TXAPELA EZKER ALDERA ZERAMAN GIZONA

2016ko apirila

Sudupe, Pako, Txillardegiren borroka abertzalea, Donostia: Elkar, 2016, 353 or.

Liburuaren azala Txillardegiren_borroka_abertzalea

I

Jose Mari Larrartek azaldu zidan, behin, irribarre konplize batez, txapela ezker aldera edo eskuin aldera eramatearen arteko diferentzia. Uste dut txapelaz jantzita ikusi ninduen lehen aldian izan zela, baina ez nago ziur. Edonola ere, ez du axola noiz, bai ordea zer: txapela ezker aldera darama gizonak eta abertzaleak, eskuin aldera, karlistek. Horiexek izan ziren bere hitz zehatzak. Sic. Badaezpada ere esango dut ezker aldera neramala nik, apeta hutsez ordura arte, baina handik aurrera berariaz okertzen dut ezker aldera beti. Ez, ez da gizona naizela aditzera emateko, jakina, ezker aldera jotzen duen abertzalea naizela adierazteko baizik. Subliminalki, apika, baina hori.

Zenbat pertsona dago gaur egun Euskal Herrian ñabardura hori nabaritzeko gai denik? Biziki gutxi, ziur aski. Esango nuke, gainera, lehengo denboretan ere ez zirela horrenbeste izango, argazkietan behintzat ez da horrelako joera berezirik inoiz ageri, nik dakidala. Karlistek, bai, txapel handia eramateko ohitura zuten, hori gauza jakina da edonon, eta ondorioz abertzale askok txapel txikiagoa janzten zuten, baina ez du ematen usadio orokorra zenik. Baziren txapelarekin lotutako beste batzuk, ordea. Jurgi Kintanak esplikatu digu, bere azken liburuan, gerra aurreko Bilbon gazte abertzale zenbaitek txapela erabiltzeari ekin ziotela, oso modu kontziente eta sinbolikoan, eta korbatarekin batera erabiltzen zutela, abertzale zirela adierazteko, hots, euskaldun kaletarrak eta abertzaleak. Gogora dezagun gerra aurreko giro sozialean txapela edo abarkak jende pobre eta langilearen klase-ezaugarri nabarmenak zirela, baserritarrek eta langile xumeek baino ez zuten halakorik janzten; beren buruak moderno eta kaletartzat ezaugarritu nahi zuten orok zapatak eta sonbrerua janzten zituzten, hain zuzen ere baserritar edo langile-klasekoak ez zirela nabarmentzeko. Bada, EAJ inguruko zenbait gazte txapela eta korbata (eta zapatak) batera erabiltzen hasi omen ziren, sistematikoki eta kontzienteki. Baina inoiz ez dut entzun ezker aldera zerabiltenik Jose Mari Larrarteren oharra entzun arte.

Eta bitxia da, zeren Jose Mari Larrarte ez zen, inola ere, ezkerreko gizona, baina ezta eskuinekoa ere. Agian hortxe dago gakoa. Neuk Euskaltzaindian ezagutu nuen, jubilatua ordurako, baina beti bezain langile; Azkue Biblioteka batzordeko kidea zen orduan, eta makina bat aldiz egin genuen lana elkarrekin. Biziki zorrotza zen lanean, baina guztiz atsegina tratuan. 2004an hil zen, ordurako ohorezko euskaltzain zela. Gauza asko erakutsi zidan, asko zor diot pertsonalki. Bizi guztia eman zuen euskararen aldeko lanean, irakasle bezala lehen (fraide pasiotarra zen) eta itzultzaile bezala gero, Eusko Legebiltzarrean (lehen itzultzailea izan zen han). Langile fin, isil eta apalaren eredua zen, sekulan nabarmentzen ez den horietakoa. Jakina, inoiz ez zuen bere sinpatia politikoei buruz iruzkinik egiten, baina nabaria zen nekez emango ziola boza alderdia ez zen ezein alderdiri. Eta hala eta guztiz ere, txapela ezker aldera zeraman beti.

Jose Mari Larrarte
Jose Mari Larrarte

Bai, bitxia eman dezake, baina Jose Mari Larrartez gogoratu naiz, behin baino gehiagotan, Pako Sudupek Txillardegiz idatzi duen liburua irakurri ahala. Txillardegi, zozoenak ere badaki, euskararen aldeko militante porrokatua izan zen bere bizi guztian. Baita Larrarte ere. Biak ziren abertzaleak, gainera, eta biak euskara batuaren aldekoak, argi eta garbi. Beraz, bada beraien arteko kidetasunik eta, aldi berean, bada diferentziarik ere, zeren beren hautu politikoek, garbi dago, nekez, biziki nekez, egingo zuten bat. Bereziki, erabat imajinezina egiten zait Larrarteri ETAren aldeko keinurik txikiena ere aditzea, erabat imajinaezina den bezala Txillardegik ETA sekulan kondenatzea. Bai, puntu horretan esango nuke zegoela benetako aldea, horretan eta fede kristauan, jakina, bata agnostikoa baitzen eta bestea, fraide pasiotarra. Baina hala eta guztiz ere fraide horrek txapela ezker aldera zeraman. Esplikatu daiteke zergatik?

II

Pako Suduperen liburua oso une egokian iritsi zaigu. Ez da horrenbeste urte hil zela Txillardegi eta argi dago askok ez dugula ahaztu, baina bere memoria bizirik mantentzeko beharrezkoa da bere mezua gure debateen barruan sartzea. Ez oroigarri huts gisa, argigarri bezala baizik. Izan ere, nire uste apalean, Txillardegiren mezua gaurkotasun handikoa da, baina ondo irakurtzen asmatzen badugu, alegia, gure helburua ez bada Txillardegiren defentsa egitea, haren lana gure egungo egoerara ekartzea eta modu kritikoan (berriz diot, modu kritikoan) erabiltzea baizik. Eta Suduperena pauso egoki bat da norabide horretan. Biziki egokia.

Ez da, tamalez, Txillardegiren biografia zehatz bat, haren bizitza harrigarria bere testuinguru historikoan kokatzen duena, historialari handi batek noizbait (Jainkoa lagun!) egin beharko duen bezala (adibidez, Ludger Meesek Agirre lehendakariarekin edota Jurgi Kintanak Azkue euskaltzainburuarekin egin duten bezala). Orobat, ez da haren pentsaeraren azterketa xehe eta sakon bat, Joxe Azurmendik (adibidez) hainbat aldiz oparitu digun gisan (Arizmendiarrieta, Mirande, Gandiaga…). Pako Suduperen hau ez da ez bata, ez bestea, aitzitik, Txillardegirenganako lehen hurbilpen sistematiko bat da, laburra, zehatza, dokumentatua, argia, ikuspuntu jakin batetik egina (“borroka abertzalea”). Txillardegi, denok dakigunez, erraldoi polifazetiko bat da; bada, Pako Sudupek haren ezaugarri nagusia hartu du largabista gisa (abertzaletasuna) eta haren bitartez begiratu dio bere pentsamenduari eta bizitzari. Eta emaitza liburu egoki bat da, praktikoa, ororen buru.

Beste modu batean ere esan daiteke. Liburua bi ataletan banatzen da, “Oinarri ideologikoak” (25-189 or.) eta “Uneak uneko hautu politikoak” (191-347 or.), alegia, ideologia eta bizitza, esango luke norbaitek. Baina norbait hori okertuko litzateke, honegatik: kasu batean zein bestean ez da Txillardegiren ideologia osoa edota bere bizitza guztia aztertzen, baizik eta atal konkretu batzuk, “borroka abertzalea”-rekin zerikusi zuzena dutenak. Atal garrantzitsuenak dira, nahi bada, baina ez da Txillardegi osoa. Eta kasu bietan gaia sistematikoki eta sakontasunez tratatzen bada ere, helburua ez da horrenbeste Txillardegiren kritika egitea, haren bizitza eta pentsamendua aurkeztea baino. Laburtzea eta sistematizatzea. Eta, baita ere, irakurle ororen eskura jartzea. Azken ohar hori ere azpimarratzekoa da: liburua irakurle ororentzat dago idatzia, ez historialari edo soziologoarentzat bereziki. Horrek esplikatzen du, ziur aski, Suduperen hautu nagusiak (estiloa, iturriak, erreferentziak…).

Txillardegi
Txillardegi

Beraz, Txillardegiren aurkezpen orokor bat dugu hau, sistematikoa, irakurle orori bideratua (eta ez espezialistei). Gorago esan dudan bezala, nire iritzia da oso une egokian datorrela eta oso praktikoa dela. Ondo idatzia dago eta mezua modu biziki eraginkorrean transmititzen duela esango nuke. Zentzu batean baino gehiagotan, Joxe Azurmendiren Zer dugu Orixeren alde? eta Zer dugu Orixeren kontra? bikoitz hura gogoratu dit, behin baino gehiagotan. Alegia, hura irakurri ondoren, ederki ikasten duzu nor zen Orixe eta zein zen bere pentsaera, funtsean; bada, honekin berdin, hau irakurrita edozein ikasle gaztek, edo adin batetik beherako euskaltzale arruntek, erraz jakingo du nor zen Txillardegi eta zer pentsatzen zuen. Diferentzia handi batekin, ordea: Sudupek Zer dugu Txillardegiren alde? baino ez du idatzi; bigarren tomoa, bidean geratu zaio. Eta horretaz ere esan nahiko nuke zerbait.

III

Sistematikotasuna, laburtasuna eta argitasuna dira liburuaren dohain nagusiak, esana dut hainbat aldiz. Helburua, gainera, aurkezpen orokor bat egitea da, ez besterik. Ulergarria izan daiteke, ondorioz, Txillardegirenganako kritika gutxi agertzea (egia esan, ez dakit batere ote dagoen) baina, agian, ez horrenbeste tarteka-tarteka (83, 138, 297. or., adibidez) egileak aldeko iruzkin espresuak egitea. Erran nahi baita, Pako Sudupek ez du inoiz bere iritziak ezkutatzeko asmorik eta nire ustez oso ondo jokatzen du horrela jokatzean: txillardegizale baten liburu bat da, hasi eta buka, eta ez du beste ezer izateko asmorik. Eta, behin eta berriro errepikatu dudan bezala, hori egiteko eskubidea izateaz gain, uste dut hautu egoki eta praktikoa dela, ondo datorrena liburuaren asmo orokorrarekin. Baina, inoiz edo beste, lerro pare bat neuk ez nituzkeen idatziko, pleonastikoak direlako (adibidez, hau: “Askorengan eragin zuela egia biribila da, eta gehienetan, esango nuke, onerako” 83. or.). Gutxitan gertatzen da, baina uste dut aipatu beharrekoa dela.

Zazpi puntutan biltzen du Txillardegiren pentsamendua (lehen atala) eta esango nuke hori dela liburu honen muina eta meritu nagusia. Ezagun-ezagun du Sudupe irakurle jaioa dela eta sintesirako dohain nabarmena daukala. Izan ere, sintesi bikaina begitandu zait niri, akatsik gabea. Bigarren atala, aldiz, ez zait horrenbeste gustatu: ondo laburbiltzen du Txillardegiren eboluzio politikoa, mugarriak eta iritziak argi markatuz, baina esango nuke aurrekoaren aldean maila jaisten dela. Beharbada, Sudupek testuen analisirako duen dohain nabarmen horiek motelagoak dira biografiarako edo, besterik gabe, gaiari arreta txikiago dedikatu dio. Esango nuke, hala ere, Txillardegiren unean uneko hautu politiko nagusien laburpena, funtsean, akats gabea dela (edo niri, behintzat, ez zait akatsik bururatzen) baina lehenengo atala solidoa eta sakona den bezala, bigarren hori apur bat arinagoa edo azalekoagoa iruditu zait. Ez nioke Suduperi kontra egingo ezein puntutan, baina inpresio orokorra da azalean geratzen dela, sakondu barik. Agian nire tema pertsonala da, ez dakit.

Baina hori guztia esan ondoren, berriz galdetuko dut: beharrezkoa ote litzateke Zer dugu Txillardegiren kontra? bat idaztea? Bai, dudarik gabe bai. Inork ez dezan susmorik izan, puntu honetantxe erantsiko dut aspertua eta etsitua, oso aspertua eta oso etsitua sentitzen naizela… Koldo Mitxelenaren etengabeko laudoriozko ekitaldi arranditsuetan. Bada ordua argi eta garbi esan dezagun guztion buruan argi eta garbi dagoen ideia bat: kritikarik gabeko laudorio hutsak epe luzera ez dira onak. Egia da komeni dela gure heroi intelektualeei ohore egitea, munduko edozein lekutan egiten den bezala (beraz, ohora ditzagun Mitxelena eta Txillardegi, beldurrik gabe), baina egia da ere, baita, kritikarik gabe pentsalari horiek lizundu egiten direla eta beren ekarriak guztiz desaktibatzen direla, gaurkotasunezko debateetatik urrunduz. Kritikarik gabeko laudorioak, luzera, kaltegarriak dira. Esana dago, eta bego hor.

Besterik da pentsatzea nork egin behar dituen kritikak. Eta, puntu honetan, nahikoa irrealista da pentsatzea, adibidez, Mitxelenaren ikasle zuzen izan zirenak pertsonarik egokienak direnik eginkizun horietarako; agian, ikasleei gehiegi eskatzea da maisua kritikatzen hastea, zeren hori ez baita izaten normala inon, begibistako arrazoirengatik. Bada, arrazoi beragatik, beharbada Pako Sudupe ez da egokiena Txillardegi kritikatzen hasteko, eta ez genuke zuzen jokatuko berari horrelakorik eskatuz. Nork egingo du, ordea? Nor hasiko gure herri santu honetan Mitxelena edo Txillardegi kritikatzen?

Gure komunitate intelektuala, oraingoz, txikia eta makala da, tradizio gutxikoa. Kritikak txarto ikusita daude (eraso pertsonal gisa hartzen dira) eta, gainera, kritikarako ohiturarik ez dagoenez gero, zaila da gazteak horretan hastea, areago jipoituak izango direla espero dutenez gero, eta ondorioz isiltzeko aukerak biderkatzen dira. Konturatzen gara zer nolako komunitatea ari garen eraikitzen?

Pako Sudupe
Pako Sudupe

Ez, bi aldiz pentsatuta ez diot eskatuko Pako Suduperi bigarren tomo bat idazteko. Bai, ordea, bere lanaren mugez jabetzeko. Bereak bakarrik ez diren mugak, zorionez edo zoritxarrez, gure komunitate intelektual osoarenak baizik.

IV

Uste dut ordua iritsi zaidala azaltzeko zertara zetorren txapelaren kontu hori guztia. Eta ez, ez da Txillardegik ezkerrera edo eskuinera okertzen zuelako txapela, fisikoki, baizik eta uste dudalako hori dela Donostiako lehoiaren traiektoria intelektuala hobekien laburbiltzen duen ezaugarria, eta barka biezait lehoiarena, niretzat Txillardegi Donostiako lehoia da, nabarmenak diren arrazoirengatik (besteak beste, Lasalako plazatxoko estatua hura ez dut uste kasualitatez dagoenik hor, ez jauna, ez andrea, patuaren erabakia izan da, halabehar hutsa, la forza del destino).

Donostiako lehoia (Lasala plaza, Donostia)
Donostiako lehoia (Lasala plaza, Donostia)

Txillardegi ezkerreko gizona da, lau esanda. Alegia, ezkerreko gizona izatea da haren nortasuna laburbiltzeko eman dezakegun definiziorik oinarrizkoena. Nahi bada, ezkerreko abertzalea.

Lehen abertzale ezkertiarra? Ez dirudi. Hortxe dugu EAE-ANV, bera jaio ondoko lehen urtean (1930an fundatua). Baina agian bai lehen intelektual euskaltzale eta ezkertiarra. ANVk berak, ezaguna denez, Ibarrezkerrean izan zuen indar nagusia Errepublika garaian, Barakaldon eta inguruan, hau da, euskarak bizitza sozialean oso pisu txikia zeukan leku batean. Intelektual euskaltzaleen artean, berriz, oso-oso zaila da ezkertiarrik aipatzea Txillardegi baino lehen. Ordutik aurrera bai, oso-oso gutxi hasieran, trumilka une batetik aurrera. Gaur egun, ezaguna denez, intelektual euskaltzale guztiz gehienak aldez edo moldez ezkertiarrak dira, hitzaren adiera zabalean (edo, bestela esanda, eskuindarren artean biziki nekez aurkitzen da euskaltzalerik). Berriz ere argi eta lau esanda: Txillardegik euskal kulturak XX. mendean izan duen bihurgune nagusia laburbiltzen du, eskuinetik ezkerrera.

Baieztapen horri zehaztapen batzuk egin behar zaizkio. Lehena, ontzat emanik ere Txillardegi lehena izan zela (eta ez dago zertan, beti posible izango da beste norbait zaharragoa aipatzea), garbi dago ez zela bakarra, ezta hasiera hartan ere. Besteak beste, hortxe dugu Gabriel Aresti, literatura dagokionez beti Txillardegirekin batera aipatzen dena. Eta zergatik ez politikari dagokionez ere? Edo zergatik ez zentzu soziol-kultural zabalean? Aresti eta Txillardegi, batera eman beharko liratekeen izenak, nire uste apalean, euskal kulturaren historiaz ezer ulertu nahi bada. Baina garbi dago, halaber, Aresti poetak garrantzi itzela badu ere gure kulturaren historian, Txillardegi intelektualak ikuspegi osoagoa, beteagoa, erabakigarriagoa azaltzen digula. Txillardegik euskal kulturaren bihurgune nagusia laburbiltzen du, bere osotasunean; Arestiren eragina sakonagoa da arlo garrantzitsu batzuetan (adibidez, gure imajinario kolektiboan) baina baita mugatuagoa ere bere zabaleran, beti ere nire uste apalean.

Bestalde, ez da egia, inola ere, Txillardegi aurreko intelektual euskaltzale guztiak eskuindar hutsak zirenik. Lizardi, Lauaxeta, Aitzol bera ere, ez ziren ezkerreko gizonak, hori argi dago, baina ezta ere eskuindar tipikoak. Suzko froga 1936ko uztailean iritsi zen: beren alderdia, EAJ, Errepublikarekin lerrokatu zen, alegia, ezkerreko koalizio zabal baten barruan. Horrek ez zituen ezkertiar bihurtu, jakina, baina, nonbait, erosoago sentitzen ziren hor eskuindar garbien artean baino. Hautu hori guztiz erabakigarria da euskal kulturaren historian: hortik aurrera eskuindar hutsek euskaltzaletasuna abandonatuko dute (ez denak batera, ez aldi berean) eta espainolismora lerratuko dira. Eta jeltzaleak eremu berri batean kokatuko dira, ohore handiz: demokrazia kristaua, alegia, faxismoaren kontrako eskuin zibilizatu eta, nolabait, aurrerakoia, ezkerrarekin akordiotara ailegatzeko beldurrik ez duena. Frantzia, Italia, Belgika eta Alemaniako zenbait intelektual katoliko izango dira beren bidaide eta gidariak. Eskuina baino zentroa izango da eremu politiko berri honen etiketa. Baina zentroa ez da ezkerra, hori argi dago. Bihurgune handia handik denbora batera iritsiko zen, batez ere 60ko hamarkadan, eta gogor inarrosiko du mundu osoa, baina euskal kulturan atxilipurdi orokor bat eragingo du, erabatekoa.

Jose Mari Larrarte ohorezko euskaltzainaren txapela oso erraz ulertzen da testuinguru horretan. Demokrazia kristauarekin identifikatua ororen buru, ez da inola ere eskuindarra sentitzen. Areago, abertzalea den partez eskuindarren kontrakoa sentitzen da, eskuindarrak, karlista euskaldunak izanik ere, espainolistak baitira, kontrario argiak. Esperantza beti ezker aldera begira dago, Gerra Zibilaren eta frankismoko urteetan bezala. Horregatik txapela beti ezker aldera.

Kontura gaitezen: Txillardegik beti amestu zuen fronte abertzalea, funtsean, Larrarte bezalako jendearekin osatu beharrekoa zen. Hori zen, nire uste apalean, Donostiako lehoiaren proiektu abertzalearen iparra, hortik Telesforo Monzonekiko sintonia, eta abar, eta abar. Baina Larrartek kulturaren alorrean Txillardegirekin kolaboratzeko ziur aski batere eragozpenik izango ez bazuen ere, nekez pentsatuko luke beste horrenbeste beste alor batzuetan, politikan, adibidez. Zergatik?

Fronte abertzale horrek inoiz ez zuen aurrera egin eta hori faktu hutsa da. Nire uste apalean, horren arrazoiak arakatu nahi lituzkeenak ez du taxuzko azalpenik aurkituko Pako Suduperen liburuan.

Ohore Txillardegiri, hala ere, eta ohore Larrarteri ere. Nik neuk asko ikasi nuen biengandik.

Iruzkinak (4)

  • Ohi bezala, oso iruzkin interesgarria Pruden. Azken partean, ordea, zalantzatan utzi nauzu. Lerro artean zerbait ari zara iradokitzen, baina ez zait argi geratu zer.

    Batetik diozu Larrarte moduko jeltzaleek neke gehiegirik gabe onar zezaketela Txillardegi moduko abertzale ezkertiarrekin kolaboratzea kultur gauzetan, adibidez, euskara batuaren aferan (suposatzen dut talde honetan sartuko liratekeela Koldo Mitxelena, Martin Ugalde edo Labaien modukoak ere; ez ordea Euskerazaintzaren ildoko jeltzaleak). Baina politikoki kontua besterik zela. Eta hor aipatzen duzu Larrarte moduko jeltzaleek ezkerrarekin aliantza nahi zutela, baina iradokitzen duzu Txillardegiren ezker abertzalea ez zela ondo doitzen aliantza horretara. Horrek zer esan nahi du?

    a) Jeltzaleek “ezker” gisa soilik PSE gisako sozialdemokrazia estatalista zutela gogoan eta beraz beren aurreikuspenean ez zela sartzen ezker berri eta abertzale batekin tratuak egitea?

    b) Txillardegik berak huts egin zuela (nahita edo nahi gabe) euskal ezker sozialdemokrata “zibilizatu” bat eraikitzeko proiektuan (ezker abertzalea “iraultzaileegia” atera zelako azkenean) eta beraz EAJ interlokutore egoki gabe utzi zuela, eta PSE-rekin paktatzera “bultzatu” zuela?

    c) Beste zerbait?

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    Mila esker, Jurgi, beti bezain zirikatzaile zu.

    Erantzun bezala anekdota bat kontatuko dut, eta bakoitzak ulertu dezala nahi duena. Behin antzeko galdera bat egi nion Txillardegiri berari, alegia, gutxi gorabehera, zer iritzi zuen EAJri buruz. Egia aitortu behar badut, ez zen lehenengo aldia, baina oraingoan bere erantzuna askoz ere osoagoa izan zen aurrekoen aldean.

    Mitxelenari buruz ari ginela atera zen kontua, eta hauxe esan zidan Txillardegik: Mitxelenak nahi zuena zen geuk, gazteok, EAJren “ezkerreko adar” moduko bat osatzea, baina alderdi barruan, eta konturatu zenean hori ez zela posible (geuk ez genuen nahi hori) orduan gurekin haserretu zen. Nik ulertu nuen 50etako testuinguruaz ari zela, ETAren sorreraz, alegia, edo lehen urteez.

    Baina elkarrizketa ez zen horretan gelditu. Txillardegik Mitxelenaz hizketan jarraitu zuen eta, hari beretik, aipatu zidan beti oso ondo konpondu izan zela Jose Ramon Rekalderekin (gero PSOEko militante ezaguna izan zena eta Eusko Jaurlaritzako kontseilari, oker ez banago, baina orduan “felipea” zen, edo gertukoa) eta bere giroko jendearekin, alegia, donostiar sozialdemokrata moderatuak; Txillardegiren arabera Mitxelenaren buruan beti egon zen PSOErekin harreman onak izatea, beti, berak ezagutu zuenetik (hau da, 50etako hasieran).

    Anekdota hau guztiz pertsonala da eta uste dut inoiz ez dudala kontatu. Ez da sekretu bat, baina kontuz hartu beharrekoa da: Txillardegi eta biok eserita gaude Donostiako terraza batean, berriketan huntaz eta hartaz, ordena berezirik gabe, solasean. Litekeena da, gainera, Txillardegiren hitzak neuk neure erara interpretatzea eta gogoan gordetzea. Beraz, ez dute balio handirik Txillardegiren interpretazio estrikto baterako (hobe da testu sinatuez gidatzea).

    Baina nik neure buruan pentsatu nuena da Mitxelenak urte asko egin zuela borrokan sozialistekin batera, trintxera berean lehenengo, kartzelan gero, sasian geroago, unibertsitatean… agian beti sentitu zituen borroka-lagun gisa faxismoaren kontra, ez dakit. Mitxelena goitik beherako jelkidea zen, ez zaigu inoiz ahaztu behar, eta bere belaunaldiko jelkideek gauza asko konpartitu zituzten sozialistekin. ETAkoekin askoz ere gutxiago.

    Enfin, ez dakit zerbait argitu dudan. Bakoitzak irakur bitza nire hitzak nahi duen bezala.

    Mila esker berriz ere.

  • txoroen-untzia
    txoroen-untzia says:

    Azken oharra: Jose Luis Lizundiak behin eta berriro insistitu izan dit puntu batean, aspaldi-aspalditik: Mitxelenak errespetu handia zion Txillardegiri, ez ziren ondo konpontzen (beharbada une zehatz batetik aurrera, lehenago bai, jakina denez), baina errespetu handia zion, eta ez zitzaion gustutzen bera eta biak kontrajartzea, batzuk egiten zuten bezala.

  • Banuen susmoa zuk orain konfirmatu duzun horretaz, alegia EAJ-k Gerra Zibiletik eta Agirreren Jaurlaritza garaitik tradizio bat zekarrela PS(O)Erekin kolaboratzeko, eta aldiz Ezker Abertzalea beste testuinguru batean sortua izanik ez zela txertatu elkarlan tradizio horretan (argitu gabe geratzen da oraindik ea EAJ beraren ardura izan ote zen ez-ulertze hori, ala Ezker Abertzalearena, ala biena, edo zein proportziotan bakoitzarena; eta jakina, ez da azalduta geratu Txillardegik zein paper eta garrantzia izan zuen ez-ulertze istorio honetan). Edonola ere, baiezta daitekeena da Trantsizioaz geroztik EAJ-PSOE ententea sendotu egin dela hainbat esperientziaren bidez (estatutua, koalizio gobernuak…), eta aldiz EAJ-Ezker Abertzale kolaborazioa oso puntuala eta iraupenik gabea izan dela.

    Azken asteotan Ortuzar aipatzen ari da autogobernu kontuan hiru bandatako akordioa posible ikusten duela (Ezker Abertzalea-EAJ-PSE). Ziklo historiko berri baten hasieran ote gaude? Ala hauteskunde giroko adierazpen soilak dira?

    Denborak esango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude