalegin nagusia honetan datza: etniaren eta nazioaren arteko trantsizioa zertan den esplikatzea. Izan ere, bere ustez nazio modernoak (hau da, nazioak, tout court, hitzaren adiera estriktoan) ez dira ezerezetik sortzen, baizik eta lehenago dagoen etnia batetik. Baina etniatik naziorako urratsa ez da automatikoa, kasu gutxi batzuetan baino ez da gertatzen, eta arrazoi zehatz batzuen ondorioz. Arrazoi horiek, gainera, ez dira bakarrik modernistek aipatzen dituztenak (industrializazioa, masa-gizartearen sorrera, hezkuntza-sistema unibertsal baten ezarpena, modernizazioa…) baizik eta elementu kulturalek ere (herriaren memoria, ohiturak, historia, kultura…) oso zeregin garrantzitsua dute, ez dira elementu aleatorio hutsak, elite intelektualek alitzira erabiliak artefaktu identitario arbitrarioak asmatzeko helburu maltzurrez, baizik eta lehen-lehen mailako aldagaiak. Bere hitzetan esateko, adibide zehatz bat erabilita: “It would be absurd to talk of the intelligentsia “constructing” Poland tout court, let alone “inventing” the Polish nation” (96 or.).

Puntu honetara iritsita irakurleak berriz ere, apika, bere buruari galdetuko dio ze arraio den Smith honek proposatzen duena: modernista da, bai ala ez? Nik neuk esango nuke, bai eta ez. Alegia, bat dator Gellnerren edo Andersonen proposamen nagusiekin, baina bi kritika nagusi egiten die: batetik, ez direla nahiko nazionalismoa bezalako fenomeno konplexu bat esplikatzeko eta, bestetik, zentzu orokorregian teorizatzen dutela, alegia, nazionalismoa fenomeno konplexuegia dela teoria orohartzaile bat eta bakar batez guztia esplikatzeko. Gaineratu beharko nuke Smith, berez, Gellnerren ikasle eta laguna dela eta, beraz, maisuari egiten dizkion kritikak gogorrak bezain errespetuzkoak direla. Zentzu horretan, liburuaren bigarren kapitulua (“Memory and Modernity” 62-81 or.) oso esanguratsua dela: Gellnerren eta bere artean izandako polemika baten harira idatzia, aldi berean da maisuari omenaldia eta berarekiko zor-kitatzea. Arretaz irakurtzera gonbidatzen zaituztet, ez zaizue damutuko.

Elie Kedourie (Navarth)
Elie Kedourie (Navarth)

Dena den, Gellner edo Anderson gogor kritikatuta ere, oso hurbil dituela atzematen bazaio ere, nire ustez ezin da beste horrenbeste esan Kedourie eta Hobsbawnekin. Ildo horretako testu esanguratsuena, agian, azkena da, “Romanticism and Nationalism” (236-258 or.). Aurrez inon argitartu gabeko testu bakarra da, sarrerarekin batera. Funtsean, Kedouriren kritika kupidagabe bat da. Zilegi bekit aipu bat egitea:

The critique or Romantic nationalism is given its most pungent and impassioned expression in the work of Elie Kedourie. For Kedourie, there is really only one version of nationalism, and that is the doctrine formulate by the German Romantics after 1806, the year of Napoleon´s humiliating defeat of Prussia at Jena.” (237 or.)

Kedouriek, nonbait, oso ikuspegi negatiboa zeukan nazionalismoaz, nolabati Erromantizismo Alemanaren ondorio zuzena iruditzen zitzaion eta, badakizue, Erromantizismo Alemana aipatzen baduzu, eta nazionalismoarekin lotu, urrats txiki bat baino ez duzu egin behar nazismoa hizpidera ekartzeko. Eta hemen denok ezagutzen dugu mekanismoa, ezta? Nazionalismoa berdin nazismoa, hori izaten da, explizituki edo inplizituki, transmitutu nahi izaten zaigun mezua. Zenbat aldiz ez dugu mezu hori entzun euskaldunok? Bada, Smithi esker jakin dut, oraintxe, Kedourie dela axioma negargarri horren aita. Bai, gure mundu akademikoan marginalki aipatzen den Kedourie hori da barra-barra defenditzen den teoria nagusiaren (euskal abertzaletasuna nazismo hutsa da, edo nazismotik oso gertu dago, nolanahi ere) aita intelektuala.

Esan dudan bezala, Smith ez dator bat Kedourierekin eta gogorki kritikatzen du artikulu honetan, Gellnerrekin ez darabilen tonu eta ñabardura batzuk erabilita gainera (nire ustez). Garbi dago ez duela Kedourie maite eta bere burua antipodetan jartzen duela. Zergatik? Besteak beste berak ez duelako ontzat ematen gure artean barra-barra dabilen beste teoria oso ezagun bat: nazio “zibikoaren” eta “etnikoaren” arteko banaketa gure artean jada klasikoa. Smithen arabera, banaketa horrek (Hans Kohnek asmatua eta Kedourie baitan ere dokumentatzen dena, nonbait) ez du zentzurik, edo zentzuren bat izan dezake, apika, baina ez arrunki ematen zaiona. Dena den, azken puntu horren harira egiten du euskaldunez liburuan zehar dauden bi aipuetako bat, eta agian merezi du osorik kopiatzea, luzetxoa bada ere:

The same cannot be said for that other strategy for sanitizing nationalism: the recently developed ideal of a purely “civic” nation and nationalism. Of course, the distinction between civic and “ethnic” nationalism can be traced back to Hans Kohn´s (1967a) dichotomy of, on the one hand, a rational, contractual and voluntary “Western” nationalism and, on the other hand, an organic, mystical and authoritariam “Eastern” nationalism—east, that is, of the Rhine. The distinction also appears in Kedourie´s (1960) contrast between the German Romantic nationalism which he abhors and the more acceptable British or Whig doctrine of nationality advanced by Lord Acton, which values nationality only in so far it brings good government.

But neither Kohn nor Kedourie had specificalliy invoked ethnicity as the foil to a rational, liberal Western nationalism. This was the work of a more recent generation, reacting to the resurgence of ethnicity in the West itself—among Bretons, Basques, Catalans and Quebecois—and latterly in the successor states of the former Soviet Union and the Balkan states.” (242 or.) [enfasia neurea]

Horra etnizitatea (etnizismoa), euskaldunok ok egin arte entzun behar izaten dugun argudio astuna: gure abertzaletasuna etnikoa da, beraz, gaiztoa; gure kritikoena, aldiz, zibikoa, berez, ona. Anthony Smithek artikulu honetan errotik porrokatzen duen ideia. Baina ideia horren jatorria Kedourie baitan aurkitzen badu ere, “belaunaldi berriago baten lana” izan da etnizitatea Mendebaldeko nazionalismoaren osagarria/laguna (“foil”) bihurtzea, eta hori, bretoi, euskaldun, katalan eta quebeciarren abertzaletasunaren gorakadaren ondorioz egin dute. Nori buruz ari da hizketan zehazki? Nik neuk ez dut dudarik bere geziaren xedea Eric Hobsbawn dela, alegia, hemengo adituek hitzetik hortzera aipatzen duten hori berbera, eta bere teoriaren bertsio bulgarrena: tradizioaren asmakuntza. Izan ere, agian mereziko luke biltzeak liburu honetan tradizioaren asmakuntzaz Smithek behin eta berriro egiten duen aipamen gutxiesgarri eta kritika zorrotzak. Jakina, ez ditu gertakariak ukatzen (nork ukatzen du hori?), Hobsbawnek (eta bere eskolakoek, gaineratzen dut nik) ematen dioten interpretazio zehatza baizik: ezerezetik asmatutako zentzugabekeriak herritar xeheak engainatzeko eta politikoki manipulatzeko, helburu ezkutu batzuen izenean.

Eric Hobsbawm (Wikipedia)
Eric Hobsbawm (Wikipedia)

Bai, dudarik gabe mereziko luke gai horretan sakontzeak. Eta beste hainbatetan. Esana utzi dut hasieratik, liburtu trinkok baino trinkoagoa da, irakurtzkeko lan handiak eman dizkidana. Merezi izan duen ahalegina, ordea, baina orain irakurlearen eskuetan uzten dut berak beste horrenbete egitea, baldin eta, neuk bezala, gaiaz interesatua badago eta intelektual zorrotz, zintzo eta argi baten testuak irakurtzea maite badu. Ez zaio damutuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude